ZIZTAKA

IRUNEN EZ DENA, BILAKATZEKO EZTENA

GARI GARAIALDE

 

Irunen euskara eta kultura ardatz izango dituen plaza baten beharra ikusita, azken hilabeteetan, jendartea zirikatzeko intentzioz eztena sartuz ibili den kolektiboa da ZiztaKA.

Irunen euskarak duen egoeraz kezkatuta, euskara eta kulturaren inguruan hausnartu eta hitz egiteko elkartu den talde baten eskutik dator ideia. Irungo udalaren zenbait ikerketa eta Euskara Sustatzeko Ekintza planean azaltzen diren datuak oinarri hartuta egoeraren diagnosi bat egin ondoren, garbi ikusi dute euskara eta kultura sustatu eta erdigunean jarriko dituen plaza baten beharra ezinbestekoa dela.

Lagun Talde hau tarte luzez aritu da proiektua marrazten eta zer eta nola egin zitekeen pentsatzen, eta ideiak argi izatean, proiektua poliki-poliki jendartean aurkeztea erabaki dute. Lehen urrats bezala, Irungo kultur munduko eragile eta norbanako desberdinekin harremanetan jarri eta egoerari buruz egindako azterketa hori aurkezteari ekin zioten, proposatutako soluziobidearekin eta espazio horren beharrarekin bat egiten ote zuten ikusteko. Bilera hauetatik jasotako erantzun eta sentsazioek bultzatuta, urtarrilean foro ireki baterako deia egitea erabaki zuten. Diagnosiaren emaitzarekin bat egiten zuen jende ugari bildu zen bertara. Hasiera batean 10 lagunen ideia zena, hau da, Irunek euskara eta kultura ardatz hartuko dituen espazio bat sortzeko proiektu bat aurrera eramateko gogoa, jende multzo haundi batek partekatzen duen egitasmoa dela argi geratu da.

Bi foro egin dira orain arte; lehena, esan bezala urtarrilaren hasieran, eta bigarrena Otsailean. Jendearen babesa izugarria izan dela diote antzolatzaileek, jendea ilusioz eta gogoz gerturatu zela bilera ireki hauetara eta ahobatez egin dutela bat ideiarekin.

Irun bezelako hiri batek merezi duen moduko proiektua sortu nahi dute. Kultur ekimenak egiteko gune bat, euskararen arnasgune izango dena eta parekidea. Euskarazko kulturgintzak duen panaroma iluna goxatu eta poztea da intentzioa: Euskara erdigunean jarri eta, horrekin batera, euskal kulturari sortzaileekin konpartitu ahal izateko moduko gune bat eskaintzea. Kultura eta euskararen inguruan dagoen komunitatea trinkotu eta erabilera eta transmisioa bermatzeko lanabesa izatea du helburu.

Bidean, Euskal Herrian dauden beste espazio eta guneei begira jarri dira. Han eta hemen zer dagoen ikusi eta Irunek zer behar duen, Irundarrek zer nahi duten landu dute foroetan. Aurreko mendeko 90. hamarkadatik aurrera, hiri eta herri ezberdinetan zabaldu dira Kafe Antzokiak eta Irun ere, ZiztaKA proiektuaren eskutik, berea lortzeko bidea jarri da.

Kudeaketa eredu ezberdinak aztertu eta Irungo proeiktua nolakoa nahiko luketen argi dute: Herritarrok kudeatutako egitasmo bat sortu nahi dute; herri ekimenetik jaiotako proiektua da ZiztaKA eta herritarren laguntzarekin, horregatik herritarrek kudeatuko duten gune bat sortzea da helburua.

Azpeitiako San Agustin kulturunea eta berau kudeatzeko eredua dute gustoko. Herriko kultur dinamika ehundu eta lan egiteko modu berri bat plazaratzeko sortu zen Azpeitiko Kultur Mahaiak sortutako Kooperatiba batek kudeatzen du Sanagustin kulturgunea. Kultur azpiegitura bat baino, kultura bera osotasunean lantzen duen eragile bat da kooperatiba.

Azken batean, herriko eragileek eta herritarrek kudeatzen dituzte, Azpeitiko Kultur Mahaiaren eta Kulturaz Kultur Kooperatibaren bidez, Azpeitiko Udalarekin elkarlanean, udal eraikina den Sanagustin kulturgunea.

Antzeko eredu bat bilatzen du ZiztaKA ekimenak. Irunen mesederako eta Irungo hiritar guztientzako mesedegarri izango den proiektua izanik, erronka, espazio berri hau modu autogestionatuan kudeatzea izango da.

Plaza berri hau kokatzeko gune ezberdinak aztertu dituzte, baina ez dute ezer aurreratu nahi. Lana dago egiteko; pausuak, bata bestearen atzetik ematea komeni da eta saltoka edo korrika aritzeak estroputz egin eta bidea zailtzea ekarri dezake. Aurrera begira bi urrats ditzute jomugan: Lehena, herritarren artean ekimena hedatzen joan eta bidaideak batzen joateko asmoz, babes kanpina bat habiatu nahi dute. Bigarrenik, Irungo Udalarekin kontaktuan jartzeko asmoa adierazi dute, hartu-eman prozesu bat zabaltze aldera.

ZiztaKA ekimenaren bultzatzaileen iritziz, elkargune honek hiriak, bere osotasunean duen gabezi bati erantzungo dio. Horrez gain, diagnosia udalaren ikerketen datuetan oinarrituta egin denez, epe motz batean beraiekin harremanetan jartzeko asmoa adierazi dute, ZiztaKAk egin duen diagnosiarekin bat egiten duten aztertzeko. Ahal dela Irungo udalarekin batera eraman nahi lukete aurrera kafe antzokiaren proiektua.

Proeiktuak hasia du bere bidea. Eztena barruan dugu jada eta kafe antzokia gauzatuta ikusi artean, ez zaigu azkurea arinduko.

Pin It on Pinterest

Share This