HOMO EKONOMIKUS DESERAIKITZEN
EKONOMIA FEMINISTA NORBERAREN GORPUTZERA EKARTZEKO PROPOSAMENATESTUA: GARI GARAIALDE
ILUSTRAZIOK: LUCÍA CALVO SÁNCHEZ
Liburua ideia kolektibo batzuen bilketa prozesu baten ondorioa da. Ikusi eta ikasitako hausnarketa ezberdinen bildu eta praktikan jarritako ariketa eta baliabideak proposatzeko gogoak ekarri du emaitza. Zertan jarri dezakegu arreta, gure eguneroko bizitzan, Homo economicus deseraikitzen joateko?
Enara Iruretagoiena eta Belen Martín lagun formatu bitxi bat da. Erika Irusta pedagoga menstrualak zabaldu zuen mundu mailako komunitate birtual batean egin zuten topo lehen aldiz eta birtualtasun horretan eraiki dute haien harremana. Laguntasuna modu birtualetan bermatzen saiatzen ari den bikote bat da, behin bakarrik ikusi duena elkar. Behin bakarrik besarkatu dute elkar eta atsegin dute hau azpimarratzea.
Enarak lehenagotik zuen ekonomiari buruzko kezka; agente finantziero bezala lanean aritua da, eta duela urte batzuk egin zuen Ekonomia Feministako eskolatxoaren prozesuan ikasitakoek urrundu zuten ekonomia orden kapitalista batean ulertzeko joeratik. Finantzaz zituen jakintzak jendearen alde jartzeko aukera ikusi zuen.
Belenek ez zuen jakintza handirik ekonomi gaiez, baina Enararekin batera ekonomia kritikoaren inguruan egindako ikastaro batzuen eraginez, elkarrekin zer edo zerbait egiteko gogoa sartu zitzaien.
HOMO ECONOMICUS
Guztiok barruan dugun figura da Homo Economicus-a; Ekonomiaren teoria haundiak sortu zirenean sortu zen mitoa. Giza portaera modelizatzeko helburuarekin ekonomiaren erabilitako kontzeptu honen arabera, Homo economicus terminoak Homo sapiens delakoaren eredu bat definitzen du, ahalik eta ongizate handiena lortzeko jarduten duena, beharrezko gauza, erosotasun eta luxu gehien eskuratzeko, ahalik eta lan fisiko txikienarekin. Hau da, ahalegin txikienarekin ahalik eta etekin handienak lortzen saiatzen den norbanakoa. Ikuspegi hau gizarte zientzien eredu batzuetan formalizatu da, bereziki ekonomian.
Homo economicus arrazionaltzat jotzen da, baina ez helburuak arrazionalak direlako zentzu etiko, sozial edo gizatiar batean; helburu horiek gutxieneko kostu batean lortzen saiatzen delako baizik.
Homo economicus, jakina, ez da pertsona errealen deskribapen bat, truke ekonomiko ugarietan gertatzen dena ulertzeko baliagarria den jokabide-eredu bat baizik. Esan daiteke pertsona orok, praktikan, noizbait edo zentzuren batean, Homo Economicus gisa jokatzen dugula.
Enarak dioenez “Inokulatu diguten mitoa da Homo Economicus, gurpil patriarkokapitalistak gugan ezarritako inertzia-mingarri horiekin jarrai dezan izan behar dugun hori.”
KENDU ZURE ESKU ZIKINAK GURE GORPUTZETATIK
Ekonomia bizitzari eta politikari guztiz lotua ikusten du, ekonomia feministak. Amaia Perez Orozco ekonomilari eta ekintzaile feministaren hitzetan “Kapitalismoarentzat biziaren sostengua medio bat da akumulaziorako. Kapitalaren beharrek antolatzen digute guztia, eta biziaren sostengua pribatizatua, feminizatua eta inbisibilizatua dago. Kapitala-lana gatazka ekonomia feministak kapitala-bizia gatazka bihurtu du. Merkatu kapitalista deszentratu egin behar da, eta zentruan bizia jarri”.
Hasiera batean, liburu hau Ekonomia feministarako manual bezala ulertu badaiteke ere, liburuaren aurkezpen orrian ‘metodologia genitala duen lehen teoria feministari buruzko manuala’ bezala definitzen dute, aldaketa txiki bat dago planteamenduaren abiapuntuan. Gorputzetik abiatzen da irakurketa guztia. Zentruan bizitza jarri ordez, bizitza hori bizi duen gorputza planteatzen da egitura sozial horren hasiera puntutzat.
Ekonomia feministak zaintza lanetan jartzen du puntua. Bizia erasotzen duen sistema bat mantentzeko era bakarra lana-bizia gatazka ikusezin bihurtzea da, eta icebergaren beheko partean ez-ikusiak diren lanak jartzen ditu. Homo Economicusa deseraikitzen joateko proposamen honetan dagoen galdera da, nola ekarri ekonomia feministaren teoria norberaren gorputzera, gorputzetik kanporuntz aktibatzeko?
Liburua definitzeko orduan, Enarak “Entsegu propositiboa” kontzeptua jarri du mahai gainean. Liburuak badu zati bat, entsegu klasikoaren estruktura duena. Deseraiki beharko genukeen horren problemtizazioarekin hasten da, kultura edo sistema deitzen dugun ozeano erraldoi honen zatiak arretaz aztertuz.
Homo Economicusaren mito-metaforak bere esku zikinak gure errealitatearen zati guztietan sartuta dituela ebazten da problematizazio horren ondorioz eta ariketa eta praktika zehatz batzuk proposatzen dira, zomorro horri erraiak urratu eta esku nazkagarri horiek, gure gorputz-errealitateetatik ateratzeko. Homo Economicusa deseraikitzen joateko ariketak dira; liburu hau, finean, lanketa bat egiteko aitzakia baita.
SAMURTASUN UHARTETIK POSTALAK
Hiru zatitan banatu daiteke liburua. Gorago aipatu ditugun entsegu edo planteamendu teorikoa, teoria horietan oinarrituta, Homo Economicus deseraikitzeko ariketak, eta azkenik liburua osoa zeharkatzen duen errelato bat.
Suge bat bezala doa errelato hau, azaldu eta desagertuz, liburuaren xamurtasuna bermatzeko. Jarraikortasun bat ematen dio liburuari. Patriarkatutik at dagoen Isla Ternura bizitzaz betetako planeta batetik abiatuta, lurrera iristen diren bi bidaiari politen istorioa kontatzen du errelatoak.
Garai berri-berri baten alde egiten da liburuan, harreman berriak izateko moduen alde, alaitasunetik, zaintzatik eta samurtasunetik abiatuta. Sistemak erakusten dituen arrailetatik, merezi dugun mundua-kultura-sistema-errealitatea argitzen jarraituko duten zuhaitz-landare berriak sortzea.