ESKUALDE GARAPENA

ETA ESKUALDE ESKALAREN GARRANTZIA LARRIALDE KLIMATIKOAREN GARAIOTAN

Testua: Elena Herrarte

Pentsatu duzu inoiz 3023. urteko jendarteak (ordurako oraindik holakorik geratzen bada) 2023ko gure komunitateak eta ingurunea aztertzen dituenean zer pentsatuko duen? Zeintzuk izango diren egingo dituen analisiak?

Agian, planetaren gaitasun biofisikoak argi eta garbi (datu eta ondorio ukigarriekin) gainditzen dituen jendarte bat ikusiko du; horretarako, batzuen ongizate eta bizi maila altua (altuegia, absurduraino batzuetan) eramana duena, biztanleen erdia baino gehiago bizi baldintza minimoetara iristen ez den bitartean, osasuna, elikadura eta ura bermatzerik eta pertsona gisa garatzeko ia aukerarik gabe.

Segurutik, garbi pertzibituko du, gero eta abiadura handiagoan eta ebidentzia argiagoekin galtzen ari den ekosistema oreka prozesu bat, nagusi den bizi eredu batekin zuzenki lotua dagoena. Eta jada mendebalde osoko ikastetxeetan haur eta gazteek antropozentrismo kontzeptua lantzen badute ere, nagusi den eredu sozio-ekonomikoa aldatzeko eman beharreko urratsak emateko sendotasun handirik aktibatzeko gai izaten ari ez dena.

Tenperaturen igoera, suteak, fenomeno metereologiko muturrekoak, lurraldeen desertifikazioa, milaka espezie eta kultur adierazpenen galera, muturreraino txiroturiko komunitateak, bizitzeko esperantza baten atzetik itsasoetan hiltzera kondenatutako pertsona asko eta asko…

Horixe da XXI. mendearen hasierako testuingurua. Paradoxa hutsa dirudi. Etorkizunetik begira, Erromako inperioaren azken egunetan ardoa edan eta mahatsa jaten legokeen enperadorearen antzera ikusiko gaituzte agian, gure ingurunea, bizi eredua, dena, hankaz gora daukagun bitartean.

Trantsizio sozio-ekologikoa, XXI. mendeko itsasargia

Bai. XXI. mendearen lehen laurdena betetzen ari garen honetan, jada ez dago zalantza izpirik. Gizateria eta planetako ekosistema guztien biziraupena kinka larrian dago. Nazio Batuen Erakundeko Batzarreko María Fernanda Espinosa Garcés (Ecuador) Lehendakariak zioen moduan, “We are the last generation that can prevent irreparable damage to our planet”.

Halaxe da, hurrengo belaunaldien etorkizuna bermatzea nahi badugu, ezinbestean garapen eredua eraldatu behar dugu, eta eredu iraunkor baterako jausia bultzatu, azkar eta ondo. Gure bizi eredua lurraren muga biofisikoen barnean kokatzea da erronka eta trantsizio sozio-ekologikoa bultzatzea da bizi eta garapen eredu iraunkor baterako egin beharreko bidea.

Garapen eredu iraunkor baterako jausiak jendartea eta ekonomia osatzen duten azpi-eremu askoren sistema konplexua ia bere osotasunean eraldatzea eskatzen du. Elkarrekin korapilaturik diharduten eremu anitzetan sakoneko aldaketak egitea: energia, jarduera ekonomikoak, mugikortasuna, materialen erabilera, elikadura, lurraldeen kudeaketa, balio sistemak… garapen eredu iraunkor baterako jausiaz ari garenean, hauek eta beste arlo handi eta txiki askorekin osatutako sistema konplexu bat birrasmatzeaz ari gara; ezagutzen dugun (ia) dena ertzetik-ertzera zeharkatuz. Erronka konplexua zalantza izpirik gabe, aukera bakarra bestalde.

Eskualdeak saretu trantsizio sozio-ekologikoa sustatzeko bide gisa

Erronka honek gainera dimentsio planetarioa du. Baina bere konplexutasun sakonaren ondorioz, ezinbestean eragin behar da eremu eta eskala orotan, garapen eredua errotik eraldatzea lortzeko. Nazioarte mailan, adostasunak eta bide orri partekatuak definitu beharko dituzte, estatuek bere egingo dituztenak eta mekanismo zehatz bilakatuko dituztenak, lege, finantzazio tresna… Baina eraldaketarako olatua tokiko eskalaraino ekartzea ere beharrezkoa da: eskualdeetara, herrietara, lantegi, ikastetxe, familia, auzo, etxebizitza, kirol elkarte edo lagun koadriletara. Eskala lokala beharrezkoa du trantsizio sozio-ekologikoaren sustapenak, jendarte eta ekonomiaren atal, eragile eta herritar guztietara kapilarizatzea beharrezkoa izango baita helburuak lortzeko.

Eskualde eskala, zentzu horretan, interesgarria da: batetik, beste eskala batzuetan aktibatzen ari diren mekanismoak lurreratzeko zubi izan daitekeelako. Herritar zein arlo ezberdinetako eragileekin lankidetza sareak eta, finean, inplikazio zehatzak lantzeko gertutasuna eskaintzen digu. Herri txikien kasuan gainera, beraien kabuz lantzeko indarrik izango ez luketen gaiak beste batzuekin lankidetzan jorratzeko aukera eskaini diezaieke. Era berean, izaera ezberdinetako herrien artean (industrialak, landa eremukoak, kostakoak, barnekoak…), alegia, erronka eta aukera ezberdinak dituztenen arteko lankidetzak lurralde orekaren ikuspegian sakontzen ere laguntzen du, eta elkarrekin erantzun egokiagoak asmatzen. Trantsizio sozioekologikoaz irmoki loturik dauden erronka eremuak, direla, energia, mugikortasuna edo elikadura adibidez, eskualde eskalan lantzeak aukerak biderkatzea ekar lezake gainera, herrien arteko lankidetza eta elkarreraginen emaitzetatik.

Horregatik, eskualde mailan trantsizio sozio-ekologikoa sustatzeko lankidetzazko sareak aktibatzea aproposa da XXI. mendeko erronkei erantzuna emateko estrategia gisa. Debagoiena 2030aren ikuspegitik, eskualde sare hauek izaera ezberdinetako eta arlo ezberdinetan (publikoa, industria, herrigintza, berrikuntza…) diharduten eragileak elkarlanean jartzera bideratuak egon behar dute, ipar partekatu baten bueltan antolatuta, indarrak batuz, eta horrela, inpaktu altuagoko ekimenak bultzatuz.

Nolabait esanda, proiektu zehatzen logika mugatuak aberastea proposatzen du D2030aren ereduak, erronka bakoitzaren bueltan, eskualde edo ekosistema gisa inplikatu eta askotariko ekimen-proiektu multzoak bultzatzea lortzeko.

Adibide bat jarri genezake ilustratzaile izan daitekeena: tokiko elikadura sistemak eredu iraunkorretara eraldatzeko bertako ekoizpena merkaturatzeko gune bat susta daiteke, eta horrek eragin konkretu batzuk sortuko ditu. Baina, horretaz aparte, lehen sektorea indartu beharko da, ekoizleen aukerak haziz, horretarako, Udalek finantzazioa eman dezakete, edo hobari fiskalak garatu, edo haratago, sor daitezkeen subjektu komunitario berritzaileen parte ere izan daitezke. Industriako eragileek ere finantzazioa eskaini dezakete batetik, baina beraien jangela kolektiboak tokiko ekoizpen proiektuekin elkarlanean ere jar ditzakete; ikastetxeek ere ekarpen handia egin dezakete, bai maila pedagogikoan, ikasle, guraso eta langileekin, eta baita beraien jangeletan tokiko produktua eskainiz, … Adibide honek erakusten du, proiektu zehatzek logikak baino eskualdea bere zabaltasunean inplikatzearen artean dagoen ikuspegi eta inpaktu aldaketa.

Noski, eskualdeko eragile anitzen arteko elkarlan sareak artikulatzeak, eta elkarlanaren onurak zerrendatzetik, lankidetzatik ekintza sorta konplexuak diseinatzera iristeak, bere zailtasunak eta ezerosotasunak ere badakartza, dena ez da kolore arrosakoa: ikuspegi, behar eta interes ezberdinak dituzten pertsonei entzutea, sakon entzutea, aitortza egitea, elkarrekin aukerak identifikatu eta adostasunetara iristea… esaten errazak baina egiten konplexuak diren kontuak ditugu. Beste logika batzuetan aritzera ohituta baikaude oro har.

Funtsean, lankidetza sareek kultura aldaketa sakon baten proposamena dakarte, eta hori ez da goizetik gauera lortzen. Baina duten potentziala garatzea lortu ahal izateko, hastea ezinbestekoa da: has gaitezen ezberdinon artean erronkei buruz hitz egiten, eta batez ere, besteei sakon entzuten; ulertzeko entzuten (ez bakarrik gure proposamenekin erantzuteko); gure ikuspegiak aberasteko entzuten; eta ezberdin pentsatzen dutenei ere duten zilegitasuna aitortzen. Besteari arrazoia zuzenean eman gabe, baina has gaitezen elkarrizketa sakon eta sanoak sortzen, eta bidean, horretarako behar ditugun entzute eta elkarrizketa gaitasun tekniko zein emozionalak garatzen. Gure mugak ikusi eta onartzen, gure emozionalitateak pertzibitu eta eraldatzen, bakoitzarenak eta kolektiboak.

Eskualdeen arteko lankidetza

Eskualdeetan gertutik egiten den aktibazio eta eraldaketa esperientzien arteko lankidetza sareak ere inportanteak dira: ez gaitezen denok gurpila asmatzen egon eta ireki ditzagun bideak elkarren artean sortzen ari garen ezagutza eta tresnak partekatzeko, elkartasunez, guztion iparra izan behar duen trantsizio sozioekologikoaren onuran. Honek bidea erraztu eta azkartuko du, ziur.

Eskualdetik trantsizioa: Erronkak eta aukerak

Trantsizio sozio-ekologikoa egiteko erronka ez da makala, berdin da nondik begiratzen zaion. Baina bidea erraztu diezaguketen heldulekuak ere badira, eta horiek ikustea ere garrantzitsua da.

Bidean izango ditugun erronken artean, askatzeko ditugun korapiloek duten konplexutasuna da bat: erronka energetikoa da agian azpimarratzekoa. Bere baitan, aldaketa estruktural sakona eskatzen du, mundu ikuskeretatik hasi, ekonomia eta lurraldeak antolatzeko ditugun ereduetatik pasa, teknologia beharrak ukitu eta arlo konkretu anitzak berrantolatzeko beharrera iristen dena: mugikortasuna, industria, elikadura, etab. Erronka bakar gisa izendatzen dugu, sinplea balitz bezala, baina bere baitan azpi-eremu ugari batzen ditu. Korapilo asko eta anitzak aintzat hartzea eskatzen du, eta loturik dauden elementuen arteko oreka konplexu baten ikuspegitik landu beharra dago.

Energiarena bezalako erronka baten aurrean, inertzia egon daiteke, soluzio edo erabaki sinple eta itxiak planteatzekoa, energia sortzeko azpiegituren auziaren muturretan geratzen den gisan: adibidez, azpiegitura handiak sustatzea beste kontu batzuk aintzat hartu gabe, biodibertsitatea, landa eremuen garrantzia eta etorkizunean lurralde gisa elikadura sortzeko izango dugun aukera, baliabide horien inguruko jabetza eta erabakimen ereduak adibidez. Datuei begiratuta, bai, ziurrenik beharko ditugu tamainako azpiegiturak energia berriztagarri sortzeko, baina beste gai batzuk ere eztabaidan sartu beharko dira, bai ala bai, garapen iraunkorraz ari bagara. Beste muturrean, azpiegitura handiak hemen nahi ez ditugula diogunean ere, antzekoa gertatzen da, euskal ongizate ereduaren oinarrian dagoen industriari uko egiteaz ari gara? Guk nahi ez ditugun ingurumen kalteak beste lurralde ahulago batzuetara eramateaz? Klima aldaketa eragiten duten erregai fosilekin bizitzen jarraitzeaz? Ba segurutik ez, baina ezezko horrek, agian, behar du lanketa zabalagorik, biharko euskal bizi eredua nola antolatuko dugun adosteko, ondorio guztiak kontuan hartua.

Finean, erronka nagusia beraz, konplexutasuna bera da agian, garapen eredu iraunkor baterako bidean askatu beharreko korapiloen izaera. Eta honekin lotuta, erronka izango da baita ere, konplexutasun horri erantzuteko aukera eskainiko diguten lanketa espazio eta metodologiak, gaitasunak eta baliabideak lortzea.

Konplexutasunari erantzuteko aukera onena bestalde, konplexutasuna bera da. Buru bakarretik eta ikuspegi linealetik baino, gure eskualdeetan dugun ezagutza, esperientzia eta baliabide anitzen uztarketatik erantzutea da aukera onena. Komunitatea bera (herritarrak, eragiteak, harreman sareak, askotariko baliabideak, …) eta bertan dagoen ezagutza, gaitasuna eta energia dira segurutik, bidea bilatzeko dugun aukera onena. Adimen kolektiboaz asko hitzegiten den garaiotan, eskualde garapenaren oinarri izaten asmatu behar dugu.

Norabide honetan, eskualdeetan erronka konplexuen aurrean epe luzerako bideak diseinatzeko deliberazio prozesuek rol garrantzitsua joka dezakete, adimen kolektibo hori antolatzeko tresna gisa erabilgarriak izan daitezke adibidez energiarena bezala, erpin eta ondorio asko eta konplexuak dituzten gaiei erantzuteko, adostasun zoruak lantzeko, aukerak eta mugak kolektiboki definitzeko, helburu bateratuak markatzeko, etab. Hau eta beste hamaika lanabes, gaitasun, ilusio eta baliabide beharko ditugu aurrera egiteko eta bizi eredu, ekonomia eta lurralde iraunkorretara iristeko. Bidea egiteko eta helmugara iristea lortzeko, oinez hastea da lehen urratsa.

3023. urteko Euskal Herrian jaioko da agian June, bizigarritasun ona duen komunitate batean, ekosistemak eta kulturak zaintzen dituen ingurune batean, auzoan ekoitzitako jakiek osatuko dute bere elikaduraren zati handia, karbono aztarnarik sortuko ez duen etxebizitzan bizi eta ibilgailuetan mugituko da. Bere aisialdian eta kontsumo ohituretan ere ez dio inguruneari kalterik eragingo. Bere komunitateko kideei entzuten ohitua egongo da, eta parte hartuko du orduan izango dituzten erronken langintzan. Eta pozik sentitu daiteke gainera, atzera begiratu eta ulertzen duenean, mende batzuk atzera, eredu bizigarri bat lortzeko erronkari tinko heldu zion komunitate batekin lotuta dituela bere sustraiak. Hori posible izan dadin, eman ditzagun pausoak gaurtik.

Pin It on Pinterest

Share This