ARRAINA EUSKAL DISEINUAN
ELIKADURA SISTEMA LOKAL ETA IRAUNKORRAKTESTUA: IMANOL ESNAOLA, GAINDEGIAKO KOORDINATZAILEA
ARGAZKIAK: GARI GARAIALDE
Bizkor aldatzen ari zaigu ingurua. Orain 10 urte gora-behera finantzarioek mundu osoko pertsona eta komunitateen ongizatea dantzan jarri zuten. Geroztik, antzeko gertaerak bat bestearen atzetik etorri dira, oso bizkor. Inor gutxik uste zuen petrolioaren kultura auzitan jartzera iritsiko ginenik, eta orain, elikagaien mugikortasun globala ezagutu dugun moduan zailduko duten aldaketak datoz.
Iraunkortasun paradigma sendoak forma hartzen hasi dira eta uste baino bizkorrago ezartzeko aukera dago. Azaroan Wuhanen abiatutako pandemiak martxorako mundu mailako elikagai salerosketan gatazka handien aroa datorrela ikusteko zantzu argiak eman zituzten. Hamaika ikusteko jaioak gara. Gure esku ote ditugu, ordea,egoera horretan erantzuteko tresnak?
Komunitateen elikadura burujabetza dago mundu mailan forma hartzen doan iraunkortasun paradigma berriaren oinarrietan. Aldaketa klimatikoak eta petrolioaren paradigma aldaketak mugikortasunean izan dezakeen eraginak gure arreta osoa hartzen du, logikoa denez, baina ez da begi zolia behar elikadura ereduari bete betean eragingo diola jabetzeko.
Bigarren Mundu Gerraren ondoko diseinu ekonomikoak mendebaldeko ekonomietan ardatz industrialari erabateko lehentasuna eman zion eta horren ondoan, elikagaiak ekoizteak duen balioa murriztu. Europako Elkarte Ekonomikoak 1962an abiatutako Nekazaritza Politika Bateratuak elikagaigintzara emandako komunitateak indartuz lurraldeak biziberrituko zituela uste izan zuen. Horrek, ordea, landaguneen espezializazioa, mekanizazioa eta gainbehera soziodemografikoa besterik ez du eragin. Eta bide batez, elikagaiak gure jendartean betetzen duen funtzioaren debaluazioa. Izugarria izan da debaluazio horrek eragindako galera, besteak beste, Euskal Herrian. Lurralde espezializazioa indartzeak lurralde desoreka ekarri du. Europako Batasunak prozesu hori autokritikoki aztertu eta zuzentzeko asmoa adierazi badu ere, komunitate bakoitzari dagokio erabakitzea nola ekarri iraunkortasuna paradigma berria bere elikadura sistemara.
The Lancet argitalpena famatu egin da Sars-Cov-2 birusak osasunean duen eraginaz egindako lanarekin. The Lancet aldizkariak ordea, urteak daramatza bere lanean eta badu elikaduraz arduratzen den batzorde bat ere. 2019an argi adierazi zuen batzorde horren txostenak, “elikadura da eragile indartsuena giza osasuna eta inguruaren iraunkortasuna optimizatzeko” (Eat-Lancet Comission Report (Willet, et al. 2019)).
Ez alferrik, mundu mailan elikadura sistema lokalak eta hauek gobernatzeko erakunde zabalak gorpuzten ari dira. Gure artean, Etxalde mugimenduak elikadura iraunkorraren aldeko dinamizazio sozialari ekin dio; Gasteiz eta Durangaldeko eragile sozioekonomikoak eta instituzionalak bidea urratzen hasi dira; eta kontsumo elkarteak elkarren artean hornikuntza proiektu zabalagoa abiatu nahian dabiltza. Urrun gaude, ordea, beste hainbaten aktibaziotik, hortxe, beste beste, Bristolgo Food Policy Council delakoa, beste hainbaten artean.
Eskala funtsezko aztergaia da, ordea, edozein ekimen sozioekonomiko abian jartzean. Eta dagoeneko badakigu, hurbileko eskala kudeatzeak soluzio guztiak ematen ez baditu ere, funtsezkoa dela tokian toki adostasun zabalak eraikitzeko, demagun ekoizle eta kontsumitzaileen artean, edo administrazioa, ekoizleak eta herritarren artean. Ipar Euskal Herriko herri elkargoak, hain zuzen, eredu horren alde egin du eta inplementatzen hastera doaz Herri Elkargoaren aro berrian.
Esandako guztiak, beraz, bete betean dakarkigu gaia, eta kostaldetik hurbil dauden komunitateetan arrainak zein funtzio bete behar du?
Euskal Sukaldaritza liburuetan arraina aski ezaguna da, bazirudien ez zegoela elikadurarik bakailaoa edo sardinarik gabe. Gaur egun, ordea, gure arrain kontsumoa jaisten ari da eta gehien hazten ari diren kontsumo espezieak ez daude gure itsasoetan (2019 urtean, batez beste 25,6 kilo arrain edo itsaski kontsumitu ditu biztanle bakoitzak. 2008an kopuru hori 33 kilokoa izan zen). Arrain eta itsaskien kontserbetan ez dago kontsumoaren jaitsierarik, baina arrain freskoetan bai.
Euskal sukaldaritzaren goraldi betean bertako kontsumo ohiturak zeharo aldatu zaizkigu, harik eta, iraunkorra ez izateraino (ez inguruari dagokionez, ez enpleguari dagokionez, ez lurraldeari dagokionez).
Bidasoako muga administratiboak Hego eta Ipar kulturalki edo administratiboki bereizteaz gain, hamarkadetan bereizi zituen arrantza politikari dagokionez. Izan ere, Frankismoaren autarkiak penintsulako portuak, eta euskal portuak batez ere, arrantzontziz bete zituen. Ontzi berriak eta erauzketa gaitasun handikoak. Diru-sartze izugarri horiek hamarkada gutxian aldatu zuten arrantza sektorearen dimentsioa, gure portuen fisonomia eta gure itsasoaren gaitasuna. Espainiako Estatua Europako Elkarte Ekonomikoan sartzeaz batera, ordea, sektoreak erabateko birmoldaketa bizi izan zuen.
Ontzi arras gutxiago dago geroztik eta artisau arrantzakoak eta baxurakoak desagertzen ari dira, bertako itsasoa modu iraunkorrean ustiatzen dutenak. Azpisektore horrek, ordea, Ipar Euskal Herrian Hegoaldean baino luzaroago iraun du. Orotara, baxurako arrantzarako 69 ontzi daude egun. Zentsuaren arabera sare txikiekin eta artisautza teknikekin aritzen diren beste 209 ontziek osatzen dute artisau-arrantzako ontzidia. Lapurdin artisau-arrantzarako tradizio handia dago eta Euskal Herriko flotaren erdiak baino gehiagok bertan du atrakalekua. Artisau-arrantzako eta baxurako itsasontzien kopurua aspalditik ari da gutxitzen: egun 2004 urtean baino 113 ontzi gutxiago daude euskal kostaldean, ordutik desagertutako ontzi gehienak artisau-arrantzakoak dira.
Beraz, ekonomia globalizatuan bizi gara, zeinetan munduko edozein bazterretatik etor daitekeen elikagaia, sarri askotan, bertakoa baino merkeago. Salgaiaz gain, ordea, elikadura joera berriak ere iritsi zaizkigu. Bizitza eredu berriak, elikadura praktika berriak, bai eta agroindustria deitzen denaren marketin gaitasun izugarria ere, gure elikadura ohituretan eraginez bere produktuen kontsumo masiboa bilatzen duena, ez dezagun ahantzi. Nork jan nahi du sardina, snack bat jan dezakeenean lantokitik gimnasiora bidean? Arraina izango da ziur aski, lehia horretan galtzaile nagusia.
Elikadura joera berriak aztertzen ditu munduko hainbat erakundek eta horien artean, indar betean datoz, joan etorrian zizka-mizka jan daitezkeenak, mikrouhin labean di-da prantatu daitezkeenak, behar bereziak dituztenentzat super-elikagiak, eta abar. Euskal elikadura joera berriak oso lerratuta datoz joera horiekin. Elikagai freskoa eta bertakoaren kontsumoak gero eta harrera hobea badu ere, kontsumitzen dugunaren %3a baino ez da.
Aipatutako faktoreak kontutan hartuta, Bizkaiko Golko osoa euskal herritarren elikagai kontsumoa asetzeko eremu naturala dela ulertuz gero, egun baxuran zein alturan arrantzatutakoa aski da Euskal Herriko arrain kontsumotik eratorritako beharrak asetzeko. Euskal herritarrek 76.000 tona itsas-produktu kontsumitu zituzten iaz, eta 301.200 tona arrantzatu ziren Bizkaiko Golkoan. Donostiatik Galiziako Fisterrarainoko kosta hartzen duen itsas eremuan (27.8.c izenekoa) bakarrik, 152.000 tona arrantzatu ziren urte berean. Alderaketa honetan, ordea, bi elementu hartu behar dira kontuan. Batetik, bizirik arrantzatutako tonak ez direla bere horretan iristen merkatuko salerosketara, espezieen arabera zehaztu gabeko proportzio txiki bat galdu egiten baita. Bestetik, euskal herritarrek urrunean arrantzatutako espezieak nahiago dituztela.
Urruneko itsasoetako produktuak ugariak dira Euskal Herriko saltokietan, eta 2019 urtean, Hego Euskal Herrira Amerikatik itsasoko produktuetan 26.340 tona iritsi ziren: besteak beste, Espainiako Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioko datuen arabera prozesutako 5.700 tona arrain iritsi ziren AEBetik, 990 tona krustazeo Ekuadorretik eta arrain lehor zein gazitu kopuru esanguratsua Groenlandiatik (900 tona) eta Kanadatik (560 tona). Horrek ez du esan nahi inportazio guzti horiek Hego Euskal Herrian kontsumitu direnik, baina saltokietan presentzia nabarmena dute. Euskal arrantzak produktu horiekin edo akuikulturako prezioekin lehiatu beharra dauka.
Bizkaiko Golkoan arrantzatutakoa eta Euskal Herrian kontsumituriko arrantza produktuak espezie nagusien arabera behatuz gero, Bizkaiko Golkoaren hornidura gaitasuna handia da hainbat espezietan. Hala gertatzen da berdelaren kontsumoarekin, baita sardina, antxoa, legatza, lupia eta atunarekin ere. Halere, Bizkaiko Golkoan arrantzatutakoa ez da aski Euskal Herriko zapoaren kontsumoa asetzeko, ezta txipiroiena edo urraburuena asetzeko ere. Besteak beste, horregatik, euskal ontziak alturako arrantzan urrun abiatzen dira.
Etorkizunak erronka ugari ekarriko digu elikadura alorrean. Gai izango ote gara elikadura sistema lokalak artikulatzeko? Sistema horiek lortuko al dute kontsumo joera domestiko eta kolektiboetan bertako arraina sartzea? Eguneratuko al ditugu salerosketa moldeak bertako arrainaren erosketa eta prezioa bermatzeko? Portutik sukaldera doan bidean arraina transformatu eta eroso kontsumitzeko formulak eta azpiegiturak sortuko al ditugu? Bertako arrainarekin gure elikadura eredu iraunkor egin behar badugu, elkarlan handia eta elikadura politika publikoak norabide horretan jarriak beharko ditugu.