ZAINTZA

TESTUA: MIKEL VALERO

ARGAZKIAK: IDOIA TELLERIA MARITXALAR

Pandemiaren eraginez bizi dugun egoera ez-ohiko honi zerbait postibiboa atera nahian, esan dezakegu Zaintzaren inguruan lehen baino askoz ere gehiago hitz egiten dugula; Baina honek ere badu bere alde negatiboa ordea, askoz ere gehiago hitz egin arren, aspalditik zetorren egiturazko zaintza krisi baten erdian egonda ere, zaintza beharren biderkatze hau, berriz ere eremu familiar eta pribatu-merkantilarengan erori da. Horrela bada, lan hauek nagusiki emakumeek (eremu familiar) eta emakume migratu, arrazizatu eta prekarizatuek (eremu merkantilean) egiten dituzte, egiturazkoa den desberdintasunaren ondorioz, eta, egiturazko desberdintasunak eraginez. Beste behin ere, kapitalismo heteropatriarkala eta koloniala indartzen eta hedatzen ikusi dugu.

Zaintza hizki larriz aipatzerakoan, ez gara zaintza jarduera zehatz batetaz ari, bizitzeak merezi duten bizitza sustengatzeko egiten diren lan fisiko eta emozional guztietaz baizik. Lan hauek guztiak ez dira menpekotasuna duten pertsonengana mugatzen; izan ere, denok daukagu, tamaina batean edo bestean eta elkar-menpekoak garen heinean, zainduak izateko beharra, eta ondorioz, denok eduki beharko genuke zaintza lanak egiteko ardura. Edonola ere, eta bistakoa denez, pertsona guztiok ez dugu modu berean zaintzen, eta, ez gara denok era berean zainduak izaten. Hemen ere, generoa, klasea eta jatorria dira desberdintasun hauen guztien kausa eta ondorioa.

Edonola ere, eta lehen esan bezala, pandemia honek Feminismoetatik datorren beste aldarri bat jarri du eztabaida publikoan: zaintzak bizitzaren erdigunean kokatzearen beharra. Horrenbestez, Zaintzen Euskal Sistema Publikoaren sorkuntza aldarrikatu nahi dugu, zeinak batetik, zaintzarako eskubidea orokortuko duen, eta bestetik, zaintzaren sektorean diharduten langileen lan-baldintzak erregularizatu eta duinduko dituen. Ezin dugu ahaztu, egun sektore honetan lanean dihardutenen gehiengo oso handi bat emakumeak direla. Horietako asko administratiboki egoera irregularrean dauden emakume migratu eta arrazizatuak; esklabutza-erregimenaren eguneratzea den interna lanetan ari direnak. Sistema publiko honek, bada, inola ere ezin ditu alde batean utzi egun lan hauek egiten dituzten pertsonak.

Hausnarketa hau abiatzeko bada, batetik, gaia kokatu eta gure ikuspegia elkarbanatzea erabaki dugu, eta bestetik, Zaintzen inguruan lanean dabiltzan hainbat norbanakoen eta erakundeen iritzien zerzelada batzuk jasoko ditugu.

Espero dugu bada, ezein eraldaketa sozial, ekonomiko eta politikoren giltzarri den auzi honen inguruko eztabaidan ekarpena egitea eta borroka zelaia argiztatzen laguntzea, ez baita egongo eraladaketarik, zaintza lanen sozializazio eta demokratizazio prozesurik gabe.

DONOSTIA LAGUNKOIA

Eva Salaberria

Donostia Lagunkoian, uste dugu zainketak balio publiko bat direla, eta beharrezkoa dela erantzun kolektiboak eraiki eta dagoen zatiketa gainditzea, batzuetan ezaugarri horixe izaten baitute politika publikoen diseinuak eta garapenak.

Gizarte honetan, zainketak antolatzeko eredu tradizionala (familian eta emakumeek) aldatzen ari dela ikusita, galdera hauxe egiten diogu geure buruari:

  • Nola antolatzen dugu zainketek dakartzaten erronkei eman beharreko erantzun kolektiboa?
  • Nola antolatzen ditugu zainketak, energia falta, bakartzeko eta deslotzeko arriskua eta halako errealitateak agertzen direnean?
  • Zein dira egoera horietan bizi diren pertsonen beharrak eta nahiak?
  • Nola eraiki dezakegu eredu errealista bat, etxean zahartu eta zaindua izateko desira orokorrari erantzungo diona?

Erantzunak beti beharko lukete ekintza komunitarioko estrategiak garatzeari lotuta. Hain zuzen, estrategia horiek lagungarri izan behar dute pertsonen eguneroko espazioak eta inguruneak partekatzen dituzten eragileak antolatzeko. Hurbileko zerbitzu publikoak, elkarte sarea, gizarte erakundeak, entitate pribatuak, merkataritza eta ekonomia eragileak, bat egin eta jarduten duten bizilagunak, nork bere eginkizuna eta ardura duela, denak ere zaintzen duten inguruneak eraikiz.

Funtsezkoa da egoera horiek bizi dituzten pertsonen beharrak eta nahiak ezagutzea, eta, haien nahiak eta gaitasunak oinarri, erronka horiei eman beharreko erantzuna eraikitzen parte har dezaten sustatzea. Helburua da zaurgarritasunak duen ahalmenaren balioa azpimarratzea eta irudiak eta narrazioak sortzea, bizi zikloaren edozein egoera eta unetan norberaren zaurgarritasuna onartu, erakustera ausartu eta praktikatu ahal izateko. Gizaki garen aldetik zaurgarri garela onartzeak, besteen beharra dugula aitortzeak, paradoxikoa badirudi ere, indartsuago eta erresilienteago egiten gaitu eta gehiago konprometitzen gaitu geure buruarekin eta ingurukoekin.

ERRENTERIAKO UDALA

Itziar Ostolaza

Feminismoak aspaldi iragarri zigun zaintza politiken erdigunean jartzea giltzarri izango zitzaigula bizitza bizigarrien erdiestean. Udalgintza komunitario eraldatzailean dihardugunok ohartuta geunden zaintzak Udalen auzia ere izan behar zuela, herritarren ongizate integrala bermatzeko.

Eta jakin, bagenekin, planetari eta ingurumenari urteetan kendu diogun hori bueltan jasoko genuela noizbait eta nolabait.

Iragarri ziguten, ohartuta geunden, bagenekin… eta, hala ere, pandemiaren olatua gugana iritsi zenean ez geunden prestatuta zaintza politika publiko izan zedin. Eta presaka hasi ginen pandemiak zeharkatutako gorputz zaurgarriak identifikatzen; ordurarte egitekoen zerrendetan genituen lanketak lehen mailako beharretan bilakatzen; Udalaren barne egiturak birformulatzen; herritarrei laguntza eskatzen…

Pandemia honek gehiegi kendu digu, baina zaintza, bere aldaera anitzetan, politika publikoen erdigunera ekarri du. Ea gai garen, pandemiaz harago, komunitatearekin elkarlanean, zaintza eskubide bilakatzeko.

MAITELAN

Kronika aldizkarian publikatutako artikulua

Pertsonen arreta eta zaintza sektoreko langileon lan baldintzak hobetzeko antolatu garen emakume talde bat da Maitelan.

Horretarako gizarte-ekimeneko kooperatiba integrala sortu dugu; hau da, langileak (zaintzaileak), erabiltzaileak (zainduak) eta kolaboratzaileak (pertsona, eragile eta erakunde erantzuleak) biltzen dituen egitura enpresarial bat, Maitelan Kooperatiba Integrala.

Pertsonak jaiotzen garen momentutik hiltzen gareneraino elkar-mendekoak gara, eta ondorioz, gure bizitza osoan zehar zaintza lanak ezinbestekoak ditugu. Zaintza lan hauek baina, ez dira modu parekidean banatzen jendartean, emakumeok orokorrean, eta zehazki, emakume migratu eta arrazizatuak baikara zaintza lan hauek egitearen arduradunak; gehienetan gainera, oso modu prekarizatu eta zaurgarrian.

Gure helburu bat zaintzen gaineko ardura kolektibizatzea da, eta horretarako, bazkide kolaboratzaile figura sortu dugu, zeinak, lekua emango dion zaintza sektorea duintzeko eta kolektibizatzeko prozesuan parte hartu nahi duten pertsona, enpresa eta eragileei, hau da, bai zuri zein zure eragileari.

Pin It on Pinterest

Share This