TRANTSIZIO EKOSOZIALA AZTERGAI
KONTRAESANAK ETA AUKERAKTestua: Iñaki Barcena Hinojal
Trantsizioa ekosoziala, trantsizio ekologikoa, trantsizio energetikoa… zein da “trantsizio” kontzeptu horren esanahia? Nire uste apalean planeta osoan pairatzen ari garen zibilizazio-krisi multidimentisonalaren (biodibertsitatearena, klimatikoa, humanitarioa, arrazista, patriarkatuarena, energetikoa…) aurkako botika edo medizina osasungarri eta ahalguztiduna.
Orain dela 30 urte “garapen sustengarria”-rekin gauza bera gertatu zen. Gizartea, natura eta garapen ekonomiko orekatuz gero, Nazio Batuek etorkizun oparoa agindu ziguten; baina imperio kapitalistan harreman sozialek eta naturarekikoek ez dute hobera jo, nabaria denez. Hori bai, kosta ala kosta hazkunde ekonomikoa izan da, antza, gure elite buruzagien helmuga bakarra. Herritarren eta ekosistemen egoera ez du hobera egin oro har, baina Barne Produktu Gordinaren gorakada helburu bakarra omen dugu. Artikulu honetan trantsizio ekosozialaren gaineko eztabaida eta proposamenei so egingo dizkiegu.
Klima aldaketa eta energia krisia batera. Jorge Riechmann-ek dioen bezala, XXI. mendean aktibismo sozio-ekologikoan eragingo duten funtsezko bi kausa edo dinamikak hauexek dira: Berotze globala (klima-egonkortasunaren amaiera, ozeanoen azidifikazioa, ekosistemen suntsipena, gizarte-disrupzioa) eta petrolioaren muga (energia merkearen amaiera, energia-jaitsiera) eta oinarrizko beste baliabide natural batzuen eskasia (J.Riechman, 2013). Bi parametro horiek, zientzilariek ohartu diguten moduan, aldaketa politiko eta sozial sakonak ekarriko dituzte. Txanpon beraren bi aldeak iruditzen zaizkit niri. Eta ikuspegi zaila erakusten digute, non gizateriak funtsezko aldaketei aurre egin beharko dien, ekoizteko eta kontsumitzeko moduak eta, azken batean, egungo eta etorkizuneko belaunaldien bizitzeko erak goitik behera aldatuko dituztenak.
Naomi Klein-ek bere liburuan “This Changes Everything: Capitalism vs. the Climate- Honek dena aldatzen du: Kapitalismoa vs. Klima” horixe bera argudiatzen zuen. Aldaketa klimatikoa alarma bat omen dela sistema ekonomiko oso bat konpontzera deitzen gaituena, dagoeneko porrot egiten ari zaiguna. Kleinek zioen, gure berotegi emisioak nabarmen murriztea gure aukerarik onena dela aldi berean desorekak murrizteko, gure demokrazia hautsiak berriro irudikatzeko eta gure ekonomia lokalak berreraikitzeko baita ere. Bere aburuz, klima aldaketaren ebidentziak ukatzaileen desesperazio ideologikoa berresten du eta batera geo-ingeniarien engainu mesianikoak eta ekimen berde ugarien pesimismo tragikoak ere. Eta erakusten du, hain zuzen ere, zergatik merkatu kapitalistak ez duen klima-krisia konponduko, aldiz gauzak okerrera eramango dituela, gero eta ustiapen eta erauzketa metodo muturrekoago eta ekologikoki kaltegarriagoekin, hondamendi kapitalista berriak ekarriz. Eta perspektiba ezkor horren aurrean, zer egin?
TRANTSIZIO EKOSOZIAL EKOSOZIALISTA ETA FEMINISTA
2016ko Iraileko azken astean Bilbon bildutako Nazioarteko 3. Topaketa Ekosozialistetako manifestuan, bertan bildutako eragile sozio-politikoek, ekologistek eta sindikalek hauxe esaten zuten: “Nahi zein ez, ekonomiaren esfera materialaren deshazkundera eramango gaituzten trantsizio ekosozialen prozesura goaz. Ulertzen dugu trantsizio ekonomikoek (eredu produktiboa eta energetikoa), sozialak (zaintzaren antolaketa soziala), kulturalak (hezkuntza), legislatiboak eta lurralde mailakoak (trantsizioan dauden udalerriak), sozialki justuak izan behar dutela pertsonen eta komunitatearen zerbitzura, ingurumen aldetik orekatuak eta demokratikoki erabakiak, bestela, gero eta pertsona gutxiagok (botere handiek) euren egungo bizitza-estiloarekin jarraitu ahal izan dezaten, beharrezkoa da gero eta jende gehiago biziraupen duina bermatuko dien gutxieneko materialetara ez iristea”.
Trantsizioa, bide hori da hain zuzen, gure ikerketetan ondoko irudiarekin adierazi nahi duguna. Triangelu erreferentzial horretan mugitzen gara, non energia-iturrien aldaketei eta beharrezko aldaketa teknologikoei buruzko gaiak, gizarte- eta politika arloetan eman behareko eraldaketa sakonetik ezin ditugu bereizi. Sistema kapitalistak ezartzen dituen baldintza eta ereduetatik harago, gizarte, natura eta ekonomiaren arteko oreka berriak bilatu behar baditugu eta erronka horretarako herri mugimendu alternatiboetatik jasotako heredentzia ideologikoa aktibatu beharrean gaude.
TRANTSIZIO EKOSOZIALERAKO ARLOAK ETA ARDATZAK.
TRADENER proiektuan oinarriturik
Hasteko, ekologismo sozialaren ekarpenetatik ikasiz, “sustengarritasuna” modu sustantiboan ulertzen dugu, ez adjetibo dekoratibo moduan, ekosistemen iraupenerako ziklo naturalak aintzakotzat harturik. Egun, edozein negozio edota ekimen komertzial kapitalistak “sustengarria” dela esaten digute. Paperek eta publizitateak dena jasatzen omen dute baina azterketa zientifikoek ez dute hori onartzen. Kosmetika ekologistaren ariketa faltsuek ez dute etorkizunik.
Horrela konturatzen gara, trantsizio ekosoziala ez dela kontzeptu edo ideia adostu bat. Bere baitan, alderantziz, eztabaida eta esanahi oso desberdinak topatzen ditugu.
Trantsizio edo aldaketa hori prozesu konplexu gisa ikusten dugu, denbora-zikloekin eta askotariko eragileekin, aldagai eta eskala anitzekin, eta elkarri lotutako arazo eta kontraesanekin. Adibidez, “La gran encrucijada. Sobre la crisis ecosocial y el cambio de ciclo histórico” liburu kolektiboan (Prats et al, 2016) ziklo luzeko trantsizio konplexu bat ikusten da, hamarkada edo mendeetakoa, gainbehera zibilizatorio mingarria duena, eta horren aurrean, egileek ziklo labur batean premiaz erantzutea hobesten dute, hainbat eremutan sortzen diren mehatxuak bideratzeko, hala nola energia-klima-natura-elikadura kateatzea eta batera ihardestea. Riechmannek bezala, energiaren eta klima-aldaketaren arteko binomioa funtsezko ardatza dela iradokitzen dute, desegonkortze global ekosozialera garamatzan inertzia murrizteko eta ziklo historiko berri baterantz modu zibilizatuan igarotzen saiatzeko, bizi-segurtasunaren eta gizarte-justiziaren ikuspegitik.
Eta Euskal Herrian zer? Gurean ere trantsizio ekosozialaren eztabaida aurrez-aurre daukagu. Aurreko galderari modu sintetiko batean erantzunez, hurrengoa esango genuke: Euskal herritarrok dugun dema eta ahulezi nagusia gure kontsumo maila altuari nola helduko diogun errekurtso energetiko eta materialen falta nabaria denean. Gure zor ekologikoa oso handia da eta gutxitu beharrean gaude, ezinbestean. Aldiz, Euskal Herriko elite ekonomiko eta gobernarien ikuspuntutik “trantsizioa” hazkunde ekonomiko sustengarri eta lehiakorrerako parada izango dugu. Hala dio adibidez, “Trantsizio Energetiko eta Klima Aldaketaren EAE-ko lege proeiktua (2023): “Trantsizio horri esker, ekoonomia, enpresa, ingurumen eta gizarte aukera berriak sortuko dira eta EAEko eragile horiek aprobetxatu ahal izango dituzte ekonomia berri baten eta epe ertain eta luzean lehiakorragoak izango diren euskal enpresen oinarrika finkatzea, balio ekonomiko handiagoa eta euskal gizartean ongizate maila hobeak erdietsiz”. Filosofia horrekin “trantsizioa” baino “business as usual” (betikoa) lerroan dihardugu. Hor dago koxka!
Bestalde aukerak eta indarrak ere baditugu. 3 milioiko biztanle herri txikia gara, hiru Administrazio desberdinetan banaturik, baina euskal gizartearen baitan ehundaka esperientzia kolektibo-alternatiboak ari dira jorratzen eta trebatzen trantsizio ekosozialaren bidean. Komunitate energetikoetatik hasita elikagai subiranotasunaren aldeko apostuetaraino, basogintza eredu berria edo pentsionisten mobilizazioak barne. Gizarte aberatsa gara proposamen eta praktika antikapitalistetan eta gurea ekosozialismo feministaren hasiak ernetzen ari dira. Hor ditugu “Su Txikien Itxasoa”-ren ekimena Euskal Herriko Eskubideen Gutun Soziala martxan jarri berri duena edo aurtengo Azaroaren 30erako deitutako Greba Feminista Orokorra, zaintzarako eskubide kolektiboaren alde.
Ikusi dugunez, trantsizio ekosozial bidezko eta demokratikoaren erronkak gai, helburu, eragile, eskala eta esperientzia anitzen bilduma bati egin behar dio aurre, eta kontuan hartu behar da, jakina, trantsizio-prozesuak, desberdinak eta konbinatuak, aurkari indartsuak izango dituela hori lortzeko. Ekologismo sozio-politikoak lehentasunezko zeregina du erronka hori bere gain hartzea. Milaka pertsona daude martxan, ekimenak eta kanpainak, baina horien egituraketa, gizarte-mugimenduen eta erakundeen arteko aliantzak eraikitzea, behetik gora, hasi baino ez da egin. Pausuz pausu eta urratsez urrats bidezko trantsizio ekosozialari ekingo diogu. Hala bedi!!
ERREFERENTZIAK:
- Klein, Naomi ( 2014) This Changes Everything: Capitalism vs. the Climate. Simon & Schuster. New York.
- Nazioarteko 3.Topaketa Ekosozialistak .Manifestua. https://www.alterecosoc.org/eu/nazioarteko-iii-topaketa-ekosozialistak-bilbon-
- Prats, Fernando et al ( 2016) La gran encrucijada. Sobre la crisis ecosocial y el cambio de ciclo histórico. Madrid-Barcelona: Libros en Acción-Icaria.
- Riechmann, Jorge. (2013) El siglo de la gran prueba. Ed. Baile del Sol, Tenerife.
- Steinfort, Lavinia eta Angel, James (2023) Energy Transition Mythbusters. https://www.tni.org/en/article/energy-transition-mythbusters
- Energia trantsizioak: iraunkortasuna eta demokrazia energetikoa.Universidad del País Vasco /Euskal Herriko Unibertsitatea. Bilbo.
- >Urkidi, L.; Lago, R.; Basurko, I.; Barcena, I.; Mantxo, M.; Akizu, O. (2016)