TOP MANTA
BIDASOALDETIK EKIMEN INTERESGARRI BAT BULTZATUZTESTUA: BDSKOOP
Wikipedian begiratuz gero, Top manta, Espainiar estatuan, pirateriaz ekoiztutako musika eta film-diskoak eta beste imitazio produktuak kalean saltzeko jarduera da. Gehienetan etorkinek bizimodua ateratzeko jarduera izan ohi da. Izenak produktuak lurrean zabaltzeko erabiltzen duten manta edo maindireari egiten dio erreferentzia.
Kale salmentan ibiltzen diren manteroen arabera, sarri, egiten duten jarduera tonu gutxiesgarrian izendatzeko modua da top manta, diskriminazio-ekintza bat. Baina kale saltzaileek beraiek, kontzeptua aldarrikatu eta hitza duindu nahi izan dute, eta elkartasun, borroka, aldarrikapen termino bihurtu. Bide horretan, Top Manta izeneko arropa marka bat sortu zuen Bartzelonako Kaleko Saltzaileen Sindikatu Popularrak; hasiera batean handizkariei erositako zapatila eta elastikoetan marka ezarriz kopiak eta faltsifikazioak saltzen dituztela dioten diskurtsoak gainditu eta faltsifikatutako materiala erabiltzeagatik, industria-jabetzaren aurkako delitua aitzakia, jasaten duten jazarpena saihesteko.
2015 urtean sortu zuten sortu zuten sindikatua, Bartzelonako kaleetan lan egiten zuten saltzaile ibiltariek, kalez kaleko salmenta beste edozein lan bezalakoa dela azpimarratu eta beraien eskubideak aldarrikatzeko. Mercadillo Rebelde bezalako beste erresistentzia ekintzak baliatuz, salmenta ibiltaria mafiaren ideiarekin nahasten duen edo legez-kanpoko ekintzekin zerikusia duen jarduera bezala hartzen dituen mitoen aurka lanean dabiltza, Bartzelonako beste erakunde batzuen eskutik, kalez kaleko salmenta despenalizatzeko lege-proposamena aurkeztu eta gizarte kolektiboekin harremanak sendotuz. Hitzaldi, bideo eta sare sozialetako presentziaren bidez, kalez kaleko salmentari buruzko kontakizuna eta diskurtso berri bat sortzen lagundu du sindikatuak.
ELKAR-KOOPERATZEN
Manteroen borroka ez da berria. Urte asko dira lan eta kultura arrazoiak medio, modu batera edo bestera artikulatzen hasiak zirela. Senegalgo kulturan gertatu ohi den moduan, antolatu eta harremantzeko kodeak zituen elkartasun-sare zabala osatzen zuten Bartzelonako afrikar jatorriko saltzaile ibiltariek. Hiriko beste ekimen batzuekin hartu-emanean zebiltzan, poliziaren tratu txar eta erakundeen partetik jasaten duten inbisibilizazioaren aurkako protesta gisa kalean presentzia izateko, baina beren borroka bertako kode politikoetara moldatu beharra sumatu zuten.
Kolektiboko paperik gabeko hiru kidek Sants auzoko Ciutat Invisible kooperatibaren aholkularitza jaso zuten eta hilabete luzeko lanaren ondoren, ekonomia sozial eta solidarioan oinarrituta koooperatiba bat sortu zuten Saltzaile Ibiltarien Sindikatu Popularrean bildutako manteroek; kalez kaleko salmentatik prekarietatean, gizarte-bazterketan eta administrazio-bazterketan bizirauten duten pertsonei bizi-alternatiba posible bat eskaini eta kolektiboaren autonomia indartzeko asmoz. Gainera, kooperatiba izateak aukera eman zion kolektiboari espazio horizontal baten aldeko apustua egin eta lokal bat eskuratzeko; horrela, artisautza eta beraiek sortutako arropak saldu eta hitzaldiak edo bestelako ekitaldiak eskaini ditzakete bertan.
Bartzelonako Kale Saltzaileen Sindikatu Popularrak arropa-bilduma bat aurkeztu zuen, etiko, solidario eta kolektiboa den Top manta markapean. Manteroen bizi-baldintzak hobetu eta arrazismoa eta jazarpenaren aurkako borrokarekin jarraitzea da legez kanpoko jendeak egindako legezko arropa linea honen helburu nagusia; Saldu ohi dituzten imitaziozko produktuen alternatiba bat sortzea, Top manta produktuak, balioak partekatzen dituzten tokiko tailer txikietan ekoitziz.
“Hiriaren erdigunean borroka jarraitu behar da espazio publikoa gure gorputzak arriskatu gabe okupatu ahal izateko. Guk diogu espazio publikoa bat eta bakarra dela eta mundu guztiaren erabilerarako dela.”
Gaur egun, elkarteak ehungintzako lanbide heziketako tailerrak eta hizkuntza eskolak eskaintzen ditu. Gainera, bi tailer ditu Top Mantako produktuak eta kanpoko beste enkargu batzuk garatzeko eta 25 lagun baino gehiagori lana eskaintzen die lana bertan; bata joskintzakoa eta bestea serigrafiakoa. Argi dute ezin direla kanpotik etorritako inori itxaroten egon, irabazteko dagoen guztia da haien frontea eta beraien autonomiatik lortu nahi dute; baina bide zail honetan, kolektiboak hiriko kontsumitzaile etikoei egiten die dei, bidelagun izan daitezen.
Dei honi erantzuteko asmoz, BDS KOOPetik eskaera kolektibo bat abiatzea erabaki dugu, kooperatibako kideen kideen bizi-baldintzak hobetzeaz gain arrazakeria borrokatzeko ekimen interesgarri hau Bidasoa alde honetan ezagutzera eman eta haiengandik ikasteko izan dezakegun guztia barneratzen lagunduko ligukeen harreman bati hasiera emanez.
Kanpainaren berri izateko, eta eskaerak egiteko, sartu https://www.bdskoop.eus/top-manta-eskaera estekan.
ANDE DEM
ELKARREKIN IBILIZ
#KoopAntiarrazista #InterKoop