POLISA EDO KOMUNALISMO HIRITARRA
TESTUA: IKER EIZAGIRRE
ILUSTRAZIOA: LUCIA CALVO
KONSPIRAZIO DEMOKRATIKOA
Kapitalaren espazioetatik ihes, auzo babesera jo eta Auzo Plana-rekin egin genuen topo aurreko artikuluan. Behetik gorako leku-gintzarako tresna komunitarioa, espazioaren demokratizaziorako langai potentzial gisa deskubritu genuen. Auzotarraren “praxi sozio-espazialetik” (teoria/praktikoa baita), beroaldi dialektikoan hipotesi bat luzatzen amaitu genuen; “Eta demokrazia erradikalaren gakoa, prozesu praktikoa espazioaren antolamendu demokratikoan balego? Ez al litzateke hori demokrazia material zuzena?”. Gaitza apustua.
KONSPIRAZIOA FABULATZEN AURKEZTU DA “POLIS”-A
Honi eutsi nahirik, inguruko praktiken behaketari beti lagungarri den irakurketa gehitu diogu. Hiria, demokrazia, iraultza,… terminoen ingurumarian Murray Boockhin libertarioarekin egin dugu topo(1) . Munizipalismoaz ari dela, liluratu gaitu honen VI. Tesiak: “Polis”-ak, edo munizipalitate garaikideak duen potentzia politiko iraultzailea botere korporatiboak suposatzen duen kontzentrazioaren aurrean. Pentsalariaren hitzetan;
Erabateko esanahi erradikalarekin, polis hitzaren sustraietara itzuli behar dugu, eta jendearen bizi-inkontzientearen barruan, elkarren arteko harreman arrazional, etiko eta publikorako espazio bat sortu, zeinak, aldi berean, Komunaren eta aro iraultzaileko asanbladen ideala ekarriko duen (Bookchin, 1984)
Historiaren azterketa lagun, urbanizazioak “polis”-a irentsi duela argitzen digu Bookchinek: pertsonaren neurrira egokitu zitezkeen elkar-bizitza eskala guztien suntsipena eragin du “urbanizazio” bezala ezagutzen dugun erregimen politiko-espazialak. Modernitate berantiarreko hormigoi metastasiak “bizitza zibila desagertzea ekarri du, zibilizazio hitzaren erabilera justifikatzen zuena, bai eta «politika» hitzari nortasuna eta esanahia ematen zion gorputz politikoaren heriotza ere”. Pentsalari librezaleak eskaintzen digun begiradak animatzen gaitu konspiraziotik abiaturiko hipotesiari eustera. “Bai, leku-gintza demokratikoa da demokrazia bera” eta “polis”-a izan liteke iraultzaren lekune, abiapuntu eta zeru-muga. Harreman sozietal horizontal eta aurrerakoiak eraikitzeko tokia, gorputz politiko berria erditzeko eskala.
Hortaz konbentzitu gaitezen: Egun bizi dugun espazioaren nolakotasuna, kapitalaren mesedetan eraikia da. Herritarron erabakimen eremutik kanpo kokatu da lurralde planifikazioa, zentzu sakon batean gure bizi-habitat alienatuak izan garelarik. Demokrazia espaziala hutsala da gure jendartean: Ez dugu gure bizien euskarri eta baldintzatzaile izango den espazioren gainean inolako erabakimen gaitasunik. Ez dago agendan eta ez dago horretarako tresna efektiborik ere.
Auzotik polis-erako gakoen xerkan itxura berriz ageri zaizkigu gure kontzeptu maitatuak:
- Espazioa Vs. Leku-gintza antagonismoa, metodo gisa: “Polis”-aren ortzi-muga garaikidea azaleratzen duen borroka prozesua da espazioaren demokratizazioaren aldeko borroka. Leku-gintza, pertsonaren tamainako bizi-ingurumari baten aldeko praktika da eta era berean, hau horrela ez denaren salaketa.
- Auzo Plana, tresna gisa: Auzo-komunitatea egiteko planifikazio prozesu gisa ezaugarritu duguna. Deskribaturiko metodoa martxan jartzeko tresna. Habitata eta honen biztanlean dialektikan jartzeko gailua.
- Hiria, Polis-a zeru-muga askatzaile gisa: Urbanizazioak gainezkaturiko hiria (batzuetan hiri multzoa, metropolia) konplexuegia da ekimen politiko herritarrerako. Hiria ez da herrigintzan sartzen ez bada zati txiki eta sinpleagoetan banatzen. Demokrazia zuzena ez da eskala eta konplexutasun honekin bateragarria. Hiria pertsonon neurrira ekarriko badugu, leku-gintza izango bada, egun konplexuegia den urbanismo oro-hartzailea “polis” txikitu eta sinplifikatuetara ekarri beharko dugu. Horrek dakarren guztiarekin, des-hazkunde planifikatua (hortaz post-kapitalista) tarteko.
Hemendik saia gaitezen konspirazio demokratizatzailearen lehen proiekzio batekin.
HIRIAREN PLANIFIKAZIO DEMOKRATIKOZ POLIS GARAIKIDERA
Auzotik ateratzeko, “small (but no too much) is beautiful” leloa gure egin genezake. Aske izateko ez dugu aski, hiria inguratu beharra dugu. Hemen taktika gorakor bat. Bi pausotan:
- Auzo Planetatik Hiri Planera: Modu popularrean definituriko Auzo Planak, hiri mailako Auzo Bilguneetan (auzo-guneen koordinaziorako federazioa) partekatu eta “Auzoen Hiri Plana”-ri ateak irekiko genizkioke. “1, 2, 3, 4… auzo plan” da leloa. Horrek laster ekarriko du elkar-lanaren aukera eta beharra, planek auzoak banatu baino gehiago, auzo-federazioa hauspeatzen dute hauek ito nahi dituen hiri burokraziaren kontra.
- Auzoen Hiri Planetik Hiri Antolamendurako Plan Publiko-Komunitariora (HAPPK): Auzo-federazioak tenkaturik, Udalak (zinegotzi eta arduradun teknikoek) behetik gorako proposamen hori eta HAPO-a modu orekatuan uztartzeko betebeharra lukete. Egun baina maizago egin beharreko ariketa: 15 urtetik behin egin beharrean 5 urtetik behineko berrikuspena egin ahal izateko baldintzak sortu beharko lirateke. Etengabe ber-definitzen doazen Auzo eta Hiri Plan popular horien deklinazio juridiko/urbanistikoa litzateke Hiri Antolamendurako Plan Publiko-Komunitarioa (HAPPK). Hiria egiteko dialektika publiko-herritar berri bat sortuko genuke horrela, interes pribatua bazterrera kanporatuz. Auzoen Hiri Planaren eta Udal Hirigintza Planen arteko tentsio sortzailea ikasketa zurrunbiloa litzateke ziur. Zenbaitetan kaotikoa, baina hiritartasun kritikoaren faktoria itzela.
Gure hirietan Auzo Planak estrukturalki txertatzeak hiria egiteko prozesuan aldaketak ekarriko lituzke. Auzoa beren planean murgiltzea eta honi loturiko erabakimen momentuak irekitzeak, hirigintzaren (zentzu zabalean) gaineko debatea sozializatuko luke ahalduntze kolektiboari bide emanez. Asanblada eraldatzaileak non-nahi sortzeko lurra jorratzea litzateke. Esan bezala, polis-aren lehen zelulak bezala sustatu beharreko foro estrategikoak. Demokraziak beti eskertzen duen botere orekatze batera joko genuke epe motzean: [Auzo Bilguneak-UdalGobernua-Hirigintza teknikariak] erpinen arteko distantzia txikituko litzateke prozesuan. Bizilagun antolatuei espazio politikoa irekiaz HAPPK-ren baitan. Polis-erako metodoa sintetizatzen du HAPPK-k, “parte hartzea”, “hiritartasuna” eta “politika” esan nahi osoz integratzen baititu auzo-asanblada abiapuntu duen hiri politikan. Prozesu horretan sortuko genuke hiria “ondare komun” gisa: bizitzarako beharrezko ditugun ondare guztien biltzailea polis-a, demokratikoki kudeatua. Guztion “habitat”-a, guztion artean planifikatu eta zaindua.
ERRESONANTZIA KOMUNALISTAK
Bizpahiru urte badira Venezuela komunala bizitzeko aukera eman zitzaigula. Bertan liluratu gintuen kontzeptu bizi batekin egin genuen tupust: Toparkia. Sustrai grekodun hitzak (“topos” (leku) eta “arkhe” (lehena izan, agindu) “tokiaren gobernu sistema” adierazi nahi zuen. Tokitik tokiarentzat, komunetan antolaturiko lurralde berrien auto-gobernuaren lehentasuna. Komunak lurraldeen gobernua pertsonon neurrira ekartzeko formula politiko-soziala ziren. Komunalismoa, lurraldea ulertzeko eta egiteko logika humanista, kolektibista eta jasangarri erreal bilakatua.
Leku-gintza, auzo-gintza, demokrazia, polis-a, toparkia, publiko-komunitarioa, komuna, munizipalismoa, lurraldea, bizitza, hiria ondare komun gisa…Ez al dira bizitza egiteko logika demokratiko bertsuez ari? Lurraldearen (elkarrekin dugun komunik oinarrizkoena) modu demokratikoan antolatzeaz?
Konbentzituak gara hala dela. Finean, Bizitza eta hau sustengatzen dugunok dugun eskubideaz ari garela. Gure bizi-ingurumariaren gainean, lurraldeetan erabakiak hartzeko botereaz eta horrekin gure izateari ere forma emateko borondate eta ausardiaz. Modu kolektibistan libre izateko irrikaz, Euskal Herrietan, bizitza posible egiten duten baldintzen gaineko burujabetza berreskuratuaz. Kanpo interesen biolentzietatik aske.
Egin dezagun bada polis-a!
1- 2006. urtean zendu zen AEBko historialaria, unibertsitateko irakaslea, ikertzailea, ideologoa eta ekintzaile ekologista izan zen, ekologia sozialaren (ekoanarkismoa) fundatzailea eta mugimendu ekologistaren aitzindaria. Hasieran, marxismo tradizionalean koka dezakegu baina sozialismo libertariorantz eboluzionatu zuen (…) egungo mugimendu anarkistaren bizimodua apolitikoa zela iritzita, edo egungo anarkismoak gizabanakoaren autonomia gehiegi azpimarratzen duela pentsatuta, askatasunaren muin sozialista eta kolektiboa higatuz, bere burua ez du anarkistatzat joko eta Komunalismoa deituriko ideologia sozialista libertarioa sortuko du, marxista eta anarkista pentsamenduen adiskidetzea bilatuko duena (iturria: https://eu.wikipedia.org/wiki/Murray_Bookchin)