LICOOF, TXILEKO FUTBOL LIGA KOOPERATIBOA

BALOIAZ BIRJABETZEKO SAIAKERA KOLEKTIBO BAT

Testua: Gari Garaialde


«Futbola herriaren opioa dela diote; ahaztu egiten zaie posible dela haren inguruan komunitatea, elkargunea eta adiskidetasuna sortzea».

Eduardo Partarrieu Bravo. Txileko Futbol Liga Kooperatiboko presidente eta bazkidea

Hiru gauza behar omen dira futbolean jokatzeko: kantxa, pilota eta antolaketa pixka bat. Antolaketa ereduaz nazkatu, eta futbol amateurra ulertzeko eta praktikatzeko espazio eta modu berriak ireki nahi izan dituen proiektu bati buruzkoak dira hurrengo lerrook. Urrunekoa izanagatik ere, zelaian dauden jokalarien inguruan komunitate oso bat eraikitzeko proposamen alternatibo eta integratzaile bat sortzeko ahalegina interesgarria eta inspiratzailea iruditu zaigulako ekarri nahi izan dugu geurera.

1971n, Txileko Santiagon, Erreginaren Liga gisa ezagutu zen lehiaketa batean du hazia liga kooperatiboak. Txapelketak jokatzen zituzten klub berberek antolatzen zuten liga hura, eta, horrela, baloiaren atzetik korrika egiteaz gain, klubei eta jokalariei elkarrekin hazteko eta helburu komunak lortzeko aukera ematen zitzaien.

Gaur egungo futbol ligen sistemak, horrenbestez, txapelketen antolaketa, diseinua eta kontrola ekoiztetxe pribatuei ematen dizkiela iritzita, Txileko Santiagoko hainbat ligatan esperientzia eta ibilbide luzea zuten zenbait klub amateurrek egoera horri buelta bat ematea erabaki eta irabazi-asmorik gabeko liga autogestionatua antolatzeko prozesua hasi zuten. Helburua, beraz, klubak, funtsezkoak izatea jokatzen zituzten txapelketa eta ligak antolatzeko, futbol ligen kudeaketa klub eta jokalariei itzultzea, alegia.

Horrela, 2017ko udaberrian, A ras de Hierba, Unión San Gil, Deportivo All In eta Suko Zaka taldeetako ordezkariak bildu ziren, buruan zebilkien ideia horri nondik eta nola heldu aztertzeko. Erreferente kooperatibistei buruz ikertzen hasi ziren. Lehenengo bilerak tabernetan, etxeetan eta plazetan egin zituzten. Ez zen erraza izan beste klub batzuek proiektuan konfiantza jartzea, eta kirol gune batek liga kooperatiboa jaso nahi izatea uste baina bide malkartsuagoa izan zen, baina, pixkanaka, beste bidaide berriak aurkitu zituzten, futbolean aritzea asteburuero pilotari ostikoak ematea baino gehiago zela uste baitzuten kluben arduradun eta jokalariek, eta epe luzerako helburu utopikoak zituen eredu berri horrek elkarrekin haztera eraman zitzakeela pentsatu zuten. Horrela sortu zuten 2019an LICOOF, Futbol Liga Kooperatiboa.

2020an, Liga Kooperatiboak jada emakumezkoen eta gizonezkoen txapelketak hartzen zituen bere baitan, eta jarduera paraleloak sortu zituzten: futbolaz aritzeko mahai-inguruak, solasaldiak, festa kooperatibo bat… Eta garrantzitsuena: ligari eustea, larunbatero futbolean aritzea.

LICOOFen klubak proiektuaren bazkide dira, eta ez, inoren bezero. Ligan parte hartzen duten taldeek hitza eta erabaki ahalmena dute hartzen diren administrazio- eta kirol-erabakietan. Sarrera eta gastuei buruzko informazio guztia ere eskura dute eta, kooperatiba indartzeko, gardentasuna, parte-hartzea, elkarrekiko konfiantza eta adiskidetasuna funtsezko printzipioak direla uste baitute, eta izan litezkeen irabazi edo soberakinak kooperatiba berean inbertitzen dira kirol- eta gizarte-proiektua etengabe hobetzeko.

FUTBOLA BAINO GEHIAGO

Baina, arduradunek diotenez, ideia horren atzean, ez dago soilik futbola. Gaur egungo gizarte indibidualistetan, kooperatibismoa ikaskuntza-prozesu bat izatea nahiko lukete. Esan beharra dago Txilek, diktaduran eta ondorengo garaietan, pribatizazio eta merkantilizazio sakona jasan zuela bizitza publikoko arlo ugaritan. Baina argi dugu ez dela Txile edo Hego Amerikaren arazo bat, gure inguruak ere izugarrizko bilakaera jasan du azken 40 urteetan. Mundu globalizatu horretan, gehiago edo gutxiago, dena irentsi du liberalismoak. Futbola ere bide beretik joan da. Lehenik, futbol profesionala edo lehen mailakoa, baina, atzetik, oinarrizko futbola ere eraman du.

Futbolaren gehiegizko merkantilizazioa munduko errealitate bat da. Duela urte batzuetatik hona, kirol klubek protagonismoa galdu dute kirol sozietate anonimoen aurrean, horiek hartu baitute taldeen kontrola bazkideen parte-hartzea zailduz. Egoera horren aurrean, han eta hemen, zale asko taldeka antolatu dira kluben balioak eta identitateak berreskuratzeko. Geurean, Union Tutera da, agian, adibiderik argiena. Kirola gizarte eraldaketarako tresna gisa erabili nahi duen klub berria da Union Tutera, futbola ere gizarte justuago, errespetutsuagoa eta inklusiboagoa garatzeko oinarrizko tresna izan daitekeela uste duena. Futbolean jokatu eta helburu komun baten inguruan, hazi nahi duen jendea da.

Bide beretik (eta futbolean izandako esperientzia hori aprobetxatuz) eta sinetsita eredu kooperatibista zabaldu daitekeela lana, hezkuntza, osasuna edota bizitzaren beste esparru batzuetara, LICOOF eratu zuten bizitza publikoa komunitario egiteko ekarpenak sortzeko.

Igandero mordoxka bat gaztetxo aritzen da futbolean. Klub amateurrek oso modu autodidaktikoan antolatzen dira sarri, eta jendeak musu-truk egiten du lan. Gehiago dira gastatzen diren baliabide propioak jasotzen diren onura ekonomikoak baino. Futbolarekiko duten pasioa partekatu, eta, aisialdirako, jarduerak antolatzen dituzte. Klubak egitea kolektibitatea eraikitzea da azken finean. Asteburuero klubeko lagunekin elkartu, kamiseta jantzi eta komunitatea eraikitzea da onena.

Artikulu hau sarean topatutako lauzpabost artikulu ezberdinetatik lortutako informazioarekin osatu dugu, eta, LICOOFeko arduradunekin harremanetan jartzen saiatu bagara ere, ez dugu erantzunik lortu. 2020tik ez da deus berririk argitaratu, eta sare sozial guztiak mortu daude azken bizpahiru urteetan, beraz, ideia utopiko baina zoragarri hori ere COVID19ak irentsi zuela pentsa dezakegu, baina ikasteko balioko digulakoan ekarri nahi izan dugu hona.

Kontzientzia hartu eta indarrak bide egokian erabiltzea da behar duguna. Futbola ez da negozio bat; gizarte-jarduera bat da, eta, jokatzen den bezala, lankidetzan oinarritu behar da antolaketa ere.

LICOFFi buruzko artikuluak:

https://apuntesderabona.com/liga-cooperativa-de-futbol-licoof/

https://revistaobdulio.org/2019/08/02/liga-cooperativa-de-futbol-hecho-por-los-clubes-para-los-clubes/

https://www.thenews.coop/136770/sector/community/chilean-fans-create-co-operative-league-revolutionise-football/

https://www.24horas.cl/deportes/futbol-nacional/como-ser-parte-de-la-primera-liga-cooperativa-de-futbol-amateur-de-chile-3052782

Pin It on Pinterest

Share This