KOOPERAZIO SOZIALISTA (I)

LANGILE MUGIMENDUA ETA KONTSUMO KOOPERATIBA SOZIALISTEN AINTZINDARITZA EUSKAL HERRIAN (1888-1936)

Testua: Iker Eizagirre

Europan bezala, Euskal lurretan ere kooperatibismoa kapitalak zabalduko miseriari aurre egiteko erantzun gisa jaio da. Elkartasun ekonomikoaren euskal geografia historikoa XIX. Mende akaberako Meatzaldea da. 1876. nean liberalismo militar españolizatzaileak bere garaipen izan du, kostata baina makurrarazi ditu euskal lurraldeak ere bai. Komunalen eta tokiko sistema politikoaren kontra jo du, argi utziz, karlistaldietan auzi dinastikoa azaleko aitzakia besterik ez dela izan.

Artean, Bizkaiko Trianoko mendietako meha altxor preziatu bilakatu da Europako II. Industrializazio prozesuren karietara (1870-1914). Mineralaren kalitateak, nazioarteko eskariak eta esplotazio baldintza liberal berriak probestuko dituzte Bilboko handikiek, elite burges berri bilakatzeko. Erauzketa masiboak hasiko dira, landa migrazioa Bilbo aldera, soldatapeko esplotazioa (haurrak barne), tren-portu eta garraio bide azpiegituren biderkatzea, hiri hazkundea eta klaseen arteko muturreko desberdinkeria zabalduko dira Nerbioi ibarrean. Modernitate kapitalista hemen da, zentzu klasikoenean: Handiki burgesak eta masa proletarizatuak, miseria eta aberastasuna, antagonismo soziala. Historia on batek behar dituen botere ikonoak laster etorriko dira: Banco Bilbao (1858) eta Banco Vizcaya (1901) (1988-an BBV) edota Altos Hornos de Vizcaya (1902).

“Zuen aberastasuna gure miseria” leloa gutxitan izan da hain dramatikoa. Aitzitik, beste behin, jazarpenak elkartasunari bide irekiko dio. Miseriari azalpen bat emango zaio, etsipena amorru bilakatuko duena: Sozialismoa helduko da euskal herrira, kondenatuak direnei beren borrero nor den argitzera. Langile mugimendua izango da esplotazioari emango zaion erantzuna. Ideologia, masa eta borroka. Minak eragiten duen elkartasun berehalakotik hasieran, programa eta estrategiaz gero. Antolaketa iraunkorrak etorriko dira, erakundetzeak: Bilboko zirkulu sozialista 1886-ean eratuko da (Estatuko PSOE, 1879an) eta honi loturiko UGT sindikatua 1888. urtean. 1890. urtetik aurrera “Mehatzetako Greba Handien zikloa” hasiko da (1910 arte). EH lehen gatazka modernoa eta gure lurretan bi bloke antagonista nagusiei forma emango diena. “!Abajo los cuarteles, fuera las tiendas obligatorias, viva la unión minera, mueran los burgueses, vivan los trabajadores, viva nuestra bandera!” oihukatzen zuten Ortuellatik behera Bilbora bidean 8.000 grebalari inguruk.

Klase talkaren testuinguru honetan, eta ez bestela etorriko dira lehen kooperatibak. Ugazabek sustaturiko sasi-kooperatibak albo utzita, mugimendu sozialista izango da, norabide ideologiko baten baitan, elkartasun tresna honen alde egingo duen lehenetarikoa. PSOE-ren aita-ponteko den Pablo Iglesias Posse garaiko buruaren hitzetan;

“Sozialista bat ezin da lankidetzaren aurkakoa izan, lankidetzaren helburua, ahalik eta gizabanako gehienen egoera ekonomikoa hobetzea ez ezik, emantzipatzeko ideiak garatzeko baliabideak ematea ere badenean”.
(Pablo Iglesia, “La lucha de clase” aldizkarian. 1904-03-05)

Ez neutraltasun politikorik, ez norbanakotik eta eta gutxiago ekintzaile sorta baten “enpresarialismotik”. Euskal Herriko lehenengo hari kooperatiboa iraultza sozialerako tresna kolektibo gisa lurreratu da.

KONTSUMO KOOPERATIBA SOZIALISTAK, OINARRIZKO PRODIKTUEN JABE, AUTONOMIA POLITIKOAREN BILA

Meatzaldean, non bestela jazo da lehen kooperatiba sozialista; “La Hormiga de Ortuella” (1888). Beharginek elikagaiak eskuratzeko duten zailtasuna gainditzeko bazkidetzea, gaur “kontsumo kooperatiba” gisa ulertuko genukeena.

Kontsumo kooperatiba izango da sozialismoaren barruan gehien garatuko den forma. Hau ez da ausazkoa. Hasteko, Europatik datorren eredu kanonikoa, hemen ezaguna den Rochdale (1848) hala da. Gainera, Ingalaterran bezala EH-n ere, lan elkartuko kooperatiba bat martxan jartzeak baina baliabide/arrisku askoz gutxiago du kontsumokoak eta bideragarritasun-jakintza espezifikoari begira ere sinpleagoa da.

Garrantzitsuagoa apika, garaian eguneroko behar larri bati estuki lotua dona erantzuna da. Izan ere, elikagai eta produktuekiko atzikipena arazo handia da, familia sustengua bera jartzen duena arriskuan. Merkatarien preso dira sendi proletarioak: Gehiegizko prezioak, monopolioak, kalitate txarrean daude elikagaiak askotan, neurri-pisuekin engainatzen dituzte, zenbait elikagai manipulatuak dira… Egoera oraindik da menpekoagoa ugazaben ekonomatoen mende dauden familien kasuan, mehatzetako ereduak kasu. Hor gatibutza osoa da, enplegu, elikagai sarbide eta “etxebizitza” kontrolatzen baititu patroiak. Kexatzea, dena galtzea izan daiteke. Beharginen lehentasun estrategikoa da hortaz, produktuetarako sarbidea duina eskuratzea. Biziraupen fisikoaren zein borroka politikoaren ikuspegitik: Hau erdiestea klase autonomia irabaztea da, antolatzeko aukera irekitzea.

EREDUA EZARRI ZUENA: COOPERATIVA SOCIALISTA BILBAINA

“La Hormiga” jaio eta 15 urte geroago, 1903-an sortuko da sozialismoaren baitan “eredua” ezarriko duen kooperatiba: “La cooperativa socialista Bilbaina” (jaioko ziren besteak sortu aurretik “Vizcaina” zena). Deskribatu den gisako kontsumo kooperatiba, San Frantzisko auzoan izango du jatorrizko egoitza.

1904-ean ireki eta 1919-rako 3 sukurtsal izango ditu Bilbon: Las Cortes, San Mames eta Torre Urizar-en. Aitzindaritzan kooperazio sozialistaren eremu ezberdinak ireki eta jorratuko ditu La Bilbainak: Produktuen dibertsifikaziora azkar joko du eta ekoizpen eta banaketa kooperatibak sustatu eta lagunduko ditu. Esate baterako, ogi-labe kooperatibo baten sustapenean hartuko du parte (1915), ikatz kooperatiba zentralarekin inter-kooperazio estua izango du eta Bilboko Udalarekin ere kolaborazio Publiko-Kooperatibo esperientzia batean murgilduko da: Arraindegi munizipalizatuen kooperatibizazio saiakera.

Hasieratik saiatu da eredua hedatzen sozialismoaren barruan: Estatutuak partekatuko ditu hasten ari diren esperientziekin, hitzaldiak antolatuko ditu han hemen. Era berean, laguntza teknikoa emango du beste kooperatiba sozialista ugari sortzeko prozesuan. Are gehiago beste lekuetako gazteak hartuko ditu La Bilbainan lan egin eta ikas dezaten, ondoren bere herrietan kooperatibetako langile eta sustatzaileak formatuz.

Kooperatibak borroka sozialistaren lanabes bezala ikusiko du bere burua eta bereziki, baliabide ekonomiko ekarpena bere egitekoa dela ebatziko du. Honela, soberakinak propaganda finantzatzera (20 ko hamarkadan soberakinen %29 bideratzea adostu da “La lucha de Clases” aldizkarirako), erresistentzia kutxak indartzera bideratuko da. Barne dokumentuetan arro azalduko da 1923-ko metalaren grebari eusten lagundu duelako ekarpen ekonomikoz, eta hausnartuko dute kooperatibistek; “la ayuda puede llegar a ser, cuando el cooperativismo haya arraigado en la conciencia de los trabajadores, factor importantísimo que decida en las contiendas suscitadas entre el capital y el trabajo” (C.S.B, 1923). Kooperatibak berak ere izango du bere barne organoa; “comité de cultura y propaganda”. Mugimendu sozialista zabaltzeko eta artikulatzeko tresna denez, ez da afiliaziorik exijituko aurrez bazkide izateko.

1920. bueltan San Frantziskoko egoitza erosiko dute eta 1921-eko maiatzak 1-etik aurrera Bilboko zirkulu sozialistaren egoitza ere izango da. Elkarrekin eta beste langile egitasmorekin, topagune bat sortuko dute, langile sozializaziorako espazio bat. Bilera, bulego eta kooperatibaren denda ez ezik, taberna eta aretoa ere badu. Aisia-politika-antolakuntza uztartzeko eremu kolektiboa da.

Lehentasunezko izan ez bazuen ere, babes sozial proiektu itxaropentsu batean ere murgildu da: Bilbon erditu zen “Mutualidad Socialistan” (1932). La Bilbainak estatu mailako aliantza kooperatibo saiakeretan oso aktibo izango da: 1929an erditu zen “Federación Nacional Cooperativas”-en sorreran eta honek sustaturiko “Banco Cooperativo”-aren sustapenean esate baterako.

Gezurra badirudi ere, zailtasun ugari izango ditu, inoiz ez baitu bazkide kopuru handirik izango (1931ean 200 bazkide inguru baino ez). Soberakinak proiektu sozialistaren mesedetan jartzea lehenetsiko du beti, babes fondo ziurrik sortu gabe. 1924. krisian sartuko da, Banco Cooperatiboaren finantziazioz gaindituko dena, 1931 krisi berri bat eta sukurtsal denak itxi beharko dira. 1934 urriko iraultza saiakeraren ondoren etorri den errepresioak kooperatiba ere kolpatu du: 13 hilez itxita egongo da. Laster berrindartzen hasiko den arren, 1936-ko altxamendu frankistaren garaipenak moztuko du bidea. Beste espazio denak bezala “inkautazioa”-ren manupean lapurtua izango da.

La Bilbaina, Bilbo Handian hedatuko den eredu bat sortzeko ezinbesteko izango da. Laster Arrigorriagan, Arboledan, Ortuellan, Portugaleten, Sestaon, Erandion edota Barakaldon sortuz kooperatiba sozialistak. Zenbaitek harago ere joko du, “Baracaldesak” esaterako (zeinak 1928-rako 956 bazkide dituen), sukurtsal ezberdinak irekiko ditu, baita kafe-kooperatibo eta ogi-labe kooperatibo bat ere bai.

Gipuzkoan egongo dira esperientzia goiztiarrak ere, 1904-ean irekiko da Donostiako “Casa del Pueblon”-n kooperatiba. Eibar-eko esperientzia esanguratsua izango da, plaza sozialista indartsua delako eta Bizkaiko mugimenduarekin lotura estua duena. 1909-ean sortuko da bertako kooperatiba, Casa del Pueblo-ren altzoan, Bilboko “La Bilbaina” eta Metalaren Sindikatua izango ditu bazkideen artean dituela. 1924-rako 55 bazkide ditu eta 2 sukurtsal herrian. Txokolate ekoizpen eta ikaztegi bat ere zabalduko ditu epe laburrean.

* Kooperatibismoaren historia orokorrari buruz jakiteko, aurreko alean argitarau genuen Kooperatibismo Garaikidearen Hastapenak artikulua irakurri dezkezu,

Pin It on Pinterest

Share This