GIZAGUNE ZENTROA
ZAHARTZE AKTIBO BATERAKO BIDEAK ELKARREKIN JORRATZEN
Testua: BDS KOOP
Argazkiak: Gari Garaialde
Maria Jesus Vicente eta Maitane Eceiza, duela hamar urte baino gehiago sortutako Gizagune Zentroa birpentsatu eta eraldatzeko prozesuan murgilduta dabiltza BDS KOOPek eskaintzen duen Eraldaketa Fabrika programa baliatuz; Urteen poderioz ikasitako batzuk desikasi, besteak berrikusi eta ideia berriak proposatuz. Haiekin eseri gara proiektua ezagutzeko.
Zer da Gizagune?
—Maria Jesus: Gizagune da adineko pertsonek, mendekotasunik izan edo ez, osasun egoera fisiko zein mental onean mantentzeko jarduerak egiteko aukerak ematen dituen zentroa.
Egoitza mundutik gentozen bi kidek zerbaiten falta sumatu genuelako sortu genuen. Egoitzetatik edo eguneko zentroetatik kanpo geratzen zen jendea zegoela ikusi genuen. Ohartu ginen bazegoela gabezia bat: senideek zainduak diren pertsona horiek joateko toki bat, askatasun-tarte bat izan eta gauzak lasai egin ahal izateko. Babestuta egon daitezela, espazio seguru batean…, horrela jaio zen.
—Gizagune aldaketa prozesu batean murgilduta dago orain, ez?
—MJ: Bai, urteen poderioz, eboluzionatuz joan da pertsonen beharren arabera, baina, orain, aldaketa handiago bat egin behar izan dugu. Izan ere, lehenik eta behin, adinekoek Alzheimer motako gaixotasun kognitiboak, dementziak eta abar pairatzeko duten beldurra oso benetakoa da; inork ez ditu bere oroitzapenak eta autonomia galdu nahi; eta, gero, osasun-eredu instituzionala aldatu beharra dago, pertsona eta familia ardatz dituen eredu baterantz. Pertsonek haien neurrirako arreta behar dute, diagnostiko edo gaixotasun batetik haratago, bakoitzaren egoeratik haratago. Gizagunek pertsona bakoitzaren ezaugarrietara eta pertsona horren etapa bakoitzera egokitutako zerbitzua eskaini dezake. Jarduera, autonomia edo autosufizientzia-beharrak ahalik eta gehien asetzeko ahalegina egiten dugu. Eraldatu egin gara aldaketa demografikoaren beharrei erantzuten jarraitu ahal izateko. Gero eta adineko pertsona gehiago dago, eta gero eta gehiago bizi gara. Erretiroa hartzean benetako zaletasunik ez badugu, gure gizarte-zirkulua, entretenimenduak edo autonomia galtzen baditugu, burua eta gorputza nolabait estimulatzen ez baditugu, pixkanaka atrofiatu egiten gara.
Gizagune Irungo Lapitze auzoan dago, Miguel de Ambulodi kalean, Lapitzeko Auzo-elkartearen ondoan. Guk uste dugu auzoek auzo izan behar dutela berriro, zerbitzuak dituzten auzoak. Azken urteetan konturatu gara zer esan nahi duen zerbitzurik gabeko auzo edo hiri batean bizitzeak. Gizaguneren kokalekua nahita aukeratu genuen, Lapitze auzoan adineko pertsona asko dagoelako, nolabaiteko mendekotasun egoera dutenak. Hurbiltasun hori eskaintzen dugu, beti autoen edo beste garraioen mende egon beharrik gabe. Jakina, hiriko edozein etor daiteke, baina guk uste dugu garrantzitsua dela adineko pertsonak bizi diren ingurunean geratzeko aukera izatea; elkarrekin bizi garenok, bizilagunekin hitz egitea, adinekoak, gazteak eta haurrak elkarrekin nahasteko topalekuak sortzea…
—Maitane: Auzoari nortasuna ematea da gakoa. Auzoan bizi diren pertsonak dira, eta auzokideak ezagutzen dituzte, nahiz eta haien izenik jakin ez. Auzo honetan bizi banaiz, auzo honetan erosi badut, ahal dudan neurrian, zergatik joan behar dut beste hiri edo beste auzo batera aktibo mantendu ahal izateko? Ez da gauza bera ezagutzen ez duzun jendearekin joatea edo esatea: «nire auzoan dagoen zentrora nator, etxetik bost minutura dagoena, eta, gainera, nire bizilaguna ere, toki berera etortzen da».
Horrela asko sustatzen da adinekoen arteko interakzio soziala, hori baita galtzen den lehen gauzetako bat. Bai heriotzen eta halakoen ondorioz, bai, azkenean, zahartzen zarenean, benetako isolamendua gertatzen delako; sozializatzeko gaitasunak ez dira berdinak; ezin duzu kalera hainbeste irten, edo ezin duzu ordutegi berean atera, ezta sarri ere, ez duzulako nora joan. Auzoan egoteak elkargune sozial bat ahalbidetzen die, harremanak ezartzeko gune bat, zentrotik at ere mantendu edo zabaldu daitezkeenak.
Gure helburuen artean dago zahartze demografikoari aurre egitea. Gero eta urte gehiago bizi gara, eta gero eta adineko pertsona gehiago gara gizartean. Adineko pertsonen tasa hirukoiztu egingo da datozen hamarkadatan. Zahartzarorako trantsizio jasangarri bat lortu behar dugu; zahartze aktibo bat bultzatu behar dugu, eta, horretarako, eredu aldaketa bat planteatu behar dugu: nire etxean geratu ezin badut ere, gauza bizigarriak egingo ditut, entretenigarriak iruditzen zaizkidanak, ingurune ezagun batean, segurtasuna ematen didan eremu batean… Ikuspegi sozial batetik begiratuta, biztanleriaren sozializazioari eutsi diezaiokegu bizitzaren amaierara arte, gure bizitzaren azken etapara arte, eta hori zoragarria da.
—Zer da zahartze aktiboaren kontu hori?
—M: Zahartze aktiboa, zahartzearen sailkapenetako bat da. Bere helburua da, eguneroko bizitzako jarduera instrumentalak gauzatzeko arazoren bat duten pertsonek autonomia-maila nahikoa mantentzea, jarduera-maila osasuntsua, gauza baliagarriak egitea, baliagarri sentitzea, ondo sentitzea, kirolak egiten jarraitzea eta elikadura on bat mantentzea; ez ulertzea zahartzaroa zure bizitzako azken etapa gisa, baizik eta beste etapa bat hasten dela, zeure baitan lanean jarraitu behar duzuna. Perspektiba nahiko berria da, eta kostatu egingo da barneratzea.
—Gizaguneren aro berri honetarako, kooperatiba bihurtzea erabaki duzue. Zergatik?
—MJ: Niretzat modu naturalean etorri da. Autonomoa izan naiz, eta, beste batentzat ere, lan egin izan dut, eta esperientzia hau Maitanerekin hasteko gogoa daukat. Maitane praktikak egiten hasi zen nirekin, Gizagunen bertan, eta zentrotik oso hurbil bizi da, bere familia osoa ezagutzen dut; oso ondo egiten du lan. Kooperatibarena proposatu nionean, baiezkoa eman zidan berehala, pozik hartuko zuela erronka. Orain arte bizi izan ez dudan esperientzia bat da, baina sakonki sinesten dudana da.
—M: Maria Jesusek askotan esaten du elkarrekin lan egiten duten eta euren artean kolaboratzen duten pertsona multzo gisa ulertzen duela kooperatiba. Bi pertsona gara, bi alor desberdinetatik gatozenak baina helburu komun bat dutenak: adinekoen ongizatea, eta bakoitzak dakiena jartzen du mahai gainean. Gauza desberdinak dakizkigu, esperientzia desberdinekin eta gauza desberdinak ikasitakoak; adinez ere desberdinak gara eta bizi-prozesu arras deberdinekin; Horregatik aukera interesgarri ugari eskaini diezaiekegu artatzen ditugun pertsonei. Kooperatiba ereduak aukera ematen dizu berdintasun-egoera batetik abiatzeko, inor egon gabe bestearen gainetik eta esateko: “tira, nik badakit hau egiten, zuk beste hori, eta ikusiko dugu zer egiten dugun bion artean”. Hori beste enpresa ereduekin ezinezkoa da.
—Kooperatiba bilakatzeko prozesu honetan, BDS KOOPeko Eraldaketa Fabrika programa baliatu duzue. Zer ekarpen egin dizue horrek?
—MJ: Niri lasaitasuna ekarri dit. Nik sekula ez nuke ahal izango Eraldaketa Fabrikako talderik gabe. Izan ere, hona etorri nintzenean, informazio eske etorri nintzen Larrea eta Laboreren esperientziak ezagutzen nituelako, adibidez, eta sareko lankidetza oso interesgarria iruditu zitzaidalako. Interesgarria iruditu zitzaidan eredu horietatik ikastea, zer zen ondo ateratzen ari zitzaiena eta zergatik, baina nik, batez ere, laguntza behar nuen. Eta izan dut babes eta laguntza hori. Eta lasaitasun handia eman dit.
—M: Niri ere izugarrizko lasaitasuna eman dit, oso babestuta sentitzen zarelako; lehenik eta behin, prestakuntza bat duzu, oso beharrezkoa dena, oso gutxi ezagutzen diren ereduak direlako. Horrez gain, prozesua zure erritmora doa; hau da, oso moldagarria da. Oso erraza egiten da jarraitzea, ez baituzu presiorik sentitzen. Bizitza ez da egoera egonkor bat, eta hemen oso ondo ulertzen da hori; horregatik, bide-laguntza mota hori oso atsegina da; beti sentitzen zara babestua.
Informazio gehiago: http://www.gizagune.com/