ETXE-MERKEAK ETA KOOPERAZIO SOZIALISTA
IRUNGO "LA IRUNESA"-REN KASUA (1924-1936)TESTUA: IKER EIZAGIRRE
Lehen mundu gerla ostean (1914-1918) etxebizitzaren arazoa asko larrituko da Europan. Bigarren industrializazioa hirien bueltan eman da eta langile asko erakarri ditu. Burgesiak ez dio errentagarritasunik ikusten dirurik ez dutenentzat eraikitzeari: Zeinek pagatuko ditu bada etxebizitzak?
Estatu espainiarra ez da salbuespena. Merkatuaren utzikeria matxinadako bolbora da gain-populaturiko hirietan. Honenbestez, indar publikoak erregulaziora joko du: 1911.urtean etxe-merkeen eraikuntza masiborako araubidea eta neurriak ezarriko ditu Estatuak lehen aldiz.
Euskal Herrian etxe-merke gehienak Bizkaian eraikiko dira. 1921-1936 urteen artean 64 etxe-merke urbanizazio eraikiko dira egungo EAE-n formula kooperatiboa erabiliaz. Horietako 56 Bizkaian sortuko dira. Gehienak industrializazioaren eta burgesiaren utzikeriak eragindako hiri-metastasi arriskuan dagoen Bilbo inguruan eraikiko dira. Hiru uholde nagusitan altxako dira urbanizazioak (1922-1924, 1924-1927 eta 1927-1936).
Kooperazio sozialistak 1930 urte arte ezingo sustaturiko iniziatiben dimentsio ezkertiarra aldarrikatu, izan ere diktadura garaiak izango dira (Primo de Rivera-ren diktadura 1923-1930). Hau gaindituta 1930.urtean bertan Pablo Iglesias kooperatiba osatuko da Madrilen eta honek eragina izango du Euskal Herrian ere. Hemengo erreplikek Abanto-Zierbena, Arrigorriaga, Basauri, Bilbo eta Portugaleten eraikiko dute besteak beste.
Gipuzkoan industrializazioa txikiagoa eta orekatuagoa izango da. Haatik etxebizitza arazoa oso presente egongo da. Honen aurrean Tolosan bi kooperatiba sortuko dira (Pablo Iglesias eta La Victoria) eta Errenterian beste bat.
Hala ere, herrialdeko esperientziarik garrantzitsuenak ez dira Donostian edota Arrasaten emango, Bidasoko hirian baizik. Irunen inon baino etxe-merke gehiago eraikiko baitira dira formula kooperatiboz. Horietako bat, maizter sindikatutik jaioko da eta honela mugimendu sozialistaren arrakasta eta porrotei lotu joango den utopia izango da.
“LA IRUNESA”. MAIZTER SINDIKATUTIK KOOPERATIBARA, KOOPERATIBATIK KONFISKAZIO FRANKISTARA. (1924-1936)
MODERNIZAZIOA, ETXEBIZITZA ARAZOA ETA LEHEN ERANTZUNAK
1920. hamarkadan Irun hiri moderno egingo da. Honen modernizazio iturriak proiektu burges-liberalaren garaipen militarretik etorriko dira: 1839.urte ostean aduana ekonomikoa ekarriko dute Bidasoaldera eta 1863. penintsula eta Europako merkatuak lotzeko trena helduko da. Bi faktore hauek baldintzatuko dute hiriaren garapen industriala eta urbanizazioa. Azken guda karlistaren ostean (1872-1876) modernizazioren azkartzea emango da: Aduana-trena-industrializazioa hirukotearen sinergiak populazio ugari erakarriko du Irunera: Funtzionarioak, merkatariak eta baita landa inguruetatik kanporatuak diren behargin asko ere.
Etxebizitzari dagokionez, 1914-1924 hamarraldia latza izango da beharginentzat eta auziak eztabaida publikoan zentralitatea hartuko du. Indar kontserbadoreak izango dira arazoari heltzen lehenak. Hau ez da harritzekoa, izan ere gatazka agerikoen aurrean antolatzen ari diren indar iraultzaileak apaltzeko “ispilu lan desmobilizatzailea” egitea ohikoa da ordenaren aldeko indarren partetik. Sindikalgintzan, alderdietan eta kooperatibismoan ikus daiteke estrategia hau. Honela “Casa Social Catolica”-k bilera irekia deituko du Udaletxean eta 1924-ko urtarrilaren 20-rako maizterre liga sortuko dute. Juntan zinegotzi diren bi pertsona daude eta izango diren lau. Aitzitik, lehen junta honetan begi-bistaz galdu ezin dugun militante sozialista begiztatuko dugu: Florencio Iracheta (1). Ligak, egoitza eskuratuko du arin (Eliza kaleko 13.na) eta segituan ekingo dio lanari: honen lehen dinamika jabeen kontrako salaketa judizial eta publikoak izango dira.
Maizterren sindikatuak konfrontazio dinamikan den bitartean, etxe-merkeen aukera udaletxetik hasiko da mugitzen. Laster helduko da proposamena Borreda zinegotziaren eskutik: Elizatxoko kuartelak estatuaren eskumenetatik udalekora pasatzean, bertan, etxebizitza merkeak eraiki beharko lirateke indarrean den legedia probestuz.
Udal mugimendu honen aurrean aktibatuko dira laster bi eraikuntzarako ekimen kooperatibo.
Garrantzitsuena “La Irunesa” bezala ezagutuko den eta Anaka auzoan urbanizatuko duen “Sociedad Cooperativa de Casas Baratas” izango da. Hau hirian egituratzen ari den sozialismoaren apustua izango da (“Cooperativa Irunesa: Irun Moderno” gisa era azaltzen da iturri batzuetan). 1927 hasiko ditu obrak eta 130 etxebizitza altxako ditu.
Bigarrena “Cooperativa de Casas Baratas Ciudad Jardin” izango da. Formula kooperatiboan babestuko bada ere oso bestelako izaera izango du. Lur-jabeak diren eta legedia probestuz lurrei errentagarritasuna atera nahi dioten jabe-politikari-teknikoek sustaturiko egitasmoa izango da “Ciudad Jardin”. Joera eskuindarreko zuzendaritza izango du kooperatibak. Azken honek Lapitze auzoko Elizatxo inguruan eraikiko ditu bere 118 etxebizitzak 1927aren bueltan.
Hauen arteko liskarrak ez dira faltako. Mertxe Trancheren arabera hau ez da bi proiektu urbanistikoren arteko lehia soila izango. Hori baino gehiago gerlan talka egingo duten bi sektore sozialen arteko gatazka izango da. Bi mundu ikuskera, bi proiektu sozial zeinak koiunturak historikoak etxebizitzaren eta eremu urbanistikoaren zelaira eramango dituen. Honetan ere, irabazle eta galtzaileen rol-a berdin banatuko da.
“LA IRUNESA” KOOPERAZIO SOZIALISTAREN ONDARE URBANISTIKO ETA POLITIKOA
1924. urtean maizterren sindikatuak ezkerrera egingo du Florencio Iratxeta presidente izendatuz. Maizterren eta jabeen arteko liskarrek sona handia hartu dute Bidasoako hirian. Kalean, iritzi publikoan eta baita udalean ere. Maizterren aurrerapausoen aurrean jabeek ere beren klase antolakundera joko dute laster.
Posizio sozialisten indartzearekin, salaketa dinamika alboratu gabe sindikatuak alternatiba posibleen bidea irekiko du. Udalak jarritako zenbait traba gainditu ostean, batzar eratzailea “Biteri Eskoletan” egingo da 1925-ean: kooperatibaren araudia landu eta 200 bazkiderentzako inskripzio epea irekiko da bertan. Behin araudia onartuta, ez ohiko Asanbladan Zuzendaritza Batzordea eratuko du kooperatibak: Salbuespen bat kenduta zuzendaritzako 11 kideak Irungo mugimendu sozialistako kideak izango dira. Honez gain, kooperatibak honela arautuko du: maizter sindikatuko kide izatea ezinbestekoa da kooperatibaren onuradun izateko. Agerikoak beraz kooperatibaren eta “sozialismo sozietario” (2) gisa irudika dezakegu munduaren arteko lotura.
1925. urtean egingo dio kooperatibak udalari laguntza eskaera eta eztabaida garratzen ostean baiezkoa jasoko du: 15.000 pezeta eta urbanizazio planifikazioan laguntza. Olaketako lur batzuetan egingo da lehen saiakera baina horien jabeak garestiegi jarriko ditu. Anaka inguruetan saltzailea topatuko du kooperatibak (San Migel langile auzunetik gertu). Liskar mailaren erakusle, lehiakide den “Ciudad Jardin”-ek salmenta ekiditeko kanpaina egingo du. Publikoki salatuko du lur horiek “txiro, zarpail, inozo eta sindikalista” multzo bati saltzeko arriskuan direla. Presioak presio, lurrak eskuratuko ditu kooperatibak. Traba administratiboek 1927 arte atzeratuko dute erosketa. 1928.urtean, eraikiko diren 130 etxeetatik lehen 7ak altxako dira. 1930. urtean iritsiko dira lehen biztanleak.
Urbanizazio-kooperatibaren ideia sozialista utopikoetatik hartua da. Zentzu honetan eragin handiko egilea izan zen Howard hirigilea. Bere proposamenen baitan, partzelazioak landagunearekiko lotura berreskuratzeko desiraz egingo dira: Etxebizitza bakarreko etxeak eta honi loturiko berdeguneak diseinatuko dira hortaz (lorategi eta baratza). Norabide berean topografiak eta etxebizitza-orientazioan arreta handia jarriko da. Hauez gain etxe-merkeek berehalako beste bi premisa izango dituzte: ekonomikoak eta osasungarriak izan behar dute.
Ideia hauekin lerrokatua den “La Irunesak” bi solairuko familia etxeak eraikiko ditu, bazkideko bat. Sukaldea, jantokia, logela eta bainugela izango dira behean eta lau logela lehen solairuan. Etxeek ortua jartzeko lekua izango dute eta honez gain lorategi txiki bat, eremu domestikoaren eta kalearen arteko filtro lana egingo duena.
Berdintasun absoluturik ez da egongo eta hiru kategoriako etxeak egingo dira. Prezioak 6.000, 9.000 eta 12.000-koak izango dira. Florencio Iratxetak berak lehen mailakoa egingo du bere bizitoki, egun ere ikus dezakegun “Villa de la Libertad” eraikina. Bazkideak, kooperatiban sartzearekin batera kuota bat ordaintzen hasiko dira eta behin etxean bizi direla, alokairua pagatuko dute eraikuntza gastuak itzuli arte. Era berean biztanleek auzo zerbitzuei eusteko ekarpena egiteko bete-beharra izango dute. Honenbestez, auzunea bertako biztanleen artean kudeatuko da.
Garaian gora zetorren nazionalismoaren sintoma estilo “neo-euskotarra” hautatuko da. Etxebizitzaz gain erabilera kolektiborako espazioa ere altxako da: Pieza urbanistikoaren zentroan dagoen egoitza soziala. Plangintza urbanistikoan, bideak bertara emateko diseinatuko dira, honela auzunea barrura begira jarriz. Auzoan, alkohol salmenta debekatuko du kooperatibak.
Esan denez lehen biztanleak 1930.urtean iritsiko dira. Tamalez, denbora urria izango dute urbanizazio kooperatibo honen aukerak bizitzeko.
ANAKAKO ETXE-MERKEAK: FUSILATZEAK ETA GERLA BOTINA
Anakako etxe-merkeen auzunea sozialismo utopikoaren idealak bizitzeko toki aproposa izan zitekeen edo ez, ez dugu inoiz jakingo. Hastapenetan bezala, honen bilakaera gordintzen joango den giro politikoari lotua egongo baita.
Jakina denez, biurteko errepublika-sozialari CEDA-k gidaturiko biurteko eskuindarrak segituko dio. 1936.urtean Frente Popularrak irabaziko ditu hauteskundeak eta jarraian, eskuinak herriaren borondatea onartu ezin eta altxamendu militarra etorriko da. Abuztuaren 27-tik Irailaren 5 arte emango da Irungo bataila. Kronika ugariren arabera oso gogorra izan zen enfrentamendua.
Bidasoko hiria ere bonbardatua izango da faxisten esku geratuko den arte. Eskuindarrak laster hasiko dira, irizpide politikoak gidaturiko desjabetze masiboarekin. Ezkutatu gabe, izan ere hau 1939-an sortuko duten “Ley de Responsabilidades Políticas” sasi-legeaz egingo dute desjabetzea.
Irungo sozialismoaren auzunea gerla botin gisa hartua izango da. Tamalgarria bada ere, gerlako galtzaileek eraikitako bizi-tokia faxistek lapurtuko dute. Ordurako egoiliar gehienek Bidasoaz bestaldera ihes egingo dute. Anakan geratuz gero zetorkien etorkizun ilunaz jabe baitira.
Horien artean Hiriaren Defentsa Batzordeko buru izendatua izan den kooperatibako kidea. Bai, berriz ere Florencio. Iratxetak Bidasoa gurutzatuko du hiria galdu ostean.
Haatik, laster itzuliko da borrokara: Galdames aldera itsasontzia hartuko du eta Matxitxakoko batailan hartuko du parte. Han egingo dute preso eta Ondarretako espetxera eramango dute. Arin, gerla epaiketa egin eta hiltzera kondenatuko dute buru militar matxinatuek. Besteak beste, faxistek ezkertiarrei egotzitako Irungo erreketan parte hartzea egotzita. 1938. urteko martxoaren 10-ean fusilatuko dute Burgoseko Cardeñas espetxean. 43 urte ditu orduan, Madriletik Irunera etorri zen eta Bidasoko hirian sozialismoaren antolaketan zuen onena eman zuen militanteak.
Nahiz eta asko urritu duten atzean duen historia, Florencio urte gutxiz hartu zuen etxeak zutik dirau. Honekin batera altxa zen auzunea ere bai. Etxeak aurrean duen errotondak Florencio Iratxeta izena du egun.
ITURRI NAGUSIAK
- Leyre Arrieta Alberdi, José Antonio Rodríguez Ranz, Miren Barandiaran Contreras, Alazne Mujika Alberdi (1998). El movimiento cooperativo en Euskadi (1884-1936)
- Merche Tranche (2017). Los buenos hijos
- http://www.cofradia-anaka.com/Cofradia/Historia/Casas%20baratas/casas%20baratas.htm
- https://fpabloiglesias.es/entrada-db/10925_iracheta-quilez-florencio/
- https://www.euskadi.eus/contenidos/recurso_tecnico/descarga_publicaciones/es_descarga/adjuntos/EDOBVI-vol-2.pdf
Kooperatibismoaren historia orokorrari buruz jakiteko, aurreko alean argitarau ditugun Kooperatibismo Garaikidearen Hastapenak, Kooperazio Sozialista (I) eta Kooperazio Sozialista (II) artikuluak irakurri ditzakezu,
1- Florencio Iracheta (1895-1938) irungo militante sozialista aktiboa izan zen. Madrildik etorri zen Aduanetan lan egitera eta laster hasi zen behetik langileria antolatzen eta honetarako erakunde ezberdinen sorreran murgiltzen. Besteak beste erakunde hauen lehen lerroan egon zen Florencio: Maizterren sindikatua, Cooperatiba Casas Baratas de Irun “La Irunesa” eta klase erakundea zen “Aduanetako langileen elkartean”. Primoren diktadura garaian deserrira kondenatua izan zen (hilabete batzuk baino ez zituen egin) eta bueltan egin zitzaion ongi-etorrian Errenteriako eta Eibarko Maizter Sindikatuko, “La irunesa” kooperatibako eta Gipuzkoako maizter federazioko ohorezko lehendakari izendatu zuten. Errepublika garaian zinegotzia izan zen irungo udalean eta 1932an irungo UGT-ko buru izendatu zuten. Altxamendu frankistaren aurrean irungo defentsa batzordearen buru izendatu zuten. 1938.urtean fusilatu zuten faxistek Burgoseko espetxean.
2- Sozialismo sozietarioa-rekin beharginen bizi-kondizioetatik, gehienetan elkar-laguntza terminoetan sortzen diren asoziazio formen nahasmasa irudikatu nahi dugu. Garaian mundu burges eta proletarioaren arteko banaketa zurruna izan ohi zen (baita urbanistiko-espaziala ere). Honela, hirietara heltzen ziren beharginek sozializazio eta elkar-laguntzarako eragile asko sortzera jo zuten, egunerokoan aurrera egiteko (egoitzak, elkarteak, kooperatibak, ofiziokako sozietateak eta baita egiturarik gabeko kolektibitate asko ere, auzunea adibidez). Mundu proletario hau sozialismoaren ideiak ereiteko lur aproposa izan da noski. Hau gerora etorriko den alderdi eta adarkako sindikatu boteretsuagoek gidaturiko mugimendu sozialistaren ezberdina da zentzu askotan. Zer esanik ez eskala lokalean.