Martxoaren 21ean inauguratu zen EHUn ESSi gela berria. Akademia eta ESSE (Ekonomia Sozial Solidario Eraldatzailean) dihardugunon artean eraiki nahi dugun zubi-tresna berria. Akademian, askotan, ekonomiaren begirada kapitalistari aurre egin eta errealitatean beste ekonomia bat edo bizitzarako ekonomia bat posible dela ikustarazteko. Ateak irekita daude gure praktikak eta diskurtsoak aberastuko dituzten pertsonak, begirada, ekimenak, ikerketak garatzeko bertan. Hau da ESSi gela, GEZKI, Hegoa, Olatukoop eta REAS Euskadiren arteko elkarlanaren emaitza.

Inaugurazioan hitzartze asko egon ziren, baina gonbidatuetara mugatuz Amaia Perez Orozco izan zen hitza hartu zuen lehen gonbidatua. Ekonomia eraldatzeko marko berri baten beharraz aritu zen. Kontzertazio publiko-pribatuaren kontra eta hirugarren espazio bat eraiki beharrez. Beste begirada batzuekin, bereziki feministarekin, ekonomia eraldatzaile hauek busti beharrarekin batera. Eta ohar bat ere egin zigun, gauzak etxetik aldatzen hastearen garrantzia; sistema etxeraino sartua dugulako.

Gero etorriko ziren ekonomia eraldatzaileetan diharduten hiru proiektu: Biziola, Koop57 EH eta Totem. Hiruak kooperatibak eta ekonomia eredu honen aniztasunaren erakusgarri. Nerea Elias-ek elikadura burujabetza, energia burujabetza, tokiko garapena… Bizitzaren aldeko proiektua aurkeztu zigun. Jone Otxoak, finantzak ere kooperatibizatu eta ESSEaren markoan nola egiten diren erakutsi zigun Koop57 EHren bidez. Totemeko Aitorrek eta Bingenek aldiz eskaladako materiala nola egiten erakutsi eta beren kooperatiba aurkeztu ziguten.

Azken hauek beren aurkezpenean ESSEa zertarako balia daitekeen azaltzeko balio dezakeen tresna bat ere erakutsi ziguten. Beraiek eskaladarako friends-ak egiten dituzte. Tresna hauek, bidea irekita ez dagoen edo zaila den tokietan arrakaletan sartzen diren gailuak dira. Arrakalaren barruan sartu, eta tarte horretan zabaltzen dira, arrakala bera gorputza sostengatzeko eta eskaladan jarraitzeko baliatuz. Ez al da hori ESSEaren helburu nagusietako bat? Arrakalak sortu, ahalik eta arrakala gehien eta hauek baliatu beste ekonomia bat eraikitzeko? Edo Bea Egizabalek bere Klown-klusioetan esan bezala: “Hurrengoak beraiek egongo dira, gu orain eserita dauden mahaian, beraien sistema kapitalistaren alternatiba azaltzen, gurea izango baita hegemonikoa”. Eta… ESSEari “F”letra gehitzeko ere gogorarazi zigun, ESSIF, ESSEF…

Itxiera Flamenkonomiaren eskutik iritsi zen, diziplina anitzeko artista den Ines Osinagarekin batera. Yannick gitarra-maisuak, Sara Holgado cantaorak eta Óscar Garcíak errezitatu, abestu eta jo zuten, ekonomiaren izaera soziala, herrikoia eta eraldatzailea transmititzeko. Lakariko jakiak jaten genituen bitartean, flamenkoa eta euskal kulturaren arteko mixtura horrek busti zituen gure belarriak.

Flamenkonomiak denbora darama flamenkoa tresna gisa erabiliz ekonomia beste ikuspegi batetik ulertzeko, ekonomia egiteko eta, are gehiago, ekonomia kapitalistari alternatiba bat irudikatzeko. Flamenko kantean ideia ugari aurki daitezke beste sistema ekonomiko bideragarri bat irudikatzeko. Eta ez bakarrik flamenkoan, jakina, baita euskal kultura tradizionalean ere, Ekonomia ulertzeko eta bizitzeko beste modu batzuk azaldu eta emozioa transmititzea lortu zuten, errezitaldi hunkigarri baten bidez. Non eta Donostiako Enpresaritza Fakultatearen erdigunean. Hain zuzen ere, ekonomiari buruzko diskurtsoek askotan ekonomia kapitalistarekin bat egiten duten lekuan. Espero dezagun gela honen inaugurazioak horretarako balioko duela: ekonomia, bizitza eta mundu bidezkoagoak eta duinagoak irudikatzeko.

ESSi Gelaren Manifestua

Inaugurazioan aurkeztu zen Mirene Begiristain koordinatzailearen eta Julen Izagirreren eskutik ESSigelaren manfiestua ere. Bertan, gela honen lana gidatuko duten puntuak jasotzen dira.

essi gelaren manifestua

01 – EKONOMIA SOZIAL SOLIDARIO ETA ERALDATZAILEA (ESSE) IPARORRATZ

  • Bizitzen bizigarritasuna erdigunean
  • Komunitatearekin konpromisoa
  • Lankidetza eta interkooperazioa
  • Burujabetzarako heziketa
  • Ekonomia alternatiboen oinarriak
  • Aberastasunaren banaketa justoa

02 – PERTSONAK ETA HELBURU EKOSOZIALAK KAPITALAREN AURRETIK

Kudeaketa demokratikoa, gardena eta parte-hartzaile izaera duten proiektu sozioekonomikoak sustatzeko eta indartzeko ezagutzak lantzea helburu.

03 – BOKAZIO PRAKTIKOA

Ikasleen beharrei erantzuteko espazioa izateko lan egiten dugu:

  • Praktikak, GRALak, bekak
  • ESSEko sektoreko erakundeen parte-hartzea
  • ESSEan ibilbide profesionala garatzeko oinarriak finkatzea

04 – HEZIKETA-IBILBIDE ASKE ETA DUINAK

Ikasgelako parte-hartzaile guztiei, ESSEko interes eta baloreen bitartez, kultura askatzailea garatzeko tresnak eskuragarri jartzeko konpromisoa dugu.

05 – SAREA ETA INTERKOOPERAZIOA

Eragile desberdinak elkarlanean: ikasle, irakasle eta ESSE sektoreko erakundeak. Partekatuz, inpaktatuz eta elkar-babestuz, ekosistema bat sortu eta bultzatzea dugu helburu.

06 – JUSTIZIA SOZIALA ETA ELKARTASUNA

Justizia soziala garatzeko errealitate desberdinduen kontzientzian sakontzeko konpromisoa hartzen dugu, egunerokoan izaera antiarrazista eta dekolonialak diren proiektuak sustatuz.

07 – ANITZA ETA FEMINISTA

Pertsona anitzen arteko ideien elkartrukean hazten garela sinesten dugu. Halaber, feminista den eta biolentzia matxistatik librea den espazio bat izateko lan egiten dugu.

08 – EKONOMIA ALTERNATIBOAREN BISIBILIZAZIOA

ESSE esperientziak eta proiektuak ikusarazteko eta lantzeko espazio bizi eta irekia bat gara, eta oparotasuna denontzat sortzeko ekarpen guztiak dira ongi etorriak.

09 – EUSKARA

ESSi ikasgelatik euskararen alde lan egiten dugu, eta euskaraz egindako lan eta hausnarketak bultzatuko ditu bereziki, betiere hizkuntza aniztasuna moduan ulertuz.

10 – KOMUNITATEA ETA LURRALDEA

Lurraldean errotuta eta ESSEaren eta euskal komunitatearen erronka ekosozialetan oinarrituz, ESSi ikasgelaren lan ildoak zehazten ditugu.

The post ESSI gelaren inaugurazioa appeared first on Olatukoop.

Pin It on Pinterest

Share This