ESPAINIAR ESTATUKO POLO KOOPERATIBOEN SAREA JAIO DA

GROUP ECOS, TANGENTE GRUPO COOPERATIVO, GRUPO LA VELOZ ETA BDSKOOPEK BAT EGIN DUGU ELKARLANERAKO PROIEKTU BERRIAK SORTZEKO

Testua: BDS KOOP

 

Behe Bidasoko BDS KOOP Elkartea, Bartzelonako Grup ECOS, Madrileko Tangente Grupo Cooperativo, eta Zaragozako Grupo La Velozek bat egin dugu Ekonomia Sozial Eraldatzailearen (ESE) esparruan jarduten dugun polo kooperatiboen arteko Espainiako estatuko lehen sarea sortu, eta kooperatibismoa indartu, harremanak ehundu eta jakintza trukatzeko helburuarekin.

Etxebizitza, lana eta kontsumo kooperatiboaren sektorean, lankidetza-proiektu berriak sortzea eta, azken batean, Espainiako estatu osoan ekonomia sozial eta solidarioaren aukerak biderkatzea da sortu berri den Polo Koperatiboen Sarearen (PKS) helburu nagusia.

NOR DA POLO KOOPERATIBOKO KIDE?

Testuinguruan jartzeko, esan dezagun polo kooperatiboak proiektu sozioekonomikoak sortu, eta espazio fisikoaz gain, baliabideak partekatzen dituzten ekonomia sozial eraldatzaile edo solidarioko enpresa eta erakunde taldeak direla, modu kooperatiboan kudeatu, ekonomia demokratizatu, birkokatu eta dibertsifikatzea dutena helburu.

BDS KOOPez gain, beste hiru polo kooperatibok osatzen dute sarea:

Bartzelonako ECOS kooperatiba taldea 17 kooperatiba eta 123 erakunde baino gehiagok osatzen dute; bigarren mailako kooperatiba honek bazkideen arteko elkar lankidetza sustatzen du duela 12 urtetik. Taldearen egitekoa da indarrean dagoen sistema sozioekonomikoaren alternatibak indartzea eta ekonomia sozial eta solidarioaren balioak praktikan jartzea.

Madrilgo Tangente Grupo Cooperativok 20 urte inguruko lan kooperatiboa du. Parte hartzen duten hamalau erakundeek hainbat zerbitzu eskaintzen dituzte: antolakuntza-aholkularitza, prestakuntza, ikerketa, komunikazioa eta garapen komunitarioa, besteak beste.

Zaragozako La Veloz Taldea lankidetza eredu da 1993tik. Ehungintzaren ekonomia zirkularra, landa-eremuko enpresa-bultzada edo etxebizitza kolaboratiboa bezalako esparruetan lan kolektiboko hainbat esperientzia biltzen ditu, aholkularitza-zerbitzuen Nabata markaren bitartez.

IKASKUNTZA PARTEKATUA ETA EZAGUTZA-TRUKEA

BDSKOOPeko koordinatzaile den Claudia Romeroren esanetan, “esperientzia guztiz aberasgarria da hau, ezinbestekoa eta funtsezkoa gizarte ekonomiarako. Ideiak eta egiteko moduak kontrastatzeak gure praktiketan geure burua berretsi eta, aldi berean, funtzionatzeko modu berriak eskaini eta geureganatzeko aukera ematen digu”.

Era berean, Grup ECOSeko kide den Guernica Facundoren ustez, “guztiontzako da positiboa” eta kooperatiba eta Ekonomia Sozial Solidario poloak “saretu eta taldea egiten lagundu, proiektu jaioberriak hartu eta giharrak hartzeko tresna” direla ziurtatu du. Facundoren esanetan, “ESEko entitateen artean Espainiako estatu osoan elkartasun, ikaskuntza eta elkarrekiko laguntza loturak sortzeak, erresistentzia sare bat edukitzen lagunduko digu etorkizuneko zalantzazko eszenatokien aurrean”.

Polo Kooperatiboen Sarea lehen urratsak egiten hasia da ekintza partekatuen bidez. Alde batetik, praktikara bideratutako 3 ikaskuntza komunitate antolatu dira funtsezko hiru gairi erantzun kolektiboak emateko: lankidetza eta interkooperazioaren sustatzea; sexu-jazarpenaren eta sexu-arrazoiengatiko jazarpenaren aurkako prebentzio eta jarduketa Ekonomia Sozial Eraldatzailean eta sareko kide diren erakundeen aniztasun eta inklusioa.

Bestalde, sareko polo bakoitzean dauden lan egiteko modu ezberdinak ezagutzeko, egonaldiak egingo dira kooperatiben arteko topaguneak bultzatu asmoz. Oraingoz, lehenengo erresidentzia egin zen uztailean, Bartzelonan, bertako Grup ECOSek gidatuta. Esperientzia hori baliagarria izan zitzaigun parte-hartzaileoi Ekonomia Sozial Solidarioak Katalunian bultzatzen dituen praktika kooperatiboetara hurbiltzeko.

Irailaren erdialdean, Bidasoaldera etorriko dira Madril, Zaragoza eta Bartzelonako kideak, BDS KOOPen lanean dabiltzan kooperatiba eta ekimenak ezagutu, eskualdean dauden beste proiektu interesgarri batzuen berri izan eta guztion artean jakintzak partekatzera.

Orain, sarea martxan da eta laster azalduko dugu nola hazten eta indartzen garen.

Pin It on Pinterest

Share This