bizHIRIak
BIZI NAHI DUGUN LURRALDEAKTestua: Dornaku Lanz
Berotegi globala, zahartze demografikoa, zaintzen krisia, plastikoz betetako itsasoak, ur eskasia eta desertifikazioa… krisi multidimentsional baten aurrean gaude, eta, zerbait egin ezean, hauen ondorioak betikoek jango dituzte: hirugarren munduko herrialde txiroek, langileriak, kolektibo migratuek, emakumeek, umeek eta zaharrek.
Naomi Clein-en “shock-aren doktrina”-ri jarraituz gero, halako tsunami baten aurrean blokeatuta gera gaitezke, eta hark gu harrapatzeko zain gelditu, edo bestela, dugun guztiarekin erantzun. Gure patua oligopolio handien esku dagoela pentsatzen dugu sarri; politika eta gobernua urrun daudela eta bakoitzak, bere arazoei, bere kabuz ekin behar diela. Baina arrai txikiak, bakarrik, ezer gutxi du egiteko arrai handiaren aurrean. Elkarrekin, taldean erantzun behar zaio arrai erraldoiari, kolektiboan.
Baina nola heldu gaiari? Nondik hasi? Nola egin? Hori da, hain zuzen ere, BizHiriak proiektuaren bidez gure eskualdera ekarri nahi izan duguna. Trantsizio ekosoziala era progresibo eta kontziente batean egiteko bide aukeren mahaia da BizHiriak. Arazo globalei tokikotik erantzuteko, bide ezberdinen mapa osatu nahi izan da, honako osagai amankomun hauek abiapuntutzat hartuta:
TRANTSIZIO EKOSOZIALA HELBURU
Iparra beti krisi multidimentsionalari herritar guztion, zein gure ingurumenaren hobe beharrez hartu daitezkeen neurrien bueltan izan da. Xedea da krisi anitzei erantzuteko bideak lantzea bizitza zentroan jarriz..
HIRITIK
Munduko biztanleen erdia hirietan bizi da, eta, 2050erako, 10etik 7 izango dira halako guneetan bizi direnak. Bidasoaldean (Nafarroa, Lapurdi eta Gipuzkoako lurrak hartuta), dagoeneko, 10etik 7 dira hirian bizi direnak. Honek, ezinbestean, hiria bilakatzen du trantsizio ekosozial honen eszenatoki.
BEHETIK GORA
BEHE BIDASOAN
Lau osagai hauekin osatu da BizHiriak mugimendua, hau da, bizitzea merezi duten bizitzak sostengatuko dituzten hiriak sortzeko prozesu herritarra.
Foro edo espazio hau burujabetzetan antolatu, edo banatu da, hau da, erabaki edo politikak definitzeko eskubidea aitortzen zaien alor edo ikuspegi ezberdinen arabera:
FEMINISMOA
AUZOGINTZA HIRIGINTZA
AGROEKOLOGIA
SARE LIBREAK
MUGAZGAINDIKOTASUNA
Eredu hauek gure lurraldetasunera ekarrita antolatutako foroetan jasotako edukia karta edo manifestu batean jaso dira: Behe Bidasoan trantsizio ekosozialerako 15 proposamen. 15 neurri hauek saretze eta elkarren laguntzaren ondorioz jaso diren esperientziak lurraldeko agente guztiekin partekatu, eta hauek gauzatzeko duten aukeren arabera hautatu dira. Ez da maila teorikoan soilik interesgarriak diren ekinbideak, baizik eta oinez ibiltzen hasteko mapa erreala. Krisi anitz globalari, Behe Bidasotik, hemen eta orain, ekiteko lerro bide zehatzak.
Auzo bat, auzo plan bat; isuriak jaisteko desmugikortasuna, auzoetatik planifikatu; energia, elikadura eta zaintza, auzoetan eta auzoetatik bermatu; Bidasoa Km0 karta: elikadura, konpromisoari atxiki; eskualdeak, 8/80 ikuspegia bere egitea, eta, Txingudin, trantsizio ekosoziala bultzatzeko erakunde bat sortzea dira, besteak beste, gurera ekarri nahi ditugun proiektuak, eta, are gehiago, Behe Bidasoan gauzatzeko potentziala duten proiektuak. BizHiriak-en mahai gaineratutako lan lerro asko abian daude jada: auzo planak eratzeko prozesua aktibatua dago, eta, horrekin batera, agente honek dituen potentzial guztiak; agroekologia karta osatzeko bidean da, apustu publiko-komunitario baten oinarriak ezarriz, etab. Arrai batek ezin du, baina 100.000 arraik hau dena dugu egiteko.