BADATOR BADOA
ERALDAKETA FABRIKAREN LEHEN EMAITZATESTUA: ERALDEKATA FABRIKA
ILUSTRAZIOAK: ARITZ BURGAÑA
Jendeak janak etxetik eskatu eta bertan kontsumitzeko ohitura geroz eta zabalduago dagoela esaten badugu, ez gara ari deus berria kontatzen. Urte asko dira, urrutiko filmetan ikusten genuen jarduera hori geurean ere egiteko aukera eman zigutenetik. Hanburgeseria edo janari azkarrak eskaintzen zituzten taberna eta jatetxe batzuk langile bat izaten zuten, geuk eskatutako etxera ekartzeko. Gero, kate haundiak etorri ziren, pizzeria ezagunak.
Janariak kontsumitzeko joera hau egonkortzen joan zelarik, hurrengo pausua argia zen: banaketa egitea arduratuko ziren enpresak sortzea. saltzeko produktuak zituzten eta produktu horiek etxean jasotzeko gogoa zuten kontsumitzaileen tartean kokatuko liratekeen banaketa zerbitzuak.
Ideiak ona ematen du. Etxeko sofatik mugitu gabe, telefonotik edozer eskatu eta etxeko atarian jasotzeko aukera bera eztabaidagarria iruditu arren, ideia ez zen txarra. Eskaera bat zegoen tokian, eskaintza sortu zen.
Kontsumo-ohiturak aldatzen ari direla bistan da; badirudi ohitura hezurretaraino sartua dugula, eta jada ez dugu jan-edana bakarrik eskatzen. Jendeak tiritak, haurrentzako pardelak edo ontziak egiteko xaboia ere eskatzen omen du. Eskaintza muturraren aurrean jarri digutenean sortu dugu eskaria.
Zerbitzua eskaintzeko sortu ziren enpresei so eginez, kezka handi bat genuen barruan. Startup edo ekintzaile kapitalistaren ereduari jarraiki sortutako ekimenak hedatu ziren. Zerbitzu bat eskaintzeko mozorroaren atzean, ‘ea aberastea lortzen dudan’ pentsamendua zuten gazte ekintzaileak ezkutatzen ziren. Langileen eskubideak errespetatu gabe, lan beharrean zeuden giza-taldeez baliatuta, egoera prekarioan zeudenak, lan prekarioak hartzera bultzatuz.
Jarduera mota hau egonkortzen ari zela ikusirik eta lan-baldintza eta langile ereduak sortzen zigun kezkak bultzatuta, banaketa-kooperatiba bat sortzeko aukera aztertzen aritu ginen Eraldaketa Fabrikan, hilabete luzez.
PANDEMIAK ERAGINDAKO AZELERAZIOA
Pandemiaren ondorioz ezarri ziren etxeratze agindu eta ordutegi murrizketek haunditu egin zuten janariak etxetik eskatzeko joera; hainbeste sufritzen ari den tokiko ostalari eta bestelako komertzio batzuentzako banaketa izan zen jarduerarekin jarraitzeko modu bakarra; negozio txiki askok bizirauteko zuen tresna bakarra. Argi genuen ez genituela kapitalismo basatiaren esku utziko. Hazia ereinda zegoen; lanari ekitea erabaki genuen. Ingurumenaren zein gizakien iraunkortasuna bermatzen duen banaketa zerbitzua martxan jartzea ezinbestekoa zela ikusi genuen.
Pertsonen eta ingurunearen aurkako praktika hauekin bat egiten ez duten establezimenduak badirela argi genuen. Ez da egia saltzaileari, bideak zein diren begiratu gabe, saltzea besterik ez zaiola axola. Herriko merkataritzan eta ostalaritzan pentsatu genuen. Merkataritza eredu justuago batekin bat egiten duten komertzio eta jarduera ekonomiko hauen arduradunak proiektura gehitzea zen asmoa; eskualdean kontsumoan eta kontsumitzeko moduan alternatibak eskainiz.
Aliatuak bilatzen hasi eta ostalaritzako establezimendu batzuekin lehen erronda egin genuen. Proiektua atsegin ote zuten jakin nahi genuen, zein mailatan atxiki zitezkeen halako ekimen batera, zenbateraino kezkatzen zituzten haiek ere, beren produktuen banaketa langile prekarizatuen bidez egiteak. Denetako erantzunak jaso genituen, baina geure kezkarekin bat egiten zuten hornitzaileak izan, bazirela antzeman genuen. Interesa ikusita proiektua martxan jartzea erabaki genuen.
Jarduera aztertu genuen lehenik. Norberak ekoitzi edo saltzen duen produktua banatzeko sistemak ez zuen arazorik sortzen: telefono edo korreo bidez eskatutakoa kudeatu, banatzaileari eman eta kitto. Baina nola kudeatu hornitzaile ezberdinentzako diren eskariak? Nola esleitu banatzaile bakoitzari zerbiztua? Hornitzaile ezberdinen banaketak egiten dituzten enpresek aplikazio bat izan ohi dute. Kontsumitzaileak aplikazio horren bidez eskatzen du nahi duena, nahi duen hornitzaileari. Aplikazioak bideratzen dio eskaera hornitzaileari eta aplikazioaren bidez jasotzen du banatzaileak egin behar duen zerbitzuare berri. Sistema interesgarria da, baina horrelako aplikazio informatiko bat sortzeak kostu oso haundia du proiektu txiki eta hasiberri batentzako.
COOPCYCLE, BANATZE-KOOPERATIBEN FEDERAZIOA
Bidean CoopCycle ezagutu genuen eta honek proiektua gauzatu ahal izateko leihoa ireki zigun. Coopcycle bizikleta bidezko entrega-koopeeratiben federazioa da. CoopCycleren partaide diren kooperatibek demokratikoki zuzentzen dute federazioa eta haien arteko elkartasuna dute oinarri. Horri esker eta zerbitzuen mutualizazioaren eraginez, gastuak murriztea lortzen da. Banatzaileen eskubideak defendatu ahal izateko eta negoziaketarako indar kolektiboa lortzen da. Mutualizatuta dituzten zerbitzuen artean, Europako federazioko kideei entregak kudeatu eta bezeroei merkataritza elektronikorako gune bat eskaintzen dien softwarea eskaintzen dute, bezero eskaerak egin eta banatzaileek zerbitzua eskaintzea errazten duten aplikazioekin batera.
Hasierako kezka, software espezifiko baten beharra moldatzeko bidea bagenuen, eta hori baina garrantzitsuago, gure bide bera egina zuten beste kooperatibak ezagutzeko bide interesgarri bat zen. Esperientziak elkarbanatu, geure kezka berei, beste batzuk aurre nola egin zioten jakin… interkooperatu azken finean, bidea elkarrekin egin.
Beste esperientziak ezagutzeko bide horretan, CoopCycleren parte diren Eraman banaketa-kooperatiba eta bertako partaideak ezagutu genituen; jatetxe eta taberna ezberdinetako jakiak banatzeaz gain, zama-bizikleta bidez garraio-zerbitzu integrala eskaintzen duen Gasteizko kooperatiba da Eraman kooperatiba.
ERALDAKETA FABRIKA PROZESUA
Ekonomia Sozialaren klabeetan sortutako egitasmo ekonomikoak martxan jartzea da Eraldaketa Fabrika programaren helburuetako bat. Behe Bidasoako behar ekonomikoak identifikatu eta horiei erantzun kolektiboak emateko enpresa berriak sortzeko prozesuak abiatu nahi ditu, proiektu hauek Ekonomia Sozialeko ehunean txertatu eta lurralde estrategia partekatuaren bidez Tokiko Garapenean aktibo izan daitezen. BDS KOOP osatzen dugun eragileek dauzkagun baliabide eta esperientzien bidez elikatzen dugu prozesua, bidean lagundu eta sortu ginenetik garatu ditugun tresnak eskainiz bidelagunei. Proiektu bakoitzarekin ikasten jarraitzen dugu, ikaskuntza hori berriro Eraldaketa Fabrikan integratu eta sistematizatzeko.
Deialdi bat egin genuen gure bazkide-sarearen bidez. Labore eta Izarkomek dituzten kanalak erabiliz, gure proiektuaren berri eman eta gure asmoak zeintzu ziren azaldu genuen. Lehen hitzordu bat antolatu genuen, Eraldaketa Fabrika eta Eraman kooperatibako ordezkariak deialdiari erantzun zioten ekintzaileekin bildu eta elkar ezagutzeko. Lehen topaketa honetan proiektua aurrera ateratzeko gure prestasuna eta gogoa jarri genituen mahai gainean.
Hasieratik, berezitasunak-berezitasun, helburuak, balioak eta printzipioak partekatzen genituela argi geratu zen. Oso argi genuen eredu kooperatiboa zela lanaren subiranotasuna eta proiektua ulertzeko gure modua bermatzeko gai zen eredu bakarra; Proiektua kooperatibako bazkideena izango zen. Zein kooperatiba eredu nahi genuen lantzen hasi ginenenean, kontu operatiboak zirela eta, lan-kooperatiba txikia jo genuen elkarrekin sortzen ari ginen proiekturentzako egokitzat, etorkizunean hura zabaltzea edota kontsumo-kooperatiba edo kooperatiba integral bilakatzea baztertu gabe.
Hurrengo urratsa lan-egutegia finkatzea eta taldeak osatzea izan zen. Epeak finkatu, funtzioak banatu, zereginak zehatzu… Hiru erpin izan ditu prozesuak: Alde batetik, kooperatiba osatuko zuen lagun taldea eta lanerako gogoa zeuden, bestetik Eramanen aholkularitza eta haien esperientzia eta hirukia isteko, Eraldaketa Fabrikak eskainitako bidelaguntza eta prozesua gidatzeko irizpideak. Asteroko saioen bidez, jardueraren berezitasunak kontuan hartuta, kooperatiba batek aurre egin beharreko alderdi eta erronkak lantzen joan gara. Komertzial lana, komunikazioa, aplikazioa, etab. Azken bultzada gisa, Badoa eta Bdskoop-en artean laguntza ekonomikorako kanpaina bati ekin genion, proiektua bultzatzeko finantziazioa lortzeko asmoz. Eskualdearen erantzuna oso positiboa izan zen.
Eraman kooperatibaren eskutik ulertu genuen tokiko proiektu bat izan arren, bizikleta-logistikako kooperatibak eratzen joan ahala, Euskal Herri mailan eragina izan zezakeen prozesu baten parte izan zitekeela sortzen ari ginen ekimen hau, eta orain arte hain jasangarriak ez ziren beste banaketa-modu batzuek okupatutako espazio handi bat, egiteko modu ezberdinak eta langileen eskubideak errespetatuko dituzten ekimenentzako berreskuratu zitekeela. Txikitik ekin, handian eragin.
BADOA, ESKATU, ERAGIN
Irun, Hondarribia eta Hendaiako karriketatik banaketak egingo dituen kooperatiba sortua da, eta bizikletak dagoeneko martxan daude: BADOA
Bertakoa, etikoa eta iraunkorra. Hauek dira Badoa kooperatibaren hiru oinarri nagusiak.
Banaketaren logistikari irtenbidea emateko, alternatiba etiko bat eskaintzea izan da gure eskualdeko proposamena. Bizikletak ditu garraiobide, erraz aparkatu eta leku guztietara heltzeko ibilgailu onenak direlako. Baina abiaduraren aldeko apustua eginez, bizikleta elektrikoen bitartez egingo ditu Badoak banaketa zerbitzuak, kutsadura ahalik eta gutxien sortzeko helburuari tinko eutsiz ere. Hasieran zahar-berritutako bizikleten bidez hasi da lanean, baina aurreraxeago CargoBike deituriko bizikleta mekanizatuak baliatu nahi dira, ibilgailu horiei esker tamaina eta pisu handiko zamak garraia ditzaketelako. Tabernetako jakien banaketaz gainera, merkataritza edo paketeria zerbitzuak eskaintzea ere Badoaren asmoa.
“Pixkanaka hasi nahi dugu, ez baita gure helburua gauza asko eta gaizki egitea, zerbitzua nola egin eta hobetu daitekeen ikasi nahi dugu lehenengo. Ondoren, aplikazioan ostalaritza establezimenduen gaineko informazio guztia ipini beharko genuke, lanean hasi aurretik”. Hori da Badoaren filosofia eta hala adierazi zuten martxoan, Badoa aukezteko prentsaurrekoan.
CoopCycle federazioaren softwarea gainera, euskaraz, gazteleraz, eta frantsesez erabiltzeko moduan da eta zenbait banaketa enpresek zeharka-ezintzat duten muga administratiboaren gainetik, eskualde osora begirako proiektua da. Bidasoaren iparra eta hegoa batu eta konektatuko du beraz Badoak.
Bokazio sozialeko proiektua da ere eta enpresa handiek ez bezala, langileen lan baldintza duinak ziurtatzeko helburuz jaio da. “Lanaren burujabetzaren bitartez, prekarizazioari aurre egin, eta lan duin eta seguruaren alde egingo dugu. Ekonomia sozial eta eraldatzailea bultzatzea da helburua”, kooperatibisten esanak dira horiek.
Bisitatu BADOAren webgunea: badoa.eus