AUZOTARRA NAIZ ETA HARRO NAGO!
IDENTITATEA, ITOLARRI EXISTENTZIALA ETA AUZO-HELDULEKUATESTUA: IKER EIZAGIRRE
ILUSTRAZIOA: LUCIA CALVO
BAKARRIK UTZI GAITUEN AMARRU POSMODERNOA
“Ispiluan begiratu eta zoriontsua naiz, eta inoiz ez dut pentsatzen nigan ez det beste ezertan (…) nire etxean itxita dena berdin zait; dagoeneko ez dut inor behar, ez naiz inoiz aterako. Orain independentea naiz, autosufizientea naiz, jada ez dut jenderik behar. Azkenean!”(Autosuficiencia. Parálisis Permanente, 1984)
Zein naiz ni? Galdera ez da berria, baina asko indartu da posmodernismo liberalak ekarri duen indibidualizazio eta anabasa sistemikoaren testuinguruan. Larritasun existentzial bilakatzeraino zibilizazio krisiaren ingurumarian.
Dogma garaikideak dio, “bakoitzak bere kabuz bilatu behar du benetan den hori”. Inork, ezerk, xerka hori ez baldintzatzea, horixe da askatasuna. Irentsi dugu esentzialismoak eta liberalismoak jarritako amua barruraino. “Zergatik naiz ni, ni?” galderak ez du lekurik, emantzat jotzen baita erantzuna: “Ni, nire erabaki multzo askeen eta barne-nortasunaren esentziaren jarioa naiz”. “Ez zait inporta besteek diotena, ni buruaskia naiz nahi dudana izateko”. Lelo errebeldeen artean gorenean kokatu dugu. Autonomia, independentzia, askatasuna, indibidualizazioa eta nihilismoa ezin berezi ditugu orain.
Agian nahita, atseginagoa izan baitaiteke “nahi dudana izan naitekeenaren” falazia liberalean bizitzea. Bide horretatik, sozio-fobiko samarrak izaten ere amaitu dugu. Alfertu gara erabat. Kolektibo sentsazioarekin nahikoa dugu, hezur-haragizko kolektiboetan egotea birtualen parte sentitzea baino nekezagoa baita. Ordezkatze saiakeran, tresna birtualez gain farmakoak ere erabili dira. Pilulak norgintza kolapsatu bati aurre egiteko industriaren eskaintza indibidualizatua dira. Patologizantea, konflikto soziala norbanakoaren arazora mugatzen duen trikimailu kimikoa. Sintomari gogor erasota ere, pilulek ezin dute pertsonok dugun lotura-sozial beharra ordezkatu. Suizidioak, heriotza ez naturalen artean bigarrena izaten jarraitzen du. Logika berean baina terapiatik, “auto-laguntza liburuetan” eta “coaching-ean” salbazioa topatzera gonbidatuak izango gara. Pentsamendu positiboaren errepikan: “ni nahi dudana izango naiz”. Sinisteak errealitatea bera aldatzen duela esango digute, “norbanakoaren” fede berriaren biblia zatikatua.
Bide honetatik, identitatearen eraikuntzaren egiturazko irakurketak egiteri uko egin diogu, ikuskera kolektiboak “dogmatismotzat” jo izan ditugu. Amua jan dugu berriz ere. “Zein gara gu?” galdera desagertzeko zorian dago egun. Norgintzaren aferan, boterearen auzi zentrala kanporatu dugu, eliteen monopolioa naturalizatu dugu.
EKIN LOGIKAZ, AUZOA ETA NI-a BERRESKURATU?
“Beti pentsatu izan dut aukeratzen ez duzun guztiak definitzen zaituela: zure hiriak, zure auzoak, zure familiak… Hemengo jendea harro dago horretaz”.
(Gente con clase. Los chikos del Maiz, 2019)
Ertz asko ditu norgintzaren aferak, identitateak. “Pertsonok gurekiko dugun auto-kontzientziaren hasiera momentua bai da, gure baieztapena munduan eta munduarekiko” azalduko du Linera iraultzaile boliviarrak. Zer den baino… nola “egiten” da? Joseba Azkarragak 3 ulerkera nagusi ekarriko dizkigu.
IZAN logika, zeinetan identitatea monolitikoa da eta horrela mantentzean datza “norbera izatea”. Esentzialismo forma bat da. egun oraindik ere indar handia duena (ikus Bidasoko Alarde diskriminatzailea). Berantiarrena HAUTATU logika da: Posmodernitatearen joerekin bat, zatiketa eta aldakortasunean oinarritzen den norgintza. Ni gaur hau naiz, etzidamu ikusiko dut. Garai historiko jakin bati loturik sortu da logika hau: Kapitalismo globalizatuaren ekoizpen kultural merkantilak sorturiko merkatu nitxo, bizitza estilo berezitu eta hauei loturiko produktu sorta amaigabearen testuinguruan. Guy Debord ekarriz, “irudi espektakularren” kontsumoaren bidez harremantzen gara sozietatearekin. Pantaila bidez jaso-ematen ditugun irudi prefabrikatuen bidez, aurrez-aurreko giza harremanen baitan baino. Gu ere irudi horien hautapenaren bidez eta gustuko ditugun espektakuluetara egokitzen, hori lortzeko merkantzien erosketan egiten gara. Logika honek subjektuaren “dislokazio sakon bat” eragin du: Bizi leku fisikoa, gutasuna eta “ni”-a deslotuz doaz. Koherentzia galtzen eta zatitzen, izan ere norgintzarako materialak munduko punta ezberdinetatik datozkigu. Auzo-gune berdinak partekatzen ditugu zenbaitetan, baina mundu ezberdinei konektaturik bizi gara. Jendetza bakartia gara tarteka.
Bi logiken artean, EKIN-arena azalduko digu Josebak: Ni-ak gertuko ingurune sozialarekin etengabeko hartu emanean burutzen duen prozesua eraikitzen da hemen. Kolektiboei lotuz eta elkarrekin eginez, biziz, jasoko ditu pertsonak bere norgintza prozesurako erreferentziak. Horrela nolabait, egongo da ni-gu josketa baterako aukera. Beti gatazkatsua dena, baina kidetasun terminoetan eman daitekeena (adibidez, “adibidez euskalduna naiz eta harro nago”).
Azkarragaren ustez, logika hau egon da modernitateak eman dituen mugimendu handien atzean, hala nola langile mugimendua, nazio askapen mugimendua, mugimendu feminista… Izan ere, esentzia alboratzen da baina baita ausazkotasun osoa ere. Mugimendua “ez da”, egin egiten da hau osatzen duten pertsonek marrazturiko zeru-mugaren baitan. Sor-men kolektibo horrek, pertsonari eraikuntza identitariorako erreferentzia komunak eskaintzen dizkio. Balio, etika, estetik, irudi, ikono, bizi-zentzu edota portaeren gainean. Mugimendua eginez, pertsonak ere egiteko aukera du logika honetan. Bakartasuna utzi eta jario kolektibo batean engaiatuz. Esan dugu arestian, HAUTATU logika posmodernoak hau “dogmatismo-sektarismo” bezala salatzearekin batera, noraez existentziala eta epe motzekotasuna ekarri digu. Baina hau al da pertsonak duen patu bakarra?
AUZOA ERE, EKIN LOGIKA IZAN DA… ETA IZANGO DA?
Auzoen logika ez da IZAN, gutxiago HAUTATU, EKIN baizik. Irungo kasura etorrita, IZAN logikak 7 auzo historikoez hitz egingo digu: Soilik historizista tradizionalisten buruan direnak, egungo errealitatea ulertzeko eskala sozio-espazial hutsalak. HAUTATU-k esango digu, auzoak ez duela ezertarako balio, “munduko biztanleak” baikara, gaur hemen eta bihar han bizitzeko aske.
Irunen, 60-80. hamarkadan egin diren euskal-hiri askotan bezala, auzoak borrokan egin dira. (Barne-kanpo) etorkin biltegi bezala pentsatuak izan diren auzo-gune eskasen hobekuntzen aldarrian. Bizi-toki duinen aldeko antolaketan joan dira auzo hauek definitzen. Ekintza kolektiboen baitan eta harremanen erakundetzean. Prozesu horretan ber-definitu dira auzoak, Auzo Elkarteen sorrerekin zedarrituak. Behetik gorako eskala-definizioa kasu askotan. Irunen, 19 auzo elkartek “ekin” zuten bizitegi eskala askoz errealagoa da “7 auzo historikoak” baino.
Eta norgintza ahantzi gabe, auzogintza prozesu hauetan ere sortu ziren auzoak “komunitate imaginatu” gisa. Hau da, hiri puska bat baino askoz gehiago bezala, azkar hazten ari zen hiritarrentzako erreferentziazko komunitate gisa. Auzoa identitate bat ere bada. Hiriaren handitasun-anonimotasun hutsak bete ezin zuen hori, auzoak eman zion askori. EKIN-ez egiten ari zen auzoa, ekiteko prest zegoenari lekua eskaini zion. Auzo hobe baten alde egin nahia, nortasun horretarako sarbide nahiko baitzen. Inolaz ere ahantzi gabe indarrean ziren bazterketa logikak, garaiko auzogintzak izaera nahiko demokratikodun identitate sarbidea proposatzen du, zeinetan “auzotarra da auzoaren alde zerbait egiten duen oro”. Dudarik gabe, inmigrazio testuinguruan “integrazio” mekanismo garrantzitsua izan zen hau, eta zenbait tokitan auzo-errepublika sendoak sortu ziren. Auzo harrotasuna zeina ni-gu jostura konplexu horren adibide arrakastatsua den.
70. hamarkada Euskal Herria modenrnitate bete-betean dago. Aitzitik mundua aldatzen ari da. Posmodernitatearen hiri-buruetako bat den Paris-etik, honela hausnartzen da garaian:
Espazio kapitalistaren ekoizpenak ezagutzen genuen hiriaren ekorketa eragin du, baldintza berri bati lekua uzteko. Hiri berrian, truke-balioaren (merkantziaren) nagusitasuna ikusten dugu. Hiri honetan, sormen eta bat-batekotasun-modu guztiak desagertzen dira. Hiria, hizkuntza, kode eta gizarte-ehun komunak bateratzen zituen obra zen. Orain produktu bizi-bako bilakatu gura dute. Poliki, komunitatea desagertu egiten da, auzoak lur jotzen du. (Lefebvre, 1972)
1972-an idatziak, gurera ere etorri dira logika hauek. Auzo Elkarteen aterkipean asko, bizi-tokiaren gainean auzo-komunitateek lorturiko boterea galtzen joan gara, eta bidean auzoa galdu dugu, gu galdu gara. Hiri eremu asko inbertsioetarako nitxo gisa gorde dira. Zirkuitu hauetatik kanpo geratu diren zenbait, asko narriatu dira, desberdinkeria sozialak jo ditu eta auzo-kohesioa ere kolpatua atera da.
Aitzitik, hauek auzogintza berreskuratzeko arrazoiak dira hau alboratzekoak baino. Erregimen frankistapean, hormigoi eta migrazio jario azkarrez osaturiko auzo kaxkarrek ez baitzuten testuinguru hoberik. Garaian ere, xenofobia, jarrera erreakzionario eta norberekeria ere baziren. Baita etorkinekiko kontrakotasuna, langabezia eta prekarietatera ere. Horrekin guztiarekin ere, auzoaren hobetzea eta horretarako antolaketa prozesuak baliagarriak izan ziren bizi baldintzen hobetzeari begira, baina baita ere kohesio sozialari begira. Eta ez kanpo eskuek sorturiko kohesioa, baizik eta EKIN logikaren baitan, auzoan batu eta egin ziren pertsonen borrokak eragina.
2019-an ondu zen proklama euskotar batek honela zioen;
“Bilakatu ditzagun gure herri, auzo eta hiriguneak erresistentzia fronte, komunitate emantzipatu: herrikide guztien eskubide guztiak bermatuz, garapen ekonomikoa herritarren beharrizanetara bideratzeko tresnak garatuz, desjabetze prozesuei jabetza kolektiboa kontrajarriz, autoritarismoaren aurrean elkartasun olatu bat altxatuz, xenofobiari eta arrazakeriari bizikidetza demokratikoarekin erantzunez, gure hizkuntza eta kultura biziberrituz, despatriarkalizazioan bidea eginez, ingurumenaren suntsiketaren aurrean baliabide naturalak zainduz eta praktika ekonomiko iraunkorrak saiatuz, trantsizio energetikoan urratsak emanez eta abar”
Izan al daiteke hau, krisi ekonomiko, ekologiko, geo-politiko eta existentzialak estuturiko garairako ortzi-muga. Ni-a topatzeari begira eta hau munduan kokatzeari begira, izan al daiteke hau elkarrekin ekin eta elkar-egiteko zeru-muga partekatu bat? Aurretik etorri diren idatziak irakurri dituenak argi izango du gure iritzia.