ERALDAKETA FABRIKA

BIDASOALDEAN EKONOMIA SOZIALETIK EKITEKO PROGRAMA

Testua: BDSKOOP

Eraldaketa Fabrika Bidasoaldean Ekonomia Sozialetik ekiteko programa da. 2019an sortu zen Bidasoaldeko beharrei erantzuteko bokazioz. Hasiera batean BDSKoop Elkartea bera zen enpresa ideiaren sortzaile. Lehen emaitza, 2020 urtean, etxez etxeko banaketa lanen prekarizazioari erantzuteko asmoz, Badoa txirrinda bidezko banaketa kooperatiba izan zen. 2021 urtean bertako produktu lokal eta ekologikoekin lan egingo zuen sukaldea sortzea izan zen helburua, eta hortik sortu zen Larrea Janariak kooperatiba.

2022 urtean ekintzaileen beraien ideiak programan txertatzeko erabakia hartu zen, hau da, enpresa ideia propioa zekarten ekintzaileei ireki zen programa. Irekiera honek bi prozesu berri ekarri zituen: Gizagune, zahartze aktiborako kooperatiba eta Maïa Permaculture, permakulturaren ikuspegitik prozesuak bideratzen dituen kooperatiba.

Eraldaketa Fabrika ekintzailetza programa bat baino gehiago da. Ekonomia herritarrengandik herritarrentzako egiteko asmoa da, onura soziala bilatzen duten jarduera ekonomikoak antolatu eta egikaritzen laguntzeko tresna. Hemendik Bidasoaldeko herritarrei deialdia egiten diegu olatu honen parte izateko.

Nor izan daiteke Eraldaketa Fabrika ekintzailetza programako onuradun?

Programan parte hartzeko baldintzak honakoak dira:

  • Proiektuak Bidasoaldean errotua egon behar du. Ez du zertan Bidasoaldean aritu bakarrik, baina bai lurraldearekiko atxikipena eduki.
  • Kooperatiba, Lan Sozietatea edo Elkartea eratzeko proiektuak izan behar dute. Programan ez dira SL, autonomo edo bestelako egitura juridikoak garatzeko proiektuak onartuko.
  • Proiektuak Ekonomia Sozialeko logikan txertatua edo enfokatua egon beharko du, hots, langileen onura ekonomiko hutsetik harago, bere inguru natural eta soziala elikatu eta osagarritzeko asmoa agertzen duen proiektu bat izan behar du.
  • Ez du zertan irabazi asmo gabekoa izan, baina bai ordea enpresaren irabazien inguruko planteamendu sozial bat egin.
  • Hainbat ikuspegi ezinbestean txertatuak beharko ditu proiektuak: genero ikuspegia, euskararen erabilera eta jasangarritasun ekologikoa.

Guzti hau ebaluatzeko, Eraldaketa Fabrikako ekintzailetza programan aurkezten diren enpresa ideia guztiei ebaluazioa pasarazten zaie, ekintzaileekin lehen elkarrizketa bat eginez eta hauek erraztu dezaketen dokumentazioaren (enpresa plana) azterketaren bidez.

Zer eskaintzen du programak? Zertan bereizten da Eraldaketa Fabrika beste ekintzailetza programa batzuez?

Ekintzailetza programa asko daude gaur egun, baina hau da Eraldaketa Fabrikaren bereizgarria:

  • Pertsonalizatua eta malgua
    Bakarkako prozesuak dira, hau da, ez da taldeka edo tandaka antolatua. Enpresa bakoitzarekin bere prozesua egiten dugu, ekintzaileek nahi duten martxa eta epeetan. Ekintzailetzarako material guztia online eskuragarri ematen dugu, beraz, etxetik edota BDSKoop-eko bulegotik lan egiteko aukera ematen dugu.
  • Ez gara enpresa planean geratzen
    Enpresa sortu eta martxan egon arteko pauso guztiak hausnartzen ditugu ekintzaileakin. 22 orduko formakuntza edukiaz gain, 60 orduko bidelaguntza eskaintzen dugu, kudeaketa administratibo, diru laguntza eskaera eta komunikazioan.
  • Ekonomia Sozialetik ekiteko aukera
    Ekonomia Sozial eta Eraldatzailearen ikuspegitik landutako progama izanik, guztiz beste ikuspuntu batetik ekiteko aukera ematen du. Honekin batera eginez, ikuspegi ekologista eta feminista integratzen ditugu, eta ekintzailetza programa guztia euskara hutsean emateko prest gaude.

Edozein kasutan, Eraldaketa Fabrika ekintzailetza programaren oinarri edo xedea bada programa azkar, eraginkor eta praktikoa izatea. Ekintzailetzarako muga material argitzat ditugu denbora eta dirua. Geroz eta denbora edota diru inbertsio handiagoa behar proiektu batek, orduan eta elitistagoa izango da, ekintzailetza gizarteko kolektibo zaurgarrienengandik geroz eta gehiago urrunduz.

Zein da planteamendua?

Ekintzailetza programa lau hanketan oinarritzen da: landu, azaldu, formatu eta zaindu. Lehen hankan Ekonomia Sozial eta Eraldatzailea zer den azaltzetik hasten da programa, sarrera teoriko moduan. Kooperatibak eratzeaz harago, kooperatibistak sortzea bilatzen duen programa da Eraldaketa Fabrika. Printzio kooperatiboak ongi ezagutu eta aplikatzea esentziala deritzogu.

Bigarren hanka enpresa plana osatzen zentratzen da: zer egin nahi den, nola egingo den, bezeroa eta komunikazio bideak zeintzuk izango diren, bideragarritasun ekonomikoa nola proiektatzen den, etab. Programa asko enpresa planean zentratzen dira bakarrik, baina Eraldaketa Fabrikaren azken emaitza “ekintza plana” da, hau da, gauden puntutik, enpresa martxan eduki arteko pauso guztiak zehaztu, zerrendatu eta gauzatzen.

Horregatik, hirugarren hanka edozein enpresaren eguneroko kudeaketarako formakuntzan zentratzen da. Kudeaketa administratiboa, altxortegia, lanen banaketa, etab. Eta azkenik, laugarren hankak dena englobatu edo batuko lukeen hanka da: zaintzak. Ekonomia Feministaren ikuspegitik, ukatu ezinak dira edozein jarduera ekonomikotan sostengu eta erreprodukzio lanak, eta honen bestez, klabea izango da edozein kooperatibatan talde kohesioa, erabaki guneak, dinamika onak hartzea, etab. Lau hanka hauek “ekintza plana” izango den ibilbide orria ezarriko dute, hots, gauden lekutik enpresa martxan eduki arte eman beharreko pauso guztien zerrendara.

Guztiz doakoa

Eraldaketa Fabrika programa Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Saileko Gizarte Ekonomia sailak finantzatua da, beraz, guztiz doakoa da ekintzaileentzako.

Pin It on Pinterest

Share This