OÑATI

OINARRIZKO ZERBITZUAK, HERRITIK HOBETO

Testua: Gari Garaialde

Elektrizitatea gaur egungo gizartearen oinarrizko elementua da, baina, ala ere, ia ezinbestekoa den ondasun honek herritarrengan eta haien ekonomian eragin izugarria duten gorabehera handiak jasaten ditu salmenta prezioan.

Kontsumitzaileek ondasun hori eskuratzen duten azken prezioa ulertzeko, ezinbestekoa da haren merkatuaren funtzionamendua eta bertan parte hartzen duten eragileak ulertzea. Espainiako estatuko energia ekoizle handienak diren eta banaketa guztia eta elektrizitate merkaturatzearen zati handi bat kontrolatzen duten bost enpresen esku dago argindarraren merkatua.

Aipaturiko 5 enpresek osatzen duten oligopolio egoera dela eta, enpresa horiek nagusi dira elektrizitate-merkatuan, eta, horrela, argindarraren salmentako enkante prezioa haien mesedetan baldintzatzen dute, bai eta argindarra hedatzeko azpiegituren jabe diren banatzaileei komertzializatzaileek ordaintzen dieten kanona ere; horrela, izugarrizko irabaziak lortzen dituzte euren kontuetan, botere publikoen araudiak babestuta. Horiek guztiak, azken finean, kontsumitzaileon bizi baldintzetan eragiten du.

OÑATIKO KILOWATTEN ABERASTASUNA, HERRIARENTZAT

Hiritarrek behar dituzten oinarrizko zerbitzuak udalak eskaini beharko lituzkeela pentsatzen du Oñatiko udalak, eta, argindarra oinarrizko zerbitzutzat hartzen duenez, herritarren beharrak asetzeko beharrezkoa den argindarra herritarrei helaraztea udalaren ardura beharko lukeela uste du.

Bide horretan, aurreko mendean hartutako erabaki batzuei esker, udal enpresa batek sortzen zuen argindarra, udalaren jabetzakoa zen azpiegitura baten bidez herritarrei helarazteko prozesua abiatu zuen Oñatiko udalak, horretarako sortutako Oñargi Sozietate Merkantil publikoaren bidez.

60ko hamarkadaren amaieran, Bilbon, argindarra sortu eta banatzeko eraikitako Iberduero enpresa indarra hartuz joan eta herri eta hirietako argindar banaketa sarea erosteari ekin zionean, Oñatiko udalak uko egin zion herriko sarea saltzeko eskaintzari, Gipuzkoako gainerako herri gehienek ez bezala. Hurrengo mugarria 1989an koka dezakegu, Eli Galdos alkate zela, Oñatiko Ur Jauziak elkarte anonimoa sortu eta herrian argindarra sortzeko zeuden azpiegituren jabegoa lortu zuenean, Euskadiko Energiaren Erakundearen partizipazio txiki batekin. Herriari zorpetze handia ekarri zion apustua izan zen hura, baina, gaur egun, udala lantzen ari den burujabetza ikuspegitik begiratuz gero, bide malkartsua izan den arren, udalbatzak ez du uste erabaki txarra izan zenik.

Gaur egun, Goiener Kooperatibaren laguntzaz, merkaturatzaile propio bat sortzeko azterketa egiten ari da udala. Gaur egun, legezkoa litzateke merkaturatzaileak prezio adostu batean erostea argindarra, hura sortzen duen enpresarekin akordioa egin eta enkante espekulatiboan parte hartu gabe. Hau da, merkaturatzaile bat sortuz gero, sozietate horrek, zuzenean, Oñatiko Ur Jauziei eros liezaioke elektrizitatea udalak adostutako prezio batean, eta tasa kontzeptuarekin ezarritako prezioan jarriko litzateke herritarren eskura.

Horrela, oinarrizko zerbitzu baten burujabetza jorratzen da; tarifa neurtua, egonkorra eta merkea eskaintzeko aukera du udalak, kostu errealen arabera erabakitakoa eta ohiko enpresen irabazi asmoetatik kanpo.

Argindarra banatzeko azpiegitura herriarena izateak baino, berau sortzeko sorgailuak udalarenak izateak zabaldu dio aukera hau udalari, baina, baliteke bere garaian herriko sarea Iberduerori saldu ez izanak eragina izatea 1989an sorkuntza azpiegiturak erosteko hartu zen erabakian.

Gaur egun dugun panoramarekin eta krisi ekosozialari aurre egiteko udal batek dituen aukerei begiratuta, argindarraren gaineko burujabetza horren abantailak errazago uler daitezke. Burujabetza bideak ibiltzea eta oinarrizkoz zerbitzuak herritik kudeatzea positiboa dela erakutsi digu Oñatiko esperientziak; gutxienez, kudeaketa publikoak defizitarioak diren ideia ezbaian jarri du.

Oñargiren diru-sarrerek herriari eragiten diote, oñatiarrek kontsumitzen duten energia elektrikoa iturri berriztagarrien bidez sortzen da, eta, erabiltzaileari, arreta zuzena, hurbiltasuna eta zerbitzua eskaintzen zaizkio modu honetan.

TELEKOMUNIKAZIO EREDUARI KOSK

Oñargik herriko argindar azpiegitura edo azpiestazio sarea kudeatzeko zuntz sare bat zuela ohartu zen; zuntz sare hori hiritarren neurgailuak irakurtzeko etxe guztietara iristen zirela ikusi eta argindar sektorean hainbat urtetako esperientzia positiboa dutela iritzita, azpiegitura horri bigarren erabilera bat ematea erabaki zuen udalak.

Burujabetza ikuspegitik, argindarrarena bezala, internet konexioa herritarrentzako oinarrizkoa dela barneratua du Oñatiko udalak, eta, ahal duen neurrian, udalak berak —zerbitzua herritik kudeatzeko aukerak aztertzen aritu ondoren— Onaro telekomunikazio operadorea sortu du Izarkom operadore kooperatiboaren laguntzarekin, herritarrei zerbitzu “integrala” eskaintzeko.

Ahots asko dira kudeaketa publikoa ekonomikoki defizitarioa izaten dela diotenak, edo erakunde publikoei, gutxienez, buru hausteak besterik sortzen ez dizkiela, baina Oñatiko zinegotzi den Xabier Igartuak dioenez: «arreta zuzena, gertukoa eta engainurik gabea eskaintzeko aukera ematen du udalak sorturiko sozietate merkantil baten bidez egiteak». Horrela, herritarren beharrak herritik erantzuten dira, bertako hornitzaileekin elkarlanean; eta oinarrizko zerbitzuak herritik hobeto kudeatzen diren konbentzimendu osoa du udalak.

Lehen mailako zerbitzuen pribatizazioari buruz gero eta gehiago entzuten den garai hauetan, zaintza eta garraioak modu pribatuan kudeatzen direla ikusi dugu; herritarrok ezinbestekoa dugun ura geure etxetara ekartzeko zerbitzuak pribatizatzearen aldeko aldarriak, ere, entzuten hasiak gara; beraz, udal bat kontrako norabidean pausu finkoak ematen ikusteak esperantzari toki bat uzten dio.

Pin It on Pinterest

Share This