GERTUTASUNEKO ELIKAGAIAK

Testua: Labore Txingudi eta Hendaiakoop

Argazkiak: Gari Garaialde


Askorentzat agroekologia hitz potoloa eta ulergaitza bada ere, prozesu ekologikoak oinarri dituen nekazaritza ekoizpen sistema edo praktika da. Ingurumen ikuspegi soiletik harago, tokiko ezaugarri soziokulturalak, ekonomikoak eta teknikoak barne hartzen ditu.

Ezagutza eta praktika tradizionala oinarri, sistematizatizatzen, eta oinarri zientifikodun ezagutza metodologikoan bilakatzen da, ikuspegi holistikoa edo osoa duen ingurumenarekiko jasangarria, ekonomikoki efizientea eta gizartearekiko bidezkoa den nekazaritza eredua, alegia.

Jatea ezinbestekoa dugu bizitzeko, eta gure eskualdean jateko ekoizten dena ezagutarazi nahi dugu hurrengo lerroetan eta eskualdeko elikagaietatik abiatuz; km-0 ideiaren atzean dagoen esanahia aletzen saiatu gara. Elikagaiak sortu eta kontsumitzeko ikuspegi arduratsua aintzat hartuta, distantzia ez-ezik, tokikotasunari lotutako bioaniztasuna, sasoiaren garrantzia, lurrarekiko errespetua eta prozesu hori posible egiten duten tokiko eragileen suspertze ekonomikoa izan ditugu kontutan izenez motza baina adieraz zabala duen agroekologia kontzeptua azaltzeko.

KM-0 ELIKAGAIAK

Gure eskualdean ekoitzitako elikagaiek oso bidaia txikia egin behar dute sortu diren tokitik gure platereraino. Gertutasun horrek abantaila ezberdinak ditu: urtaro bakoitzari dagokiona jateko erraztasuna ematen digu, freskoago eta egora hobean iristen da etxera, eta egin duen bidea, gainera, motzagoa denez bidaia horrek gutxiago kaltetzen du ingurumena.

Elikagaiak gure etxetik gertu ekoizten direnean, Kilometro-0ko elikagaiak direla esaten dugu. Baina zein distantzia erreal da gertu? Zein baldintza bete behar da elikagai bat Km-0 dela onartua izateko?

  • Jatorria, gehienez, 100 km-ko erradioan izatea.
  • Sasoiko produktuak izatea.
  • Elikagaiak modu naturalean ekoiztea.
  • Ekoizleentzako ekonomia bidezkoago baten alde egitea eta tokiko ekonomia suspertzea, bitartekariak murriztuz eta ekoitzitakoaren onurak ekoizlearentzat izan daitezen.

Horrenbestez, Km 0 izenez definitzen ditugun elikagaiak ez dira soilik gure etxetik gertu sortutakoak; Ingumena errespetatzen duten nekazaritza ereduak erabiliz eta tokiko ekonomia bultzatuz, nekazari eta ekoizleentzako justuagoak diren lan baldintzak ahalbidetu eta banaketan kutsadura gutxiago sortzen duten elikagaiak dira.

NEKAZARITZA EKOLOGIKOA EDO BIOLOGIKOA

Nekazaritza biologikoak, baliabide naturalak zentzuz erabilita, lurraren emankortasuna denboran mantentzeko eta hobetzeko helburua du. Modu horretan, teknika ezberdinak erabiliz eta jatorri kimikoa duten produktuak erabili gabe, elikagaiak eta ingurumena kutsatu gabe ekoizten da.

Gizakiak ingurumenarekiko harremanean antolatzaile onak edo txarrak izan gaitezke. Naturarekiko gauzak gaizki, ondo ala oso ondo egiteko gai gara; Horregatik, antolaketa egoki baterako, naturak berak nola funtzionatzen duen jabetzea ezinbestekoa da. Ekoizpen ekologikoa bioaniztasunaren oreka mantentzean oinarritzen da naturak berak arazoei aurre egiteko dituen berezko moduak kontuan hartzen dituelako. Ekoizpen eredu horrek animalien ongizatea bermatzea ere izaten du oinarri.

ABELTZAINTZA ESTENTSIBOA

Animaliak ingurunean bazkatzen uzten dituen abeltzaintza motari deitzen diogu abeltzaintza estentsiboa. Animaliak ez daude itxita; eremu zabal batean ibiltzeko eta bazkatzeko aukera dute. Modu horretan, animaliak egoera hobean izaten dira. Animaliek bilatzen dute kontsumitzen duten janariaren parte handia; hortaz, abeltzainek ez diete janari guztia eman behar.

Baina ez da hori ingurumenarentzako ezaugarri on bakarra: energia gutxiago kontsumitzen da haiek hazteko, ez baitute denbora guztian toki itxi batean egon behar. Animaliak, elikagaiak sortzeko ekosistemen parte direnez, bioaniztasuna mantentzen laguntzen dute.

Abereak, ez dira soilik janaria; dauden tokian bazkatzen dutenean, eremu hori aberasten dute. Mendiari egiten dioten ekarpena handia da, mendien garbiketaz arduratzen dira suteak eragin ditzaketen sasiak gutxituz edo bideak mantenduz. Eta ez da ahaztu behar haien gorotza mendian sakabanatu eta ongarria dela naturarentzat.

KONTSUMO TALDEAK, BARATZA, SASKI ETA DENDAK

Kontsumitzaile edo erosle gisa tokiko elikagaiak non eskuratu argi izatea ez da beti erreza izaten. Azokak, ekoizleen produktuak lortzeko, ohiko tokiak izan dira, baina azokek egun eta ordutegi jakin bat dute, eta ez da beti erraza azokan egun, ekoizle eta kontsumitzaileek bat egitea.

Egoera horren aurrean, ekoizle zein kontsumitzaileok elikagaiak saldu edota erosteko modu berriak bilatu behar izan ditugu. Horren adibide dira kontsumo taldeak: kontsumitzaileak talde batean bildurik ekoizleen elikagaiak lortzeko sistema edota aukera berriak. Kontsumo talde guztiak ez dira berdinak; gure eskualdean, adibide ezberdinak ditugu, eta, ekoizle zein kontsumitzaileei, elikagaiak banatzeko edo lortzeko aukera ezberdinak ematen dizkiete.

Aukeren artean, kontsumo taldeetan dendak, baratza parte hartzaileak edota saski taldeak aurki ditzakegu besteak beste. Gure eskualdean, ekoizle eta kontsumitzaileen artean sortutako sare-azoka bat ere badugu.
Bertako elikagaien atzean, bertako nekazari, abeltzain eta ekoizle familiak daude. Gertutasun horrek, elikagai horiek nork ekoitzi dituen ezagutzeko aukera ematen digu.

ERAGILE KOMUNITARIOAK. ELIKADURA ERDIGUNEAN BESTEENTZAKO ERE

Ekoizleen lan egiteko modu jasangarria eta kontsumitzaile arduratsuen antolatzeko moduak ikusi eta gero, elikagaiak era jasangarrian sortu, lortu eta erabiltzearen ibilbidea itxita geratzen dela lirudike. Baina pixka bat pentsatzen hasiz gero, gure egunerokotasunean, ez dugu etxean prestatutakoa bakarrik jaten.

Jangelan, lanean, tabernan edo jatetxean prestatutako janaria etxera eramatea, ohiko moduak dira elikagaiak kontsumitzeko. Ogia etxean egin badaiteke ere, askok eta askok egunero erosten dugu.

Baina etxetik kanpo ere, tokiko elikadura erdigunean jartzea eta besteei eskaintzea erabaki duten aukera gehiago badugu gure eskualdean. Baditugu okin edota tabernak janari prestatua eskaintzen duen dendaren bat, bai eta oinarrian tokiko elikadura erabiltzen duen ikastetxe bateko jangela ere.

Eskaintza horien atzean, tokiko elikagaiak eraldatu eta besteentzako eskuragai jartzen dituzten pertsonak eta taldeak daude.

Taldean, komunitatean edota sarean, elikadura erdigunean jarri eta gure ingurumenaren alde ideiak garatu eta martxan jartzen baditugu, lortu dezakegunaren eragina handiagoa izango da. Horrela, emaitza hobeak lortu ditzakegu, finean, elkarrekin lan eginez indar handiagoa lortzen baita.

Pin It on Pinterest

Share This