ESEA ETA EMOZIOAK
TESTUA ETA IRUDIAK: ARA!GORPUTZ
Badago zerbait zaintza lana baina ez-ikusgarriagoa dena? Ikusgarritasun falta ez da kasuala, jendarte antolaketa kapitalistak horrela izatea nahiago du. Zenbat eta gutxiago ikusi, kapital metaketarako hobe. Produktiboagoa izango da dena, linealagoa, arrazionalagoa. “Aurrera eta gora” da beti leloa. Guk ordea jada badakigu “atzera eta barrura” egin gabe, ez dagoela iraultza posiblerik.
Bidai bat proposatzen dizugu. Ekonomia Feministak erakutsi digun izotz-mendiaren behealdean dagoen leku horretaraino. Ez da zertan bide bakartia izan. Guk espedizioa elkarrekin egitea proposatzen dizugu. Ez zaitugu eskutik askatuko. Honetan ere, elkarrekin, modu kolektibo eta komunitarioan joatea ezinbestekoa dela uste dugulako.
Irakurketa honekin jarraitzen ari bazara, agian jada ondorengo galdera etorri zaizu burura: Zein da toki hori? Zertaz ari dira hauek? Sentimenduez eta hauen ondorioz bizitzen ditugun emozioez ari gara. Tripetan dantzan (edota borrokan) izan ohi dugun guzti horretaz. Orduan, bazatoz?
HILEROKOAREN ZIKLOTIK, EMOZIOETARA
Urteak dira hilerokoaren zikloa behatzen gabiltzala. Hau da Ara!Gorputzen ildo nagusia eta baita arakatzen goazenaren ondorioak jasotzeko gure etxea ere. Norbanakotasuna eta harremana uztartuz lan egin dugu hasieratik. Eta gaur egun baieztatzen dugu, zikloaren behaketa auto-ezagutzarako tresna izateaz gain elkar-ezagutzarako baliagarria dela.
Ziklo bakoitzean zehar (nahiz eta hilerokoaren zikloa ez izan, denak gara ziklikoak), hainbat emozio gorpuzten ditugu. Batzuetan sentsazio xumeak dira gure barrenetan sentitzen ditugunak. Bestetan ordea, tsunami moduan iristen dira gure tripetako hondartza ertzetara. Maite ditugu poza, alaitasuna, itxaropena eta lasaitasuna, eta emozio hauekin, orokorrean, ez dugu inongo arazorik izaten. “Aurrera eta gora” goaz hauek sumatzen ditugunean.
“BESTE” EMOZIOAK, BAZTERTUTAKO SENTIPENAK
Baina zer gertatzen da “beste” emozioekin? Gure barruan erbesteratzen ditugun horiekin? Zer gertatzen da amorrua, tristura, angustia edota apatia sentitzen ditugunean? Orokorrean, eta esan bezala jendarte kapitalistaren mandatuz, alfonbren azpian (inkontzienteki gehienetan) sartzen ditugu. Baina, tsunami bat alfonbra baten azpian ezkutatzea benetan posible al da?
Guk, ezinezkoa dela uste dugu. Lehenago edo beranduago, bertan bildutako hauts eta zabor bola handiegia izango da, eta askotan ondoez psikiko eta emozionala jasateaz gain, fisikoki ere gaixotzera eramaten gaituzte. Honetaz gain, Mr.wonderfulismoa goraipatzen duen jendartearen parte garenez, ohikoa izaten da emozio hauek ditugunean, lotsa sentitzea. Are gehiago emakume* bezala heziak izan garenok, ze emakumeak* ez gara haserretzen, ezta?
EZ DIRA KAPRITXO BAT
Emozio guzti hauei ere tokia eginez gure ziklikotasuna balioztatzeko bide honetan, batzuetan, begirada edo hitz desatseginekin egin dugu topo. Inguru eraldatzaileetan eta beste zenbait aspektutan aliatu ditugunekin harremanean ere. Eta irteerako-laukira itzultzen sentitu gara: “Ez gaituzte sinesten”. Gure amorrua, gure tristura, gure gaizki-egona tokiz kanpo daudela dirudi eta, ondorioz, alfonbra-pean hobe daudela ondorioztatzera eraman gaitu.
Baina emozioak ez dira kapritxo bat, ezta gure iruditerian oraindik bizirauten duen ‘histeria1’ren ondorioetako bat ere. Sentitzen dugunarengatik goaz bizitzan gure bidea erabakitzen. Eta ez guztia modu arrazionalean, soilik burutik “aurrera eta gora” egiten duen balizko BBVAH edo Homo Economicus-aren moduan. Eredu hegemoniko hau erreproduzitzen jarraitzerik ez dugu nahi, ezta? Orduan, emozioei erreparatzen, hauek jasotzen zein aitortzen ikasten joan beharko dugu.
ESEa, ZAINTZAK ETA EGUNEROKO ERRONKAK
Ari gara, gure ustetan poliki baina sendo, Ekonomia Sozial eta Eraldatzailearen barruan zaintzaz hizketan. Bizitza bizigarriak denontzat nahi ditugulako eta, beraz, badakigulako zenbait aitortza eta deseraikitze prozesu ezinbestekoak direla.
Zaintza hitz potoloa da eta irakurketa pila izan ditzakeen arren, elkarrekin definizio ahalik eta pragmatikoenak topatzea ezinbestekoa dela uste dugu, denak parametro antzekoetan eragiten joan gaitezen.
Izotz masa arakatzeko prozesuak infinitua dirudi batzuetan. Beherago joan ahala, geruza gehiago agertzen direla konturatzen gara. Hasi gara ez-ikusgarriak eta ondorioz ez-baloratuak diren zaintza praktikoez hitz egiten. Lan erreproduktiboak gure proiektuetan txertatzen eta nolabait baloratzen, nahiz eta ibilbide luzea dugun oraindik.
Eta hemen bidaiarekin jarraitzeko galdera: Ze puntutaraino daude presente gure lan-bizitzetan emozioak jasotzeko, aitortzeko eta askotan utzi nahi dizkiguten altxorrei erreparatzeko baliabide eta denborak? Enpatia, entzute aktiboa, zaurgarritasuna eta epaiketa gabeko bidelaguntzak nahi-behar ditugu bidai honetan.