KULTURAZ, AZPEITIKO KULTUR KOOPERATIBA
ELKARRIZKETA: AITOR BENGOETXEA ODRIOZOLATESTUA: LZB
ARGAZKIAK: KULTURAZ
Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatibako kide da Aitor Bengoetxea Odriozola. Kooperatibak kudeatzen duen Dinamoa Sormen Gunean elkartu gara berekin, kulturaz, kudeaketa-ereduaz eta lankidetza publiko-komunitarioaz hitz egiteko.
-Nola azalduko zenukete zer den Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatiba?
Kulturaz Kooperatiba euskal kultura modu integralean lantzen dugun irabazi asmo gabeko egitura profesional bat gara. Autonomia, elkarlana eta izaera soziala ardatz hartuta, kudeaketa eredu propio bat garatzen diharduen lantalde zabal bat. Kooperatiba 2011an sortu genuen, Azpeitiko Kultur Mahaiaren eskutik, herriari kultur kudeaketa desberdin baten ekarpena egiteko asmoz. Zaharkituak eta biziatuak zeuden molde batzuk hautsi eta antolaketa modu berriak txertatzen hasi ginen herriko kultur dinamikan, zain egon beharrean geuk egiten, udalaren esku zeuden baliabideak modu erabilgarriagoan artikulatzen. Horrela, bost lagunek osatutako lantalde bat izatetik hogeita bost izatera iritsi gara; kultur ekitaldien eskaintza egitetik askotariko kultur proiektuak sortzera; kulturgune bat kudeatzetik hiru kultur azpiegitura kudeatzera.
-Azpeitiko eredua beste herrietarako baliogarria dela deritzozue?
Herri bakoitzak bere beharrak eta nahiak aztertu behar ditu. Beste herriek Azpeitiko eredua kontuan hartu ahalko lukete dituen zenbait ezaugarri bereganatzeko baina ezingo lukete goitik behera bere horretan itsu-itsuan ezarri, ez bailuke funtzionatuko. Tokian tokiko errealitateari erantzun behar zaio, nabardura eta berezitasun asko baitaude herri bakoitzeko kultur dinamiketan. Gainera, ez da egun batetik bestera eta betiko ezartzen den zerbait. Modu kolektibo eta zabal batean funtzionatzeko eredu batek denbora asko eskatzen du, bidea egin egin behar da, garapen baten beharra du, bere hanka sartze eta lorpenekin.
-Lankidetza publiko-komunitarioaren adibide garbia zarete. Zein abantaila ikusten dizkiozue eredu honi? Tentsiorik sortzen dizue?
Aspalditik errotuak ditugun publikoaren eta pribatuaren kontzeptu zurrunak desegiteko aukera ematen digu, kulturaren bitartez herritarren onura modu zabalagoan ulertzekoa, komunalarengandik gertuago. Udalaren esku dauden baina herriarenak diren azpiegiturak kudeatzen ditugu irabazi asmo gabeko egitura profesional baten bitartez eta aldi berean parte hartzeko modu anitzak sustatuaz (batzar irekiak, kulturzaleentzako lantaldeak, proiektu herritarrak…). Horrela kulturak zentzu aberatsagoa hartzen du, partekatuagoa da, benetakoagoa, biziagoa, erabilgarriagoa. Tentsioak badaude, noski, eta hein handi batean beharrezkoak ere badira erne eta bizirik mantentzen baikaituzte. Ohikoak ez diren lankidetza formuletan eragile bakoitzaren rol eta ardurak malguagoak izaten dira eta horrek ere sortzen dizkie batzuetan egonezinak zenbaiti.
-Nola ulertzen duzue “kultura” hitza Kulturaz kooperatiban?
Ziurrenik kide bakoitzari galdetuz gero nabardura desberdinekin erantzungo lizuke, baina oro har esango nuke kultura ulertzeko modu zabala eta aberatsa dugula, ohiko ikuskizunetatik eta jardunetatik haratago gure herriko gizartearen izaera osatzen duten adierazpideen multzo gisa. Kontuan izan kultur ekitaldietatik haratago dozenatik gora proiektu jorratzen ditugula, bertako zein kanpoko hainbat gizarte eta kultur eragilerekin lankidetzan aritzen garela, sormen eta transmisio dinamika zabalak jorratzen ditugula eta herriko hiru ikastetxeekin ere sentsibilizazio ekimenen programa oso bat dugula martxan, besteak beste. Beraz, jardun oso horretan gurutzatzen diren balio eta baloreen mataza konplexu bat izango litzateke gutxienera jota.
-2019ko datuak ikusita (pandemia aurreko azkeneko urtea), 200 ekitalditik gora antolatu zenituzten (bataz beste ia 4 ekitaldi astean), 55.000 ikus-entzule izan zituztenak. 180.000 biztanleko hiri baten datuak dira hauek, baina Azpeitiak 15.000 biztanle besterik ez ditu. Nola lortzen da hau?
Zenbakiak zenbaki lortu dena herriko kultur mugimenduaren eraldaketa bat da. Gutxienez bi hamarkadetako lanaren ondorioa izan da hau. Aurreko urteetan etxeko lanak eginak genituen herriko kultur dinamika josten Kultur Mahaiaren bitartez, herriarekin eta herriarentzat sortu genuen guztia. Hasieratik, Sanagustin kulturguneko proiektuaren bideragarritasunaren gako nagusia ekonomikoa izateaz haratago pultsu soziala zela argi genuen. Ateak ireki genituenean herriak gogotsu erantzun zuen eta kultur olatu interesgarri bat sortzen hasi zen. Kontuan izan Azpeitian orain hamaika urte ez zegoela horrelako kultur jardun egituraturik, ez horrelako eskaintzarik, ez eta kultur ekitaldi batetara sarrera ordainduta joateko batere ohiturarik ere. Erraza ez den arren, egiteko moduak aldatzean inguruko gauzak aldatu egiten dira eta argi dugu kultura eraldaketa sozialerako lanabes egokia dela.
-Aipatutako ekitaldi hauetatik %90-a euskaraz izan dira…
Noski, ezin zitekeen beste modu batean izan, horrelaxe dakigu egiten. Gure proiektuaren ardatzetako bat euskaraz eta euskaratik aritzea da, bizitzea, maitatzea, lantzea… modu naturalean erabiltzea. Egia da gure eskualdean euskararen erabilera altua dela eta alde horretatik badugula arnasgune natural bat. Ordea, horrek ematen dizu berau zaindu beharraren ardura eta erosotasunean ez erortzeko tentsio punttua ere.
-Zeintzuk dira zuen erronkak etorkizunerako? Zein proiektutan ari zarete lanean?
Epe laburrera begira eta gure auto-finantziazio maila gutxi gora behera %80an mantentzen saiatzen garela kontuan hartuta, hiru eraikin eta hogeita bost langile mantentzearen erronka bideragarri egitea ez da gutxi. Epe ertain-luzera begiratuz gero, etorkizuneko kulturzaleak sortzea eta heztea da gure erronka nagusienetako bat. Datozen belaunaldietan dugu begi bat jarrita eta eurengan kulturzaletasuna sustatzea da gure nahia. Badakigu kultur kontsumo ohiturak aldatzen doazela, kultura eta aisia nahi eran moldatzen dituen kapitalismoaren makinaria torlojuak estutzen ari dela, erdarak indartsu sartzen ari direla gure pantaila eta mihietan… badago zer egin. Bestalde, datozen hilabeteetan Dinamoko soinuaren eremua irekiko dugu eta sormen gunea osatuta geratuko zaigu. Gainera, eskualdean dugun hutsuneari erantzunez liburu denda bat irekitzearen aukera aztertzen ari gara hainbat eragilerekin lanean. Ez gara geldirik egotekoak.
2021ean Azpeitiko Udalarekin sinatutako hitzarmenaren ondorioz herriko hiru kultura ekipamendu nagusiak kudeatzen ditu:
Soreasu antzokia: 800 m2 eta 540 eserleku dituen antzokia.
Sanagustin kulturgunea: 550 m2 eta 560 lagunentzako aforoa duen espazio balioanitza, kultura jarduerak eta ostalaritza uztartzen dituena.
Dinamoa Sormen Gunea: 1.600 m2-ko sormen gune zabala; irudia, hitza, gorputza eta soinuarekin zerikusia daukan sormen adierazpen orori bide emateko laborategia.