MUSEO IBILTARIA

KULTURAKADA ZIKLOAREN LEHEN EKIMENA

ARGAZKIAK: GARI GARAIALDE

Otsailaren 12a, larunbata. Goizeko 11:30ean Santiago kaleko Berruta dendaren aurrean 20 bat lagun bilduta, batzuk bertako bermuta eskutan, beste batzuk zain. Ia puntual eman zioten Ziztakako kideek hasiera ekimenari, museo ibiltariari. Aurkezpen motz baten ondotik, Berrutara sartzeko aukera izan genuen; bertan, Ane Zufiaurre Seijo ilustratzailearen lanak ikusi genituen. Bisaia seriea aurkeztu zuen Anek, forma geometrikoz osaturiko laminak, zuri beltzean; ondoan, hamaika koloretako garagardo latak, gorputzak goxatzeko ukenduak eta handik eta hemendik ekarritako kafe usaina.

Aneren lanak eta bertako produktuak atzean utzita, Oiasso museoko tabernara joan ginen. Bertan Patri Taberna diseinatzaile grafiko eta ilustratzaileak bere lanaren nondik norakoak azaldu zizkigun: inguruko txokoetan inspiratutako ilustrazioak eta neguko hainbat paisaia ikusi ahal izan genituen.

Aurrera eginda, Foru kalera heldu ginen, Labegorri okindegira. Ordurako Josu zain genuen; ogiaz gainera, Nafarroako gazta pare bat atera zizkigun dastatzeko, benetan plazera horrela aritzea! Lokalera sasoian sasoikoa ekartzen du: onddoak, piperrak, babarrunak… Oraingoan, ordea, Iraitz Arabolazaren lanak genituen ikusgai. Alde batetik, belarritakoak. Iraitzek kontatu zigun nola haren pasioa den bitxiak sortzea, eta nola atsegin duen haiekin lan egitea. Kolore eta forma ugari genituen gozagarri. Bestalde, hainbat emakumeren laminak zeuden zintzilik, Atziri taldeak sortutakoak. Entzun genuenagatik, esanguratsu izan diren emakumeei artearen bidez eginiko omenaldia da, eta, laminez gain, bakoitzaren azalpentxoa ere badakar; hala nola, Frida Kahlo, Angela Davis, Saregileak eta euskal raketistak.

Iraitzen koloreak eta Josuren zaporeak utziz, metro gutxira, Mari tabernara heldu ginen. Bertan larunbat eguzkitsu bateko giroa sumatzen zen, eta euskara goxoan atera zizkiguten zurito, ardo edo muztioak. Gainera, barruan, Eric Bengoetxearen Txikiteruak izeneko seriea genuen ikusgai; ardoarekin margoturiko gizonezkoen erretratuak, enoartea. Ezin egokiagoa geunden tenorerako. Nahiz eta gizon arruntak diruditen, erretratu bakoitzaren eta ezizen hauen atzean, gutuntxoak ezkutatzen dira, umore beltzez, eta kritika sozialez beterikoak. Irribarrez atera ginen tabernatik, gizon horien aurpegiak begiratu ondoren.

Azken geltokia Pio XII auzoan genuen: Sarah Grandes artistaren Hache estudioan. Han zegoen berarekin batera haren lau hankadun laguntzailea ere. Sarah-ren estudioan Jonen, Itsasartea ezizenez ezagutua sare sozialetan, lanak genituen ikusgai. Itsasoak nahi ez eta jaurti ostean Jaizkibelgo kaletan topatutako egur arrastoekin osatzen ditu bere lanak. Itsasoa du ardatz, eta baita materialen hornitzaile ere. Azken geltokian, Sarah-ren estudioan, material birziklatuz egindako egurrezko bale, itsasargi eta surflariak ikusi ahal izan genituen. Zoragarria da halako artistak etxetik hain gertu ditugula ikustea.

Ia 30 laguneko kuadrillan amaitu genuen museo ibiltaria, giro goxoan eta goiza aprobetxatzen duenaren sentsazioarekin.

Ziztakaren KULTURAKADA! izeneko zikloaren lehen ekimena izan zen; hurrengoa martxoaren 12an izango da eta literatura izango du ardatz, auskalo zer deskubrituko dugun!

Pin It on Pinterest

Share This