MARTXOAK 4 KAPITALAREN AURKA ZAINTZAKO LANGILE ETA HERRITARREN LANAREN AITORTZA: BIZITZA ETA ZAINTZA ZENTROAN
BEHE BIDASOAKO ESKUBIDE SOZIALEN KARTA ZAINTZA SISTEMA PUBLIKO ETA LAITATEZKO BATEN ALDE. MOBILIZAZIO HERRITARRERA DEIALDIAHeldu den martxoaren 4an, zaintzan oinarritzen diren sektoreek greba eguna dute berriz. Euskal Herriko sindikatuen artean batasuna dago (ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK). “Zaintza lanen aitortza, ORAIN!. Zaindu zaintzen gaituena” lelopean aterako dira.
Sindikatuekin batera, Behe Bidasoko Eskubide Sozialen Kartaren koordinazioan martxoaren 4a mobilizazio eguna izan dadila nahi dugu. Ez soilik sindikatuena, ez soilik zaintzaileena; zaintzan inplikatuta dauden agente guztiena ere bai. Behe Bidasoko Eskubide Sozialen Kartako kideok gizarte osoa barnebiltzen duen deialdia dela ulertzen dugu. Izan ere, diskurtso patriarkal eta liberalek babesten duten norbanakotasunaren, autosufizientziaren eta lotura komunitario ezaren diskurtsoarekin kontrajarrita, gure bizitzetan inoiz-inoiz zaindu beharko gaituztenaren ideia asumitu behar dugula uste dugu berandu baino lehen.
Kapitalak bere “hazkuntza” ekonomikorako ezinbestean behar ditu giza, natur zein baliabide publiko guztiak. Horren aurrean, bizitza aldarrikatu behar dugula uste dugu. Alegia, behar bezain beste baliabide zaintza sistema publiko eta duina bermatzeko.
Elkarmenpekotasunean bizi garen neurrian, gure bizitza etengabeko elkar zaintza mutuoa da. Gizaki sozialak gara gu; ez bakartutako perretxikoak. Are gehiago haurtzaro, zahartzaro zein eritasun graduaren arabera menpekotasun gradua handitu egiten denean. Ukaezina da zaintza sistema duinik gabe pertsonon bideragarritasuna ezinezkoa dela. Areago, gizartearen bideragarritasuna ezinezkoa dela. Zaintzarik gabe ez da pertsonarik eta pertsonarik gabe ez da gizarterik.
Beraz, eskualdeko Karta Sozialeko kideok zinez uste dugu arduraz jokatzea dela martxoaren 4an sindikatuek egin duten greba deialdian parte hartzea.
Ez da gauza berria, zaintza pribatizatu eta merkatuaren menpe dagoena; zaintza, zaintza beraren aurrean onura ekonomikoak lehenesten dituzten enpresa pribatuen eskuetan dago. Hori gutxi ez eta, diru publikoz finantzaturiko egiturak direna ere jakina da. Ez al da onartezina bizitzarekin negozioa egiten duen gizarte batek bere burua “aurreratutzat” izatea? Profesionalizatutako zaintza sarea publikoa, duina, unibertsala eta doakoa izan behar du. Bai ala bai.
Izurrite honetan orain arteko zaintzaren ereduaren gabezia nabarmen geratu da. Euskal Autonomia Erkidegoa estatu independentea balitz, munduko heriotza tasarik handiena duen estatua litzateke Belgikaren ostean. Ez dugu ahaztu behar, gaixotu direnen artean herenak merkatuaren menpe dauden zaintza sistemaren zerbitzua jasotzen duela edo bertan egiten duela lan. Zerbitzu eredu horrek gaixotu eta akabatu egiten du. Ezinbestekoa da zaintza sistema desmerkantilizatzea, horregatik, eskualdeko Eskubide Sozialen Kartako kideok publifikazioaren aldarriarekin bat egiten dugu.
Langileen lan baldintzak hobetzea ezinbestekoa da zerbitzua jaso behar duten pertsonek arreta duin eta integrala izan dezaten bizitzaren zikloan zehar; jaiotzetik heriotza bitarte. Aldarrikatzen dugun ereduaren oinarria gertutasunean, kalitatean eta errespetuan datza.
Beraz, Behe Bidasoko Eskubide Sozialen Kartako kideok gure egiten ditugu gehiengo sindikalak dituen hurrengo aldarriak:
- Zaurgarritasun berezian dauden pertsonen arreta zerbitzuen publifikazioa. (etxez etxeko zerbitzua, eguneko zentroak, erresidentziak, etxebizitza komunitarioak, totoretzapeko etxebizitzak, aterpetxeak eta esku-hartze sozialeko zerbitzuak).
- Enplegu zuzen eta azpikontratatutako enpleguak kontsolidatzea eta subrogazioa bermatzea. Baita behin behineko lanpostuetan ere.
- 10.000 profesional berriren kontratazioa eta lanaldiak %100eko lanaldietara zabaltzea (kontrako eskakizun esplizituak salbu).
- Generoaren araberako soldata arrakala gainditzeko neurri bereziak eta zaintzaren balio sozial eta produktiboaren aitortza.
- Zuzeneko arreta zerbitzuen ratioen hobekuntza eta behin behineko ezgaitasunaren lehen egunetik langilearen ordezkatzea bermatzea.
- Lan osasuna bermatzeko neurri egokiak inplementatzea. Bereziki arrisku psikosozialei dagokienean.
- Izurriteak eragindako kalte larri emozionalak gainditzeko plan espezifikoak.
Zaintzaren krisiaren aurrean aliantza amarauna josten jarraitu behar dugula uste dugu, agente sozial ezberdinen saretzea ezinbestekoa baita aurrera atera ahal izateko. Bide honetan, Behe Bidasoko Eskubide Sozialen Karta beti izango da bidelagun.
Honegatik guztiagatik, elkarte, mugimendu, norbanako zein eragile guztiei gonbita luzatu nahi diegu hurrengo martxoaren 4an, arratsaldeko 19.00tan Zabaltza Plazan, zaintza langileei elkartasuna adierazteko egingo dugun elkarretaratzean parte hartu dezaten eta mezua zabaldu dezaten.
Dena dago jokoan.
Zaindu dezagun zaintzen gaituena. Borroka dezagun zaintzen gaituenaren alde.
Kapitalaren heriotza erregimenaren aurrean, borroka dezagun bizitzaren alde!
Behe Bidasoko Eskubide Sozialen Karta
Behe Bidasoa, 2021-eko Otsailaren 25-ean