AUZOGINTZAREN UNEA

AUZOA ETA HONEN APOLOGIA EGITEKO LAU ZUTABE

IKER EIZAGIRRE

Hipotesi bat dugu, eta egin ahalak egingo ditugu praktikan frogatzeko: Auzoa parez pare ditugun erronka askori erantzuteko tresna da. Ez da, inondik inora, hipotesi nostalgiko bat, kapitalismo-pandemiko globalaren garaikide da. Ez da inportatua, gero eta hiritarragoa den Euskal Herritik egina da. Dena likido bihurtzen ei den garai hauetan, historiaren azkartze fase zoroan, Joseba Azkarragak darabilen “harrigintza berrirako” heldulekua da auzoa.

BAINA ZE AUZO KONTZEPTU BEHAR DUGU HORRETARAKO?

Hasteko Auzoa gertakari espazial bat baino gehiago da. Erraza da bizipen eta senez auzo bat identifikatzea; zailagoa ordea, definizio bat eskaintzea. Guk honen ulermenerako hiru dimentsio proposatzen ditugu: Espazioa, antolaketa soziala eta identitatea.

Auzoa, antzeko kondizioa dutenekin partekatzen dugun hiri eremu jakin bat da, noski. Gure hiriak hiru garai historikoren uztarketa espaziala direla esan dezakegu: Hiri historikoa (alde zaharrak), sarri “nortasun aldarrikatuaren” lekune, hiri modernoa XIX. eta XX. Mendeko zabalkundeen ondorio (egungo auzoen garaia) eta hiri neoliberala. Hiri neoliberal honek lurraldea merkantzia bezala ulertzen du (kapitalak erakartzeko bide), eta gure hiriak eraikin esanguratsu, ebento, higiezin-burbuila, azpiegitura handi, edota “start up” eta negozio eredu “cool”-ekin betetzen ditu. Sarri hiriko auzoen enklasamenduan sakonduz, eta turistifikazio prozesuak eraginez.

Baina hiri gune-ezberdinduetan sortzen diren harreman sozialek egiten dute espazioa komunitate bizi eta bereizgarri. Egoiliarren artean partekatzen dugun “habitat” hori hobetzeko antolaketa prozesuetan ehuntzen dira auzoak errealitate sozial gisa, hirian izaera espezifikoa duten komunitate auto-kontziente. Horren erakusgarri dira auzo-elkarteak, komunitate espazial honen erakunde izanik, berehalako bizi-baldintzak hobetzeari begira hiriarekiko klabe antagonistetan hezurmamitzen direnak.

Era berean, behetik gorako antolaketa hori nortasuna indartzeko prozesu bat da. Hiriaren baitan ni-gu-haiek erlazioa antolatzeko erreferentzia da auzoa; beraz, badu “dimentsio identitario” bat. Ulertzen dugun eta ulertzen gaituen kolektibo lurraldetu baten parte izatearen prozesua. Arrotz gertatzen zaigun hiriaren zabaltasunean, “errepublika txikiago” eta gertuagoko baten parte aktibo izatearen harrotasunean adierazten dena. Hito handirik gabe, egunerokoan, parke, jolastoki, komertzio ezagunen eguneroko hartu-emanetan loratzen den lotura. Garai zoro hauetan, komunitate ezagun bat, ziurtasun bat, helduleku bat emanez auzotarrei.

Esandakoak ondorio pozgarria du guretzat: Auzoak egin egiten dira. Auzoa guztiaren gainetik fenomeno sozial eta historiko bat da, behetik gora egiten dena, komunitatea duena oinarri eta baduena beti errebeldiarako tendentzia. Hortaz, auzoa bizi edo ez gure esku dago.

Garaia da auzo-gintza mota honen apologia egiteko. Historiaren azkartze fase honetan gainera, lehen lerroko egiteko bat bezala aurkezten zaigu. Pisuzko lau elementu ditugu, gutxienez, honen apologia sustengatzen dutenak.

1. HIRI DEMOKRAZIAN SAKONTZEKO GARAIA

Demokrazia borrokarako kontzeptua da, adierazle hutsa berez, indar korrelazio sozialen arabera zehazten dena praktikan. Izan ere, hiri, udalerri edo auzo jakin batean herritarrek parte hartzeko sistema eta praktika konkretuak dira, indarrean dagoen demokrazia eredua zehaztuko dutenak. “Parte hartzearen” inflazio diskurtsiboa bizi dugun garai honetan, gakoa da demokraziaren zentzu praktikoa gure egitea.

2008Ko krisi kapitalistak ekarri zuen klase politikoaren deslegitimazio azkarrari aurre egiteko erantzunetako bat, “parte hartzearen burbuila” puztea izan zen. Han-hemen prozesuak, han-hemen balizko parte hartze esperientziak. Gehienak parte hartze esperientzia puntualak, garapen eskasekoak eta beti arduradun tekniko/politikoen beto eskubideak baldintzatuta. Salbuespenak salbuespen balantze eskasa utzi digun apustuak: Hiritarron erabaki gaitasun erreala ez da hazi/hobetu eta “parte hartzea”-rekiko mesfidantza zabaldu da. Paradigma hau agortua dago.

Auzo-gintza behar dugu, gure hirietan erabakimen eskala eroso eta eraginkorragoak eraikitzeko, iraunkorrak eta termino humanoetan jasangarriak. Auzoetan, hirian ez bezala, gaitasun hori duten subjektu komunitarioak indartzeko abagunea handia da. Hortaz, hiri demokrazian sakontzeko, honen gobernu sistema eraldatzeko leku nagusi dira auzoak.

2. TOKIKO GARAPENA HIRIAN GAUZATZEKO GARAIA

Ogia erostera joateak, bazkal osteko terrazako kafetxoak, farmaziara joateak, etab. auzo-gune berberean egin ahal izateak sustraitzen ditu materialki gure eguneroko harremanak. Auzoa da gertuko ekonomiaren esparrua, berau humanizatzen duena eta konfiantzan oinarritzen dena; termino horietan indartu beharra dago.

Errentagarritasun kapitalistaren legeak, lurrarekin espekulatu du, merkatal gune handiak eraikiz hiri periferietan, eta enplegu edota kontsumo beharrean, gure kotxetan sartu gaitu, hara eta hona mugitu araziz, denbora galduz joan-etorri hauetan. Mugimendu honek sortutako denbora galtze horren aurrean, on-line salmenta aurkeztu digu kapitalak. Guzti honek, auzoa ahuldu du erlazionatzeko espazio gisa. Etxea-kotxea-lana-kotxea-etxea eskemarekin arautzen diren bizi-moduak oso kaltegarriak dira auzogintzarako.

Edozein komunitatek bezala, auzoak badu ahalbidetzen duen oinarri ekonomiko-material bat, eguneroko hartu-eman sozialak oztopatu edo errazten dituena. Auzoan bizi eta auzoa egin ahal izateko, tokiko garapen komunitarioan oinarrituriko estrategia behar dugu gure hirietan, auzoa, lehen lerroko eremu ekonomiko bezala landuko dituena, gure egunerokoa bertan egitea ahalbidetuz.

3. HIRI ANTOLAMENDUA ETA ESPAZIOAREN EKOIZPENA DEMOKRATIZATZEKO GARAIA

Lurralde antolamendua, hiriaren ekoizpena eta hortaz, gure bizi eremuaren diseinu eta ekoizpena hiritarroi historikoki ebatsi zaigun eskubide kolektibo bat da. Batzuetan espekulazio pribatuaren mesedetan, beste askotan arau/legedi ulergaitzek ahalbideratua. Honi loturiko prozesu parte hartzaile gehienak oso esku hartze puntualei begira eginak dira: Parkearen nolakotasuna edota irisgarritasun oztopoen inguruko “inkestak”.

Hiriaren planifikazio eta demokratizaziorako tresna eta sistema berriak behar ditugu eta auzoak, horiek martxan jartzeko abagunea ematen digu. Zergatik? Praktikan, demokratikoagoa izan daitekeelako hiria, norberak ezagutzen duen eremutik planifikatzen hastea. Gertuko komunitatearekin, parte hartze espazio eroso eta ulergarrietan.

Hiria eta espazioaren eraikuntza demokratiko baterako, behetik gorako logikak eraiki behar ditugu, eta hauek auzoetatik hasten dira hauentzako eraginkorrak izango diren planifikazio tresna berriak erabiliz.

4. KOMUNITATEEN ITZULERA PRESTATZEKO GARAIA

Gu-tasuna “ni”-aren ezinbesteko osagarria da. “Ni”-tik harago doan pertenentzia hau, toki askotan bilatu daiteke: familian, korronte politiko batean edota FaceBook-eko orri batean, adibidez. Kapitalismo berantiarrak eta tarteka honen abangoardia kulturalean egon diren jarrera eta ikuskera postmoderno askok, indibidualismoarekin lotu dute askatasuna, “komunitatea” inposizio eta askatasun faltarekin lotuz.

Emantzipazioa eta hiriaren inter-sekzioan, komunitatea ezinbesteko osagaia da, izan ere, komunitateak izan dezake adiera politikoa: Bere izaera kolektiboaz jabe den, eta harreman sare trinko eta horizontalez josia den subjektu botereduna izan daiteke.

Identitatea eta honen erreferentzia den komunitatearen ehuntzea, ez da eztabaida metafisikoa inondik inora: Egunerokoan baldintzatzen gaituen duen afera guztiz materiala da. Kalean lasai ibili eta segurtasun sentsazioa izatea da, zaintzak kolektibizatzeko espazioa eraikitzea da (haurrak parkean uzteko lasaitasunez), behekoen arteko elkartasuna ehuntzeko lur-zorua da (jatorri, genero edota kultur aniztasuna egunerokoan balio positibo bilakatuz), eta bada finean, gero eta hiritarragoa den Euskal Herri honetan, pertsona bezala garatu ahal izateko “habitat” sozio-espazial ziur eta aurrerakoi bat eraiki ahal izateko lehen orubea.

Gure hiri konplexu eta gatazkatsuetan, pertsona eta kolektibo bezala garatu ahal izateko ingurumariak eraiki beharrean gaude, komunitarioak eta anitzak. “Gu”-tasun berri eta emantzipatzaile horien eskala, berriz ere auzoa da.

Pin It on Pinterest

Share This