5 URTEZ EUSKAL HERRIA TELEKOMUNIKAZIO BURUJABETZAN AHALDUNTZEN

IZARKOM

TESTUA ETA ARGAZKIAK: GARI GARAIALDE

Izarkom Telekomunikazio Kooperatibak 5 urte bete berri dituela aitzakia bezala hartuta, bertako hiru kiderekin eseri gara proiektuaren nondik-norakoak ezagutzeko. Mahaian eseri zaizkigu Iker Garaialde zuzendaria, Amaia Oca errektoretza kontseiluko lehendakaria eta Yaiza Arrizabalaga komunikazio arduraduna.

-5 urte bete dituzue jada, baina baliteke oraindik Izarkom ezagutzen ez duen jendea izatea gure irakurleen artean. Beraz, lehenengo galdera, zer da Izarkom?

Iker Garaialde: Izarkom telekomunikazio operadora bat da, gainontzeko operadora guztiek eskaintzen dituzten zerbitzu berak eskaintzen dituena, baina egia esateko, operadore bat dela esatea, besterik gabe, motz geratzea da. Izarkom, berez, herrigintzarako proiektu bat da, hau da, herri batek edo gizarte batek, bere telekomunikazio zerbitzuak nola jaso nahi dituen erabaki eta lantzeko proiektua da.

-Gainontzeko operadoreek eskaintzen dituzten zerbitzuak eskaintzen dituela esan duzue, baina zein zerbitzu dira horiek?

Amaia Oca: Internet konexioa modu ezberdinetan, zuntz bidez, irrati lotura bidez, edo 4G bidez, telefono mugikor lineak eta telefono finko zerbitzua. Bestalde, erakunde edo enpresentzako telekomunikazioen inguruko aholkularitza ere eskaintzen dugu.

-Noiz eta zergatik sortu zen Izarkom?

I.G. Izarkom 2017ko maiatzean erregistratu genuen kooperatiben erregistroan, baina sortze data 2017ko abenduaren 14a hartzen dugu, egun hartan egin genuelako proiektuaren aurkezpena Iruñean eta ordutik aurrera hasi ginelako hazten.

-Zergatik?

I.G. 2011. urtetik hona, Nazio Batuen erakundeak zenbait ebazpen eta txosten argitaratu ditu Internet Giza Eskubide gisa babestu beharraren inguruan eta gobernuei Interneterako konexioa herritar guztien eskura jarri zezatela eskatuz. Informaziorako, hezkuntzarako edo beste eskubide garrantzitsuetara heltzeko ezinbesteko tresna bihurtu da. Interneterako sarbidearen merkantilizazioaren ondorioz baina, erakunde publikoek, zailtasun eta oztopo handiak dituzte Internet sarbide duin bat hedatzeko. Honela, Interneterako sarbidea, hirietan eta maila ekonomiko ertain eta altuenetako gizarte taldeetan zabaldu da bereziki eta landa eremuetako edota dirusarrera gutxieneko biztanleek zailtasun handiak dituzte. Horregatik Euskal Herrian Interneterako konexioa izateko eskubide hori demokratikoki gauzatu ahal izateko herri proiektua da Izarkom. Telekomunikazio zerbitzu horiek enpresa pribatu eta transnazionalen bidez jaso beharrean, gizarte bezala antolatu eta behar ditugun zerbitzuak guk geuk eskuratzeko helburua duena.

Yaiza Arrizabalaga: Beste zenbait zerbitzu modu publikoan jasotzea normalizatuta dugu eta horiek pribatizatzea eskandalutzat joko genukeen, aldiz, gure gizartearentzako oinarrizkoak diren telekomunikazio zerbitzuak enpresa pribatuen bidez jasotzen ditugu eta barneratuta dugu joko-zelai hau. Gizartearen arrakala digitalaren gainean hausnartu, eragin eta zerbitzu hauek beste modu batean eskuratzeko proiektua da Izarkom.

-Zerk bereizten du Izarkom, gainontzeko beste telekomunikazio operadora horietatik?

A.O. Alde batetik oraintxe aipatu ditugun helburuak daude. Izarkom beste operadorengandik bereizten duena, batez ere, proiektuaren filosofia da.

Alde praktikoan, edo eguneroko funtzionamenduari dagokionez, euskaraz sortutako proiektu bat da eta erabiltzaileenganako komunikazioa eta arreta zerbitzua euskaraz ematen dugu.

Horrez gain, gertuko arreta zerbitzua eskaintzen dugu. Kezka edo arazo bat duenak Izarkomera deitzen duenean, pertsona bat topatuko du linearen beste aldean, eta guk ere, argi dugu pertsonekin ari garela hizketan eta hori asko eskertzen du erabiltzaileak. Zerbitzuen kalitateari buruz, beste edonork eskaini dezakeen moduko zerbitzua eskaintzen dugu, ez gutxiago.

Y.A. Gainera, Izarkom ez da ahalik eta gehien saltzeko helburua duen enpresa bat. Bazkidearen neurrira egokitutako zerbitzua ematen dugu; bere beharretan oinarrituta. Izarkomek ez du eskaintza deigarrien bidez ahalik eta gehien saltzea bilatzen, eta hori sumatu egiten du Izarkomera informazio eske deitzen duenak. Gure filosofiarekin eta helburu teorikoekin du zerikusia, baina egunerokoan, erabiltzailearekin dugun harremanean eragin handia du.

A.O. Hori da, guk entzun egiten dugu eta horri erantzun bat ematen diogu, zerbitzu bat eskaini. Guk ez dugu produktu bat saltzen, zerbitzu bat eskaintzen dugu. Jende askok ez du argi zer den 100Mb/seg.ko abiadura izatea edo zenbat diren 15 Gb datu; zenbat eta gehiago, orduan eta hobeto ideia sartu digute barruraino eta askotan ez dugu hainbeste behar izaten. Gainera behar baino gehiago kontsumitzeak aztarna ekologikoaren areagotzea dakar.

-Kooperatiba eredua erabaki zenuten Izarkom martxan jartzeko, baina zergatik eratu zenuten kooperatiba bat?

I.G. Gure helburuak bete ahal izateko eredu aproposena zela iruditu zitzaigulako aukeratu genuen Kooperatiba eredua. Guk proiektu ireki eta parte-hartzaile bat sortu nahi genuen; proiektura gehituko zen lagun orok bere ahotsa izan eta erabakietan parte hartzeko aukera edukiko zukelarik. Proiektu kolektibo bat jarri nahi genuen martxan eta elkarlaneko proiektu hori juridikoki antolatzeko modu aproposena kooperatibaren eredua iruditu zitzaigun. Gainera, langileen antolaketa beste eredu batzuk baino modu demokratikoago eta horizontalagoan egiteko aukera ematen du kooperatibak. Langileak ez dira nagusi edo jabe baten enplegatuak, proiektuaren parte diren unetik proiektuaren erabakietan ahotsa eta botoa dute. Argi genuen, telekomunikazio arloko aferei erantzun bat eman nahi bagenien, barne antolaketa eta langileei zegozkien esparruei ere arreta jarri behar geniela.

-Lehentxeago aipatu duzue telekomunikazio zerbitzu hauek transnazionalen eskutik jasotzera ohituta gaudela. Izugarrizko enpresak dira, publizitatean diru asko gastatzen dutenak eta presentzia izugarria dute marka horiek gure egunerokoan. Nola moldatzen da Izarkom itsaso horretan, nola bilatzen du Izarkomek bidea erraldoi horien zelai berean jokatzen?

A.O. Ez nuke esango bi liga direnik, bata haiena, lehen mailakoa eta beste bat geurea, baina esparru ezberdinetan jokatzen dugu. Haiek nahi, behar eta helburu jakin batzuk dituzte eta guk beste batzuk, zeharo ezberdinak direnak. Askoz gehiago kostatzen zaigu gure burua ezagutzera ematea, ez baitugu publizitate kanpaina erraldoirik egin nahi eta horren ordez jasangarritasunean eta komunikazio ez bortitzean sinisten dugulako. Filosofia berdinarekin bat egiten dugun eragileen artean indarrak batzeko sare bat sortzen ari da; Izan Goiener, Ondalan Koop, Eraman, BDS Koop, Ekhilur…eta hori da gure bidea. Izarkomeko bazkide diren norbanakoen inplikazioarekin ere gure proiektua ezagutzera emateko urratsak ematen ari gara.

Y.A. Desazkundearen filosofiaren baitan badago herritar kopuru bat, gure ustez haziz doana, bere eguneroko aukerak eta erabakiak, aipatu duzuen liga horren kontra hartu nahi dituena, bizitza koherenteago baten bila ibilbide bat egiten hasi duena. Jende guzti horrek bidean aurkituko gaitu. Bilaketa horretan ari ez denak, kezka horiek ez dituenak, zailago aurkituko gaitu.

-Beraz, Izarkomek zerbitzua gizartearekiko jarrera zehatz bat dutenei eskaintzen die?

A.O. Ez, ez, Izarkomek nahi duen orori eskaintzen dio zerbitzua, baina esan nahi genuena da, plazara ateratzeko besteek duten grin horrekin bat egiten ez dugunez, alternatibak bilatzen dabiltzan horiek topatuko gaituztela errazago.

I.G. Izarkomek zerbitzua edonori eskaintzen dio, baina zerbitzua eskaintzetik jaso ditzakegun etekinak zertan erabiltzen diren kezka duen jendeak bilatuko gaitu, edo Euskarari garrantzia ematen diotenek adibidez. Hala ere, egon badago euskalgintza, herrigintza edo telekomunikazio eredua aldatzeari garrantzirik eman nahi ez eta arreta zerbitzu egoki baten bila etortzen denik ere; horientzako ere bada Izarkom, noski.

Y.A. Hori da, gu ez gara jendea erakartzeko prezioen norgehiagoka horretan sartzen, hasiera batean ez gara merkeenak, lehen aipatu bezala, ez ditugulako sekulako eskaintzetan oinarritutako kanpainak egiten (handik urtebetera prezioa igotzeko) baina beste hamaika arrazoi dago Izarkomek eskaintzen dituen zerbitzuen alde apustu egiteko. Norberak bere arrazoiak bilatu behar ditu.

I.G. Hori da, gainera, prezioen lehia hori, normalean, beste norbaiten kaltetan izaten da, langileen lan baldintza edo soldataren kaltetan edo erabiltzailearen edo zerbitzuaren kaltetan. Izarkomek hori ere zaintzen du, lehen esan bezala, langileak proiektuaren parte dira eta barne araudia edo jai egunen antolaketa, adibidez, bazkideekin elkarlanean erabaki dira.

-Esan dugu 5 urte bete berri dituela Izarkomek. Zer egin du Izarkomek 5 urte hauetan. Zein izan da egindako ibilbidea.

I.G. Gehienbat egin duguna proiektua finkatzea izan da. Proiektua ezagutzera ematea izan da lehen lana eta garrantzitsuena. Hortik aurrera, poliki-poliki zerbitzuak gehituz joan gara eta horrek indarra eman dio Izarkomi, hasieran aipatzen genuen Euskal Herriko telekomunikazio burujabetzan ahalduntzeko prozesu horretan pixkanaka murgiltzeko.

A.O. Herrigintzan proiektu ezberdinekin aritu gara lanean. Adibide batzuk aipatzearren: Gazte Martxak internet konexioa behar izan duenean guk eskaini diegu baita 2019an Biarritzen ospatu zen G7koen goi bileraren aurkako mugimenduari ere. Covid19aren pandemiaren hasieran, hego Euskal Herrian eskolak eten eta ikasleak etxera bidali zirenean, irakasle bat ohartu zen ikasle askok arazoak zituztela internet bidez klaseak jarraitzeko, ez baitzuten behar adinako konexiorik. Kasu honetan, eskola eta udal batzuekin akordioak egin ondoren, 1.200 ikasle baino gehiagori internet konexioa ahalbidetu genien, klaseak jarraitu eta arrakala digitala handitu ez zedin. Horrez gain, Irungo Harrera Sarearentzako mugikorrak eskuratzeko elkarlanean ibili gara bertatik pasatzen diren pertsona migratzaileentzako.

I.G. Horrez gain, sare propioak garatzen eta hedatzen hasi gara, sare libre eta irekiak, bai irrati lotura bidez eta bai zuntz optiko bidez, adibidez, Usurbilen, Areson eta baita Hernanin ere, nzeinetan Hernani Burujabe proiektuaren baitan sareak hedatzen gabiltzan.

A.O. Udal batzuen telefonia zerbitzu eta azpiegiturak Izarkomek kudeatzen ditu, eta honek herri horietako plaza eta gune garrantzitsuetan herritar guztientzako wifi sare libreak sortzeko aukera eman die, dela Zaldibia edo Artean besteak beste.

I.G. EH Kom sortu dugu Udalbiltza eta Hiritik At kooperatibarekin batera, Euskal herrian sare libreak maila nazionalean sortu eta kudeatzeko proiektua, eta honek ahalbidetuko du Izarkomez gain, beste eragile batzuk saregintza horretara gehitzen joatea.

-Eta zeintzuk dira datozen urtetarako Izarkomen erronkak?

A.O. Alde batetik zabalpen geografikoa. Gaur egun Hego Euskal Herrian bakarrik ematen dugu zerbitzua, horregatik Euskal Herri osora zabaldu eta Iparraldean zerbitzuak eskaintzeko pausua eman nahi dugu. Bulego bakarra Irunen dugu gaur egun, eta beste puntu fisiko batzuk ireki nahi genituzke beste hiri batzuetan. Horrez gain, orain arte beste eragile batzuekin egindako elkarlanean jarraitu nahi genuke.

I.G. Esan dezakegu gure erronka aipatu ditugun helburu horietan pausuak ematen jarraitzea, bidea ibiltzea, azken finean, beste herri batzuetan sare aske eta libreak sortu eta zabaltzen joatea eta Euskal Herrian zehar proiektua zabaldu eta ezagutzera ematea direla. Horregatik dei egin nahi diogu proiektuarekin bat egiten duen orori zabalpen honetan lagundu dezan.

Pin It on Pinterest

Share This