BIDASOALDEKO ELIKADURA BURUJABETZA PAUSOZ PAUSO

Labore Txingudi, Hendaiakoop Bidasoa Txingudiko elikadura kontsumo taldeek, Maia permaculture erakundearekin batera eskualdeko elikadura karta izango denaren oinarria finkatu nahi dute.

Bi erakundeok elikadura sistema agroekologikoa, gardena, parte-hartzailea sustatzen dute, bidezko hartu-eman batekin, klima-larrialdiari eta desagertze-krisiari aurre egingo diona eta elikagaien galerak eta xahuketak saihestuko dituena.

Bidasoaldeko elikadura burujabetza pausoz pauso proiektuaren bidez, kontsumitzaile kontziente, elkarte, ekoizle eta haur eta gazteekin geure gizarterako nahiko genukeen elikaduraz eztabaidatzeko parada jarri gura dute mahai gainean. Kate laburrago, justuago eta orekatuagoetan banatuko litzatekeen elikadura osasuntsu, eskuragarri, ekologikoa, sasoiko eta tokikoaren garrantzia azpimarratu nahi dute, kontsumitzaile kontziente izateak, bide horretan duen eragina nabarmenduz.

GERTUTASUNEZKO EKOIZPENA LEHENTASUN NAGUSIA

Gipuzkoako Aldundia eta Pirineo Atantikoetako mugazgaindiko proiektuetarako Ideiak ekimenaren edizio berri baten bidez finantzatutako proiektu honen bidez, lehen fase batean galdetegi bat zabaldu zuten eskualdeko eragileen artean, elikaduraren inguruan izan zitzaketeen kezka eta lehentasunak zeintzuk ziren jakiteko asmoz. Nagusiki kontsumitzaileek erantzun zuten galdetegi horretatik ondorioztatu da, elikadura eraldaketarako lehentasun gisa, ingurumen faktoreak ez-ezik, faktore sozioekonomikoak ere garrantzi handia dutela; gertutasunezko ekoizpena, ekoizleen baldintza ekonomikoak eta lurraren erregenerazio eta bioaniztasuna agertzen baitira hurrenez hurren erantzunetan.

Produktu onak balioan jartzen dituen tokiko kultura, gizartearen aldetik areagotzen ari den kontzientziaren handitzea, tokiko ekoizleen existentzia eta eragileen aldeko saretzeak gure eskualdeko indargune gisa baloratu dituzte parte hartzaileek. Bestalde, eraldaketaren erronkari aurre egiteko beharrezkotzat jotzen dira pedagogia, erakundeen inplikazioa eta eragileen arteko elkarlan zein saretzea.
Galdetegi horretatik jasotako emaitzetan oinarrituz, bigarren fase bati ekin nahi diote, ekainean zehar hainbat lan saio jorratuz.

ELKARLANETIK ABIATUTAKO SENTSIBILIZAZIO EKINTZA PARTE HARTZAILEAK

Sentsibilizazioa eta lanketa pedagogikoaren ezinbesteko tresnatzat jo dira komunitatean eragin nahi bada, baina ez gazteenekin lantzeko bakarrik; erabaki ahalmen handiagoa duen populazio helduarekin ere jorratzeak duen garrantzia ondorioztatu da erantzunetatik, eta horregatik, ekainean zehar, Bidasoaldeko elikadura burujabetza pausoz pauso proiektuari segida eman nahi diote sentsibilizazioa modu parte hartzailean egiteko proposamen batzuen bidez.

Ekainaren 1ean Hendaiako SokoBuruko merkatura gerturatzen diren kontsumitzaileei Zein de zein? jolasean parte hartzeko gonbitea luzatuko zaie, eta azokaren amaierarekin bat parte hartzaile guztien artean tokiko produktuez osatutako saski bat zozketatuko da. Ekainaren 15ean, dinamika bera burutuko da Irungo Urdanibia azokan.

Gazteen iritzia eta hausnarketak entzuteko, Irungo eta Hendaiako bigarren hezkuntzako ikastetxe banatan Gazteak ON hausnarketa ko-sortzailea burutuko dute Labore Txingudi eta Hendaiakoop-eko kideek, ikasturteko azterketak amaitu ondoren, presiorik gabeko testuinguru batean nerabeekin aritu ahal izateko.

Pin It on Pinterest

Share This