KOOPERAZIO SOZIALISTA (II)
EKOIZPEN KOOPERATIBAK SOZIALISMOAN ETA EIBARKO ALFA-REN KASUATestua: Iker Eizagirre
“Beharginentzako gomendioa da, kontsumo kooperatibetan baino, ekoizpen kooperatiben sustapenean murgildu daitezela. Lehenak egungo sistema ekonomikoaren azala bakarrik ukitzen baitu, besteak oinarrian erasotzen duen bitartean”
(Lehen Internazionalaren lehen Kongresuaren ondorio-aktak. Ginebra, 1866)
Sozialismoaren barruan formula kooperatiboaren gaineko eztabaidak ez du etenik izango. Asko sinpletuz, mutur batean kooperatibismoaren konbentzituek eskala eta hedapen mugatuko sozialismotzat hartuko dute kooperazioa: “kooperatibismoak bere lanaren funtsa bere osotasunean lortzen duen eguna (…) sozialismoaren garaipenaren eguna izango da” idatziko da “La lucha de Clases” aldizkarian (1932.10.21). Bestaldean kooperatibak erreformismo eta asimilazio kapitalistaren tresna bezala ulertuko dituztenak daude. Rosa Luxenburgo ekar dezakegu honen adibidetzat eta honek sinaturiko “Erreforma ala Iraultza” lana (1900).
Gris askoren artean, eztabaidetan ohikoa izango da kooperatiba moten arteko bereizketa argi bat egitea: Ekoizpen eta kontsumo kooperatibak ez dira inondik inora gauza bera langileen emantzipazioaren ikuspegitik. Lehenak kapitalismoaren azala urratzen du soilik, banaketa eta merkaturatze prozesuetan eragiten duelako. Bigarrenak aldiz, burgesiaren dominazio sistemaren oinarria higatzen du: Ekoizpen bitartekoak eskala txikian sozializatzen ditu eta gainera burgesiaren botere sozialaren oinarria den esplotazioa (eta plusbalia) ezabatzen du.
Lanaren eta kapitalaren arteko egiturazko antagonismoa ezabatzen da beharginek autogestionatzen dituzten ekoizpen kooperatiben kasuetan. Honegatik, burgesiaren eta estatuaren ikuskaritzarik gabeko ekonomia proletarioak, begirune handiagoa jaso izan du sozialismoaren korronte ezberdinen partetik.
EKOIZPEN KOOPERATIBA SOZIALISTAK EUSKAL LURRETAN
Euskal lurretan sozialismoak emango ditu ekoizpen kooperatiba (industrialaren) esperientzia nagusiak. Aurreratu beharra dago, gisa honetako esperientzia oso urriak izan zirela gurean. Gelditu gaitezen momentu baten honen arrazoietan, urritasun hau ez baita euskal salbuespen bat.
Ekoizpeneko kooperatiban pertsonek beren lan gaitasuna kooperatibizatzen dute, horretarako egitura horizontal eta demokratiko bat sortuz (1). Pertsona bakoitzak bere ekarpena egingo dio kapital kolektiboari ekoizpena abiatu ahal izateko (ohikoz goitik eta behetik mugatua egongo den ekarpena). Ekoizpenean, pertsonak bere lan ekarpena egingo du (ordutan) zernahi ekoizteko eta bazkide-langilea izango da. Enpresaren jabe eta behargina era berean. Bazkide-langile izateak emango dio eskubidea kooperatibaren gaineko erabakiak hartzeko eta lan ekarpenaren arabera mozkin zati bat jasotzeko urte akaberan. Langilea horrela, zer ekoiztu, nola, norekin eta sortuko den aberastasunarekin zer egingo den erabakiko duena izango da. Garaiko esperientzietan pertsona bat=bozka bat printzipioa beti mantenduko ez den arren, ekoizpenaren alorrean demokrazia ekonomikoa eraikitzeko formula indartsuena izango da.
Potentzial emantzipatzailea ikusiko zaion arren, oso nekeza suertatuko zaio sozialismoari honen aldeko apustu egitea. Ez da zaila ulertzen zergatik. Hasteko potentzial hau “arrisku” gisa ikusiko dute elite politiko-ekonomikoek eta kontra egingo dute. Lehenek laguntza gutxi emanez (etxe-merkeen kasuan ez bezala) eta bigarrenek boikotak antolatuz sektoreko ugazaben artean. Bestalde, faktore ekonomikak muga handia izango dira: Ekoizpena abiatzeko (zer esanik ez industriala) hasierako inbertsio handiak beharko dira eta proletarioak (kasik definizioz) beren sendia (prolea) besterik ez duten horiek dira. Beraz, mobilizatzeko kapital gutxi. Amaitzeko, aipatu behar da kooperatzaile askoren esperientzia-jakintza falta: Ilusio politikoak bultzatuta abiatuko dute askok ekimen ekonomikoa, autogestio eta kudeaketa esperientzia faltarekin. Funtzionamendu okerrak edo haserreak porrotaren faktore bat izatea ez da arraro izango gisa honetako kooperatibetan.
Hala eta guztiz ere, eta modu mugatuan bada ere, euskal lurretan ekoizpen kooperatiben esperientziak emango dira. 1936. urterako 12 ekoizpen kooperatiba industrial zenbatuko dira eta beste 5 sortze prozesuan izango dira. Aipatu zailtasun objektiboek beste modalitateekin alderatuz zabalpena askoz txikiagoa ekarri badute ere, 30. hamarkadan kooperazio nazionalistaren bultzadaz gorako tendentzia duen formula da.
Mugimendu sozialistak okindegi kooperatibo bat eta altzari kooperatibak sustatuko ditu. Bilbon hartuko du leku lehenak “Cooperativa Obrera de Panificación de Bilbao” izenez (1912-aren bueltan). Sustatzaile nagusia Federación de Sindicatos Obreros de Bilbao izango da Bilboko Okinen elkartearen eta Kooperatiba Obrera Sozialistaren babesarekin. Altzairu ekoizpen kooperatiboa 1932.urtean hasiko da Balmasedan eta Bilboko kontsumo kooperatiba sozialista izango du saltoki nagusi.
Dena den, sozialismoak euskal herrian sustaturiko esperientzia garrantzitsuenak ez dira Bilbo inguruan emango, Eibarren baizik. Bertan jaio, bizi eta borrokatuko du Alfa Kooperatibak. Alfa, sozialismoak estatu mailan gauzaturiko ekimen kooperatibo guztien artean bigarren postuan kokatuko da, garrantzia itzela izan zuen beraz (kontsumo “Kooperatiba Sozialista Madrileña”-ren ostean (1907)). “Sin parangón alguno” azpimarratuko du Arias historialariak (2007).
1934-ko INSURREKZIOA ETA ALFA KOOPERATIBA SOZIALISTA
“…bertako langileak -Alfa kooperatiba- konprometituak zeuden mugimenduaren aspektu belikoaren prestaketarekin. Bertako langileak izan ziren altxamenduaren egunean nabarmendu zirenak, ausardia eta zuhurtziaz beteriko ekintza ugari gauzatu zituzten. Kooperatibako biltegietan, arma eta munizio stock ugaria zegoen, joste makinak ekoizten hasi baino lehenagokoak. Hauek iraultzaileek eraman zituzten Urriak 5-eko goiz hartan, enpresako zaintzaileen konplizitatez ez bada, hauen pasibotasunaz lagundurik”
(Alejandro Lluvia eibartarraren lekukotza)
1934-ko urriak 5-eko goiza ez-ohikoa da Eibarren. Egunsentiarekin batera 23 eskuadratan antolaturiko 230 iraultzaile han hemen dabiltza, armak bildu eta posizioak hartzen. II. Errepublika ahul dago. Proiektu faxista besarkatzen ari den CEDA gobernuan sartuko dela baieztatu da. Honen aurrean, Largo Caballero buru duten UGT eta PSOE-k greba orokor insurrekzionala deitu dute Estatu osoan. Grebaz eta altxamendu armatuz, sozialismoa eraikitzeko estatu boterea eskuratzea da asmoa.
Gipuzkoan Arraste eta Eibar izango dira altxamendua sustengatzen sutsuenak. Armagintzaren euskal hiriburuan, Eibarren, iraultzaileek 4 gotorleku ezarri dituzte matxinadarako. Horietako bat Alfa kooperatiba da. Bertan daude Juan de los Toyos eta Toribio Etxeberria. Azken hau kooperatibako sustatzaile eta kooperatibako zuzendaritza-kide, egun honetan altxamendua antolatzeko tokiko arduradunen artean dago.
Ez da kasualitatea “D” egunak Alfa izatea altxamendurako topaleku. PSOE-UGT-ren plaza indartsua den Eibarren, ekoizpen kooperatiba sozialismoaren erreferentziazko esperientzia bilakatu baita.
14 urte atzera hasi du bidea Alfa-k, krisiak zeharkaturiko 1920 urtean hain zuzen. Erdi-arotik egon da lotura burni-lanaren eta hiriaren artean. XIX. mendetik aurrera, Eibar euskal lurretako armagintza hiriburu bilakatu da eta XX. Mende hastapeneko industrializazioarekin batera sektoreak eskala berri bat hartu du. 1912 sortu da sektorearen berritze gako izango den Armagintza eskola eta 1914.urtean Gerla Handia hasiko da Eskaria izugarri haziko da eta Eibarren sektore asko puztuko da. Baina 1917-an guda amaitutzat emango denean puztukiak eztanda egin eta krisia etorriko da: Eskaria asko jaitsiko da eta armen ekoizpen eta erabilera arauak asko zorroztearen alde egingo du Nazioen Soziedadeak (garaiko NBE). Armagintzaren altzoan hazi den hiriarentzako, sektorearen akitzea herri oso baten bideragarritasunaren krisi bati aurre egitea izango da (2).
Krisia, sozialismoak erro sendoak dituen eta kooperazioa ezaguna den lur batean emango da. PSOE eta “Casa del Pueblo” erreferentzia bat dira hirian, Metalaren Sindikatua den bezalaxe (sozialismoari lotua). Aurreko artikulu batean ikusi bezala, formula kooperatiboa ezaguna da Eibarren. Baita ekoizpenari dagokionean ere. Izan ere, eta krisi berak sustaturik, Alfa baino lehen beste bi esperientzia egongo dira. Lehena Danok Bat izango da (1919-1932). Hau sozialistak diren 46 langile-bazkidez abiatuko da eta “Casa del Pueblo”-ren babesa edukiko du. Bigarrena Metalaren Sindikatu Sozialistak sustatuko duen Omega izango da (1920), pistolak egingo dituen ekoizpen kooperatiba industriala.
Krisi-ingurumari honetan Metalaren Sindikatuaren eta patronalaren arteko tentsioa areagotzen doaz. 1920 uda bereziki beroa izango da. Irailean gobernuak arma ekoizpen/erabilpena mugatuko duen lege bat onartuko du eta sektoreak greba gogor bat hasiko du urte amaiera arte luzatuko dena. Zirkulu sozialistetako langile talde batek formula kooperatiboa alternatiba iraultzailetzat joko du eta martxan jarriko da. Bizirauteko bidea da kooperatiba, baina baita ere, patroien presiotik askatzeko eta langileen botere-gune bat sortzeko lanabesa. 1934.urtean armen altxamenduarekin erakutsiko den konbikzio politikoa hasieratik egongo da presente, eta honek kooperatiba autogestionatu baten forma hartuko du.
Kooperatiba sortu, lokala erosi (Eibarko Vista Alegre kalean), makinaria erosi eta 6 hilabete beharko dituzte ekoizpenarekin hasteko. Langile-bazkideek ezingo dute behar adina kapital bildu. Ekoizpena armagintzako langileen, norbanakoen eta herriko eragile sozialisten ekarpenei esker jarriko da martxan (Metalaren Sindikatuaren ekarpenak oso garrantzitsuak izango dira). Batzar Orokorrak hautaturiko Administrazio Kontseiluak kudeatuko du Alfa. Bertan egongo dira 34-ean altxamenduaren buruzagi izango diren zenbait, Toribio Etxeberria kasu.
Momentu hartarako Nazioarteko Aliantza Kooperatiboak ezarritako “neutraltasun politikoaren” printzipio kooperatiboak ez du lekurik izango Alfan. Are gehiago, estatutuetan jasoko da eragile sozialista baten kide izatea halabeharrezkoa dela kooperatiban bazkidetzeko (3). Bazkide bat=bozka bat printzipioa ere ez da modu zurrunean errespetatuko. Ekarpenen arabera bozka kopuru desberdinak izango baitira Batzar Orokorrean (nahiz eta hauek goitik muga bat izan).
1925.urtean Alfa-ren birmoldaketa gauzatuko da. Hemendik aurrera joste makinen ekoizpena izango da bere jarduera nagusia. Egungo inguru kooperatibista batzuetan entzun izan dugu klase elkartasun printzipioek gidatu zutela aipatu eraldaketa. Kontakizun honen arabera, sozialista armagileek ebatziko zuten ez zela etika zuzena beste herrialdetako langileak hiltzeko erabiliko ziren pistolak ekoiztea. Guda eta gatazka inperialistak armez ornitzea ere, ez zirudien taktikarik onena. Irakurketa erromantiko hau ez da ageri ez, “Cooperativiso Historico Vasco (1888-1936)” ez “El cooperativismo socialista en España” lanetan. Autore hauek sektorearen gainbeherarekin lotzen dute aldaketa. Printzipioak, beharra ala bien arteko nahasketa izan zitekeen, kontua da Alfa joste makinak ekoizten hasiko dela 1924 urtetik aurrera. Laster Estatuko lehen ekoizle bilakatuko da (4). Aldaketak zailtasunak ekarriko ditu, teknikoak zein lanaren antolaketari dagozkionak. Hala ere, antolaketa gaitasun handia erakutsiko dute langileek eta aldeko haizeek lagundurik aldaketa apustua arrakastatsua izango da (5).
Baina ikusi dugunez, armak baziren Alfan 1934.urtean kooperatiba altxamendu sozialistaren fuerteetako bat bilakatu zenean. Mugimenduaren porrotaren ostean, Errepublika eskuindarraren autoritateek, Alfa matxinatutzat jo zuten eta behin-behinekoz itxi. Aitzitik, 1936.urtean berriz ere martxan zegoen. Kasu honetan Errepublikaren defentsarako armak ekoizten faxisten aurka egiteko. Dakigunez matxinatuek Eibar konkistatuko dute, 1937-ko apirilaren 26-ean izango da. Hala ere, hiria galdu baino lehen, Alfa desmuntatuko dute errepublikazaleek eta makineria garraiatuko dute borroka fronteaz bestaldera: Lehenengo Deustura eta behin Bilbo ingurua galduta Santander eta Asturiasera.
1938.urtean Alfa izaera politikodun erakunde gisa “epaitua” izango da, legez kanpo utzi eta honen ondasunak frankistek konfiskatuko dituzte. Kooperatibakide asko erbesteratu egingo dira, Frantzia eta SESB-era joko dute zenbaitek. Hemen geratuko direnek frankismoa izango dute gainean, kontu eta ardura eske. Prozesu errepresibo hau indarrean egonda ere, Eibar-ko udal frankista tematu egingo da enpresa berriz martxan jartzearekin, honek herrian zuen pisu ekonomikoa aintzat hartuta. San Sebastian Bankuak ere, Alfa-ri utzitako dirua berreskuratu nahiko du zuen eta presioa egingo du. Bestalde, 54 langile ohik ardura politikoa dutenen eta ez dutenen arteko bereizketa egiteko eskatu diote erregimenari, enpresa berriz martxan jartzeko baimena erreklamatuz. Azkenik konfiskazioa bertan behera utziko da eta 1940. urtean Máquinas de Coser Alfa S.A. jarriko da martxan. Honela Alfak bigarren birmoldaketa bat izango du, kasu honetan osoki politikoa. Izena mantenduko du hemendik aurrera, ez ordea izana.
30. hamarkadan 200 kooperatibista eta 400 lanpostu ez-zuzenen iturri zen Alfa, kooperazio sozialistaren gailurtzat har dezakegu. Ikusi dugunez, ekoizpena kooperatibizatzea lortu zutelako, kapitalismoaren esplotazio iturria erasotuz. Hau mugimendu eta kide sozialistekin batera egin zen, kidetza asko zainduz eta printzipio politikoak jarduera ekonomikoan ere sendo mantenduz. Hau, 1934-ko urriaren 5-ean geratu zen argi, momentua iritsita kooperatibak (zuzendaritzak eta langileek) ez baitzuten dudarik izan: Altxamendu iraultzailearen eta kooperatibaren etorkizunaren artean, lehenaren alde egin zuten argi. Izan ere, Alfa bera sozialismoa prestatzeko tresna bat gehiago zen, matxinada saiakera bera izan zen bezalaxe.
Kooperatibismoaren historia orokorrari buruz jakiteko, aurreko alean argitarau ditugun Kooperatibismo Garaikidearen Hastapenak eta Kooperazio Sozialista (I) artikuluak irakurri ditzakezu,
1- Definizio honi guztiz egokitzen ez diren ekoizpen kooperatiboak ere egongo dira gerra-aurrean maiz. Goiztiarragoak izango dira gainera. Hauek kontsumo kooperatibei lotuak dira, zeinetan hauek saltzen dituzten produktuak zuzenean ekoizteko saiakera egingo den. Nagusiki ogia (eguneroko sustengurako oinarrizkoa eta egingarria baita), baina baita ikatza edo olioa ere. Kasu hauetan jatorrizko kontsumo kooperatibaren barne-proiektuak izango dira eta dira beharginek autogestionatuak.
2- Eibarko sozialista batek honela gogoratzen du herri-ezinegon hau: “estabamos todo el pueblo en vilo. Estabamos pendientes de la llegada de los pedidos y tan pronto se sabia algo, corría la noticia como la pólvora por todo el pueblo “biharra etorri dek!” (Heras, 2007)
3- Hau oso zehatz landu zen eta honela jaso estatutuetan: Akzioak soilik “Casa del Pueblon” etxe zuten elkarteek (edo hauetan zeuden kideek) izan zitzaketen. Akziodunek baldintza hau betetzeari utziko baliote, beren zatia galduko lukete eta beste batek erosteko eskubidea izango luke. Salbuespen bakarra militante sozialisten alargun, alaba edo bilobak dira, estatus berezi batekin bazkide izan daitezkeenak.
4- Alfa berriaren arrakasta ekonomikoaren giltzen artean bat, 1926-ean estatu eskolak ornitzeko eskubidea emango zion lehiaketa irabaztea izango da. Kooperatibismoak (sozialistak barne) harreman kontra-esankorra izango du Primo de Rivera-ren diktadurarekin (1923-1930). Honek begionez ikusiko ditu klase borroka gainditzeko baliagarria izan daitezkeen formula komunitarioak, baldin eta arau politiko-moral batzuen baitan kudeatzen badira. Erregimenak zenbait kooperatiba eredu sustatuko ditu (etxe merkeak kasu) eta kooperatibismoaren eguna ezarriko du (uztailak 6).
5- Estatuak joste makinen sektorea babestuko du neurri protekzionistez, Alfa estatuko bakarra izanik laster zabalduko du bere merkatu kuota eta 1.750 makina ekoiztetik (1927) 12.000 ekoiztu eta saltzera iritsiko da 1933-an. Alfak pistola ekoizten jarraituko du, ahalik eta joste makinen arrakastak honekin amaitzeko erabakira eramango duen (1932)