MAÏA PERMACULTURE

LURRAREN ZAINTZA, PERTSONEN ZAINTZA ETA BIDEZKO BANAKETA

Testua: Idurre Etxaburu
Argazkiak: Gari Garaialde

Euskarazko Wikipediak dioenez, «Permakultura, gizakiok lurrean kokatzeko sistema jasangarria eta harmonikoa da, inguruan integratzeko modu egokia kontsumismotik kanpo eta naturaren baliabideak gordetzen dituena. Hitza ingelesetik dator, eta bi hitzen arteko kontrakzioa da: permanent eta culture, hau da, kultura iraunkorra. Permakulturak, izadian behatutako patroiak jarraituz, giza-habitat iraunkorrak sortu nahi ditu. Diseinu ekologikoa, ingeniaritza ekologikoa eta ingurumen diseinua konbinatzen ditu eredu berri bat sortzeko».

Egia esateko, Wikipediako artikuluaren sarrerak bitan egiten dio erreferentzia nekazaritzari, eta hori da jende askoren ustetan permakulturaren helburua, nekazaritza jasangarria edo nekazaritza eredu ezberdin bat sortzea. Berez, hortik zetorren hitza, nekazaritza iraunkorra esan nahi duen ingelesezko «permanent agriculture» esamoldetik, baina definizio hori «permanent culture» edo kultura iraunkor gisa eguneratu da, eta nekazaritza baino gehiago hartzen du bere baitan permakulturaren teoriak; gaur egun, bizitzako esparru guztietara eraman daitekeen jardueratzat hartzen dute permakultura praktikatzen dutenek.

Hiru printzipio etikotan oinarritzen da permakultura: lurraren zaintza, pertsonen zaintza eta bidezko partekatze edo banaketan, eta, printzipio horiek erabiliz, diseinuak egiteko metodologia gisa definitzen da. Edozein proiektu diseinatzeko —ez bakarrik baratze edo nekazaritza eremuak— erabilgarri izan daitekeen metodologia da. Bizitza ekologiko eta jasangarrirako diseinu-sistema da, landareak, animaliak, eraikinak, pertsonak eta komunitatea integratzen dituena.

Permakultura 70eko hamarkadan sortu zela esan ohi da, eta Bill Mollison eta David Holmgren, Australian jaiotako bi gizon zuri, jotzen dira kontzeptuaren sortzailetzat, ingurumen-krisiari erantzun positibista emateko, baina, kontzeptuari baino sakonekoari begiratzen badiogu, beti hor egon den ideia bat dela ohartzen gara. Behar batetik sortu da permakultura; geure gizarteek naturarekin zuten harremana eten zutela ohartu eta lokera hori berrantolatu eta arbasoen jakinduria berreskuratzeko beharretik sortutakoa; baina deskonexio hori munduko gizarte batzuetan gertatu da soilik. Mundu osoan zehar topa ditzakegun beste lurralde batzuetan, beste gizarte batzuetan, permakulturak dakarren teorizazioaren beharrik gabe, modu permakultural batean bizi direla ikusten dugu, ez baitute arbasoengandik ikasitakoa sekula ahaztu, ez eta naturarekiko zuten konexioa apurtu. Gizarte deskonektatuek harreman hori berreskuratzeko beharra dugunok behar dugu kontzeptuaren teorizazio eta garatze bat.

MAÏA PERMACULTURE

Mayi Lekuona hondarribiarraren eta Ivan Tellaetxe bilbotarraren proiektua da Maïa Permaculture, eta Permakulturaren teoriaren inguruko ikasketak egiten zebiltzala ezagutu zuten elkar.

Mayi Biologia eta Itsas-biologia ikasketak egin eta mundua bazter ugaritan bizi izan da azken 20 urtetan, eta Quebec-en bizi zen garaian ezagutu zuen permakultura. Lehen harremana nekazaritza ekologikoaren bidetik egin zuen, jende gehienak egin ohi duen moduan, baina zaintzaren inguruan antolatuta dagoen mundu oso bat zela ohartu zen bertan murgiltzen hasi zenean. Permakulturaren inguruko profesionaltasun-ziurtagiria lortu zuen lehenik, eta, ondoren, diplomatura ikasketak egin zituen Academia de Permacultura Ibera elkartean.

Ivan Tellaetxe Zuzenbidea eta Ekonomia ikasketak egin, eta enpresa ezberdinetan ibili zen lanean bizitzaren une batean, hiriko bizitzarekin erabat eten eta bizimodua erabat aldatu zuen arte. Zenbait urtetan munduan zehar harantz eta honantz nomada moduan ibili ondoren, naturarekin birlotzeko bidean zegoela ezagutu zuen permakultura. Baserrikoak zituen amama eta aititaren munduarekin konektatzeko Delika herrira itzuli zenean, Permakultura ikasketetan sakontzeko Academia de Permaculturan sartu, eta bertan ezagutu zuen Mayi.

Hasiera batean, permakultura lantzeko proiektu bana abiatu zuten bakoitzak bere aldetik; Aiaraldean, Ivanek eta Bidasoaldean, Mayik. baina, bakarkako ibilbideak dituen zailtasunak probatu ondoren, talde proiektu bat nahiago zutela ikusi zuten biak.

Elkarrekin lan ezberdinak egindako eta zenbait diseinu landutakoak ziren Ivan eta Mayi akademia garaian, eta, Urduña inguruan egin beharreko diseinu batzuetan berriro elkarrekin kolaboratu ondoren, bien proiektuak elkartu, eta bideari elkarrekin ekitea erabaki zuten: bizimodu bat sortu, egiten dutenarekin gozatu, konpartitu eta eraldaketa prozesuak laguntzeko; finean beste era batera bizitzeko.

Talde-lanean hasi zirenetik, elkarrekin landu dituzte Urduñako eskolako patioaren diseinua eta hiriko espazioak berreskuratu eta birnaturalizatzeko proiektuak, besteak beste.

ERALDAKETA FABRIKA

Mayi Bidasoaldera bizitzera itzuli zenean, Sorburu Baratza elkarteko bazkide egin, eta, Sorbururen bidez, bizHIRIak proiektuan izan zuen parte-hartzearen ondorioz ezagutu zuen BDSKOOP elkartea.

Coworking espazio batetik ari zen lanean Mayi, baina ez zuen talde lanerako girorik sumatzen bertan, eta ez zuen ekonomia soziala bultzatzeko gune gisa sentitzen hura. Proiektu ekonomiko ezberdinetan aritzen den jendeak egiten zuen bertan lan; zenbait baliabide partekatzen zituzten, edo coworkingak berak eskaintzen zituen zerbitzuak erabil zitzaketen, baina horraino iristen zen, bertan ez zuen kolektiborako planteamendurik sumatzen Mayik.

Maïa Permaculture proiektuari buruz BDSKOOPeko kide batzuekin hitz egin ondoren erabaki zuten proiektu edo ideia bat zena, bientzako ekimen ekonomiko erreal batean bilakatzea Eraldaketa Fabrika programaren bidez. Azken hilabeteetan, Eraldaketa Fabrikan eginiko prozesuan proiektua garatzen ibili ondoren, Ekonomia Sozialean oinarritutako kooperatiba sortu dute programak eskaintzen duen bide-laguntza baliatuta.

Mayi eta Ivanen hitzetan, Eraldaketa Fabrika prozesuak eta BDSKOOPeko parte izateko aukerak komunitate bateko kide izatea ekarri dio Maïa Permaculture ekimenari. Bai taldearen babesa, harreman sarea, jakinduria eta elkar-zaintza, bai eta lanerako espazio fisiko bat ere, espazio fisiko hutsa izatetik partekatze eta proiektuak elkarlanean egiteko gune kolektiboa hain zuzen.

ETORKIZUNARI BEGIRA

Maïaren helburu nagusia bizimodu ekologiko eta jasangarriranzko bidean laguntzea da, sistema integralen diseinu-pentsamendua erabiliz. Horretarako, datozen urteetarako helburuak eta funtsezko emaitzak ari dira definitzen.

Hiru lan arlo aurreikusten ditu Maïak: espazioen diseinua, prozesu parte hartzaileak eta heziketa. Espazioen diseinuari dagokionez, Amurrion birgaitze fasean dagoen baserri baten 3 hektareako lursaila diseinatzen, eta bertan, baso jasangarri bat proiektatzen ari dira. Irungo Labore Txingudi kontsumo elkartea eta Hendaiakoop denda kooperatiboarekin batera, Bidasoaldeko elikadura burujabetza lantzeko prozesu parte-hartzailea antolatzen ari dira, eta, hezkuntzaren arloan, ikastetxe batzuekin ari dira lanean, lehen hezkuntzako ikasleentzako oinezko ibilbide pedagogikoak antolatzen 3 egunez kanpoan lo eginez. Horrez gain, permakulturaren inguruko tailer eta formakuntzak sortzen ari dira, eta, horien artean, profesionaltasun ziurtagiria euskaraz emateko aukera lantzen ari dira, oraindik ez baita posible ikasketa horiek euskaraz egitea, eta nola ez, guztiaren gainetik, proiektua sendotzea eta Maïa Permaculture Mayi eta Ivanentzako bizi proiektua bilakatzea.

Gehiago jakiteko: https://maiapermaculture.com/

Pin It on Pinterest

Share This