Maiatzaren Lehenerako proposamen bat
«Botere guztia lan biziari. Lan guztia lan hilari» A/Traverso
Maiatzaren Lehen honetan, egunerokotik, gure eguneroko lan eta bizitzetatik, mundu berri bat eraikitzen jarraitzeko deia egiten dugu. Badakigu Maiatzaren Lehena egun garrantzitsua izan dela langileontzat pauso berriak emateko, baina testuinguru globalean pausoak atzeraka ematen ari direla ikusirik, eskubide sozial eta politikoen atzerakada erreakzionarioaren bitartez eta baldintza materialen prekarizazio etengabearekin, bidean egindako aurrerapausoetan berrestea dagokigu kooperatibismo eta ekonomia sozial eraldatzailean jarduten dugun langileoi. Olatukoop sarearen sorrera eragin zuen krisi sistemikoaren zorrozte momentuetan esan izan dugun bezala, ez dago erdibiderik, etorkizuna ez baita iragana bezalakoa izango. Pausoen norabidean, ordea, kolektiboan eragin dezakegu.
Ekonomia eta lana bizitzarako antolatzea proposatzen dugu. Oinarrizko beharrak asetzeko, baina baita desio ditugun helburuak garatu eta gauzatzeko, lanari zentzua eman eta sortutako aberastasun materiala eta oparotasuna zuzen banatzeko. Bakoitzak bere ahalmenaren arabera, eta, bakoitzari bere beharren arabera proposamen eraldatzailea oinarri izango duen eredu ekonomikoa behar dugu horretarako. Herrikideak eta langileak zaintzeko gai ez den jendarteak ez du etorkizunik, eta soldatapeko lan eredu kapitalistak erakusten digu egunerokoan zaindu baino, esplotatu, agortu eta gure bizitzei zentzua kentzen dien eredua dela. Horregatik lanaren zentzua oinarrira ekarri, eta lanaren burujabetzaren ikuspegitik desiragarri egiteko bideak landu nahi ditugu.
Bidea egiteko baina, lanaren beraren definizio hegemonikoetatik atera, eta proposamen kolektibo berriak egin behar ditugu. Olatukoopeko kideok lana bizitza-proiektuaren baitan dagoela ulertzen dugu eta lanaren bitartez, gure beharrak eta desioak betetzen ditugula, lan produktiboa eta erreproduktiboa bereizketatik harago, bizitzaren bizigarritasunean baikorki eragiten duten praktikak erdigunean jarriz, eta horrela, egunerokoan, ekonomia sozial, eraldatzaile, kooperatibo, (trans)feminista, euskaldun, antiarrazista eta dekolonialaren alde lan egiten dugu. Beraz lana, bizitza laguntzen duen eguneroko ekintza ekonomiko eta soziala da, giza izaeraren parte, soldatapeko lana edo enplegua baino askoz gehiago dena, gaur egungo jendarte kapitalistan ezarri digutenaren kontra.
Olatukoopen ekonomia gure bizitzaren zerbitzura jartzeko lana modu burujabean egiten dugu, hau da, lanaren inguruko erabaki nagusiak langileok hartzen ditugu. Lanaren ikuspegi integrala barneratu eta auto-eraketa eta harreman ez kapitalistak oinarri hartuta, lan duina eta komuna sortu, kudeatu eta birsortzen dugu. Gure helburua ekoizpen-baliabideen eta erabakiak hartzeko prozesuen jabegoa eta kontrola kolektiboki kudeatzea da, partaidetza integrala, demokrazia ekonomikoa, berdintasuna, justizia soziala eta iraunkortasun ekonomikoa irizpide hartuta. Horretarako, informazio gardena, errenta eta emaitzen banaketa justua, eta berdintasun-praktikak gure oinarrietan daude, proiektuko zein komunitateko kideen arteko elkartasun-mekanismoak sustatuz.
Lanaren burujabetza garatu eta zabaltzea proposatzen dugu, lan desiragarritzat jotzen dugun horretan gehiago lan egiteko, eta nahi ez dugun horretan ahalik eta gutxien eta banatuen aritzeko. Beraz, beharrezko lanen inguruko erabakiguneak langileon eskuetan jarri behar ditugu, lan desiragarrietarako denbora irabaziz, lan ez-desiragarriak murriztu, banatu eta automatizatuz. Bide batez, gure egunerokoak prekarizatzen dituen lan hilaren formak arbuiatzen ditugu, adibidez, errentismoa, finantza-espekulazioa edo datuen estraktibismoan oinarritutako teknologiak, lanaren ikuspegi eraldatzailearen eremuaren kontrako bezala identifikatuz.
Lanaren etorkizuna zaintza kolektiboan kokatzen dugu, eta ez teknokapitalismoaren behar eremuetan, horrela, denbora giza-harremanen lanketara bideratuz, eta ez kapitala birsortzeko interfazeetara. Bizitza sozialaren eta aldaketa sozialaren mekanismoak ulertu nahi baditugu, eguneroko bizitzaren erreprodukziotik abiatu behar dugu, balioa emanez, zaintza bera, pertsonena, komunitatearena, lurrarena prestigiatuz, eta ezinbesteko bihurtuz.
Maria Miesek adierazi zuenez, “lanaren kontzeptu feminista bat denboraren ikuskera ezberdin baterantz bideratu behar da, non ez dagoen banatuta lan astun zatietan eta ustezko plazer eta aisialdi zatietan, baizik eta lanaren kontzeptu bat non laneko atsedeneko eta gozameneko denbora txandakatzen eta nahasten diren. Denboraren antolaketa modu eta ulerkera hori gailentzen bada, lanaldiaren luzera hutsala bihurtzen da. Egun bat edo lanez betetako bizitza oso bat ez litzateke madarikazio gisa sentituko, baizik eta giza osotasun eta zoriontasunaren iturri gisa”.
Lan desiragarriak zentzua hartzen du gure gaitasunak lantzeko sistema bat irudikatu eta posible egiten dugunean, bai gure aisialdian, bai gure lan-denboran, lan burujabearen bidez. Eta honek denontzat izan behar du posible, zentzua galtzen du bestela, desiragarritasuna bera higatuz. Horregatik, bizitza bizigarriak eta lan burujabetza denontzat posible eta irisgarri izan behar dira. Bizitzaren sostengurako berebizikoak diren zeregin produktiboak zein erreproduktiboak (norbanakoa, taldea eta komunitatea) aitortu, balioan jarri eta bermatzea da helburua; hau da, baliabide materialak zein bizitzarako beharrezkoak diren beste hainbat eremu (harremanak, zaintzak, motibazioak…) kontuan hartuz eta giza kolektibo guztientzat eskuragarri jarriz.
Bidea luzea da, eta lehen pausoetan lanaren inguruko narratibak eraldatu beharko ditugu, diskurtso eta praktika desiragarriak identifikatuz. Alde batetik historian zehar, soldatapeko lan dependentetik haragoko bisioak batuz eta gaur egun ematen ari diren eztabaidekin gurutzatuz. Bestetik, eta Ekonomia Sozial Eraldatzailearen barrutik ere mundu berriak irudikatzeko gaitasuna landuz eta horretarako gure praktikak sortzen lanaren iruditegi berriak elikatuz. Lan publiko segurua izatea edota dirua azkar lortzea arrakasta bezala identifikatzen duten diskurtsoak ohikoak dira gurean, lan antolaketa kolektiboak edota zaintza erdigunean jartzen duten lanarekiko begiradak baztertuak edo gutxietsiak diren bitartean. Gure bidea ez da perfektua, baina uste dugu begirada berriak probokatuz, lortu nahiko genukeen lanaren ikuspegietan eragin dezakegula.
Beraz, maiatzaren lehen honetan, Ekonomia Sozial Eraldatzailea sustatzen dugun Olatukoop sareko kideok, langileok, elkarlanean, gure beharrak asetzeko antolatu ditugun tresna kooperatiboak aldarrikatzen ditugu lan desiragarriak eta burujabeak denontzat lortzeko bide gisa. Gure lan eta bizitzak hobetzeko, gure auzo, herri eta lurraldeetan finkatzeko, eta baita jendarte osoarentzako aldaketa esanguratsuak martxan jartzeko ere. Momentuan ezinezkoak diruditen lorpen kolektiboak borroka bidez lortuko ditugula ospatzen dugun honetan, lan burujabe eta desiragarriak sortzea, borroka kolektibora egiten dugun ekarpena dela adierazten dugu, eta mobilizazio eta antolaketan parte izatera deitzen ditugu langile burujabe eta kooperatibista guztiak.
Lana eraldatzea hasiera delako. Gora Maiatzaren Lehena!
The post Lan desiragarriak eta burujabeak denontzat appeared first on Olatukoop.