TANGENTE GRUPO COOPERATIVO: POLO KOOPERATIBO BAT MADRILEN

ELKARRIZKETATZAILEA: BDSKOOP ELKARTEA

ELKARRIZKETATUA: TANGENTE SAREA

ARGAZKIAK: TANGENTE SAREA

1. TANGENTEREN JATORRIA ETA EGITURA KOOPERATIBOA

Zergatik bigarren mailako eta irabazi asmorik gabeko kooperatiba bat? Tangente ekimen sozialeko bigarren mailako kooperatiba da. Zergatik hautatu zenuten formula juridiko eta antolaketa-eredu hori, eta ez beste sare edo elkarte mota bat? Zer ahalbidetu dizue eredu honek urte hauetan zehar?

Tangente lan-kooperatibismoaren baitan interkooperazioaren aldeko apustua da. Bigarren mailako kooperatiba aukeratu genuen, gure ustez, tresnarik egokiena zelako proiektu interkooperatibo baten baitan garatzeko eta zerbitzuak eskaintzeko.

Modu horretan, Tangente berez enpresa kooperatibo bat da, eta bazkide diren erakundeek osatzen dute; erakunde horiek, aldi berean, kooperatibak eta elkarteak dira. Gure estatutuetan jasota dago, gainera, bazkide kolaboratzaileak eta bazkide langileak ere egon daitezkeela.

Eredu honek aukera eman digu eragin sozial eta ingurumeneko proiektu ugari garatzeko, eta, aldi berean, hainbat talde profesionalen arteko interkooperazioan zerbitzuak eskaintzeko. Denboran zehar garatu eta sakondu den enpresa-filosofia komun bat partekatzen dugu. Lege berrietara egokitzen joan gara, gure zerbitzuen diseinuan eta garapenean berritzen, eta, aldi berean, baliabideak, azpiegiturak eta ikaskuntzak partekatzen ditugu; baina, horrekin batera, Talde Kooperatiboa osatzen dugun enpresa bakoitzaren autonomia ere mantentzen dugu.

Interkooperaziotik polo egituratu batera. 2013Az geroztik, lankidetza puntualetatik, gaur egungo benetako polo kooperatibo gisa funtzionatzera pasa zarete. Nolakoa izan da prozesu hori? Noiz sentitu zenuten Tangente jada ekosistema propio gisa ari zela?

Abiapuntuan, aurretik zortzi urtez izandako interkooperazioesperientzia genuen, hasierako talde zaharrenen artean, eta pixkanaka beste batzuk ere gehitzen joan dira. Prozesu esperimentala izan da: gobernantza-ereduan eboluzionatzen joan gara, egitura sostengatzen duen talde teknikoa handitu dugu, eta koordinazio-taldea ere egokitu dugu zerbitzuen bolumen eta tipologiara moldatzeko.

Ez dugu uste ekosistema gisa funtzionatzeko mugarri zehatz bat egon denik. Nolabait, beti izan da hala; denborarekin, ordea, gero eta gehiago barneratu da ikuspegi hori partekatzen dugunon zentzu komun kolektiboan eta jardunean. Prozesuetan murgiltzeko anbizioa izan dugu, eta Talde Kooperatiboaren aldeko apustua egin dugu etengabe.

2. TANGENTE KOMERTZIALIZATZAILE GISA

Tangente lana sortu eta banatzen duen eragile gisa aritzen da. Beste polo kooperatibo batzuekin alderatuta, Tangentek komertzializatzaile gisa ere jarduten du: proiektu eta kontratu aukerak bilatzen ditu eta bazkide diren erakundeei bideratzen dizkie. Nola funtzionatzen du zehazki eredu honek praktikan?

Prozesu horretan funtsezko figura bat dago: proiektuen teknikaria. Pertsona horrek aukerak bilatzen ditu, Taldeko kideei helarazten dizkie eta interesa dagoen aztertzen du. Prozesua proposamen jakin baten baitan bi erakunde edo gehiago interesatzen direnean aktibatzen da normalean. Une horretatik aurrera, bilera bat antolatzen da interesa agertu duten erakunde eta proiektu teknikariarekin, proposamena nola landu eta lana nola antolatu pentsatzeko. Azkenean kontratua lortzen bada, exekuzioa parte hartzen duten kooperatibetako profesionalekin osatutako lan-taldearen esku geratzen da.

Zerbitzuen eskaintza bateratua egiten duzue. Tangenteren webgunean bazkide diren erakunde guztien zerbitzuak modu bateratuan agertzen dira. Zein balio ematen dio horrek kanpora begira? Eta barrura begira, nola antolatzen da, erakundeen arteko lehia-dinamikak saihesteko?

Eskaintza bateratuak balio estrategiko handia du; izan ere, horrela zerbitzu integralagoak eskaini daitezke, bestela kooperatiba bakar batek ezin izango lituzkeenak eskaini. Adibidez, aholkularitza, komunikazioa eta online prestakuntza-plataforma baten muntaketa bateratzen dituen kontratu bati heldu dakioke.

Barneko lehia-dinamikei dagokienez, egia esan, normalean modu nahiko naturalean autoregulatzen da. Hala ere, egia da talde dinamikoago edo handiago batzuek proposamen gehiagotan parte hartu ohi dutela. Prozesuak arautzen dituzten zenbait barne-prozedura ditugu, eta beharrezkoa balitz, koordinazio-taldeak eta proiektu teknikariak esku har dezakete oreka berrezartzeko, nahiz eta hori gutxitan gertatzen den.

Halaber, taldeen eta haien beharren jarraipena egiten da hainbat modutan, eta informazio horrek parte-hartze proposamenak doitzeko lagundu dezake, batzuk edo besteak lehenesterako momentuan.

Zer irabazten du erakunde batek Tangenteko bazkide eginda? Zuen esperientziatik, zein dira Taldeko parte izatearen onura nagusiak? Lanbolumen handiagoa, egonkortasun handiagoa, ikusgarritasuna, proiektu konplexuagoetara iristea…?

Gure ustez, ekonomia sozial eta solidarioaren baitan ekintzaile eta enpresek ez dute bakarrik jarduten, eta ez dute soilik beren onura propioa bilatzen. Zentzu horretan, funtsezkoa da aliantza sarea. Sarea ezinbestekoa da eragin politikorako, elkarri sostengua emateko eta hainbat arlotan sendotzeko.

Guzti horrekin batera, Tangenten partekatutako euskarrizerbitzu batzuk ditugu, besteak beste administrazio publikoetako lizitazioetan eta dirulaguntzetan batera aurkezteko egitura eta bidelaguntza. Horrek fakturazioaukera handitzen du, finantzaketa errazten du, eta iraupen luzeko, konplexuak eta diziplina anitzekoak izan daitezkeen proiektuak lortzeko aukera handiagoak eskaintzen dizkie bazkideei.

3. OBLIGAZIOAK, KONPROMISOAK ETA BARNE-GOBERNANTZA

Zer espero da bazkide diren erakundeengandik? Tangenteko parte izateak erantzukizunak ere badakartza. Zein konpromiso hartzen dituzte bazkide diren erakundeek? Badago Tangenteren bidez bideratu beharreko gutxieneko lan-portzentajerik edo proiektu komunari egin beharreko ekarpen ekonomiko edo denborazkorik?

Bazkide diren erakundeek kapital soziala ekartzeko konpromisoa hartzen dute, hiruhileko kuota bat ordaindu, eta bazkideen batzarretan parte hartzekoa; bertara erakunde bakoitzetik ordezkari bat joaten da. Batzar horietan Taldearen plan estrategikoa, aurrekontua eta batera garatzen diren jardueren gainerako gaiak erabakitzen dira. Hileroko maiztasuna dute, eta, horrez gain, urtean bi osoko bilkura egiten dira, Taldeko pertsona guztiei irekiak; bertan intereseko gaiak lantzen dira edo beharrezko diren erabaki estrategiko garrantzitsuak berresten dira.

Bestalde, ez dago Tangenteren bidez bideratu beharreko gutxieneko edo derrigorrezko lan-portzentajerik, ezta nahitaezko denbora-dedikaziorik ere ez.

Parte-hartzea eta erabakihartzea nola egiten da? Zein inplikazio-maila espero da erakundeengandik poloaren bizitzan? Nola antolatzen dira gobernantza, erabaki estrategikoen hartzea eta sor daitezkeen tentsio edo gatazken kudeaketa?

Inplikazioari dagokionez, funtsezkoa da hileroko batzarrean parte hartzea; hori da hausnarketarako eta erabakiak hartzeko espazio nagusia. Bertan, oinarrizko kooperatiba bakoitzetik ordezkari bat aritzen da. Horrez gain, urtean bi osoko bilkura estrategiko egiten dira; profesional-talde bakoitzetik nahi beste pertsona joan daitezke, eta Talde Kooperatiboaren norabide estrategikoa berrikusteko balio dute. Gure urratsak gidatzen dituen plan estrategiko bat dugu, modu kolektiboan eraiki eta balioztatua.

Koordinazio-taldearen lana ere garrantzitsua da ikuspegi estrategikotik. Hiru pertsonaz osatutako talde kolegiatua da, talde ezberdinetatik datozenak, eta hiru urtean behin txandakatu behar dutenak. Haien eginkizuna da, neurri handi batean, gobernantzamekanismoak lurreratzea eta praktikara eramatea, baita sor daitezkeen gatazka batzuetan bitartekaritza egitea ere. Bermebatzorde bat ere eratuta dugu, nahiz eta, egia esan, oraingoz ez den inoiz aktibatu behar izan.

4. MADRIL, POLITIKA PUBLIKOAK ETA TESTUINGURU POLITIKOA

Madrilen egotea: aukerak eta zailtasunak ditu. Tangentek Madrilen du egoitza, eta gaur egun eskuinak gobernatzen du bai Erkidegoan bai Udalean. Nola baldintzatzen du testuinguru politiko honek zuen lana ekonomia sozialean eta trantsizio ekosozialean?

Madril ez da testuinguru erraza Ekonomia Sozialarentzat; horregatik, are garrantzitsuagoa da elkartuta egotea eta sareak ehuntzea. Ez diogu uko egiten tokiko eta eskualdeko administrazio publikoekin harremantzeari, gure bizilekua eta gure jardun profesionala garatzen dugun lurraldea baita. Batzuetan frustragarria da, ikusten dugulako ekimen askok eragin eta garapen handiagoa izango luketela administrazioen bultzada eta babes handiagoa izango balute.

Administrazio publikoekin lan handia egiten duzue politika publikoen diseinu, laguntza eta ezarpenean. Zein zailtasun aurkitzen dituzue testuinguru politiko honetan? Non identifikatzen dituzue jarduteko tarteak edo aukerak?

Testuinguru politikoa giltzarria da edozein eraldaketaekimenentzat. Gaur egungo polarizazio global eta estatala ez da mesedegarria prozesu komunitarioentzat, nahiz eta, horrenbestez, are beharrezkoago bihurtzen diren. Administrazioekin lan egitea funtsezkoa da, eta gure rol profesionaletik, Ekonomia Sozialaren baitan, aldaketarako palankak sortzen saiatzen gara, emaitza

desberdinekin.

Nola txertatzen dira genero-ikuspegia, jasangarritasuna edo justizia soziala bezalako ikuspegiak politika publikoetan, testuinguru ideologikoa aldekoa ez denean? Zein estrategia erabiltzen dituzue atzera ez egiteko?

Ikuspegi horiek modu zeharkakoan txertatzen ditugu gure zerbitzu guztietan, eta aurkezten ditugun proposamenetan presente daude. Saiatzen gara helburu horiekin lerrokatuta dauden kontratu eta bezeroekin lan egiten, baina, jakina, badira muga batzuk. Gainera, barne-prestakuntzak egiten dira langileentzat eta bazkide diren kooperatibetako langileentzat. 2025ean ikuspegi intersekzionalari buruzko prestakuntza oso bat amaitu genuen, hiru saioko “Desgenerando” izenekoa; Talde Kooperatibo osoan dauden 140 pertsonetatik 70ek parte hartu zuten.

5. ERAGINA, DATUAK ETA ETORKIZUNERA BEGIRA

Datu ekonomikoak eta ereduaren bideragarritasuna. 2023an Tangentek 1,36 milioi euro fakturatu zituen, eta Taldea osatzen duten erakundeek ia 5 milioi eurotara iritsi ziren. Zer adierazten dute datu horiek polo kooperatiboen bideragarritasunaz eta sendotasunaz

ekonomia sozialaren baitan?

Gure ustez, datuek baieztatzen dute polo kooperatiboek bideragarritasuna eta sendotasuna ematen dutela. Egia da oraindik konpondu beharreko gai batzuk badaudela, hala nola bigarren mailako kooperatibetan egituraren bikoiztasunak dakarren zama edo zenbait gairi erantzuteko arintasuna.

Etorkizuneko erronkak. Datozen urteetara begira, zein dira Tangenteren erronka nagusiak? Sendotzea, haztea, eredua beste lurralde batzuetara hedatzea, ala barne-oreka zaintzea?

Sendotzea eta barne-oreka zaintzea dira guztiaren oinarria. Halaber, gustatuko litzaiguke polo gisa modu jarraitu eta jasangarrian haztea, eta aldi berean beste eragile batzuekin bat egitea Madrilgo Ekonomia Sozialaren ekosistema sendotzeko, gure hirian kooperatibismoari aukera eta etorkizun handiagoa eskainiko dizkioten espazio fisikoak sortuz.