Zaintza kooperatiba integrala: krisi sistemiko bati erantzun kolektiboa

IKERKETA LANA: AMAIA AROTZENA TXURRUKA, OLATUKOOP-KOOPDENONTZAT
ARTIKULUA: DORNAKU LANZ SOLBES

Zaintza ez da sektore ekonomiko huts bat. Bizitza sostengatzeko funtsezko jarduera da. Hala ere, gaur egungo eredu ekonomikoan, zaintza lanak ikusezin bihurtu dira, feminizatu eta arrazializatu, eta prekaritatean antolatu. Zaintza krisiaz hitz egiten dugunean, ez gara soilik zerbitzu falta bati buruz ari: bizitza eta merkatuaren arteko talka estruktural bati buruz ari gara.

Zaintza sistemaren oinarri estrukturalak

Zaintza sistema ulertzeko ezinbestekoa da ikuspegi intersekzionala. Zaintza lanen eremuan gurutzatzen dira patriarkatua, arrazakeria eta kapitalismoa. Historikoki, emakumeek —eta bereziki emakume migratzaile eta arrazializatuek— hartu dute bere gain bizitza erreproduzitzeko lana: haur eta adinekoen zaintza, etxeko lanak, laguntza emozionala, eta eguneroko mantentze-lanak. Lan horiek doan edo oso baldintza prekarioetan egin dira.

Kapitalismoak ezin izango zukeen garatu emakumeen lan ikusezina eta kolonialismoak sortutako hierarkia arrazialak gabe. Zaintza lanen merkantilizazio progresiboak ez du egoera hori gainditu; aitzitik, etxe barruko lan informalak kontratu pribatu eta askotan irregularren bidez antolatzen dira, babes kolektiborik gabe.

Ekonomia feministak planteatzen duen moduan, gizakiak interdependienteak gara. Ez dago “subjektu autonomo” eta autosufizienterik. Bizitzako fase askotan —haurtzaroan, zahartzaroan edo mendekotasun egoeretan— zaintza berezia behar da. Hortaz, zaintza ez da kostu bat, baizik eta oinarri ekonomiko eta soziala.

Zaintza krisia eta trantsizio beharra

Gaur egungo zaintza ereduak hiru dimentsiotan huts egiten du: aitortzan, berdintasunean eta iraunkortasunean.

  • Aitortza: Zaintza lanak gutxi baloratuak eta gutxi ordainduak dira.

  • Berdintasuna: Emakume migratzaileek pairatzen duten diskriminazio bikoitza (generoa eta jatorria) egiturazkoa da.

  • Iraunkortasuna: Aberastasun metaketa eta hazkunde mugagabea lehenesten dituen ereduak ez du bizitza erdigunean jartzen.

Horren aurrean, trantsizio ekosozial batek zaintza erdigunean jarri behar du. Eta horretarako, beharrezkoa da antolaketa kolektibo berriak sortzea.

Zaintza kooperatiba integrala ez da soilik forma juridiko bat; antolaketa politiko eta ekonomiko bat da. Ez da enpresa eredu “alternatibo” bat bakarrik, baizik eta zaintza nola ulertzen dugun eta nola antolatu nahi dugun adierazten duen proposamen oso bat. Zaintza ez du merkatu logika hutsaren menpe jartzen, baizik eta komunitatearen, lan duinaren eta erantzukizun publikoaren arteko gurutzagunean kokatzen du.

Bere ezaugarri nagusiak hauek lirateke:

  • Langile bazkideak, gehiengoa osatuz eta esplotazioa saihesteko. Langileak ez dira zerbitzu emaile hutsak; kooperatibaren jabe eta erabakitzaile dira. Horrek esan nahi du lan baldintzak, erritmoak, zerbitzuaren kalitatea eta barne antolaketa kolektiboki erabakitzen direla. Gehiengoa izateak bermatzen du kapitalak ez duela lehentasuna izango lanaren gainetik.

  • Erabiltzaile bazkideak, zaintza nola antolatzen den erabakitzeko parte hartuz. Zaintza jasotzen duten pertsonak edo haien ingurukoak ez dira bezero pasiboak; zaintzaren antolaketan ahotsa dute. Horrek zerbitzuaren egokitzapena, gardentasuna eta konfiantza indartzen ditu, eta zaintza harremana merkataritza-truke hutsetik harago eramaten du.

  • Bazkide laguntzaileak (eragile sozialak, komunitateko sareak…), babesa eta legitimitatea emanez. Zaintza ez da soilik bi pertsonaren arteko harremana; testuinguru sozial eta politiko batean gertatzen da. Eragile sozialek, mugimenduek edo komunitateko sareek kooperatibaren inguruan egoteak egonkortasuna, ikusgarritasuna eta babes politikoa ematen ditu.

  • Administrazio publikoaren inplikazioa, hasierako kapitalizazioan eta egonkortasunean lagunduz. Zaintza interes publikoko jarduera da. Horregatik, kooperatiba integrala ez da administrazioaren ordezko bat, baizik eta harekin lankidetzan aritzeko tresna bat. Hasierako urteetan laguntza publikoak funtsezkoak izan daitezke egitura sendotzeko eta prekaritate logikatik ihes egiteko.

Kooperatibismoak demokrazia ekonomikoa sustatzen du: langileek erabakitzen dute zer eta nola ekoizten den, eta etekinen banaketa bidezkoagoa da. Horrek merkatu logika tradizionala apurtzen du, non kapital inbertitzaileak erabakitzen duen eta langileak mendeko diren. Zaintza sektorean, horrek hainbat ekarpen egin ditzake:

Lan baldintzetan

  • Bitartekarien irabaziak ezabatuz, soldata duinagoak. Zaintza enpresa askotan irabazi marjina enpresaren esku geratzen da. Kooperatiban, balio hori langileen artean eta egituraren sendotzean geratzen da.

  • Bezero zorro kolektiboa, lan jarraikortasuna bermatzeko. Banakako kontratazioaren ordez, kooperatibak eskaera kudeatzen du. Horrek lan etenaldiak murrizten ditu eta segurtasun handiagoa ematen du.

  • Espezializazio eta prestakuntza bidezko profesionalizazioa. Zaintza ez da “edozeinek egin dezakeen” jarduera. Prestakuntza jarraitua, espezializazioa eta jakintza partekatua sustatuz, sektorearen aitortza eta kalitatea handitzen dira.

  • Lan eskubideen monitorizazio kolektiboa. Kontratuak, ordutegiak eta oporrak ez dira indibidualki negoziatzen; kooperatibak berak bermatzen ditu gutxieneko duintasun irizpideak.

Bizi baldintzetan

  • Elkarrekiko babes sarea. Lan gatazken, gaixotasunen edo zailtasun pertsonalen aurrean, ez dago bakardaderik. Kooperatibak komunitate sare bat eskaintzen du.

  • Eskubide sozialen inguruko informazioa eta aholkularitza. Gizarte segurantza, prestazioak edo erregularizazio prozesuak ezagutzea eta erabiltzea eskubide kontua da. Kooperatibak informazioa sistematizatu eta eskuragarri jartzen du.

  • Erregularizazio prozesuetan laguntza. Kontratatzeko gaitasun kolektiboak eta aholkularitza juridikoak aukera errealak sor ditzakete administrazio egoera irregularrean dauden pertsonentzat.

  • Denbora propioa izateko aukera. Lan jarraikortasunak eta antolaketa kolektiboak oporrak eta atsedenaldia planifikatzeko aukera ematen dute, lana galtzeko beldurrik gabe.

Antolaketa politikoan

  • Zaintzaile migratuentzako erreferentziazko espazioa. Kolektibo historikoki ikusezin batek ahotsa eta presentzia kolektiboa lortzen du.

  • Mugimendu feministarekin, sindikalarekin eta kooperatiboarekin aliantzak. Zaintza ez da sektore isolatua; borroka zabalagoen parte da. Kooperatibak zubi lana egin dezake.

  • Subjektu kolektibo gisa agertzeko gaitasuna. Banakako langile sakabanatuen ordez, eragile politiko antolatu bat sortzen da, egiturazko aldarrikapenak egiteko gai dena.

Integral izaerak aliantza horiek ahalbidetzen ditu, eskaintza eta eskaria egitura berean uztartuz eta komunitatean errotuz. Ez da soilik zerbitzu bat emateko modua; zaintza kolektiboki pentsatu eta antolatzeko modu bat da, non bizitza eta lan duina erdigunean jartzen diren.

 

Zaintza kooperatiba bat sortzeko pauso estrategikoak

Edozein testuingurutan, ekitea arriskutsua da. Are gehiago zaintza bezalako sektore prekarizatuan. Horregatik, ezinbestekoa da pauso sendoak ematea eta espektatiba faltsurik ez sortzea.

1. Bideragarritasun ekonomiko zorrotza

Lehen urratsa analisi ekonomiko errealista egitea da: gutxieneko bazkide kopurua, zerbitzu prezioak, soldata duinak eta egitura kostuak kalkulatuz. Hasierako urteetan diru-laguntzak eta kanpo finantzaketa bilatu behar dira, sorrerako lan boluntarioa gehiegizkoa ez izateko.

2. Bazkide egitura osatzea

Hiru ardatz behar dira:

  • Bazkide langileak: ekiteko prest eta egoera pertsonal egonkorrean dauden zaintzaileak.

  • Bazkide kolaboratzaileak: aholkularitza juridiko, fiskal eta estrategikoa emango duten eragile konprometituak.

  • Bazkide erabiltzaileak: zaintza duina ordaintzeko prest dagoen komunitate kontzientea.

Erabiltzaile sare hori sortzea funtsezkoa da. Zaintzak balioa duela eta prezio duina behar duela sozialki onartu behar da.

3. Prestakuntza eta ahalduntzea

Langile bazkideek kooperatibismoan, kudeaketan, fiskalitatean eta hizkuntza gaitasunetan trebatu behar dute. Prestakuntza formalaz gain, jakintza informala —esperientzien partekatzea— ezinbestekoa da.

4. Gobernantza demokratikoa

Irabazi asmorik gabeko kooperatiba integrala litzateke eredua. Bazkide guztiek boto eskubidea izango lukete, baina langileek gehiengoa izan beharko lukete erabaki estrategikoetan, lanaren esplotazioa saihesteko.

Arriskuak eta aukerak

Zaintza kooperatiba integral baten sorrera ez da bide erraza. Arrisku nagusiak argi identifikatu behar dira, ilusioak errealismoarekin uztartzeko.

Lehenik, atzerritartasun legearen mugak oztopo estrukturala dira. Zaintza sektorean lan egiten duten emakume askok administrazio egoera irregularra dute edo baimenak baldintza jakin batzuen menpe berritu behar dituzte. Kooperatiba batek ezin ditu lege horren kontraesan guztiak konpondu, eta arriskua dago proiektu kolektibo baten egonkortasuna egoera juridiko zaurgarrietan oinarrituta geratzea.

Bigarrenik, merkatu pribatuaren lehia prezio baxuetan. Zaintza zerbitzu asko prezio minimoetan eskaintzen dira, sarritan lan baldintza prekarioen kontura. Kooperatiba batek soldata duinak eta lan eskubideak bermatu nahi baditu, ezin du prezio horiekin lehiatu logika berean. Horrek eskatzen du komunitate kontziente bat, zaintzaren benetako kostua onartzeko prest dagoena.

Hirugarrenik, barne gatazkak eta kudeaketa erronkak. Kooperatibek demokrazia ekonomikoa sustatzen dute, baina horrek ere denbora, konpromisoa eta trebakuntza eskatzen ditu. Erabaki kolektiboak hartzea ez da beti erraza, eta gatazkak ager daitezke botere harreman zaharrak edo itxaropen desberdinak agertzen direnean.

Azkenik, gehiegizko itxaropenak sortzeko arriskua dago. Zaintza kooperatiba bat ez da berehala bizitza guztiak eraldatuko dituen soluzio magikoa. Prozesu luzea da, eta emaitzak pixkanaka eraikitzen dira. Espektatiba faltsuek frustrazioa eta desmobilizazioa eragin ditzakete.

Hala ere, aukerak ere nabarmenak dira.

Badago kontzientzia feminista eta antiarrazista duen komunitatea, zaintza lanen balioa aitortzeko prest dagoena. Diskurtso soziala aldatzen ari da, eta gero eta gehiago dira zaintza erdigunean jarri nahi duten pertsonak.

Gainera, zaintza beharra hazten ari da zahartze demografikoaren ondorioz. Horrek ez du automatikoki eredu justuago bat bermatzen, baina egitura berriak sortzeko aukera irekitzen du. Zaintza eskaera handitzen denean, galdera da: nola antolatuko dugu? Merkatuaren bidez ala komunitatearen bidez?

Bestalde, lan baldintza duinak eskaintzen dituzten alternatiben gabezia bera da aukera bat. Sektorean hutsune nabarmena dago, eta kooperatiba integral batek erreferentzia positibo eta eraldatzailea izan daiteke.

Kooperatiba integral batek balio feministak, antiarrazistak eta antikapitalistak praktikan jar ditzake. Diskurtso hutsetik harago, eguneroko antolaketan islatzen dira: erabaki kolektiboetan, etekinen banaketan, zaintzaile eta erabiltzaileen arteko harremanetan. Horrek pertenentzia eta harrotasun kolektiboa sor dezake, sektore historikoki gutxietsian duintasuna eta aitortza eraikiz.

Kooperatibaz harago: zaintzaren kolektibizazioa

Kooperatiba integrala bide sendo bat izan daitekeen arren, ez da aukera bakarra. Zaintzaren kolektibizazioa helburu zabalagoa da, eta hainbat tresna erabil daitezke horretarako.

  • Lurralde ezberdinetako zaintza kooperatiben arteko interkooperazioa. Esperientzia metatua partekatzea, baliabideak optimizatzea eta elkarren artean babesa eskaintzea funtsezkoa izan daiteke. Lehiaren logikaren ordez, elkarlanaren logika indartzen du horrek.

  • Lan-poltsa eta intermediazio etikoa egingo duen elkarte egitura. Kooperatiba egiturara iritsi aurretik edo harekin batera, posible da lan baldintza minimo duinak bermatuko dituen bitartekaritza eredu bat sortzea. Horrek merkatu informalaren gehiegikeriak murriztu ditzake eta gardentasuna handitu.

  • Jada existitzen diren proiektu komunitarioak indartzea. Zaintza arloan lanean ari diren sare, elkarte eta ekimenak badaude. Haien lana sendotzea, baliabide gehiago jartzea eta koordinazioa hobetzea ere kolektibizazio estrategia bat da.

Helburua ez da marka edo egitura jakin bat sortzea soilik; zaintza merkantzia hutsa ez izatea baizik. Hau da, zaintza ez dadila soilik prezio baten arabera neurtu, baizik eta harreman sozial, komunitario eta politiko baten parte izan dadila.

Ondorio gisa

Zaintza kooperatiba integrala ez da panazea, baina bai trantsizio ekosozial baterako tresna indartsua. Ez ditu arazo guztiak konponduko, baina gaur egungo eredua eraldatzeko urrats zehatz eta praktikoa da.

Bizitza erdigunean jartzen duen ekonomia baterantz bidea irekitzen du: lan duina, parte-hartze demokratikoa eta komunitatean errotutako zerbitzua uztartuz. Arriskutsua da, bai; ekiteak beti dakar ziurgabetasuna. Baina alternatibarik gabe, prekaritateak jarraituko du norma izaten, eta zaintza lanek ikusezin eta gutxietsita jarraituko dute.

Galdera ez da ea posible den, baizik eta ea prest gauden zaintza kolektiboki antolatzeko eta bizitza —benetan— lehenesteko. Prest gauden lanaren eta zaintzaren arteko hierarkia hausteko, eta ekonomia bizitzaren zerbitzura jartzeko.