TESTUA: HIRITIK AT KOOPERATIBA
ARGAZKIAK: ALDA MUGIMENDUA, PRENTSA
ALDA mugimendua 2015-2016 urteen artean sortu zen Ipar Euskal Herrian. Baionan abiapuntu hartuta, etxebizitzaren krisi gero eta larriagoari eta klase popularrek bizi zuten bazterketari erantzuteko sortu zuten ekimena. Izan ere, etxebizitza eskuratzeko zailtasunak larritzen hasiak ziren; besteak beste espekulazio basatiari eta erakunde publikoen ezintasunarengatik. Gainera, estutasun sozioekonomikoaren humusean, munstroa nabarmen indartu zen: ultra-eskuinaren mehatxua nabaritu zuten Baionan.
Aipatu testuingurua gertuko zaigu, baita garaikidea ere. Edonola ere, ALDA aitzindaria izan da; izan ere, duela hamarkada bat sortu zituen datorrenari aurre egiteko tresnak: etxebizitzaren eskubidea defendatzeko eta herritarren antolaketa eta ahalduntzea sustatzeko herri-egiturak, hain zuzen. Antza denez, ordutik hona, ALDA indartu egin da; eta huntza oparoa bailitzan, Baionako auzuneetan zabaldu da, astiro baina sendo.
Baiona aldetik datozen zurrumurruek liluraturik, Hiritik Ateko hiru kide Bidasoa eta Urumeako ertzetatik Atturriko erriberara abiatu gara. Laster batean ailegatu gara BAM metropolira (Baiona-Angelu-Miarritzek osatzen duten hirigune handia), eta errepide labirintoa gaindituta, berehala topatu ditugu Baiona Ttipiko ateak. “Gertu izanda ere, zenbat kostatzen zaigun ekialdera gerturatzea!”, aipatu diogu elkarri gaztelupeko aparkalekutik atera berritan. Cordeliers karrikan aurrera, hegoaldetarron ohiko leloa errepikatu dugu guk ere: “eta hain da ederra, mugitua eta interesagarria ezezagun zaigu Euskal Herri hau….gehiagotan etorri behar dugu!”.

ALDAren egoitzak gertu behar du, eta haren arrastoaren atzetik garela komentatu dugu nola “iparraldeaz” proiektatzen zaigun nekazal-iruditegiak zenbat duen euskal erromantizismotik, eta turistifikaziotik. Badira soroak, larreak eta baserriak noski; baian borroka anti-arrazista, euskaltzalea, sozio-ekonomikoa, internazionalista edota ekologista ere bai: Cordeliers karrika estaltzen duen paskin geruzak
horrela ematen digu aditzera. BAM hiria da inola ere, urbanoak dituen bertute eta gatazka ardatzak barne; eta hiritzarrek nola, BAM ere errepublika ttipiz osatua dago: auzoak, alegia.
Hain zuzen, bi hari-mutur horiei tira egiteko asmoz etorri gara bi kideak: etxebizitzaren borroka eta auzogintza. Izan ere, kooperatibistak izateaz gain, hiru bisitariok Auzo Elkarteetan militatzen dugu, eta Euskal Herriko auzo mugimenduen oihartzunak beti izan du leku berezia gure ibilbidean. “20, Cordeliers! hor da!”, ALDAren lokalaren kanpo-itxurak, aldarriz betea, zuzen garela berresten digu. Sartu gara barrura, sei edo zortzi lagun ari dira lanean, kartel eta artxiboz beteriko inguru nabarrean. “Lazkaoko beneditarrek bildu duten parekoa da hau”, pentsatu dugu, “gure herriaren historiaren gordailuetako bat”.
ALDAko kide batek egin digu harrera; eta ondoren, barrualdeko gela ttipira eraman gaitu, han egingo dugu elkarrizketa, nonbait.
Euskara eta frantsesa nahastuz hasi dugu solasaldia, baita lerroburu argi batekin ere: auzoetan antolatzea ezinbestekoa da herritarren
eskubideak bermatzea nahi badugu.
ALDAren sorrera: herri xehearen beharretik
“Egiten genituen ekintza politikoekin ez ginen klase popularretara heltzen”, aitortu digu gure solaskideak. “Diskurtsoa eta mobilizazioa bai, baina ez genuen lortzen jendearen eguneroko arazoei erantzutea, ezintasunetik etsipena eta frustrazioa sortu daitezke, eta dakigunez, horiek dira ultra-eskuinak maite dituen baldintzak”. Horrela, 2019aren bueltan, Bizi mugimenduko militanteek herri xehearen beharrei erantzuteko egitura berri bat sortzea erabaki zuten. Aldaketa, haien ustez, ez da diskurtso handietatik etortzen, jendearen behar zehatzen gainean antolatzetik baizik.
Manu Robles-Arangiz fundazioaren (MRA) laguntzarekin egituratu zen ALDA, eta gaur egun mila bazkide baino gehiago ditu Ipar Euskal Herri osoan. Finantziazioa bazkidetzetatik eta MRA fundazioen ekarpenetatik dator, baina mugimenduaren benetako indarra beste bat da: ALDAk 600 boluntario ditu aktibo, horietatik %70 emakumeak. ALDA auzoetan errotutako mugimendua da horrenbestez, eta autonomia politiko zein ekonomikoa eraikitzen ari da: nahieran borrokatzeko, inori ezer zor gabe.
ALDAren helburua herritarren artean antolaketa-gaitasuna indartzea da, eskubideen defentsa eta ahalduntzea ardatz hartuta. “Inpotentziatik ateratzeko bidea elkartasuna da”, dio militanteak.
Horretarako, Saul Alinsky antolatzaile estatubatuarrak XX. mendearen erdialdean formulatu zuen community organizing eredua dute inspirazio-iturri. Haren intuizio nagusietako bat hauxe izan zen: aldaketa soziala ez da diskurtso handietatik abiatuko, jendearen eguneroko arazo zehatzetatik baizik. Komunitate batek boterea eraiki nahi badu, lehenik eta behin antolatu egin behar du; eta antolaketa hori gatazka errealetan, helburu lorgarrietan eta garaipen txikietan oinarritu behar da. Alinskyrentzat, postontzi bat konpontzea edo parkeko argiteria berritzea ez zen xede hutsa: antolatzeko aitzakia da, komunitateak bere indarra deskubritu dezan. Garaipen txiki bakoitzak konfiantza kolektiboa handitzen du, eta horrek borroka handiagoei heltzeko gaitasuna sortzen du.
ALDAren ibilbidea begiratuta, erraz antzematen da logika hori. Atez ateko lanak, helburu zehatz eta eskuragarrien hautaketak, boluntarioen sarea josteko estrategiak edota erakundeekin presio eta negoziazioa uztartzeko gaitasunak antolaketa pragmatiko eta metodiko bat erakusten dute. Alinskyk zioen antolatzailearen eginkizuna ez dela herriaren ordez hitz egitea, baizik eta herriak bere kabuz jarduteko gaitasuna eskuratzea. Zentzu horretan, ALDAk ez du soilik arazo puntualei erantzuten; boterea birbanatzeko eskola bat eraikitzen du auzoetan, inpotentziatik antolaketara igarotzeko bide kolektiboa irekiz.
Bide horretatik, urte gutxian, ehunka boluntario antolatu ditu ALDAk eta finantza estrategia eraginkorrez, 10 langile liberatzea lortu du herri-sindikatuak. Egitura horrek ekimenak duen babesa adierazten du, baita bertan batu den esperientzia militante, eta antolaketarako trebetasuna ere.

Auzoetako esperientziak: antolaketa kolektiboaren indarra
Gaur egun, ALDAk sei auzo-kolektibo aktibo ditu BAM metropolian, gehienak Baionan. Bestalde, Baionan, hamar talde berri sortzeko lanetan dira. Lehen kolektiboak “atez ate” metodoz sortu zituzten: bizilagunaren atarira hurbildu, aldaba jo, eta hizketaldiaz sarea josi. Bejondeiela. Gaur egun, ordea, auzotarrak dira ALDAra hurbiltzen direnak, baleko tresna delakoan, bertan antolatzeko asmoz. Borondateak atez ate irabazi ondoren, auzunea konfiantza sortu du ALDAk.
Baina… zer egiten dute ALDA taldeek zehazki? Kolektiboek arazo txikietatik hasten dute lana: postontzi baten falta, parke baten egoera, zabor lekuaren anabasa… borroka ttipi asko izan daitezke. Edonola ere, lehen fase horretan, funtsezko ezaugarri bat bete behar dute: helburu lorgarriak izan behar dira, komunitatea antolatu eta garaipenean jendea ahaldundu ahal izateko. Bistan denez, xedea ez da postontzia konpontzea, bakarrik, antolaketaz auzoa aldaketa sozialerako espazio bihurtzea baizik. “Auzoa ez da bizitzeko lekua soilik; herritarren antolakuntzarako eskola bat izan daiteke”, azaldu digu kideak, “baina horretarako estrategiak behar dira, ekintza zehatzak eta antolaketarako baliabideak”. ALDAko lagunak esan ez badu ere, gaude hori dela herri-sindikatuak eskaintzen duena, eta haren arrakastaren arrazoia.
Komunitategintza politikoa lehenesten du ALDAk, ekimen ikusgarri edo isolatuen gainetik; horrela, metodo baketsu eta popularrak erabiltzen ditu, non edozein pertsonak har dezakeen parte: asanbladak, formazioak, erakundeei eskaerak eta horien jarraipena, ekintza sinbolikoak, komunitate-topaguneak antolatu, etab.
Garaipen txikiek antolaketa grina indartzen dute, eta borroka handiagoetarako gaitasunak areagotzen dituzte. Irabazi edo galdu, auzoetako kolektiboak hilabetean behin biltzen dira, ALDAko liberatuen dinamizazioaz lagundurik. Horri esker, auzoetako antolakuntza ez da une puntual bat, borroka jakin bat; ez: elkarbizitza, borroka, topagunea, asanblada, garaipena, porrota eta bizitza bera lotzen dituen prozesua da. Horixe da ALDAren ekarpenik handiena: bizi-prekarietateak arrakalatu ohi dituen komunitate-antolaketa prozesuei eusteko egitura izatea, kanpotik sortua, baina auzoak beretzeko aukera duena.
Etxebizitzaren eskubidea: borroka
estrategikoa
Ez al zen ALDA etxebizitza eskubidea borrokatzeko tresna? Bada, ez eta bai.
Ez, ALDA aipatu ditugun antolaketa komunitarioak laguntzeko sortu delako, auzoz auzo herrigintza egiteko, dena irabazteko. Bestalde, bai: etxebizitzaren auziaren larritasuna dela-eta, ALDAk erabaki duelako horri heltzea, behin behineko zein epe luzerako xedeak lortzeko bide delakoan etxebizitza duinaren aldeko borrokan engaiatzea. Hegoaldearekin alderatuta, Ipar Euskal Herrian bada probestu daitekeen
arrakala bat: etxebizitza sozialen %90 HLM erakundeen esku dago. Zergatik da hori garrantzitsua? Bada, aukera ematen diolako herri-ekimenari etxebizitza-politikak zuzentzen dituzten erakunde horien gobernu- organoetan izateko. Hori egin du ALDAk eta hautagaitza arrakatatsuz, herritarren ord lortu dute hainbat HLM-ren kasuetan. Ainize Butron mugimenduaren lehendakaria da, eta argi eta garbi adierazi zuen: “eskubide bat defendatzen dugu, ez pribilegio bat”.
Erakundeetatik ez ezik, ALDAk herrigintzaren molde klasikoagoak baliatzen ditu. Tartean dira legez-kanpoko etxebizitza turistikoen okupazio ekintzak (adibidez Hendaian) baita masa-mobilizazioak ere: 2021eko azaroan 8.000 lagunek egin zuten bat “espekulazioaren kontra eta etxebizitza duinaren alde” eginiko manifestaldiarekin.
Beraz, ALDAk, herrigintzatik sortua, herrigintza eta borroka instituzionala konbinatzen ditu; eragin espazio orotan ekiteko konpromisoz, eta inoiz, lurralde erroak ahantzi gabe.
Auzogintzaren etorkizuna
ALDAk auzogintzaren potentziala erakutsi digu, baina mugak ere bai. Alde batetik argi ikusi dugu honako hau: auzogintza ez da arazo
puntualak konpontzeko tresna soila, erronka sozio-ekonomiko potoloei heltzeko lurralde-oina da, funtsezkoa. “Zer” ez ezik “nola” bat ere bada auzogintza: eskubideak eta bizitza ona demokrazia zuzen eta komunitariotik borrokatzeko aukera da, auzoak duen gertutasunaren bertuteari esker. Hiri handian ez bezala, auzoan ez dago hiritarrik, bizilagunak baizik. Espazio Publiko arrotza aldiz, kale bilakatzen da auzoan, bizi-komunitateak zentzuz bustiriko espazioa baita, ezaguna eta maitatua. Gertutasun eta elkar- ezagutza horrez baliatuz, borroka komunitate inklusiboak josi daitezkeela erakutsi digu ALDAk.
Bestalde, nabaria da ekintzak egiten duela auzoa; eta komunitatearen jardunak bilakatzen duela bizileku arrunta auzo. Edo bestela esanda: “gintza”rik gabe ez dago auzorik. Bide horretatik ALDAk irakasgai boteretsua laga digu: auzoak bidelaguntzeko antolaketa egitura esternoak gakoa izan daitezke. Ezin baitugu auzoa idealizatu, ez baitago tokatu zaigun mundutik aparte: prekarietatea, biolentzia, soziofobia, norberekeria edota nihilismoak erroak ditu auzoan, elkartasunak bezain beste.
Horrenbestez, ALDA bezalako tresna herrikoiak, politizatuak, auzoaren anbibalentzia termino eraldatzaileetan askatzeko balio du: elkartasun bulkadak indartzeko, norberekeriaren kontra. ALDA erakutsi digu nola egiten den hori: atez ate lan eginez, borroka zehatzak proposatuz, asanbladak dinamizatuz, erakunde eta komunitatearen arteko zubi-lanak eginez, … eta batez ere: antolaketa, antolaketa eta antolaketa. Horrek esan nahi duen guztiarekin: estrategia argia, finantza autonomia eta liberazioak. Dudarik gabe, ALDAren gaitasun horiek ez dira egun bakarreko uzta; alta fruitu bera jaso nahi duenak lurra nondik jorratu ikasteko adibidea topatuko du herri-sindikatuan.
Hiritik Ateko hirukoteak Errobi ibaiaren konpainian hartu dugu azken kafetxoa. Trago artean aletu ditugu ALDAko lagunak oparituriko esperientziak, eta hautatu ditugu zenbait adibide. Baiona Tipiari agur esan baino lehen, elkarri begiratu diogu, eta konbentzimendu berrituz aitortu: “gehiagotan etorri behar dugu Baionara!”.
