Mugakide: hurbiltasunetik eta justizia sozialetik abiatutako abokatutza eredua

Mugakide atzerritartasun eta nazionalitate arloan espezializatutako abokatu kooperatiba da, eta bere jarduna pertsonen bidelagun izatean oinarritzen du: Espainian bizitzeko, lan egiteko edo nazionalitatea eskuratzeko tramite juridikoak ulertzen eta gauzatzen laguntzen du, modu argi, hurbil eta gardenean. Esperientzia handiko baina ikuspegi berritzaileko talde gazte batek osatua, Mugakidek arreta berezia jartzen du prozesu juridikoen atzean dauden pertsonengan, haien egoera eta behar zehatzak kontuan hartuta. Horrela, ez da soilik tramiteak kudeatzen dituen bulego bat: espazio bat da, non pertsona bakoitza entzuna, errespetatua eta lagundua sentitzen den, migrazio prozesu konplexuetan zehar bidelagun izateko helburuarekin.

– Jatorria: nola sortu zen Mugakide, zein beharrei erantzunez?

Elkarrizketatzailea: Lehenengo galderatik hasita, pixka bat kokatzeko: nola sortu zen Mugakide? Zein beharrei erantzunez erabaki zenuten kooperatiba hau martxan jartzea?

Mugakide: Mugakide osatzen dugun hirurok Donostiako abokatu bulego batean aritu ginen urte luzez, atzerritartasunaren esparruan lanean. Esperientzia hori partekatua genuen, eta elkarrekin lan egiteko ohitura ere bai. Denborarekin, ordea, ikusi genuen lan bera beste modu batean egin zitekeela: zerbitzu bera eskaini, baina bestelako logika batzuekin.

Batetik, prezioen auzia zegoen: gure ustez, askotan zerbitzu juridiko hauek prezio altuegiak zituzten, pertsona askorentzat eskuragarri ez zirenak. Bestetik, tratua bera: guretzat garrantzitsua zen pertsonari arreta hurbilagoa eskaintzea, ez hain estandarizatua, ez hain automatizatua. Azkenean, atzerritartasunaren esparruan ari garenean, askotan egoera zaurgarrian dauden pertsonekin ari gara, eta horrek beste begirada bat eskatzen du.

Horregatik erabaki genuen gure kabuz hastea, gure lan egiteko modua praktikan jartzeko. Mugakide sortu zen, nolabait, lan bera egiteko modu duinago eta hurbilago baten beharrari erantzunez.


– Kooperatiba egituraren ekarpena

Elkarrizketatzailea: Eta zehazki, zer ematen dizue kooperatiba egiturak? Abokatu lanari begira, eta bereziki migrazioaren arloan, zer indargune ditu? Eta zein zailtasun topatu dituzue?

Mugakide: Hasieratik argi genuen gure arteko harremana parekotasunean oinarritu nahi genuela. Hiru gara, eta hiruron artean erabakiak modu horizontalean hartzea, soldatetan eta erantzukizunetan berdintasuna bermatzea… hori guztia oso garrantzitsua zen guretzat.

Kooperatiba formak hori ahalbidetzen du. Ez dugu inor soldatapean nahi izan, ezta hierarkia klasikoetan oinarritutako egiturarik ere. Gure lan egiteko modua –elkarlanean, konfiantzan eta elkar ezagutzan oinarritua– bat dator kooperatiba egiturarekin.

Egia esan, gure kasuan ez digu buruhauste handirik sortu. Jada elkarrekin lan egiten genuen, eta erabakiak modu kolektiboan hartzeko ohitura genuen. Beraz, kooperatiba izateak gehiago formalizatu du jada genuen dinamika hori.

Indargune nagusia hori da: koherentzia. Barne-antolaketa eta balioak lerrokatuta daude. Zailtasunak? Agian ez hainbeste egituratik bertatik, baizik eta sektorearen beraren baldintzetatik datoz, gero ikusiko dugun bezala.


– Migrazioaren arloko erronkak gaur egun

Elkarrizketatzailea: Migrazioaren arloan ari zarete lanean, eta azken finean arazo sozial oso sakon batekin. Zeintzuk dira gaur egun topatzen dituzuen erronka nagusiak ikuspegi juridikotik?

Mugakide: Atzerritartasunaren esparrua oso berezia da. Lan asko dago, eta egiteko modu asko daude. Gaur egun gero eta gehiago ikusten dugu bulego handiak sortzen ari direla, prozesu asko kudeatzen dituztenak modu oso mekanizatuan.

Guk kontrako bidea hartu dugu: bolumen handia baino, hurbiltasuna lehenetsi. Guretzat garrantzitsua da bezeroarekin harreman zuzena izatea, bere egoera ulertzea, bere baldintza sozioekonomikoak kontuan hartzea.

Arazoetako bat da prezioen estandarizazioa: askotan tarifak ez dira pertsona guztien eskura egoten. Eta, gainera, badira kasuak non eskaintzen den zerbitzua ez datorren bat kobratzen denarekin. Horrek desoreka sortzen du.

Bestalde, arrakala digitala ere oso presente dago. Prozedura asko telematikoak dira, eta jende askok ez du sarbide edo gaitasunik horiek bere kabuz egiteko. Horrek abokatuengana jotzera behartzen ditu, askotan derrigortuta.

Eta gero badago egungo testuinguru oso konkretu bat: erregularizazio prozesu masiboak. Hor ikusten ari gara nolako nahasmena dagoen. Irizpideak aldatzen dira, dokumentazio berriak eskatzen dira azken momentuan, administrazioa bera oraindik egokitzen ari da… eta horrek antsietate handia sortzen du pertsonengan.

Elkarrizketatzailea: Aipatu duzu erregularizazio masiboa. Pixka bat gehiago azaldu dezakezu zer den, eta zer arazo sortzen ari den?

Mugakide: Bai. Azken aldiz halako prozesu bat 2007an egin zen, eta orain berriro antzeko egoera bat sortu da. Milaka eta milaka pertsona daude egoera irregularrean, eta eskaera bolumena izugarria da.

Prozesua bera nahiko nahasia izaten ari da. Sare sozialetan informazio asko zabaltzen da, batzuetan okerra edo kontraesankorra. Gobernuak berak ematen dituen irizpideak aldatu egiten dira egun gutxitan. Dokumentu berriak eskatzen dira, bulegoak kolapsatuta daude…

Gainera, jende askok hiru hilabeteko epea du tramiteak egiteko, eta askotan jatorrizko herrialdeetan dokumentuak lortzea ez da erraza. Horrek presio handia sortzen du.

Euskal Herrian, agian, sare sozial eta elkarte sare sendoago bat dagoenez, egoera apur bat arinagoa da. Baina estatu mailan leku askotan ilara luzeak eta arazo handiak daude, batez ere zaurgarrienentzat.


– Elkarlana eta sareak

Elkarrizketatzailea: Testuinguru horretan, zuek bakarrik ari zarete lanean edo beste eragileekin elkarlanean?

Mugakide: Bai, elkarlana funtsezkoa da. Egunerokoan hainbat elkarte eta eragilerekin aritzen gara, batez ere migratzaileekin lan egiten dutenekin.

Askotan sinbiosi moduko bat sortzen da: haiek pertsonen harrera eta laguntza soziala lantzen dute, eta guk aholkularitza juridikoa eskaintzen dugu. Batzuetan, pertsona batek baliabide ekonomikoak dituenean eta tramitea konplexua denean, gugana bideratzen dute.

Erregularizazio prozesuan, adibidez, elkarlanak oso garrantzitsuak dira: zaurgarritasun txostenak egiteko, tramiteak azkartzeko… Horrelako kasuetan koordinazioa funtsezkoa da.

Elkarrizketatzailea: Eta Irungo testuinguruan, harrera sareekin edo migrazio fluxuekin lotuta, izan duzue parte hartzerik?

Mugakide: Harremanak baditugu, baina gure esku-hartzea mugatuagoa da. Harrera sareek batez ere trantsitoan dauden pertsonak artatzen dituzte: asilo eskatzaileak, kale egoeran daudenak… Profil horiek ez dira hainbeste gure bulegora iristen.

Hala ere, badira kontsulta puntualak, zalantzak… eta horietan laguntzen dugu, nahiz eta ez den eguneroko lan nagusia.


– Azken gogoetak: justizia, prezioa eta desberdintasunak

Elkarrizketatzailea: Azken zatira etorrita, badirudi zuen lanak baduela kontraesan bat: alde batetik zerbitzu juridiko bat da, ordaindu beharrekoa; bestetik, askotan egoera prekarioan dauden pertsonekin egiten duzue lan. Nola kudeatzen duzue hori?

Mugakide: Bai, hala da. Gure lana zerbitzu bat da, eta ordaindu egin behar da. Baina aldi berean badakigu zein den gure publikoa, eta saiatzen gara prezio bidezkoak eskaintzen eta ahal den neurrian malgutasunez jokatzen.

Gainera, garrantzitsua da esatea ez dela beti beharrezkoa abokatu bat. Batzuetan tramiteak doan egin daitezke, eta jendeak informazio egokia badu, bere kabuz egin ditzake. Sare sozialetan, adibidez, gero eta gehiago ikusten da jendeak informazio baliagarria partekatzen duela.

Baina egia da sistema bera desorekatua dela. Baliabide ekonomikoak badituzu, badira bide azkarragoak eta errazagoak: inbertsio bidezko egoitzak, nomada digitalentzako baimenak… Eta baliabiderik ez baduzu, bidea askoz luzeagoa eta zailagoa da.

Elkarrizketatzailea: Azken batean, lege markoak berak badu izaera elitista bat…

Mugakide: Bai, neurri batean bai. Klase sozialaren araberako desberdintasunak oso nabarmenak dira. Eta hori ezin da ukatu.

Guk egiten duguna da, ahal dugun neurrian, egoera horretan lan egitea beste modu batean: pertsonari begira, hurbiltasunez, eta justizia sozialarekiko konpromisoarekin.

Elkarrizketatzailea: Azken ideia horrekin geratuko gara: abokatutza egiteko beste modu bat badagoela erakusten duzuena.

Mugakide: Hori da, bai. Horretan saiatzen gara, behintzat.

Web orrialdea: www.mugakide.com