Irule abokatuak kooperatiba: justizia feminista baterantz

Irule Abokatuak zerbitzu juridiko eta psikosoziala ikuspegi feministatik eskaintzeko sortutako abokatu-kooperatiba da. Garazi Plazaola Ugarte eta Macarena Mugica Urbistondo abokatuek abiatu zuten proiektua, ohiko abokatutza beste modu batera egiteko beharretik: gertutasuna, enpatia, gardentasuna eta hizkuntza ulerterraza erdigunean jarrita.

Oraingo honetan, Maria Pérez Garrido Iruleko abokatuarekin hitz egin dugu, abokatutza feministaren beharraz, justiziarako sarbidearen mugez, kooperatiba-egituraren ekarpenez eta sare-lanaren garrantziaz.

Lehenengo galdera Iruleren jatorriari buruzkoa da. Nola sortu zen Irule, eta zein beharrei erantzunez sortu zenuten kooperatiba?

Irule 2019 inguruan hasi zen forma hartzen, Garaziren eta Macarenaren buruan zegoen kezka batetik: abokatutza-jardunean begirada feminista txertatzeko premia handia zegoela.

Mundu juridikoan, eta oro har justizia instituzionalean, hutsune handia ikusten zuten zentzu horretan. Ez zen soilik kasu jakin batzuk ikuspegi feministatik lantzeko beharra; abokatutza bera beste modu batera egiteko grina zegoen atzean: bezeroarekin harremana beste modu batean eraikitzea, prozesuak modu ulergarrian azaltzea, eta pertsonari bere prozesu juridikoaren gaineko erabakiak hartzeko gaitasuna aitortzea.

2020an, pandemia garaian, bidelaguntza-prozesu bat abiatu zuten KoopFabrikaren bitartez, eta horrek proiektuari lurra hartzen lagundu zion, zituzten ideiak fintzen eta haiei forma ematen.

Eratze-prozesu horretan, beste mila bilera eta elkarrizketa ere izan zituzten: eragile desberdinekin, inguruekoekin, lagunekin… Bidean oso modu eskuzabalen topatu zituzten guzti horiei ere, eskerrak.

Hartu-eman guzti horien emaitza ere badelako Irule.

Beraz, abokatutza beste modu batean egiteko beharraren kontzientzia bazegoen. Horrekin lotuta, zer ekartzen dio kooperatiba-egiturak zuen jarduerari?

Kooperatiba-egiturak asko ekartzen digu, bai barrura begira, bai kanpora begira. Mundu juridikoa gogorra izan daiteke, eta oraindik ez dauka ikuspegi feminista behar bezala txertatuta. Epaitegietan gorputza jartzeko, prozedura judizialetan parte hartzeko eta kasu konplexuei eusteko, guretzat ezinbestekoa da taldean egotea.

Abokatu gisa bakarrik aritzeak baditu mugak. Taldeak aukera ematen digu elkarri eusteko, kasuak kontrastatzeko, ardurak partekatzeko eta lanaren zama ez eramateko modu indibidualizatuan. Kooperatiba-egitura, ahal den neurrian horizontala izanik, gure lana modu amableagoan eta aberatsagoan egiteko aukera bat da.

Genero-alorrean espezializatuta zaudete. Zein dira, gaur egun, ikuspegi horretatik ikusten dituzuen erronka nagusiak?

Lege mailan egon dira aurrerapen batzuk, baina arazo nagusietako bat da legea aplikatzen duten operadore juridikoek ez dutela beti formakuntza eta sentsibilizazio nahikorik begirada feministatik jarduteko.

Legeek paperean aurrerapenak jaso ditzakete, baina epaileek, fiskalek, abokatuek eta gainerako eragileek ikuspegi feministarik ez badute, egitura patriarkalak berriz ere erreproduzitzeko arriskua dago. Horregatik, ez da nahikoa legeak aldatzea; ezinbestekoa da haien aplikazioan ere benetako eraldaketa ematea.

Beste erronka handi bat justiziarako sarbidea da. Klase-arrakalak baldintzatzen du justiziara iristeko aukera. Genero-indarkeriaren arloan doako justiziarako sarbidea badago, baina zerbitzu hori oso prekarizatuta dago egituraz. Horrek eragina du eskaintzen den zerbitzuan. Gainera, abokatu askok ere ez dute behar adinako formakuntza gai horietan.

Askotan, ez behar besteko denborarik eskaintzen kasua aurretik lantzeko. Gerta daiteke abokatuak bezeroa bista baino pixka bat lehenago ezagutzea lehen aldiz, eta horrek izugarrizko eragina du defentsaren kalitatean.

Praktikan, maiz, ez da bermatzen doako justiziaren hartzailearen defentsa-eskubidea.

Hori guztia egiteko, sare-lana ezinbestekoa dela ulertzen dut. Zein sare edo espaziotan zaudete?

Parte hartzen dugun egitura nagusietako bat Larrutik da, interkooperazio feministarako sarea. Bertan hainbat kooperatiba eta proiektu biltzen gara: Ara!Gorputz, Artaziak, Eihera, Farapi, Harago, Parean, Emagin eta beste batzuk.

Larrutik ekonomia sozial eta feminista sustatzeko zirkuitu edo sare moduko bat da. Tarteka elkartzen gara, gure lan-baldintzak, lanaren antolaketa, zaintzak eta elkarlan-aukerak erdigunean jartzeko. Kanpora begira ere, espazio sozioekonomikoetan estandar feministak sustatu nahi ditugu, txikitik eta lokaletik lan eginez.

Mundu juridikoaren barruan ere saiatzen gara sareak sortzen. Ez dago hemen, oraingoz behintzat, abokatu feministen sare formal sendo bat, baina baditugu aliantzak beste abokatu batzuekin. Kasuak kontrastatzeko, zalantzak argitzeko edo estrategiak partekatzeko oso garrantzitsua da hori.

Zentzu horretan, esango zenuke abokatu feminista baten bidelaguntza erabakigarria izan daitekeela prozesu batean?

Bai, guk oso garrantzitsutzat jotzen dugu. Lehenengo artatzean, abokatuak entzute- eta enpatia-ariketa bat egin behar du. Pertsonak sentitu behar du espazio hori segurua dela, bizi izan duena partekatu ahal izateko.

Begirada feminista edukitzeak edo ez edukitzeak erabat aldatzen du gaiaren enfokea, baita prozedura judizialaren estrategia eraikitzeko modua ere. Abokatu gisa kasu bakoitzari denbora eskaini behar diogu, baina, horrez gain, bezeroari bere prozeduraren agentzia aitortu behar zaio. Bere bizipenak dira, bere prozedura da, eta berak ulertu behar du zer gertatzen ari den eta zer erabaki hartu behar diren.

Mundu juridikoa oso zaila da ulertzeko. Horregatik, abokatuaren lana ez da soilik defentsa teknikoa egitea; azalpen-lana ere egin behar da. Pertsonak bere prozedura ulertu behar du, eta ulermen horretatik erabaki ahal izan behar du.

Gure ustez, prozedura judizial bat hasieratik ondo hasten ez bada, gero dena korapilatu daiteke. Gainera, prozedura judizialak askotan oso birbiktimizatzaileak dira eta gorputza jarri behar da epaitegietan. Horregatik, pertsona aurretik ondo informatuta egon behar da, jakin dezan prozesuak zer suposatuko duen eta denboran zenbat luzatu daitekeen. Askotan prozedura horiek urteak iraun ditzakete, eta hori jakitea ere ezinbestekoa da.

Nire esperientziagatik, askotan lehenengo trabetako bat da ez onartzea egoera hori genero-indarkeria denik. Indarkeria matxista ez dira soilik kolpeak. Badago indarkeria ekonomikoa, indarkeria psikologikoa, kontrola, jazarpena… Baina epaitegi batean frogatzea oso zaila izaten da. Askotan, hasieratik bertatik desaktibatzen da aukera hori, entzun ere egin gabe.

Bai, erabat. Estandar judizialak oso zehatzak dira, eta askotan ez dute begirada feministarekin bat egiten. Horregatik, prozesu bat bermeekin egiteko, oso ondo prestatu behar da kontakizuna.

Epaitegietan garrantzi handia ematen zaio pertsonaren testigantzari: kontakizuna ordenatua izateari, garbia izateari, kontraesanik ez egoteari, emozionalki kontatzen denarekin bat etortzeari… Baina badakigu indarkeria bizi izan duten pertsonen kontakizunak ez direla beti horrelakoak.

Askotan pertsonak ez dira gauza guztietaz gogoratzen, edo kontatzen ari diren heinean gogoratzen dira. Sarri ez dute kronologia garbirik. Eta askotan indarkeria-istorioak urteetan luzatu dira. Horrelako bizipen bat kontakizun lineal, zehatz eta kronologiko batean sartzea ez da batere erraza.

Horregatik da hain garrantzitsua bidelaguntza. Epaitegian ulergarri izango den kontakizun bat prestatzen lagundu behar da, pertsonaren bizipena desitxuratu gabe, baina sistema judizialak ulertu ahal izango duen moduan aurkeztuz.

Gainera, indarkeria matxista askok ez dute aztarna fisiko argirik uzten. Indarkeria psikologikoa, urteetako mehatxuak, indarkeria ekonomikoa, kontrol-egoerak edo jazarpena frogatzea zaila izan daiteke. Horregatik, froga-bilketa oso garrantzitsua da: testigantzak, dokumentazioa, mezuak, lekukoak edo egon daitezkeen bestelako frogak ondo lantzea ezinbestekoa da.

Azkenean, indarkeria matxista jasateaz gain, pertsonak indarkeria instituzionala ere jasan dezake: epaitegietan, polizian edo bestelako erakundeetan. Horregatik, agian, ezinbestekoa da begirada feminista duten profesionalak identifikatzea eta sare bat izatea.

Bai, hori oso argi ikusten dugu. Indarkeria matxista sufritzeaz gain, askotan indarkeria instituzionala ere jasan behar izaten da. Horregatik, beharrezkoa da begirada feminista egotea, ez soilik abokatutza-zerbitzuetan, baita psikologia-zerbitzuetan eta bestelako artatze-zerbitzuetan ere.

Guretzat ideala litzateke abokatu feminista asko egotea, eta sare sendo bat izatea. Abokatu feministen batura batek indar handiagoa ematen du epaitegietan jarduteko. Estrategiak kolektibizatzeak lana errazten du, eta aukera ematen du aurretik beste norbaitek probatu duen bide batetik ikasteko.

Askotan epaitegietara joaten gara gaur egungo egitura juridikoarentzat ia “martzianoak” diren eskaerekin. Gehienetan badakigu bide juridiko zaila dela, baina bide hori irekitzea erabakitzen dugu. Azken finean, sistemaren arauen barruan jolasten ari gara, baina arau horien kontra ere joan nahi dugu, ikuspegi feministatik zirrikitu legalak bilatuz. Horregatik da hain garrantzitsua esperientziak partekatzea.

Ekonomia sozialaren ikuspegitik ere oso interesgarria da hori: talde-indarra, sareak eta estrategia kolektiboak eraikitzea. Eskerrik asko, Maria.

Zuei, aukera emateagatik.