BDSKoop, Eraldaketa Fabrika: errizoma bat Bidasoaldean

Polo kooperatibo baten sorrera eta bilakaera Ekonomia Sozial Eraldatzailetik
1. Sarrera: zer da BDSKoop?

BDSKoop-en hastapenak 2017. urte inguruan kokatzen dira, Olatukoop sortzen ari zen testuinguru berean. Garai hartan, Ekonomia Sozial Eraldatzailearen bueltan mugimendu eta intuizio ugari pilatzen ari ziren Euskal Herrian, eta Behe Bidasoan ere bazegoen horri forma kolektiboa emateko beharra. Taldean aritzen ohituta geunden pertsonak bildu ginen: batzuk gaztetxe mugimendutik, beste batzuk kooperatibismotik eta elkartegintzatik, esperientzia politiko eta komunitario partekatu batekin.

Hasieran bost eragile izan ziren sarearen oinarria: LZB Arkitektura, Pausumedia–Antxeta, Hiritik At Kooperatiba, Labore Txingudi Elkartea eta Aldatsa Elkartea (gaur egun Sorburu). Lakaxitakoop izenarekin abiatu zen sarea, Irungo Lakaxita gaztetxean egoitza hartuta. 2019an egin zen jauzi nagusia: sareak bere NIF propioa hartu zuen, BDSKoop Eraldaketa Fabrika izenarekin formalki eratu zen, eta gaur egungo egoitzan finkatu zen.

Ordutik, martxan jarritako proiektuek markatu dute BDSKoop-en bilakaera eta hazkundea. Izan ere, BDSKoop bera existitzeak beste erakunde batzuk sortzera edo profesionalizatzera animatu ditu, posible dela erakutsiz. Ekonomia Soziala askotan Mondragonera mugatu izan da iruditerian, baina BDSKoop-ek bestelako eskala eta antolaketa-moduak ere posible direla agerian utzi du, kooperatiba txiki eta urbanoetatik abiatuta.

Behe Bidasoan Ekonomia Soziala ez dago bereziki errotua, eta presentzia handiagoa behar zuen. BDSKoop-ek hutsune hori bete nahi izan du, Olatukoop-en printzipioetan oinarritutako Ekonomia Sozial Eraldatzailea praktikara eramanez: lurraldeko beharrak identifikatu eta horiei kolektiboki erantzuteko prozesuak eraikiz. Horregatik, ez da erraza hitz bakarrean definitzea zer garen: formalki elkartea gara, baina aldi berean lurralde-ekosistema y que ven el polo kooperatibo gisa ulertzen dugu geure burua.

Gure jarduna Behe Bidasoan errotuta dago, ekologian, euskaran, feminismoan edo hirigintza parte-hartzailean eragin zuzena izanez. Azken batean, eskualdeko erronkei aurre egiteko eta bizitza hobeak sostengatzeko tresnak sortzen eta ehuntzen dituen sarea gara. Horregatik diogu BDSKoop Bidasoaldeko polo kooperatiboa dela.


2. Bilakaera: sare bat eraikitzen

BDSKoop-en jarduna hiru lan-lerro estrategikotan egituratzen da, elkarrekin lotuta eta elkar elikatzen direnak.

Lehenengo lan-lerroa trantsizio ekosoziala da. Hemen kokatzen da BDSKoop-en dimentsio estrategiko eta analitiko sendoenetako bat: Behatokia. Behatokiaren bidez, BDSKoop-ek Ekonomia Sozial Eraldatzaileari lotutako ikerketa aplikatua sortzen du, beti Bidasoaldean errotuta. Ikerketa horiek EHUko Gizarte Ekonomiako Masterreko ikasleekin batera garatzen dira, eta helburua da lurraldeko behar sozial, ekonomiko eta ekologikoak aztertzea, eta Ekonomia Sozialetik erantzuteko aukerak identifikatzea. Sortutako edukiak argitaratu egiten dira eta ondoren Foroetan zabaltzen dira, eztabaidarako eta kontrasterako espazio kolektiboetan. Horrela, ezagutza sortzea, dibulgatzea eta aktibatzea lotzen dira, eta trantsizio ekosoziala praktikara eramaten da.

Bigarren lan-lerroa da, eta hemen agerian geratzen da BDSKoop-en izaera autopoietikoa. Eraldaketa Fabrikaren baitan, Ekonomia Sozial Eraldatzailea eskualdeko Lanbide Heziketako zentroetara eramaten da, azterketa egiten da eta ekintzailetza sustatzen da. Ekintzailetza, ordea, ez da ekintzaile indibidualen kontu hutsa: eskualdeko beharrei erantzuteko prozesu kolektiboa da. Lehenengo identifikatzen dira behar horiek —zaintza, elikadura, banaketa, etxebizitza, zahartzea— eta hortik abiatuta eraikitzen dira erantzunak. Horretarako, dibulgazioak berak funtzio garrantzitsua betetzen du, arazoak sozializatzeko eta erantzunak posible egiteko baldintzak sortzeko.

Hasierako urteetan, gainera, BDSKoop bera izan da askotan ekintzaile. Sareak berak egin ditu enpresa-planak, eta proiektu horietan integratu ditu ondoren ekintzaile berriak, haiekin batera lan eginez. Logika horretatik sortu ziren, besteak beste, Larrea, janari prestatu agroekologikoa eskaintzen duen proiektua; Labore Txingudi, kontsumo arduratsuko elkartea; eta Badoa, bizikleta bidezko azken miliako banaketa egiten duen kooperatiba.

Aldi berean, Eraldaketa Fabrikak enpresa-ideia propioa zekarten ekintzaileak ere hartu ditu. Horrela sartu dira sarean Mugakide, etorkinen erregularizazio juridikoan laguntzen duen abokatu kooperatiba; Gizagune, zahartze aktiboaren esparruan lanean ari den kooperatiba; eta Maïa Permaculture,, permakulturaren kultura lantzen duena. Bestalde, BDSKoop-ek sortutako erreferentzialtasunak eta espazioak jauzi kualitatiboa ematera animatu ditu beste eragile batzuk ere, hala nola Ara!Gorputz kooperatiba eta Parean elkartea, biak feminismoaren alorrean.

Hirugarren lan-lerroa Zabalduz da, Ekonomia Sozial Eraldatzailearen ikusgarritasuna, legitimitatea eta eragin kulturala lantzen dituena. Hemen kokatzen dira Laia aldizkaria, Kooperatuz Saria, Behe Bidasoako Ekonomia Sozialeko Foroa eta ekonomia sustapenean eragina duten preskriptoreentzako prestakuntzak (gestoriak, aholkulariak, teknikariak). Lerro honen bidez, BDSKoop-ek ezagutza sozializatzen du eta diskurtso hegemonikoari alternatibak eraikitzen dizkio.

Hiru lan-lerroak elkarrekin ulertuta, argi dago BDSKoop ez dela zerbitzu-hornitzaile hutsa, baizik eta azpiegitura kolektibo bat: bazkideei egitura, babesa eta perspektiba estrategikoa ematen diena, baina aldi berean konpromisoa, balio partekatuak eta ikuspegi kolektiboa eskatzen dituena. Horixe laburbiltzen du Olatukoop-en esaldiak: errizoma gara. Sare deszentralizatua gara, lurralde osoan errotzeko eta eskualdeetara zabaltzeko gaitasuna duena, eta hortik Ekonomia Sozial Eraldatzailea indartzen jarraitzen duena.


3. BDSKoop-ek zer ematen du, eta zer eskatzen du?

BDSKoop ez da egitura komertzial bat, eta ez du salmenta edo komertzial lanik egiten bazkideen izenean. Gaur egun hiru langilek osatzen dute BDSKoop-eko lan-taldea, eta haien funtzioa ez da bazkideen jarduera ekonomikoa ordezkatzea, baizik eta sarearen funtzionamendua, proiektu estrategikoak eta azpiegitura kolektiboa sostengatzea. Horregatik, bazkidetzak eskubideak emateaz gain, betebehar argiak ere badakartza.

Alde batetik, bazkideek eskubide batzuk dituzte. Besteak beste, BDSKoop-ek eskaintzen dituen baliabideak eta zerbitzuak erabiltzeko aukera dute, hala nola egoitza partekatua, azpiegitura informatiko komuna edo barne-zerbitzuak. Halaber, BDSKoop-ek martxan jartzen dituen proiektuetan parte hartzeko eskubidea dute, bai barrura begirako dinamika kolektiboetan, bai kanpora begirako ekimenetan.

Baina BDSKoop-en zentzua ulertzeko giltza betebeharretan dago. Bazkide izateko, ezinbestekoa da lanaren burujabetzan eta Ekonomia Sozial Eraldatzailearen (ESE) printzipioetan oinarritutako kooperatiba edo elkartea izatea. Salbuespen gisa autonomoak ere onartu daitezke, baina kasu horietan arreta berezia jartzen da jarduera ekonomikoa eta lan-harremanak ESE printzipioekin bat datozela bermatzeko. Gainera, bazkideek egoitza soziala edo jardueraren zati bat gutxienez Bidasoaldean izan behar dute, lurraldetasuna funtsezko irizpidea baita.

Horrez gain, bazkideek bazkidetzarako kuota ordaintzen dute, erakunde bakoitzaren gaitasun ekonomikoaren arabera ezarria, eta urtero berrikusten dena. Kuota horrek ez ditu barne hartzen zerbitzu guztiak, baizik eta egitura kolektiboaren oinarria bermatzen du. BDSKoop-ek ez du irabazi asmorik, eta jasangarritasuna elkartasun logikan ulertzen du.

Beste betebehar garrantzitsu bat da parte-hartze aktiboa. Bazkide izateak esan nahi du BDSKoop-en egituran inplikatzea: lan-taldeetan, koordinazioetan eta batzarretan parte hartzea ezinbestekoa da. BDSKoop ez da zerbitzu-hornitzaile bat; erabakigune partekatua da, eta horrek ardura kolektiboa eskatzen du. Era berean, bazkideek gardentasun neurriak hartu behar dituzte: adierazle ekonomikoak partekatu, Balantze Soziala osatu eta emaitzak sarearekin konpartitu.

Zehar-lerroek ere konpromiso argiak dakartzate. Bazkideek feminismoaren printzipioekiko konpromisoa izan behar dute, genero-berdintasuna aktiboki sustatuz; euskararen erabilera eta normalizazioa bermatu behar dute lan-ingurunean —BDSKoop-en funtzionamendu hizkuntza euskara da—; eta lurraldetasuna, kulturartekotasuna eta antiarrazismoa bezalako balioak txertatzeko prest egon behar dute.

Praktikan, honek guztiak egitura sendo bat sortzen du. BDSKoop-ek azpiegitura fisikoak eskaintzen ditu (egoitza partekatua, lan-postuak, bilera-gelak), azpiegitura informatiko komuna (zerbitzari partekatua, hosting-a), eta barne-zerbitzuak (administrazioa, kontabilitatea, nominak, dirulaguntzen kudeaketa…), beti ere logika argi batekin: zerbitzuak ez dira doakoak, baina merkatu-logikatik kanpo, elkartasunean eta mutualismoan oinarrituta eskaintzen dira.

Horrez gain, badira barne-mekanismo ekonomikoak ere: likidezia arazoei aurre egiteko barne-mailegutza esperientziak, egoera ekonomiko zailean dauden bazkideei laguntzeko mekanismoak, eta erabaki guztiak kolektiboki aztertzeko espazioak. Antolaketa aldetik, BDSKoop-ek lan-talde egonkorrak, koordinazioak, urteko batzarrak eta baita gatazkak lantzeko talde espezifiko bat ere baditu, zaintza eta jasangarritasun soziala bermatzeko.

Azken batean, bazkide izateak eskubideak ematen ditu, baina batez ere proiektu kolektibo baten parte izateko konpromisoa eskatzen du. Horregatik, BDSKoop-ek ez du komertzial lanik egiten: bere funtzioa ez da bazkideen jarduera saltzea, baizik eta bazkide horiek indartuko dituen egitura, testuinguru eta komunitatea eraikitzea. Eta horixe da, azken finean, BDSKoop-en balioa: Ekonomia Sozial Eraldatzailea Behe Bidasoan egituraz, denboran eta kolektiboki sostengatzeko tresna izatea.


4. Lurraldea: Behe Bidasoan egotearen erronkak eta aukerak

Behe Bidasoan egoteak erronka bereziak dakartza, eta horiek ulertzea funtsezkoa da BDSKoop zer den eta nola funtzionatzen duen ulertzeko. Lehenengo eta behin, mugaz osatutako eskualdea gara: Gipuzkoa, Nafarroa eta Lapurdi elkartzen diren lurraldea. Horrek aberastasun handia ematen du ikuspegi sozial eta kulturalean, baina eguneroko lanean zailtasun administratibo handiak ere sortzen ditu. Marko juridiko desberdinak, administrazio eskumen ezberdinak, dirulaguntza sistemak, hizkuntza-politikak… askotan, logika berarekin pentsatutako proiektuak hiru administraziorekin batera egokitu behar izaten dira.

Bigarren erronka handia da eskualdearen barne-egitura bera. Biztanleriaren %60–70 inguru Irunen kontzentratzen da, eta horrek erakarpen-indar handia sortzen du. Ondorioz, BDSKoop-en jardunaren zati handi bat Irunen kokatzen da, bai azpiegituragatik, bai jendearen pilaketagatik. Hala ere, gure begirada ez da inoiz soilik hirira mugatu: Hondarribia, Hendaia eta eskualdeko gainontzeko herriak ere kontuan hartzen ditugu, nahiz eta praktikan oreka hori mantentzea ez den beti erraza.

Azken batean, erronka nagusia da lurraldearen ikuspegi anitza integratzea: muga administratiboek zatitutako eskualde batean, errealitate desberdinak dituen lurralde oso bati begiratzeko gaitasuna eraikitzea, inor kanpoan utzi gabe.


5. Etorkizuna: erronkak eta aukerak

Etorkizunera begira, BDSKoop-en erronka nagusietako bat da eskualde osora zabaltzea, praktikan ere Behe Bidasoa osoa hartuko duen egitura izatea. Gaur egun jardunaren zati handi bat Irunen pilatzen da, eta erronka da sareak lurralde osoan eragiteko gaitasuna handitzea, herri eta errealitate desberdinak kontuan hartuta.

Bigarren erronka handia da erronka hirukoitzari —ekologikoa, soziala eta demografikoa— erantzungo dioten proiektu estrategikoak martxan jartzea. Hor kokatzen dira, besteak beste, zaintza kooperatiba baten sorrera, nekazaritza edo agrotest gune baten garapena, eta antzeko egiturak: eskualdeko behar errealetatik abiatuta, Ekonomia Sozial Eraldatzailearen logikatik erantzunak eraikiko dituzten proiektuak.

Azken batean, erronka ez da proiektu gehiago sortzea bakarrik, baizik eta lurralde mailako erantzun kolektiboak egituratzea, denboran iraungo dutenak eta Behe Bidasoan bizitza duinak sostengatzeko gaitasuna izango dutenak.