bizHIRIak JARDUNALDIAK
HIRI EREDUARI ETA TRANSIZIO EKOSOZIALARI BURUZKO IDEAIK TRUKATZENBDS KOOP
Apirilaren 2an Behe Bidasoako hainbat elkarte eta herri ekimen bildu ziren, BDS KOOPek antolatutako bizHIRIak topaketaren esparruan, hiri ereduari eta trantsizio ekosozialari buruzko ideia eta esperientziak trukatzeko asmoz.
Lurraldea eraldaketaren gako bat dela iritzita (Hiritik At-eko Karlos Renedok esan zuen bezala, “aldaketak lurraldetik etorri behar du”), krisi ekosozialak zeharkaturiko gure hiriak (gure lurraldeak) eraldatzeko hainbat estrategia abiarazteko aukera izan zen, behetik gorako ariketa bat; Hendaia, Hondarribia eta Irunen gako horietan lanean diharduten elkarte eta ekimenen artean elkar ezagutzeko berri izateko eta indarrak batzeko aukera bat ireki nahi duena.
Karlos Renedok ireki zuen goiz, eta ondoren egin ziren aurkezpenetarako nolabaiteko marko teorikoa azaldu zigun: gaur egun bizi dugun krisi iraunkorrari (pandemia-gerra-aldaketa klimatikoa) lurralde bakoitzaren (auzoak, hiriak, lurraldeak) burujabetzatik soilik aurre egin ahal izango diogu; horretarako, ezinbestekoa da gizartearen ahalduntzeko bidea hartzea eta instituzioen, ehun sozioekonomikoaren, eta herri ekimenen arteko elkarlan eta ulermen zintzoa bultzatzea, gobernantza eredu berriak bilatuz.
Hiritik At – Karlos Renedo
Markoa ezarrita, gonbidatutako elkarte eta ekimenek beren proiektuak eta lanketak aurkezteko txanda iritsi zen. Aurkezpen erronda Balaztak (Bidasoako bizikletaren aldeko elkartea) ireki zuen, bizikleta bidezko mugikortasunaren arloan landutako ekimenak eta bereziki bizikletak berreskuratu eta konpontzeko Bir-Ziklatu proiektua azalduz . Ondoren, Parean elkarteko Ainarak Hondarribia eta Irunen feminismotik egindako lanak aurkeztu zituen: emakumeen memoria berreskuratzeko ekimenak, kale-izendegiari egindako ekarpenak, txango feministak… Dunboako Gurasoen Elkarteak eskolako jolastokia eraldatzeko eta inguruko auzoetara irekitzeko egindako ibilbidea eta etorkizunean egin beharrekoa azaldu zuen eta Aritzek, Hondarribiko Sorburu Baratzeko kideak, baratza kooperatibo honen nondik norakoak aurkeztu zituen: “kaletarrek egindako agroekologia”, bere hitzetan.
Ezkerretik eskubira eta goitik behera: Balazta, Parean elkartea, Dunboako guraso elkartea, Sorburu baratza
Maïa Permacultureren eskutik trantsizio ekosozialaren bidean baliotsuak izan daitezkeen permakulturaren hiru ardatzak ezagutzeko aukera izan zen: lurraren zaintza, pertsonen zaintza eta bidezko banaketa. Hendaiako Recycl’Arte elkarteko Clairek hondakinen sorrera murrizteko eta konponketa, berrerabilpena eta birziklapena bultzatzeko ekimenak azaldu zituen; besteak beste, elkartekideak bizikleta-konponketan aritzen dira. Hainbat eskola, enpresa eta erakundeekin landutako mugikortasun estrategiak ere ekarri zituen. Behobia Bizirik herri ekimenak hartu zuen hitza gero: lehenik eta behin, Behobiako Lastaola-Postetxe lursailaren azterketa eta irakurketa eskaini zuten -”ezagutzen eta baloratzen dena baino ez bait da babesten eta kontserbatzen”- eta, ondoren, Idoia Martin paisajistak lursail horretarako proposamen zehatza aurkeztu zuen..
Ezkerretik eskubira eta goitik behera: Maïa Permaculture, Recycl’Arte, Behobia Bizirik, Idoia Martin
Irungo Landetxa auzo elkarteak eman zion jarraipena goizari: Maiderrek auzoaren borroka eta lorpen historikoak gogora ekarri zituen, auzotarren ahalduntze-prozesua aurkeztu eta garatutako proposamen zehatz eta integralak jaso dituen auzo-plana aurkeztu zuen. ZiztaKA ekimenak Irungo kultur plaza, euskararen eta kulturaren topagunea, izan nahi duen Kafe Antzokia sortzeko ahaleginak aurkeztu zuen. Gero, Artiako Lagunen txanda izan zen, pertsonak erdigunean izango dituen auzo- eta hiri-ereduaren aldarrikapena ekarri zuten, auzo bizi eta bizigarriak aldarrikatuz. Aurkezpen erronda ixteko, Hondarribiko Amute-Kosta auzo elkarteko Iñakik elkarteak egindako ibilibidea azaldu zuen eta herri ekimenen lanaren eta borrokaren garrantzia azpimarratu zuen.
Ezkerretik eskubira eta goitik behera: Landetxa auzo elkartea, ZiztaKA, Artiako Lagunak, Amute-Kosta auzo elkartea
Goiza amaitzeko, aurkeztutako ekimen guztiak mapatu eta mahai-inguru labur bat egin zen. Parte-hartzaileek hainbat esparrutan elkarlanean aritzeko eta sareak sortzeko gogoa adierazi zuten. Gure eskualdeko hirien eraldaketa eta trantsizio ekosoziala indartzeko abiapuntua izan bedi.
Info gehiago partehartzaileen webguneetan:
BDS koop https://www.bdskoop.eus/
Hiritik At https://hiritik-at.eus/
Balazta http://balaztabidasoaes.blogspot.com/
Parean elkartea https://parean.eus/
Dunboako G.E. https://es-es.facebook.com/AmpaDunboa/
Sorburu baratza https://www.facebook.com/profile.php?id=100074460289155
Maïa Permaculture https://maiapermaculture.com/
Recycl’Arte http://www.recyclarte.org/l-association-recyclarte/
Behobia Bizirik https://twitter.com/BehobiaBizirik
Landetxa A.E. https://es-es.facebook.com/landetxaventaskatea.auzoelkartea
ZiztaKA https://www.facebook.com/eztena.irun.1
Artiako Lagunak https://twitter.com/artiakolagunak?lang=es
Amute-Kosta A.E. https://twitter.com/amutekosta?lang=es