INDART3D

ETORKIZUNA MODU KOOPERATIBOAN INPRIMATZEN

Testua: Gari garaialde

Argazkiak: Gari Garaialde, INDART 3D

Bidea eten zuen SL baten errautsetatik kooperatiba bat sortu, eta aurrera egiteari ekin zioten bi gazteren proiektua dakarkizuegu honako lerrootan. Ondo egindakoak kontuan hartu, eta, hain ondo egin ez zirenak baztertuta, proiektu kolektibo bat sortzea amestu zuten

3D inprimagailuak diseinatu, fabrikatu, muntatu eta saltzen dituen kooperatiba bat da Indart3D, eta, 2020ko otsailaren amaieran, oinarrian zeregin bera zuen Tumaker SL enpresako langile ziren bi lagunek sortu zuten. Tumaker SL enpresak egindako apustu komertzial berria gaizki atera eta aurrera ezin eginik geratu zenean, bertako I+D arloan lanean ia 10 urte zeramatzaten Ivan Sardon eta Aitor Garciak abentura berri bat hasteko modua ikusi zuten, Tumakerren egiten zuten lan berari jarraipena emateko. Oinarrira jo, eta Tumakerren arlo industrialari soilik heltzea erabaki zuten, funtzionatzen zuen eta emaitzak ematen zituen ibilbidea bazegoelako bertan.

SL izatetik kooperatibara egindako jauziaz galdetzean, “aurreko proiektuan gu langile hutsak ginen; ez genuen inolako partaidetzarik enpresan, eta benetan langileak proiektuaren parte diren enpresa bat nahi genuela ohartu ginen” aitortu digu Ivanek. Hasiera batean, ez zuten hain argi zein eredu hartuko zuten; aukera guztiak zituzten aztergai, baina argi zutena zen sortuko zuten proiektu berrira gehituko zen jendea ez zela soilik langile edo zenbaki bat izango, proiektuaren kide baizik. Ideia hori argi izanik, bidean eskatutako aholkuek kooperatiba sortzera bideratu zituzten.

Proiektu guztien sorrerak izaten dira malkartsuak, eta, areago, Aitorri eta Ivani gertatu gisa, kooperatiba sortu bezain laster COVID19aren pandemia eta hark eragindako etxeratzea topatzen baduzu aurrez aurre, baina, Ivanek dioenez, Indart3D-k bazuen karta bat bere alde, karta on bat. Tumaker SL enpresatik zetozen Aitor eta Ivan, eta, Tumaker desagertu zenez, han eta hemen ziren Tumaker inprimagailuen mantenua egin eta kontsumigarriak saltzeaz arduratuko zen norbait behar zuten inprimagailu horien jabeek. Horrez gain, Tumakerren lanean aritutako urteetan egindako kontaktu eta bidelagun guztiak lagungarriak izan dira proiektu berria aurrera ateratzeko. Enpresa berria da Inadrt3D, baina negozio eremu ezagun batean jarduten du.

Duela lau urte bi lagunek sortutako kooperatibak 9 langile ditu gaur egun. Horietako zortzi kooperatibako bazkide dira jada, eta, azken sartu denari, kooperatibaren bazkide egiteko proposamena luzatu zaio hasierako froga garaia bukatu berritan.

Orokorrean, gaztea da Indart3Dren langileria; Irungo Bidasoa eta Errenteriako Don Bosco Lanbide Heziketako institutuekin eta Tecnun eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin ekin dituzten harremanak direla eta, ikasketa praktikak egiteko jendea hartzen dute ikastetxe hauetatik, eta, beharren arabera, bertan lanean geratzeko eskaintza egiten zaie. Gaur egun Indart3D osatzen dutenak bide horretatik iritsi ziren proiektura, eta ondoren kooperatibaren parte izatera pasatu dira.

GIZA EHUNAK INPRIMATZEN

I+D+i arloari ematen dioten garrantzia dela eta, teknologiarekin esperimentatzeko duten joeratik abiatuta, 3D inprimaketak eskaini ditzakeen aukera ezberdinak ikertu izan dituzte kooperatiban. Hau dela eta, adibidez, Nanoprint izena duen Bio proiektu interesgarri batean dabiltza murgilduta Gipuzkoako beste bi enpresarekin: CIC Nanogune eta Polymat ikerketa zentroarekin, eta, 3D inprimagailuak erabiliz, medikuntzan erabiltzeko giza ehunak eta organoak sortzea helburu duen proiektuan ari dira elkarlanean.

Prozesu hori egiteko, Elektrospinning tekniketara egokitu eta zelulekin lan egiteko egokia den 3D inprimagailu berezi bat behar da, eta gailu hori diseinatu eta sortzea litzateke Indart3D kooperatibaren lana. Sardon jaunaren hitzetan, oinarrian, 3D inprimagailu gisa definitu daiteke X, Y eta Z ardatzetan aurrera eta atzera, ezker-eskuin eta gora edo behera mugituko den gailu bat izango delako, baina Polymat diseinatzen ari den hidrogel edo material berezi bat erabiliko du.

Etorkizunean, paziente bakoitzaren zelula amekin lan egiteko aukera izango dela aurreikusi dute ikertzaileek, eta, zelula horietan oinarrituta, ehunak sortu ahal izango dituzte, medikuntzako profesionalek azterketa pertsonalizatuak egin eta paziente bakoitzak botika eta terapia jakin batzuei nola erantzungo dien ebaluatzeko.

ZIRKULUA ITXI

Gaur egun, 3D inpresioak egiteko, ia edozein material erabili daitekeela azaldu du Ivanek: ”3D sistemako inprimagailuetan erabili daitezkeen materialak infinituak dira; plastikoarekin hasi zen, baina gaur egun zeramikoak, metalak edo janariak ere erabiltzen dira”. Hormigoia erabiliz inprimatzen duten aparailuak ere badira gaur egun, adibidez, eraikuntzarako pieza handiak egiteko. Gakoa hormigoi horren formulazio egokia topatzea da, ez bakarrik pieza eraikitzeko, baizik eta eman nahi diogun erabilerarako egokia izan dadin erresistentzia, gogortasuna edo iraupenaren aldetik.

Material ezberdinekin inprimatzeko aukerak direla eta, ekonomia zirkularraren kontzeptuari heldu nahi diote Indart3Dn, eta epe motzean plastiko birziklatuarekin pieza berriak inprimatzeko aukerak aztertzen ari dira kooperatiban. Lehen pausua izan da 3D teknikaz inprimatutako pieza zaharrak birziklatuta pieza edo inpresio berriak sortzeko prototipoa eraikitzea, baina, aurrera begira, edozein plastiko birziklatzeko aukera aztertu eta plastiko birziklatuekin altzariak egiteko moduak ari dira ikertzen.

BIDASOA KOOPERATUZ

BDSKoop Eraldaketa Fabrika elkartetik (Bidasoaldean Ekonomia Sozial Eraldatzailea eta tokiko ekonomia sustatu eta balio kooperatiboak indartu asmoz) iaz martxan jarri genuen “Bidasoa Kooperatuz” sariketaren irabazleetako bat izan zen Indart3D kooperatiba.

Erakunde eta enpresa kooperatiboak definitzeko erabiltzen diren 7 printzipioak gure eskualdean nola gauzatzen diren jakin eta balioan jartzea da sariketa horren helburua, eta eskualdean ditugun 100 kooperatiba eta lan sozietate baina gehiagoren eguneroko lana ikusgarri egin nahi genuen.

Bi sari izan zituen sariketaren lehen edizioak; Indart3D enpresak irabazi zuen, alde batetik, Izaera Demokratikoa hartzen zuena kontutan, eta, bestetik, Komunitatea eta Beste Kooperatibekiko Lankidetza eta Interesa saritzen zuena.

Pin It on Pinterest

Share This