ESEA ETA EMOZIOAK II

TESTUA ETA IRUDIAK: ARA!GORPUTZ

Gure bidaitxo honen lehen atalean, galdera batzuk utzi genituen mahai-gainean: Nola egin dezakegu bizitza produktiboari denbora “lapurtzeko” eta denbora hau, gure alde jartzeko? Emozioak jasotzeak altxorrak ekartzen dituela aipatu genuen. Goazen ba bigarren txango honetan, pausuak izan nahi duten hitzak jartzera.

Lehenengo aitortza zugandik dator. Zuk badakizulako barruan mugitzen zaizuna zure ardura dela hein handi batean. Batzuetan nagitasunak hartuko zaitu, beste askotan emozioak ez dira une aproposean etorriko. Ezta? Ulertzen zaitugu. Baina emozioak ukatzeak ez du ezer onik ekartzen… Eta aurrekoan esan bezala, oso zaila da (ezinezkoa ez bada), tsunami bat alfonbra-pean ezkutatzea.

EMOZIO OHIKOENAK ETA GORPUTZAREN ERAGINA

Emozio bakoitzak eragin fisiko batzuk ekartzen ditu gurera. Adi eta auto-ezagutza prozesu aktibo batean murgildurik bagaude, emozio hauek azkarrago edo motelago hautemateko gai izango gara. Zeintzuk dira zure egunerokoan maiz sentitzen dituzun emozioak? Ezagutzen dituzu?

A!G-ko kideon kasuan haserrea eta tristura ohikoak izaten dira. Amorruak izerdia eragiten digu, bihotzaren taupadak areagotzen eta arnasa bizkortzen dizkigu. Kasu hauetan guretzat hoberena, gorputza mugitzea eta espazio seguru batean barrena hustea da. Musika jarri eta dantzatuz, edo mendira (abiadura azkarrean) joanez. Tristurak ordea, negarra eragiten digu. Batzuetan eztarrian-nonbait trabatua geratzen da. Baina malkoak ateratzen direnean, askatze sentsazioa lasaigarria da. Hau jasotzeko, guretzat hoberena, denbora tarte batez tristuran murgiltzea izaten da.

Bakarka edo lagunduta jaso daitezke emozioak. Norberak bere burua jaso dezake, baina askotan, guk esaten dugun moduan, “lagunekin hobe” izaten da. Modu batean zein bestean, jakintza ederrak sortzen ditugu prozesu hauetan eta lehenago edo beranduago ikasitakoa partekatzeak jakintza kolektiboa sortzera garamatza.

GURE BARNEKO ALTXORRAK

Izotz-mendiaren behealdetik egiten gabiltzan txango honetan, ideia hau gurera ekarri nahi dugu: prozesu emozional konplexu eta luzeetan ontzen direla jakintza sakonak, perlak, eta maiz, alfonbra-pean ditugun emozioetatik abiatzen direla hauek.

Perlak, batzuetan, lotsagarri egiten zaizkigu. Ez zehazki duten dirdira ikusten dugunean, baizik eta, zaurgarritasun eta zauriez osaturiko prozesua ikuskatzean baizik. Baina oso zaila izaten da hitzik ezean benetan sentitzen ari garena balioztatzea. Eta balioztapenik gabe, arriskutsua da gure barne putzuan igerian (batzuetan ito arte) geratzea.

Altxorrak aberastasun komunitario bilakatzea erronka ederra da zalantzarik gabe. Baina gure ustetan, emozioak elkarrekin ere landu beharrekoak dira, honela lortuko baitugu benetako zaintza komunitario bat ehuntzea. Banakako perla hauek, kolektiboaren zerbitzura ere jarriaz.

Pin It on Pinterest

Share This