IONE F. ZABALETA
ENARA I. DOMINGUEZ
Hilerokoa, odol isuria, emakume bilakatzen garen unea, ugalkortasunaren hasiera, mina izatea normala da hilerokoaren gaudenean. Egiak ala gezurrak?
Puntuz puntu joan gaitezen. Hilerokoa ziklo hormonal baten baitan ematen den une bat da, isuri gorria baginatik ateratzen den unea. Baina badakizue obulazioa dela ziklo hormonal honen une gorena?
Ugaltzeko asmorik ez dugunontzat ere klabea obulazioa da: Ilea indartsu edukitzetik, ondo lo egin izatera, hezurren trinkotasunetik pasata, hilerokoan zehar kolikoak ez izatea edo titiak ez puztea, eta desio sexuala izatea eragiten digu, besteak beste. Ara!Gorputz-en obulazioaren (eta honi esker sortzen den progesterona hormonaren) jarraitzaile sutsuak gara. Gora progesterona!
Baina hilerokoa dugun gorputzekiko jazarpena aspaldikoa da, mundu mailan leku eta modu ezberdinetan ematen ari dira antzutze behartuak. Eta hemen ere bai. Estress-ak, kutsadurak, pestizida, kosmetiko eta elikagai askok obulazioa emateko zailtasunak sortzen dizkigutela diote zientziatik egindako azken ikerketek.
Obulazioa desagerrarazteko aldiz, modu askoz ere zuzenago eta gizarte mailan onartuago bat ere bada: pilula antisorgailuak. Aknea edo hilerokoaren zehar mina badugu ere pilula hauek lasai asko errezetatzen dizkigute. Tratamendu honek ziklo hormonal oso bat desagerraraztea eragiten du, eta ziklo honen erdigunean dagoen obulazioa ere bai noski.
Estatistiken arabera, emakume irakurriak garen pertsonei gorputzak min gehiago ematen digu gizon irakurriak direnei baino. Ikerketa mailan eta osasun arretan ez gara izan ohi lehentasun bat. Genero perspektiba duen medikuntzan aintzidari den Carme Valls Llobet bezalako endokrinologoak kaleratu dituen emaitzek, gure min eta gaixotasun askoren erantzuleak argitara atera ditu. Hormona kutsatzaileez jarduten da, guztiz normalizatuta dauden produktuen osagaietaz.
Paranoia sortzeko asmotik urrun, patriarkatu eta kapitalismoaren arteko aliantzak dituen emaitzak ikusi eta gure gorputzen jabetza berreskuratzeko bidean kokatzeko deialdia egin nahi dugu. Kolektiboki eta norbanako mailan.
Gorputzak erdigunean jartzeko bidean asko egin dezakegu. Hementxe gure gorputz-bizitzetatik pasatako adibide xume baina oso erabilgarri eta garrantzitsu batzuek:
HILEROKOAREN ZIKLOAREN ERREGISTROA EGIN
Zenbat egunekoa da zurea? Nola bizitzen dituzu honen fase ezberdinak? Errepikatzen diren patroietan erreparatuz, zure limiteen eta potentzialitateen ezagutza pila topatuko dituzu.
ABIADURARI FRENOA JARRI
Kapitalismo produktibistaren erritmoa ez da geure. Tarteka arnasteko (eta hausnartzeko) gelditzea ezinbestekoa dela pentsatzen dugu. Gorputza entzuten joan gaitezke gainera tarte hauetan eta zer nahi-behar dugun identifikatzen.
AGRO-EKOLOGIKOA JAN
Jaten dugu, bai, baina elikatu? Gure gorputzen (eta lurraren) intoxikazioa gelditzeko egin beharreko zerbait dugu hau. Baratze kooperatibak aukera paregabeak dira. Egin zaitez barneko zein kanpoko 0.Km jarraitzailea!
LO EGIN
Estimulu pila baten artean igarotzen ditugu egunak. Gaua iristean gure buruek martxan jarraitzeko ohitura dute. Kalitatezko loa ezinbestekoa da zaindutako biziak aurrera eramateko.
Eta zu(e)k, zein estrategia (interkooperatiboak eta eraldatzaileak) probatu dituzu(e) gorputzak erdigunean jartzeko?
Bide honetan zure/zuen bidelagun izan gaitezke 🙂 Kontsultatu gure formazio programa hemen: aragorputz.wordpress.com