ZER EKARRIKO DIGU 5G TEKNOLOGIAK?

TESTUA: GARI GARAIALDE

5G sarea teknologia, telefono mugikorren belaunaldi berria da, hala saldu digute, egunero erabiltzen ditugun haririk gabeko sareen eraginkortasuna, abiadura eta erantzuteko gaitasuna hobetuko omen dituena.

5 G sarean, datuen transferentziaren abiadura gaur egungo 4G sarea baino hamar aldiz azkarragoa izango dela ziurtatzen digute. Edukiak, digitalki, azkarrago eta modu eraginkorragoan partekatzeaz gain, ibilgailu autonomoek elkarren artean komunikatzea eta urrutiko eragiketa medikoak egitea ahalbidetuko duen teknologiara konektatzeko gertu gaude, zientzia-filmetan soilik ikusten genituen bizimoduetara hurbilduz.


EZ DA DENA SALDU NAHI DIGUTEN BEZAIN EDER

Konektatuta bizi garen eta konektatu ezin direnen arteko arrakala izugarria da mundu zabalean eta denok online funtzionatzen dugula eta gure baliabideak hobetu behar ditugula sinetsita gauden honetan, jende asko ari gara atzean uzten, oinarrizko internet konexiorik gabe. Arazoa gainera ez da lehen mundu eta hirugarren munduaren arteko ezberdintasuna bakarrik, Euskal Herrian ere, baditugu itzalguneak, 4G teknologia behar bezala iristen ez diren herri eta aranak edo internet konexio txukun bat edukitzera iritsi ezin diren hiritarrak.

Oraindik arrakala hori gainditu ez dugunean, dagoen teknologia denon esku jarri eta guztiontzako estaldura ziurtatu ordez, 5G eskaintzeko azpiegitura berriak eraiki eta milioika telefonia dorre eta lurreko antena berri jartzea proposatzen dute, hiri-gune eta landa eremuen arteko arrakala digitala sakontzen lagunduko dutenak.

Kezka ekologikoa sortu du azpiegituren berri honen eraikitzeak, garapen digitala baita berotegi-efektuko emisioen igoeraren funtsezko elementuetako bat. Azterketa batzuen arabera, 5Gk munduko energia-kontsumoa % 170 handituko du 2026ra arte.

Frantziar estatuan, udaberrian hasi behar zen 5G lizentzien enkantea, sei hilabeteko atzerapenarekin hasi da, eta tarte horrek 5G sareen aurkako iritziak areagotzeko aukera eman du. Aurka azaldu diren talde batzuen ustez, 5G sareak arriskutsuak dira ingurumenerako, eta alferrikakoak eta defizitarioak ikuspuntu ekonomikotik.

Bada beste arazo gehigarri bat: gaur egungo 4G zerbitzuek oso estaldura eta transmisio-abiadura ona dute hirietan, 5G teknologia hedatzeko ahalegin handiena egingo den guneetan. Honi azken urtetako joera gehitzen badiogu, operadoreen aldetik prestazioak gehitu ahala, prezioak jaisten joatearena, 5Gra aldatzea zaila izango dela aurreikusten da. 5G smartphoneak eta eskainitako zerbitzuak orain arteko preziotan mantentzeak lagundu lezake aldaketa, baina ez dirudi hala izango denik.

Badirudi, oraingoan ere 2 edo 3 mailan banatuko dutela jendea: 5Ga erabiltzeko ahalmen ekonomikoa izango duten hiritarrak, orain arteko zerbitzuari eutsi beharko dioten hiritarrak eta zerbitzu duin baten eskean jarraitu beharko duten herri txiki eta landa eremuetako biztanleak.

Deloitte aholkularitza-enpresaren Digital Consumer Trends 2020 txostenean ere agerian geratzen da kontsumitzaile multzo batzuk eszeptikoak direla 5G teknologiak ekar ditzakeen onurekiko. Pandemiak gogoeta eragin dio kontsumitzaile askori eta gazte askok ez du babesten azken hamarkadetan ziurtzat jotzen zen kosta ala kosta teknologian aurrera egin beharraren ideia hori.

Datu hauek ikusita, zail ematen du inbertsio izugarria suposatuko duen azpiegitura berri hau errentabilizatzeko aukera izango denik. Nork ordainduko du, orduan, azpiegitura hau? Gaur egun ere, dirulaguntza eta lehiaketa publikoen bidez, guztion diruarekin instalatutako zuntza enpresa indartsu eta talde handien esku uzten da. Hau dela eta, kezkaz begiratu behar diogu etorkizunari: berriro ere, esku pribatuetan geratuko den azpiegitura hau, gugeuk, gure zergen diruarekin ordaintzeko aukera handiak ikusten ditugu.


BURUJABETZARI OZTOPO

Interneteko azpiegitura tradizionala azpiegituren jabeek datuen trafikoaren gaineko kontrola izan zezaten eragozteko moduan eraiki ziren, baina 5Gak guztiaren kontrol osoa uzten die jabeei. Horregatik ari dira azpiegitura hau menderatzeko borrokan Estatu Batuak eta Txina. Gatazka Europako 5G azpiegitura nork eraikiko duen da, nork zelatatuko gaituen, Txinak ala Estatu Batuak.

5G teknologiak gizartearen kontrol handiagoa ahalbidetuko luke, ahotsez eta irudiz herritar guztien etengabeko zaintza beren ekintza guztietan. Gizadiaren norabidea alda lezakeen etapa batean sartzear gaude, etorkizun automatizatuago eta kontrol handiagoko baterantz, aurretik inoiz ikusi gabeko teknologiekin, baina askatasunak are gehiago arriskuan jar litzaketenak.

Telekomunikazio estrategia osoa 5G teknologia bidez garatzen bada, teknologia hau baliatzeko azpiegiturak enkante bidez esleituko direnez, enpresa handien esku bakarrik geratuko da hedatzea, oligopolio egoera bat sortu eta herritarrok azpiegitura libreak eraikitzeko aukerak baztertuz; burujabetza teknologikoa garatzeko aukerak ezer-ezean utziz. Herriaren komunikazio digital guztia, mozkina metatzea beste helbururik ez duten enpresa transnazionalek oso-osoki kontrolatuko dituzten antenen bidez gauzatuko da, eta haiek erabakiko dute zer ikusi, zer argitaratu eta norekin hitz egiteko aukera izango dugun.

Gobernantza tranbertsal bat eskatzen duen gai estrategiko baten aurrean gaude, eta horregatik, eztabaida publikoa baten beharra aldarrikatzen dugu, 5G-k gure bizimoduari, kontsumoari eta lanari buruz duen eragina behar bezala aztertzeko. 5G-rekin herrialde-eredua dugu jokoan.

Pin It on Pinterest

Share This