MIKEL VALERO
Ekonomia Sozial Eraldatzailea azaltzeko modu desberdinak egon daitezke: oso teoriko eta akademikoak,praktikan oinarritzen direnak, adibide konkretuak eskaintzen dituztenak…
Kasu honetan, BDS KOOPen baitan gauden pertsona eta proiektu batzuen bizipenetik abiatutako azalpena ematen saiatuko gara.
Orain dela 15 urte (batzuen kasuan hori baino pixka bat gehiago ere!), gutako asko Gazte Mugimenduko hainbat eragileetan murgilduta ginen: Gazte Asanblada, talde feminista edo Auzoetako Jai Batzordeetan, adibidez. Bertan, modu kontziente edo ez hain kontziente batean, Ekonomia Sozial Eraldatzaileak dituen antzeko balore batzuetan oinarritzen ginen, eta antzeko helburu batzuk bilatzen genituen; gure bizitzaren protagonista izan nahi genuen, elkarlanean aritu, eta mundu justuagoa baten alde borrokatu.
Urteak pasa ahala, espazio horietatik abiatuta, beste bide batzuk jorratu, eta proiektu berriak sortzen hasi ginen: baratza kooperatiboak lehendabizi, eraldaketaren bokazioan oinarritutako zerbitzu teknikoak ondoren eta baita telekomunikazioa edota zaintzak lantzen dituzten proiektuak ere.
Barneratua dugu kontraesanak izango ditugula bide honetan ibiliz, eta garai haietan, gu izan ginen gazte haiek gogor kritikatuko gintuztela zenbait momentutan; baina benetan sinesten dugu orduan hasitako bide hura ari garela jarraitzen eta mundua eraldatzeko grina eta idealismoa ez dugula galdu!
ONGI ETORRI EKONOMIA SOZIAL ERALDATZAILERA!