ZAINTZA LANAK

TESTUA: AITZIBER ZAPIRAIN

ARGAZKIA: GARI GARAIALDE

Bizitza erdigunean. Zenbatetan errepikatu ote dugu aldarrikapen hori azken urteetan. Bada heldu da garaia, eta oharkabean izan da gainera. Covid19ak, horretara bultzatu du giroa. Ikustekoa izanen da ordea, gurpila mugiarazten duen sistemak zein bide hartuko duen aurrerantzean.

Euskal Herrian ez da saretze ekimenik falta azken hilabeteetan. Adineko bizilagunak laguntzera atera dira kalera auzoko gazteak. Erosketak egin dizkiete, baliteke batek baino gehiagok bazkaria ere prestatu izana baten bati. Seguraski, gurasoak lanera joan ahal izateko haurrak zaintzeko prest agertu dira auzoko bat baino gehiago.

Maddi Sarasua Itsasuarra Iparraldeko elkartasun sarea sortzen ibili da. Zetorrena aurreikusirik, sakelekoa astindu eta lagun talde batekin bilera bat egin eta lanari ekin zioten. Telelanaren bidez egitekoak antolatu eta atazak banatu. Zenbat pantailen gibelean ereitzen hasi zirena, ordu gutxitan gorpuztu zen.

Iparraldeko herri ezberdinetako jendeak parte hartu zuen lehen zita hartan. “Jada egoera larrian zeuden langileen alde zerbait egitea beharrezkoa zela pentsatu genuen. Ezin ginen geldirik egon” aipatu digu. Lehen bilera dokumentu idatzi batekin amaitu zuten, bertan lau irizpide adosturik: egia, osasun printzipio eskubidea, askatasun politiko bermatua eta auto-antolakuntza.

Komunikaziorako bide eta baliabideak zehazturik, norberak bere herrira eraman zuen hasierako bilera birtual hartan adosturikoa. Hala, telematikoki sortu zena, Arberoan, Ortzaizen, Makean, Ezpeletan, Ergarain, Baiona handi eta ttipian, Itsasun, Donibane Garazin… gauzatu zen.

Itsasun adibidez, “auzoka antolatu” direla aipatu digu Maddik. Herriko postontzi guztietan sarearen inguruko informazioa pausatu zuten eskuz esku. Ondoren, bi erreferente izendatu zituzten auzo bakoitzeko. Hala, beharra duenak, badaki nora jo. Zein behar ordea? Erosketak, zaintza lanak, indarkeria matxista… orotariko laguntza eta elkarlana eskaintzeko antolatu baitira.

Lehen egunen balorazioa egiteko eskatu orduko, “biziki ongi, biziki positiboa da” azpimarratu digu. Bizilagun askoren deiak jaso dituzte, baina baita beste herrietako elkartasun sareen sorrerak ezagutu ere.

Probintzia batetik bestera ordea, ezberdintasun asko dago Euskal Herrian. Bizkaia edo Gipuzkoako lurralde antolaketak, ez du zer ikusi askorik Behe Nafarroa edo Lapurdi barnekaldekoarekin. Antolatzeak errazagoa dirudi Oreretan, Ezpeletan baino. Baina azken batean, ekitea da kontua. Eta Euskal Herrian, ekin egin da. Euskal Herritar askok, elkartasuna izan dute motibazio Covid19-ari aurre egiteko.

Herritar ekimenak dira guztiak, zenbat herritan udalak laguntza eskaini duen arren. Baina Maddi Sarasuak azaldu digunez, “Itsasuko herriko etxearekin harremanetan jarri ginen, baina ez genuen bat egiten lan ereduarekin. Guk ez dugu asistentzialismoan aritu nahi, auto antolakuntzan baizik.”

EPE LUZERAKO TRESNAK

www.covid-eh.eus ataria sortu du beste herritar talde batek. Bertan bildu eta azaleratu nahi da, Euskal Herriko elkartasun sareen mapa. Antolatuak dauden herrietan zer, noiz eta nola eskaintzen den jakiteko. Antolatutako talde bakoitzak betetzen du bere atala. Helburua bata bestearengatik ikastea eta inguruko aukerak ezagutzea da. Covid19 a etorri den bezala joanen da. Tresna hauek ordea, “iraun dezaten sortu ditugu” azaldu digu Urruñatik Eñaut Aramendik.

Egoera zailenetatik ikasi eta baikorrak diren elementuak baliatu behar direla esaten da sarri. Krisialdiak aukera direla, eraldaketarako atea ere topa omen daiteke bertan.

Atariari izena aldatu eta tresnak irautea espero dute. Bada, osasun krisi honetatik, “virusa erahil eta euskal elkartasunak irautea” da erronka , Aramendiren aburuz.

Pin It on Pinterest

Share This