Views: 92

·TXIRIKORDA"

USURBILGO BELAUNALDI ARTEKO ETXEBIZITZA KOMUNITARIOA

ANE ZENERIO BEREAU ETA JULEN LUZURIAGA

 (ZAINTZARAKO ARKITEKTURAK artikuluarekin lotura du)

Bizi dugun pandemiak agerian utzi du zaintza-eredua berrikusteko beharra, baina aurretik ere zaintza-eredu berriak sortzeko beste saiakera batzuk egon dira. Usurbilgo belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioarena da horietako bat.

2019an Usurbilgo Ugartondo auzoan etxebizitza-sustapen bat aurrera eramatekotan zegoen, eta horren ondorioz, udalak sustatzaile pribatu horiengandik ekipamendu-eraikin bat jasotzeko aurreikuspena zuen. Eraikin hori belaunaldi arteko etxebizitza komunitario bat eraikitzeko erabiliko zuela erabaki zuten, belaunaldi arteko hartu-emanak eta elkarbizitza sustatuz bi behar sozialei erantzuteko: batetik, gazteen emantzipazio-premiei erantzutea, egungo etxebizitza-ereduak gazteak bereziki baztertzen baititu, euren diru sarrera ezagatik, nagusiki; bestetik, bakarrik edo hirigunetik urrun bizi diren adinekoei izaera komunitarioa izango duen bizileku egokia eskaintzea.

Udalak Hiritik At kooperatibak gidaturiko “Txirikorda” egitasmoa jarri zuen abian, non belaunaldi anitzetako herritarrak bildu eta proiektuaren nondik norakoak adostu zituzten: bai kudeaketari zegozkion hainbat alderdi (sarrera-baldintzak, bizikidetza-arauak, barne-funtzionamendua…) eta baita eraikinaren ezaugarriekin lotutako alderdiak ere (zein espazio eta erabilera nahi zituzten, etxebizitzen diseinua, espazio komunitarioen beharrak, energia eraginkortasuna bermatu eta CO2 isurketak murrizteko neurriak, etab.). Adostasun horiek LZB Arkitektura kooperatibak garatutako aurreproiektu arkitektonikoaren oinarri izan ziren.

Proiektu arkitektonikoa gure hirietako etxebizitza-eraikin gehienetan hain ohikoa den ataria-igogailua-etxebizitza eskema kolokan jartzen saiatzen da eta kaleko espazio publikotik etxebizitzetako espazio pribatuetarako trantsizioa lantzen du, modu honetan gure bizitzetan beharrezkoak ditugun harremanetarako espazio desberdinak sortuz; ezinbestekoa komunitate-izaera lortu eta elkar zaintzarako eremuak sortzeko. Pribatutik-publikorako bide horretan, honako espazio hauek aurkituko ditugu:

ETXEBIZITZA EDO APARTAMENDUAK

Espazio pribatuenak izanda ere, kasu batzuetan “pribatutasun zabalagoa” eraikitzeko aukera ematen da, lauzpabost gaztek etxebizitza partekatzea ahalbidetuz. Guztira hamasei etxebizitza publiko eraikiko dira, guztiak bizi izan ditugun konfinamenduen ondoren hainbeste baloratzen ditugun balkoi eta terrazekin.

ETXEBIZITZETARA IRISTEKO ESPAZIOAK

Ataria, igogailua, eskailera, galeriak… ez dira pasabide huts gisa ulertzen. Etxebizitzetarako sarbidea ematen duten galeria irekiak ere zenbait lekutan zabaldu egiten dira, aulki batekin, landare batzuekin edota beste erabilera batzuekin aberastuz topaketarako espazio bilakatzen direlarik.

ESPAZIO KOLEKTIBO EDO KOMUNITARIOAK

Kolektibo osoarentzako espazioak, erabilera jakinetarako pentsatuak daudenak. Etxebizitzen espazio pribatuan sartzen ez diren beste erabilera batzuk kolektibizatzeko espazioak dira, hala nola egongela komunitarioa, erabilera anitzeko gela, jantoki komunitarioa, garbitokia, etab. Eta espazio komunitario hauetariko batzuk izaera publikoagoa izan dezakete, eta auzora eta herrira irekita egon: adibidez jantoki-sukaldea, elkarte gastronomiko baten modura irudika dezakegu; edota erabilera anitzeko aretoa, eraikineko komunitatetik kanpoko elkarte edo kolektiboek aurkezpenak, ikastaroak, emanaldiak, bilerak… egiteko erabili dezakete. Kontuan izan behar da horrelako proposamenetan, are gehiago belaunaldi arteko proiektua denean, funtsezkoa dela komunitate gune horiei garrantzia ematea, espazio horiek baitira harremanak, elkar-ezagutza, elkar-zaintza… sortzeko markoa eratuko dutenak.

2019ko urtarrilean herriko gazteek eta adinekoek parte hartu zuten lehenengo saio hartan amets izaten hasi zena 2021eko uztailean hasiko diren eraikuntza-lanekin batera hasiko da gauzatzen; lanak 2023. urtearen hasierarako amaitzea aurreikusten da, eta guztira bi milioi euro inguruko inbertsioa egingo da.

Info gehiago: https://www.usurbil.eus/eu/txirikorda/edukiak

Pin It on Pinterest

Share This