TOTEM
GARI GARAIALDE
Totem sortzeko unean, horretarako elkartu zirenek ez zuten oso argi zer zen ekonomia soziala. Gaur egun ere, definizio ezberdinak egon badaudela badakite, baita definizioen arteko gatazka edo lehia bat dagoela ere; nori galdetzen diozun, ez dago hain garbi zer den ekonomia soziala, ez da erraza mugak ezartzea. Baina Ekonomia sozial eraldatzailea kontzeptua ezagutu gabe ere, sortu nahi zuten proiektu hori zentzu komun eta justizia sozialean oinarrituko zela bazekiten. Egindako lanaren truke jasoko zutenak justua izan behar zuen; baina, zer da justua, nola definitzen da hori?
Bi maxima izan zituzten lehen unetik, denek berdin kobratzea eta soldataz gain, beste irabazirik ez eskuratzea.
Totem Hernanin kokatuta dagoen kooperatiba bat da. 2.009an sortu zen, eskaladarako produktuak ekoitzi eta merkaturatzeko. Lehen urteak oso gogorrak izan ziren kooperatibarentzako. Duela bizpahiru urte arte bizirautea izan da Totemek izan duen helburu ia bakarra; superbibentzia guda batean murgilduta izan dira egunero eta horrek ekonomia sozialean, gehiago, murgiltzeko gogoeta prozesua alde batera utzi beharra ekarri zuen. Hasierako bi helburu haiek baztertu gabe, itsasargi bezala mantenduz, baina hausnarketa sakonagoak egiteko aukerarik gabe.
Superbibentzia egoera hartatik, pixkanaka burua atera eta proiektura kideak gehitu ahala, jende berriak ezinegon eta kezka berriak ekarri ditu, eta horrek debatea mahai gainean jartzera animatu du taldea. Hasierako justizia sozialaren ideia lauso hartatik abiatu eta proiektu industrial bat garatu dute. Totemen sorreran parte hartu zuen, eta gaur egun artezkaritza taldeko kide den Mikel Apezetxeak onartzen du ez dela erraza, orain ere, debate horri merezi duen patxada eta lasaitasunarekin heltzea. Eguneroko jardunera lotu beharrak, eztabaida ideologikoak eskatzen duen lasaitasunarekin ezin egitea ekarri du. Unaik gehitu du debatean esku frenoa jarri eta tempusak errealitate batera egokitu beharra ikusi dutela, “lehenik etxea txukundu beharra dago”. Unai Cordoba duela urtebete batu zen proiektura eta bera ere artezkaritza taldeko kide da. Biak dute argi hobe dela pausuak ondo eztabaidatu eta konbentzimendu osoz ematea.
Azken batzar orokorrean Irabazi Asmorik Gabeko Kooperatiba bilakatzea erabaki dute. Hasiera hasieratik zuten maxima horietako bat legeztatu eta ofizial egitea.
Mikelek argi du berak zergatik eman zuen aldeko bozka: “norberak lanarengatik jaso behar duen diru-saria hileroko soldata izan behar da. Soldatak bizitza eroso bat eramateko adinakoa behar du, bai eta baja edo erretiro garaietarako behar besteko prestazioak eragin ere”. Bizitza eroso hori definitzerakoan, beti ere, besteak nola bizi diren kontutan hartuz egin beharra jarri du mahai gainean. Erosoa eta berdinzalea behar du “ez dit balio ni eroso bizitzea eta besteak ez”. Mikelen hitzetan, irabazi asmorik gabeko izatea da, legez, ideia hori bermatzen duen formula. Soldatan definitzen da zer jaso lanaren truke eta ez dago beste mozkin banaketarik.
Saiakerak egin dituzte plan estrategikoa landu eta balore-dokumentu bat definitzeko, baina prozesua hasi berria da. Transparentzia hobetze aldera komunikazio arloan egindako pausuez eta Ekonomia sozialari buruzko definizio propioa garatzeko lan dinamika sortu beharraz aritu dira biak. “Bidaia egiteke dago, Totemek oraindik erabaki asko hartu gabe dauzka, beraz, ezin ditugu ideia gehiago azaldu taldearen izenean. Eztabaida hor dugu eta ez litzateke justua kideekiko”.
27 lagunek osatzen dute Totem gaur egun. Horietatik 11 dira kooperatibako bazkide, besteak kontratupeko langileak. Langile eta kooperatibisten arteko banaketa horri buruz galdetuta zera azaldu digute: Jende berria sartzen denean, kontratupeko langile bezala sartzen dira eta 18 hilabete pasa ondoren, bi aldeak ados badaude, proiektura behin betiko batzeko proposamen luzatzen zaie, hau da kooperatibako kide izateko aukera ematen zaie. Ez dago aukerarik epe luzeago batean langile izaten jarraitzeko, beraz kooperatibako kide egiteko asmorik ez duten langileek ezin dute jarraitu. Prozesu horretan, 8 dira, aurten langile izatetik, kooperatibista izatera pasako diren kideak.
Ekonomia sozialaren munduan, industria inguruko oso proiektu gutxi egonik, oso zail egiten zaie hornitzaile eta bezeroen artean justizia sozialean murgildutako bidaideak topatzea.
Hasiera batean gertuko hornitzaileak lehenesten ziren, ahal zen neurrian Euskal herrikoak, baina eredu hori mantentzeak bere zailtasunak dauzka. Materiala sarri Asiatik erosi beharra izaten dute, alternatibak bilatzen hasi eta topatu dituzte hornitzaileak Europan, baina, gehienetan, Asian fabrikatu eta Europako enpresa baten bidez banatzen dituztenak dira; Ez dira Europan ekoitziak. Kasu horietan, zein zentzu du Eurpoako hornitzaileari erosteak, zuzenean ekoizelarengana jo ordez? Totemek ekoizten duen produktua hil ala bizikoa izanik, materialak punta-puntakoa behar du, beraz, hornitzaileak bilatzerakoan kalitate maila lehenesten da beste ezeren gainetik. Urkoren hitzetan, badago nahi bat hornitzaileak, pixkanaka, ekonomia sozialeko eredutara gerturatzen saiatzeko, baina enpresa txikiekin bakarrik egin daiteke hori “agian, geure ibilbidea ikusita, beraiek ere animatuko dira, baina prozesu luzea da hori”.
Mundu mailan, Totem baino 100 edo 200 bider gehiago fakturatzen duten enpresekin dabil lehian, eskaladako materialen salmentan punta-puntan dauden enpresekin. Azken 3 urteetan Totemek hobetu egin du bere egoera, fabrikatzen duen guztia saltzen du, baina ezin da ahaztu jende amateurrez eta erraminta amateurrez josita dagoen enpresa direla.
Bezeroak bilatzerakoan ere, badute beste debate bat. Nori saldu eta nori ez erabakitzeak ere badu mamia. Baina eztabaida egin gabe dago. Totemek ez du ‘ekonomia soziala’ marka erabiltzen saltzeko orduan. Produktuaren kalitatea da erabiltzen den ideia bakarra “ez dugu ezkutatzen, baina ez dugu promozionatzen”. Barrura begirako erabaki bat da ekonomia sozialean lan egitea, justizia sozialean oinarrituko proiektu bat abiatu nahi izan zuten eta ari dira bidea egiten.