Views: 111
ARDURAZ KOMUNIKATU DEZAGUN
BALIABIDEAK BERRESKURATU ETA BERRERABILTZEKO HANDAIAKO ELKARTEAGARI GARAIALDE
Reciclarte sistema ekonomikoa aldatzeko asmoz sortutako proiektua da. Ingurumenean eragiteko asmoa zuen lagun talde batek eratu zuen 2015ean; ideietatik ekintzetara pasa nahi zuen lagun talde batek. Sortzen ditugun hondakinak murriztea zen haien asmoa, berrerabiltze eta konpontze ohiturak hedatzea, kontsumo arduratsuak bultzatuz. Finean, zaharra geratu omen den guztia zaborretara botatzeko dugun ohitura aldatzea.
HELBURU JUSTU BAT, HORIZONTALKI ANTOLATUTA
Ennpresa ezberdin bat sortzea zen asmoa hasieratik. Ingurumenean bezainbeste eragingo zuena gizakiarengan, jendartean; Gustuko lana izatea zuten helburu eta zentzua izango zuena; askatasun-marjinak aldatzeko eta gizabanakoen autonomia garatzeko aukera eskainiko ziena. Gure artean erlazionatzeko ditugun bideak eraldatuz, erresilientzia-gaitasuna handitu eta jarduera ekonomikoan eragitea bilatzen zuten; onura soziala sortzea.
Elkarte moduan antolatu ziren hasieratik -Argi genuen erakundeekin ere lan egin nahi genuela; guzti-guztiekin egin nahi genuen lan: hondakinak sortzen dituzten enpresekin, hondakin horiek murriztu nahi dituzten erakundeekin eta modu batean edo bestean kontsumo katean eragin nahi duen, baina nola egin ez dakien publikoarekin- esan du Reciclarteko sortzaile den Claire XXXk. Frantziar estatuan, erakundeen laguntzarekin jarduera ekonomiko bat egitea ahalbidetzen duen forma juridikoa da elkartea, eta bertan lan egiteak askatasun handia ematen du.
Gaur egun, 4 langile eta 800 bazkidek osatzen dute Reciclarte elkartea. Modu kooperatiboan funtzionatzen du egiturak, ‘modu berezi batean’ Claire-ren hitzetan, langileak ere administrazio-kontseiluaren parte baitira. Langileak direnez elkartearen eguneroko martxa eta beharrak bertatik-bertara ikusten dituztenak, haien iritziak kontutan hartu beharrekoak direla ebatzi zuten sortzaileek. Erabakiak goitik-behera, modu bertikal batean ezarriko zituen administrazio kontseilu bat izatea ez zitzaien idei ona iruditu. Reciclarten ezarri duten eredu honi abantailak besterik ez dizkiote ikusten, asko errazten baitu partaide bakoitzak lasaitasunez hitz egitea, esan beharrreko guztia ondo zukutu, ideiak erraz adierazi eta aldatu beharrekoak aldatzeko. Buruan zuten eredu hau lortzea borroka garrantzitsua izan zen eta gaur egun, iparraldeko beste leku batzuetara zabaldu dute elkartea antolatzeko darabilten sistema.
Duela 20 urte ez zen hain erraza jendea, kontsumoak ingurumenari egiten dion kalteaz jabetzea, berrerabiltzearen eta birziklatzearen garrantzia barneratzea. Gaur egun, gizartean bada kontzientzia hori, baina, Clairek dioenez, jende ugarik ez daki nola egin; ez dakite gauzak nola berrerabili edo konpondu -Reciclarte ezagutza partekatzen dugun lekua da, jendeak bere bidea egin dezan-.
Era guztietako konponketa-tailerrak antolatzen diru Reciclartek, arropa moldatzeko, bizikletak erreparatzeko… ‘Repair cafe’deituriko tailerrak ere antolatzen dira bertan, mota guztietako objektuak konpontzeko. Ia-ia edozer gauza konpondu omen daiteke bertan. Autoak edo labadorak eta antzeko gailu haundiak izan ezik, etxean eduki dezakegun edozer konpontzen ikasteko guneak dira tailer hauek. -Herri heziketan murgiltzen saiatzen gara, jakintza eta egiteko moduak transmititzen ditugu- dio Clairek.
Jendea hurbildu daitekeen gune edo une batzuk sortu dituzte, tresna eta ezagutza guztiak partekatuz, kontsumo ohiturak elkarrekin aldatzeko. Tailer parte-hartzaileak dira. Norbera bilakatzen da bere konponketaren aktore, eta ez du bizikleta konpontzea soilik lortzen, ezagutza jasotzen da, hurrengoan zuzeuk zeure bizikleta konpondu ahal izateko.
-Pentsatzeko modu bat partekatzen dugu. Egungo munduari buruzko azterketan eta ditugun kontsumo ohiturei egiten diegun kritikan bat egiten dugu. Publizitate eta ekoizpen edo kontsumo-sistemarekin oso ohituta gaude hautsita dagoena bota eta berria erostera; zaharkitua alboratu eta azken modeloa eskuratzera. Reciclarten aurkako bidea jorratu nahi dugu. Gauza politak bizitzen ditugu; Esperimentatu egiten dugu guztien artean, ezagutza partekatu. Bakoitzak konponbidearen zati bat baino ez du, baina guztien artean, ezagutza partekatuz, gure helburua eskuratu dezakegu.
Askotan, jendeak uste du youtuben den-dena dagoela. Tutorial bat ikuste hutsarekin badakizula nola konpondu aparailuak, baina sarri ez da horrela izaten. Etxean, bakarrik, ahalegintzen zarenean, askotan amore ematen duzu, trabatu egiten zarelako, nola jarraitu ez dakizulako. Keinuak behar dituzu, laguntza behar duzu, laguntza morala behar duzu, erraminta zehatzak… Hemen hori guztia partekatzen dugu. Gainera, une gogaikarri bat izan beharrean, une atsegin bilakatzen da. Jendearekin partekatzen duzu une hori, konturatzen zara ez zaudela bakarrik. Ordenagailu aurrean, zure etxean, bakarrik zaude, hemen egiten ditugunak lorpen kolektiboak dira.
Gure eskuak erabiltzen baditugu, hauek dira dauzkagun lehen tresnak, lanabes jakin batzuekin eta beharrezko ezagutzarekin ia dena konpontzea lortzen dugu. Oso polita da, konturatzen baikara indibidualismoak geldiarazi egiten gaituela, mugatu egiten gaituela. Bakarrik ezin dugu, lagunekin bai. Horrela, poliki-poliki txipa aldatuz doa. Hemen egitea lortzen baduzu, pixkanaka konturatzen zara etxean ere, zure kontsumo-ohiturak alda ditzakezula.
Hemengo langileok esperientzietan irabazten dugu. Ez dugu aberastu nahi, ez dugu soldata handirik, diru askorik ematen ez digun jarduera ekonomikoa da, baina beste aberastasun batzuk ematen dizkigu.
Bizikletak konpontzeko tailerra da gehien erabiltzen dena. Azken urteotan bizikleta erabiltzeko kontzientzia asko indartu da. Horri, azken urtean Covid19ak ekarri duen egoera aldrebes hau gehitzen badiogu, ikusi daiteke eremu batzuetan jende asko ari da bizikleta erabiltzen. Hori guztia nabaria da Reciclarteren lokala erabiltzera etortzen den jende kopuruan.
Hendaiako Lekueder karrikan dago Reciclarteren egoitza. Elkarteko bazkideek bakarrik baliatu ditzakete instalazioak eta bertan eskaintzen diren baliabideak, eta haiek bakarrik hurbildu daitezke konponketa tailerretara. Astean 5 bider egiten dira bizikletak konpontzeko tailerrak, hilean bitan josteko tailerrak, hilean bitan, ere, ‘Repair-Cafe’ edo nahi duzun guztia konpontzeko bilkurak eta sormenezko edo gauzak fabrikatzeko tailerrak.
Reciclarteren helburua ez da bazkideengan bakarrik eragitea, eta horregatik, barneratzen duten ezagutza guztia jendartean ahalik eta gehien zabaltzen saiatzen dira. Ekitaldi eta tailer ezberdinak egiten dituzte kalean, jende guztiarenzako zabalik, eta beste herri batzuetatik gonbidatzen dituzte ekintza eta animazioetara. Ahal duten neurrian, halako proposamen guztiei baiezko erantzuna ematen saiatzen dira, Reciclarteren proposamenak elkartean ez dagoen publiko batengana iritsi daitezen.
Ekitaldi eta ekintza hauetako asko asteburuetan izaten dira eta larunbatetan ere tailerrak antolatzen dituzte, aste barruan lan egiten duen bazkide ugari dagoelako eta ezingo liratekeelako gerturatu asteburutan tailerrik egin ezean. Jai egunetan lanik ez egitea da helburua, baina bizitza eta lana uztartu behar direnez, langileak heuren artean antolatzen dira elkarren arteko zaintza bermatzeko.
Bazkideei zerbitzua eman behar zaie, baina gure familia-bizitza zaindu behar dugu.