REAS Nafarroak bere lehen batzar orokorra egin zuen atzo, Ekonomia Solidariorako erronkaz betetako ikastaroari hasiera emateko.
Sareko 30 erakunde inguru bertaratu ziren, eta sarera batzen diren 5 entitateei ongietorria eman zieten:
AHOLKULARITZA ARTEAN
“Lizarraldean kokatutako kontabilitate eta enpresa aholkularitza.“
El Tinglado
“Gizarte-eraldaketarekin eta espazio bizigarriak sortzearekin konprometitutako arkitektura-taldea, pertsonen bizi-kalitatea hobetuz eta bizi garen ingurunea zainduz.”
Denendako Sarea
“Ekonomia sozial eta eraldatzailearen inguruan lantzen eta bizitzen ditugun hainbat proiektu. Kolore ugariko sare bat ehundu dugu elkarrekin, izaera anitzekoa, beste hainbat herritako bizilagunek josia, eta guztiok dugu amets bat: Lizarraldean lan egin eta bizi nahi dugu.”
Amarauna
“Amarauna Ziordia herrian (Nafarroa) kokatutako irabazi-asmorik gabeko elkarte eta kolektibo autogestionatua da. Kolektiboei, elkarteei, herri-mugimenduari eta, oro har, partikularrei irekitako gunea da.”
AZOKoop
“Mikrokooperatiba hau Artzibarrean partekatutako produktu eta zerbitzuetarako sarbidea errazteko sortu zen. Bailara eta Iruñea artean zubi lana egiteko erosketa eta salmentekin hasi ziren, eta orain dendatxo bat dute Artzibarrean.“
Batzarrean parte hartu zutenek 2024an Sareak izandako jarduera gogoratu zuten, eta bertatik bertara entzun zuten zein diren REAS Navarrak 2025erako dituen asmoak. Bertan, Ekonomia Solidarioaren eragin-ahalmena handitzea espero da, Talde Teknikoan bi pertsona sartzeari esker.