Views: 5
Javier Lirasek eta Edurne Arzelusek erakunde horiek aurrekontu-proiektuari buruz elkarrekin egindako balorazioa helarazi dute kontseiluan. Beren iritziz, “ez da pertsonak erdigunean jartzearen aldeko apustu argi eta sendorik egiten, desberdintasuna eta bazterketa eragiten dituen eredu ekonomikoa aldatzearen alde, eta ez zaio heltzen aberastasuna modu bidezkoagoan banatuko duen hain beharrezkoa den erreforma fiskalari”. Gogorarazi dute, hazkunde ekonomikoa egon bada ere, pobrezia eta desberdintasun tasek ez dutela behera egin. “Aurreproiektu honek ez ditu herritar ahulenen beharrei erantzuteko beharrezkoak diren egiturazko aldaketak eragingo”, adierazi dute.
Hori dela eta, “aurrekontu sozialagoak” eskatu dituzte, ez soilik “pobrezia egoerak arintzeko helburua dutenak”. Aurrekontuak “haratago joatea” eta pobrezia eragiten dituzten “kausa eta ondorio guztietan” eragitea eskatu dute. REAS Nafarroako ordezkariek “pertsonak erdigunean jarriko dituen” eredu ekonomiko baten aldeko apustua egin dute, eta horrek esan nahi du “gizarteratzeko eskubidea (bai prestazio ekonomikoetan, bai errenta bermatuan eta enpleguan), etxebizitzarako eskubidea eta zaindua izateko eskubidea bermatuko dituzten politikak egitea, eta aurrekontu hauetan ez dugu ahalegin handirik ikusten hiru zutabe nagusi horietan”. “Nafarroak pertsona guztien gizarteratzean beste urrats bat emateko ahalmena du, baina baliabideak gehiago birbanatu behar dira”, azpimarratu dute.