PIZTIA BETI DA BESTEA

AS BESTAS-EN ATZEALDEAN

Testua: Yurre Ugarte

Urruneko herrixka batean, bizilagunen arteko liskarrak. Hildako bat. As bestas, true crimemotako film petoa, funtsean lurraz eta diruaz ari zaiguna; galderak eta zalantzak eragin zizkidan, baita nahasmendua, edo kirrinka, ere.

Ourenseko herrixka abandonatu batean 2010 urtean jazotako gertaerak ezagutzen nituen, eta, haietan oinarritutako fikziozkofikziozko pelikula bat iragarri zenetik, ikusteko irrikan nengoen. Bo, hasteko, izenburua. Ez zitzaidan gustatu. As bestas*, piztiak. Baina, piztiak, nortzuk? Galdera erretorikoa da, noski; soilik bertakoak aritzen dira galegoz. Filma idatzi eta zuzendu zutenek argi zeukaten nortzuk ziren “as bestas”. Edo ez?

Ezin uka, thriller eraginkorra suertatu zitzaidan: narrazioak tentsioa mantentzen zuen bukaeraraino, itxuraz inoren alde egin gabe, gainera. Bazegoen zerbait, ordea. Gertakizunak kontatzeko hartu ikuspuntuarekin zerikusia zuen. XXI. mendearen 23. urtean gauden honetan, hara, ez al dugu ikasi kolonialismoak hartzen dituen mozorroez, hippyen erromantizismo hutsalaz, turismoaz, globalizazioak edonon duen eraginaz edota sasi-ekologismoaz? Ez al zen filma aukera galdu bat? Herrixka hartakoak hiri-zentrista eta kapitalista ez den ikuspuntu batetik transmititzeko aukera galdu bat?

Harrizko etxe erorien pilaketa nonahi, bataila baten ondorenean bezala. Denboraren poderioa da, baina. Etxe hondatu horien artean familia bakarra bizi izan da Santoallan, 1950.hamarkadan guztiz hustu zenetik. Ogia, ardoa eta txorizoa, etxean egindakoak.

Desgaitasun intelektualeko 45 urteko semea hamar zakurrekin dabil. Ondoko herrian (autoz 25 minutu) bizi den seme bat etortzen zaie haziendarekin laguntzera. Telebista zahar bat beti piztuta: marra izoztu batek pantaila zeharkatzen du, soinurik eta mugimendurik ez dago. Arrano disekatu bat horman. Kablezko telefonoa. Elizak zutik dirau, eta, barruan, kandelen kutxan, txanpon batzuk: pezetak. Paisaiak erakarrita, 1997an, bikote holandar bat iritsi zen. Lur sail bat erosi zioten han bizi ez den jabe bati.

Ahuntzen etxalde ekologiko bat eraiki zuten. Israelgo gaztea, Frankfurteko langilea, Connecticuteko hipsterra, unibertsitateko ikasle japoniarra edo Bilboko abokatua, finean, atzerriko boluntarioak, joaten dira ahuntzekin lagundu eta “bizimodu naturala” praktikatzera denbora laburrez. Bi familien arteko harremana oso ona omen zen hasieran. Baina, herri-basoetatik irabazitako etekinen parte-hartzea eskatu zuten momentutik aurrera, erlazioa izorratu zen. Herri-lurren etekinak jasotzeko baldintzak: beti herrian bizitzea eta soilik nekazaritzan lan egitea. Bizilagun “berriei” eskubidea ukatu izanak epaitegietan elkartu zituen bi familiak. Epaitegiak bikoteari arrazoi eman eta gutxira, gizaseme holandarra desagertu zen. Handik lau urtera aurkitu zuten haren gorpua, 2014an.

Horraino, Santoallan gertaturikoak. Filmak ezaugarri batzuk eraldatu ditu, normala denez, fikzioa sortzeko. Bi familien arteko liskarretan ardaztuta dago, biztanle zaharrek “berriei” jartzen dizkieten traba gero eta larriagoetan. Hasieran aipatu dudan ikuspegiak lanbrotuta, testuinguruaren ertz batzuk ikusezin bihurtu dira. Paisaia natural orok, modu bihurrian, dinamika sozio-ekonomikoak ezkutatzen dituen moduan.

Zergatik eta noiztik dago abandonatua herrixka? Nondik ateratzen du bizitzeko dirua bertako familia bakarrak? Zergatik heldu da hara bikote holandarra? Nolatan? Beti izan dituzte harreman txarrak? Eta, bikote holandarraren diru-iturriaz, zer? Tira, galdera horiei erantzunda ere, beste galdera bat: gizaseme holandarraren asasinatzea kontatzen duen istorio batek automatikoki ikuspegi urbano-zentrista eta kapitalista saihestuko luke?

Ez.

Bada beste adibide bat.

2016 urtean, Santoalla deituriko dokumentala filmatu zuten Andrew Becker eta Daniel Mehrer estatubatuarrek. Horretan, protagonistek hitz egiten dute, eta hil baino lehen auzotar holandarrak grabatu zituen bideoak ageri dira, besteak beste. Auzotarra desagertu zenetik gorpua azaldu arteko garaian filmatu zuten dokumental honek ere true crime-aren ezaugarriak esploratzen ditu. Tamalez, herrixkaren izenburua daraman arren, hango historiaz tutik ere ez dakar: goseaz, pobreziaz, emigrazioaz. Galiziaz! Bikote holandarraren bizi-proiektua da ardatza: “gitarra jotzen zuen, erromantiko bat zen”, “Noeren arka-ren antzekoa izango da gure zentro ekologikoa”, “bizilagunek mentalitate hertsia dute”. Eta, hiri “zibilizatu eta modernotik” heldu direnak “besteekin” kontrastean jartzen direnean, zera gertatu ohi da: “irekia eta zibilizatua”ren errelatoa gailentzen da beti. Ulergarria, bestetik. Ia guztiok baikara kalekumeak, hiri “kosmopolita” batetik abiatu zirenen antzekoak, landa-eremura soilik praktikak egitera joan nahi dugunak. Historian zehar, politikoki, bertikalki, abandonatutako jendartea, horizontalki ere, garraio eskasiagatik, beste herri eta jendarteekin konexioa galdu duena. Antza, 2006 urtean, alkate-auzoak Santoalla berreskuratzeko proiektu bat aurkeztu zion Galiziako Xuntari, biztanleak erakartzeko proiektu sozio-ekonomiko oso bat, baina ez zuen erantzunik jaso.

Edonon gerta zitekeen, eta ez dira oraingo kontuak. Aldi berean, egun, lokalaren eta globalaren arteko haustura guztizkoa da, eta horren paradigma dira hona hizpidera ekarri ditudan bai herrixka, bai As bestas filma bera.

Bestetik, ezin aipatu gabe utzi (genero aldagaiak beste artikulu baterako ematen duela jakitun) bi familietako emakumeak, ez kasualitatez antzeko rola jokatzen dutenak, nola mundu globalizatuaren erdigunetik etorritakoak, hala bazterrekoaren bazterrean bizi izan denak.

Une honetan, Margo Pool alarguna da herrixkako biztanle bakarra. Azken aldian egin dioten elkarrizketa batean esan dituenak hunkigarriak dira. Bere diru-iturria argitzeaz gain, auzokoek egindakoa ulertzen duela dio, eskuzabaltasunez eta herrarik gabe. Gainera, zalantza egiten du, agian, Margo bera haien lekuan egon izan balitz, ez ote zukeen gauza bera egingo… Agian, paisaia orok, W.H.Auden-en poema baten hitzok ere ezkutatzen ditu. Auzotar ziztrina maitatuko duzu zure bihotz ziztrinarekin.

Pin It on Pinterest

Share This