LANKIDETZA KOOPERATIBOROKAO LURRALDE POLOAK
TOKIKO GARAPEN EKONOMIKORAKO PROZESU AINTZINDARI ETA ERALDATZEILE BAT FRANTZIAKO ESTATUANTestua: BDSKOOP
Beren lurraldeko garapen ekonomiko eta solidarioaren aldeko eragileen konpromisotik sortutako dinamika kolektiboak dira Frantziako estatuko Lankidetza Ekonomikorako Lurralde Poloak, eta, tokiko lankidetzaren panoraman, erabat txertatuta daude gaur egun. Lurralde-lankidetza horiek tokiko garapena eta interes orokorreko proiektuen sorrera sustatzen dute, trantsizio sozial eta ekologikoan oinarrituta.
Bizi dugun etengabeko krisi ekonomikoaren testuinguruan, tokiko ekonomia lantzea da lurraldeen garapena lortzeko gakoetako bat. Tokiko ekonomia behar bezala garatu nahi bada, ezinbestekoa da eskualde batean bizi diren herritarren behar eta asmoak eta bertan kokatutako elkarte eta enpresa txiki eta ertainen interesak asetzera bideratutako jarduera-eremuak kontutan hartuko dituen estrategia bat lantzea.
Bide horretan sakontzeko sortu zen LELP (Lankidetza Ekonomikorako Lurralde Poloa) kontzeptua, 2009an, ekonomia sozial solidarioaren (ESS) gaia lantzen duen Frantziako estatuko Labo de L’ESS hausnarketa taldearen baitan, eskualde ezberdinetako eragileak biltzen zituen lantaldean.
Landutako lehen definizioaren arabera, ondorengoa litzateke LELP bat: “lurralde jakin bateko ekimen, enpresa eta ekonomia Sozial Solidarioko sareen taldea da, sozialki arduratsuak diren enpresa txiki eta ertainekin, tokiko gizataldeekin, ikerketa zentroekin eta ikerketako formakuntza erakundeekin elkartua, lankidetza eta bateratze estrategia komun eta etengabea ezartzeko tokiko garapen iraunkorrerako proiektu ekonomiko berritzaileen zerbitzura”.
2012an, Ekonomia Sozial Solidarioari buruzko lege-proiektuaren markoa prestatzen ari zirela, LELPek lege barruan txertatzeko aukera zabaldu zen, eta, azkenik, 2014ko Ekonomia Sozial eta Solidarioari buruzko Legearen 9. artikuluan aitortu zen haien izaera, eta izan zezaketen garapena, legez babestu zen definizio berri honekin:
«LELPek, lurralde historiko berean, ekonomia sozial eta solidarioaren sektoreko enpresen elkarteek osatzen dituzte, enpresekin indarrak batzen dituztenak, tokiko agintari, ikerketa-zentro, goi-mailako hezkuntzako eta ikerketa gune, formakuntza-erakunde edo beste edozein pertsona fisiko edo juridikorekin lankidetzan, gizarte- edo teknologia-berritzaileak diren eta tokiko garapen jasangarria sustatzen duten proiektu ekonomiko eta sozialen zerbitzura dauden bateratze, lankidetza edo elkartze estrategia komun eta etengabea ezartzeko».
2022an bide berri bat hasi zuten lurralde poloek, eta eboluzio handi bat izaten ari dira. Kideen osaeraren, historiaren eta garatutako jardueren arabera, Lurralde Poloak oso desberdinak izan daitezke beren artean, baina, horrela, lurralde bakoitzaren beharretara errazago atxikitzen dira, eta tokiko errealitatean eragiteko gaitasuna izaten dute. Estatuko eta tokiko erakunde publikoek LELPek onartu eta sustengatu izanak asko lagundu die garapen horretan.
Tokiko ekonomia elkarlanerako gune
LELPen bidez, tokiko ekonomia merkatu-mekanismoetara murrizteko joera duen ikuspegi ekonomiko klasikotik urrunago eramatea bilatzen da, ekonomiaren beste bi oinarri ere kontuan hartzen baitu: elkarrekikotasuna eta sortutako aberastasunaren birbanaketa. Horrela, mekanismo horiek koordinatzeak aukera ematen du ekonomia modu globalagoan ulertzeko eta, garapen ekonomikoari dagokionez, aukeren eremua irekitzeko. Horrela, ekonomiari ikuspegi zabalagoarekin begiratzeak, transformazioak bultzatzen ditu eragileengan, eta jarrera-aldaketak edo egungo sistemarekiko hausturak merkatu-trukean oinarritutako harremanak desagertzen ez diren arren, batzuetan ahalbidetzen ditu lurraldearen eta merkatuaren beharren araberako truke edo merkatutik kanpoko birbanaketak.
Lurralde poloak bultzatu dituzten eragileek diotenez, modu horretan, harreman ekonomiko berriak sortzen dira, eta praktika horiek ahalbidetzen duten ohitura eta jardun berriak ezinbesteko tresnak dira etorkizuneko elkartasuna eta eredu ekonomiko berritzaileak irudikatu ahal izateko. Finean, ekonomia gizartearen eta bere beharren zerbitzura jartzen laguntzen du.
LELPen helburua lurraldeak dinamizatzea da, ekonomia sozial eta solidarioko proiektuen garapena sustatuz. Proiektu horiek tokian eragitea bilatzen dute, eta aukera ematen dute sektore eta lanpostuak birsortzeko eta sozialki eta ekonomikoki suntsitutako gizarte eta ekonomia hondatuak biziberritzeko, beti ere ingurumena errespetatuz.
Gorago aipatu dugun moduan, biziberritze hori gauzatzen da beste esparru ekonomiko batzuetan ohikoagoak diren egituren arteko lehiari kontrajarriak diren praktika eta ohituren bidez, ekonomia sozial eta solidarioko (ESS) elkarte eta kooperatibek abiarazitako lankidetza ekonomikoko moduak ardatz hartuz. ESSn aritzen diren erakundeek eragileen arteko lankidetza eta mutualizazioa gailentzen laguntzen dute beren gizarte- eta ingurumen-helburuen bidez eta beren gobernantza-moduen eta lurralde-ainguraketaren bidez, tokiko agintari, enpresa tradizional, unibertsitate edo bestelako formakuntza zentroekin elkarlanak bideratuz. Horrela, baliabideak eta trebetasunak bateratzea bilatzen da, baina baita gobernantzaren antolaketa eta elkarte komertzial eta estrategikoak elkarrekin eraikitzea ere.
Eskualdeko enpresen eta herritarren beharrak asetzeko, irtenbide kolektibo berritzaileak garatzea da, berez, kooperazio horien bidez bilatzen dutena, baina, era berean, poloaren parte diren erakundeen jarduera espezifikoari dagokionez, eraginak ditu lan esparruan ere, nola hala horietan lan egiten duten pertsonen kudeaketan, bereziki harreman profesionalen kalitatean, langileak egitura desberdinen artean mugitzean eta lana hobeto kudeatzean.